Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2017ko apirilaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1809

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 30ekoa, HABEren zuzendari nagusiarena, 2017ko urtarrilaren 9ko Ebazpenaren akatsak zuzentzeko dena. Ebazpen horren bidez, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek 2016-2017 ikasturtean ebaluazio jarraituaren bitartez HEOCaren zein maila egiaztatu ahal izango dituzten ezartzen da eta 2017ko azterketa-deialdiak egiten dira.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.c) artikuluan xedatzen denez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak, testuinguruak lagunduta ulertzen ez badira eta haiek aldatzeak dokumentuaren edukia edo zentzua benetan edo itxuraz aldatzea badakar, maila bereko xedapenaren bidez aldatuko dira.

Horrelako hutsak ikusi dira HABEren zuzendari nagusiaren 2017ko urtarrilaren 9ko Ebazpenean (2017ko urtarrilaren 18ko EHAA, 12. zenbakia). Ebazpen horren bidez, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek 2016-2017 ikasturtean ebaluazio jarraituaren bitartez HEOCaren zein maila egiaztatu ahal izango dituzten ezartzen da eta 2017ko azterketa-deialdiak egiten dira. Horrenbestez, bidezkoa da dagozkion zuzenketak egitea:

2017/278 (25/3) orrialdean, 3.b) oinarrian,

honela dio:

«b) Asistentziari dagokionez, gutxienez % 75eko betetze-maila izan beharko du ebaluazio jarraituaren bitartez gaitasun-agiria eskuratzeko. Beraz, aurrez aurreko ikasjardunean, euskaltegiak emandako ikastorduen % 75 gutxienez hartuak izan beharko ditu, eta autoikaskuntzan, berriz, mintza-saioetan izandako asistentzia-orduekin, ikastaroaren guztizko ordu teorikoen % 7,5era iritsi beharko du gutxienez; hori dena garai bakoitzean euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek Ikasleak izeneko fitxategiaren aplikaziora bildutako datuen arabera.»

Baina, honela esan behar du:

«b) Asistentziari dagokionez, gutxienez ikastaroaren % 75eko betetze-maila izan beharko du ebaluazio jarraituaren bitartez gaitasun-agiria eskuratzeko. Beraz, aurrez aurreko ikasjardunean, euskaltegiak emandako ikastorduen % 75 gutxienez hartuak izan beharko ditu, eta autoikaskuntzan, berriz, mintza-saioetan izandako asistentzia-orduekin, ikastaroaren guztizko ordu teorikoen % 7,5era iritsi beharko du gutxienez; hori dena garai bakoitzean euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek Ikasleak izeneko fitxategiaren aplikaziora bildutako datuen arabera.»

2017/278 (25/9) orrialdean, 9.4. oinarrian,

honela dio:

"9.4.– Maila bakoitzeko probek 100 puntu osatuko dituzte guztira, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak, III. eranskinean jasotako puntuazio-sistemaren arabera. Hain zuzen ere, HEOCaren «Ebaluazio-irizpideak eta eskalak» atalean, maila bakoitzari dagokionez, trebetasunez trebetasun zehazten diren irizpideen balioespen-eskalako tarteko deskripzioa (bigarrena) izango da, oro har, mailako helburuak bete diren adierazle.

Ezinbesteko baldintza izango da idazmeneko proba gainditzea mintzamen-probetara aurkezteko.

Gaitasun-maila bakoitzeko probak gainditutzat emateko, oro har, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu ikasleak III. eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Nolanahi ere, B2 eta C1 gaitasun-mailetako idazmenean 15 puntura iritsi ez, baina, gutxienez, 13 puntu lortzen dituen ikasleak falta duen puntuazioa konpentsatu ahal izango du mintzamen-proban. Horretarako, idazmenekoan 15era iristeko falta dituen puntuak lortu beharko ditu mintzamenekoan."

Baina, honela esan behar du:

"9.4.– Maila bateko probak gainditzeko, 100 puntutik gutxienez 50 lortu beharko ditu azterketariak, III. eranskineko puntuazio-sistemari jarraikiz. HEOCaren «Ebaluazio-irizpideak eta eskalak» atalean, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun zehazten diren ebaluazio-irizpideen balioespen-eskalako bigarren deskriptoreak adierazten du azterketariak maila gainditzeko azaldu beharreko hizkuntza-gaitasuna. Maila bat gainditzeko, ikasleak lau trebetasunetako probak gainditu beharko ditu, aipatutako eranskinean jarritako irizpideak betez.

Nolanahi ere, B2 eta C1 mailetako idazmen-probako emaitzan 15 puntura iritsi ez, baina gutxienez 13 lortzen dituen ikasleak mintzamen-proban ateratako puntuekin konpentsatu ahal izango du puntu-gabezia hori, baldin eta mintzamen-proba gainditzeko gutxienekoa lortu eta idazmen-proba gainditzeko eskatzen den gutxienekora iristen bada mintzamen-proban lortutako soberakinarekin.

Edozelan ere, ezinbesteko baldintza izango da 13 puntu ateratzea idazmen-proban, mintzamen-probara aurkeztu ahal izateko."

Donostia, 2017ko martxoaren 30a.

HABEko zuzendari nagusia,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala