Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2017ko apirilaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1781

AGINDUA, 2017ko martxoaren 8koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita 2017ko deialdia nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko –EAEko Landa Garapeneko 2015-2020 Programan aurreikusitakoak– laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza- eta ingurumen-laguntzetarako.

Ingurumenaren gaineko kezken ondorioetariko bat izan da nekazaritza- eta ingurumen-neurriak eta -konpromisoak hartzeko laguntzak ezartzea; betiere, bateragarri egitearren nekazaritako produkzio-metodoak bai ingurumena babesteko beharkizunekin eta bai baliabide naturalak kontserbatzearekin.

Nekazaritza- eta ingurumen-neurriak konfiguratzen dira nekazaritzako produkzio-metodo jakin batzuk eta nekazaritza konbentzionalean ezohikoak diren jarduketa jakin batzuk sustatzeko laguntza-araubide baten gisa. Metodo eta jarduketa horiek kostu gehigarriak dakartzate, bai eta diru-galerak ere. Beraz, ezartzen diren laguntzak saiatzen dira konpentsatzen ingurumena eta baliabide naturalen kontserbazioa biziki errespetatzen dituzten nekazaritzako produkzio-metodoak eta -neurriak hartzeak dakartzan kosturik handienak eta lortu gabeko irabaziak.

EAEko Landa Garapenerako 2015-2020 Programak, nekazaritza eta ingurumenari eta klimari buruzko neurri multzoan azken aldaketa egin eta gero, jasotzen du laborantza estentsiboaren (Arabako Lurralde Historikoko ohiko laborantzak dira) nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko diru-laguntza. Aldaketa hori Batzordearen Exekuzio Erabakiaren bidez onartu zen, 2016-05-13an. Haren bitartez onartzen da EAEko (Espainia) Landa Garapenerako Programaren aldaketa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGNEF) laguntzen emakidari dagokionez, IKK: 2014ES06RDRP015.

Neurri horren helburua da baliabide naturalen arrazoizko jasangarritasuna eta aprobetxamendua lortzea. Gainera, horrekin bateragarriak diren beste helburu batzuk ere baditu, ingurua babestearen ingurukoak, nekazarien errentei eutsiz eta horiek hobetuz, laborantza horiek teknikoki ordenatzean. Horren harira, aipatu beharra dago neurri horrek indartuko dituela produkzio-jardueren dibertsifikazioa, laborantzen errotazioak eta laborantza horietarako Arabako aldeko baldintza fitosanitarioen aprobetxamendua.

Halaber, neurri hori da EAEko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen duen otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren eranskinean eta aplikazio-eremuan barne hartutako neurrietako bat. 13.1 artikuluan xedatzen denez, «Dekretu honetan aurreikusitako neurri, azpineurri edo eragiketen laguntza bakoitzaren deialdia eta kudeaketa egokituko zaio bakoitzarentzat erabakitzen den organo kudeatzaileari, kofinantzaketan edo finantzaketa gehigarrian duen partaidetzaren arabera, dekretu honen 4. artikuluan eta eranskinean xedatutakoarekin bat etorriz».

Konstituzioaren 148.1.7 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluan ezarritakoarekin bat, nekazaritzako eta abeltzaintzako eskumen guztiak Autonomia Erkidegoari dagozkio, ekonomiaren antolakuntza orokorraren arabera, eta hori kontuan izanda eman da agindu hau.

Foru-aldundiei aholkua eskatu zaie agindu hau egiterako garaian. Horiek horrela, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2017ko deialdiko laguntzak iragartzea nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken –EAEko Landa Garapeneko 2015-2020 Programan aurreikusitakoak– bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza- eta ingurumen-laguntzetarako.

2.– Nekazaritza eta ingurumeneko laguntza-mota hauek arautzen dituen araudiaren arabera eman, kudeatu eta ordainduko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak, eta, bereziki, honako hauei jarraituko zaie: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezko landa-garapenerako diru-laguntzaren ingurukoa; 2014ko uztailaren 17ko Batzordearen 808/2014 (EE) Erregelamendu Betearazlea, aipatutako erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena; 2014ko martxoaren 11ko Batzordearen 807/2014 (EE) Erregelamendu Ordezkatuari, 1305/2013 (EE) Erregelamendua osatzen duenari, eta otsailaren 14ko 43/2017 Dekretua, EAEko Landa Garapenerako Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen duena.

3.– Halaber, agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzaren emakida eta ordainketa egiteko, neurri horiek jaso beharko dira indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako Planean, eta horri dagozkion baldintzetara eta aurrekontu-euskarrira egokitu beharko dira.

2. artikulua.– Pertsona onuradunek bete beharreko baldintzak.

1.– Diru-laguntza horiek jaso ahal izango dituzte nekazaritza-ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, edo legez osatutako nekazarien taldeek, baldin eta honako baldintza orokor hauek betetzen badituzte, betiere:

a) Ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea, eta egoitza fiskala EAEn izatea. Halaber, dagozkien erregistro ofizialean inskribatuta egon behar dute lursailek.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduta izatea, bai eta diru-laguntzen itzulketak ere.

c) Honako laborantza-talde hauetako bateko ekoizleak izatea:

– 1. taldea.– Udako laborantza ureztatuko ale-lekaleak, gizakiek kontsumitzekoak.

– 2. taldea.– Udako laborantza ureztatuko baratze estentsiboak.

– 3. taldea.– Hazitarako patata eta gizakiek kontsumitzeko patata.

– 4. taldea.– Azukre-erremolatxa.

d) Ustiategian, laborantza estentsiborako 20.000 m2-ko azalera gutxienez izatea, aurreko paragrafoan aurreikusitako laborantza multzoari dagokionez. 10.000 m2 baino gutxiagoko laborantza multzo batek ezin du diru-laguntza eskatu.

e) Laborantza bat baino gehiagoko lursailek ereintza erregularrak eta homogeneoak izatea.

f) Agindu honetan aurreikusitako laborantza estentsiboen ereindako lursailak aitortzea «Eskabide bakarra» atalean; atal hori aurreikusia dago otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan hauek garatu eta aplikatzekoan: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak.

g) Eskatzailea ez egotea zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin.

2.– Halaber, ezingo dira laguntza hauen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak; egoera horiek aipatutako lege horren 13. artikuluaren 4., 5. eta 6. ataletan xedatutakoaren arabera egiaztatuko dira.

3. artikulua.– Onuradunen nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoak.

1.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, nekazaritza-ustiategien titularrak, aurreko artikuluan aurreikusitako baldintza orokorrak betetzeaz gain, konprometitu beharko dira nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoak eta -teknikak gutxienez 5 urtez aplikatzera, agindu honen I. eranskinean jasotakoekin bat.

2.– Laguntzaren hasierako eskabidean, laguntza hauetara atxikitzen den azpi-neurriaren konpromisoak sinatuko ditu eskatzaileak. 5 urteko iraupena izango dute konpromiso horiek, eta nekazaritza eta ingurumeneko kontratutzat hartuko da ondore guztietarako. Hitzartutako denboraldia bukatuta, baldin eta araudiak eta aurrekontuak onartzen badute, laguntzaren urtebeteko luzapena eskatu ahal izango da.

3.– Hurrengo urteetan, nekazaritza- eta ingurumen-kontratua indarrean dagoen bitartean, hitzartutako azpi-neurriaren prima ordaintzeko eskabidea egin beharko du urtero.

4. artikulua.– Konpromisoen bihurketa edo adaptazioa.

Nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoen bihurketa edo adaptazioa baimendu ahal izango da indarrean dauden aldian, baldintza hauek betetzen badituzte, betiere:

– Ingurumenarentzat edo animalien ongizatearentzat onura handi bat den bihurketa.

– Indarrean dagoen konpromisoa nabarmen finkatzen bada.

– Jatorrizko konpromisoaren helburuen lorpena aintzat hartuta behar bezala justifikatuta dagoenean adaptazioa.

5. artikulua.– Konpromisoetatik salbuesteko ezinbesteko arrazoiak.

1.– Kasu hauetan aitortuko da laguntzak jasotzeko hartutako konpromisoak ez betetzeko ezinbesteko arrazoiak edo salbuespenezko inguruabarrak daudela:

a) Onuradunaren heriotza.

b) Onuradunaren lanbide-ezintasun luzea.

c) Ustiapen-lurrak gogor kaltetu dituen hondamendi natural larria.

d) Ustiategiko edo ganadutegiko eraikinak istripuz suntsitzea.

e) Ustiategiko ganaduaren edo laborantzen parte bati edo osoari eragiten dion epizootia edo landare-gaixotasuna.

f) Ustiategi osoa edo haren zati garrantzitsu bat desjabetzea, baldin eta desjabetze hori aurreikusita ez bazegoen konpromisoa sinatu zen egunean.

2.– Inguruabar horiek idatziz jakinarazi beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza edo Abeltzaintza Zuzendaritzari edo Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari, dagozkion probekin batera; horiek jakinarazteko, onuradunak edo haren eskubidedunak hamar egun balioduneko epea izango du hori egiteko baldintzetan dagoenetik aurrera.

3.– Inguruabar horiek gertatzean, ez da administrazio-penalizaziorik ezarriko, eta urte anitzeko konpromisoen edo ordainketen kasuan, ez da eskatuko aurreko urteetan jasotako laguntza itzultzerik.

6. artikulua.– Ustiaketak eskualdatzea.

1.– Baldin eta, nekazaritza- eta ingurumen-kontratua indarrean den artean, ustiategia titulartasunez aldatzen bada, osorik edo partez, onuradunak berehala jakinarazi beharko dio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari.

2.– Baldin eta ustiategiaren titulartasuna aldatzen bada nekazaritza- eta ingurumen-konpromisorik gabe, dagokion konpromisoa ezereztuko da, eta jasotako laguntzak itzuli beharko dira, dagokion legezko interesak gehituta, jasotzen denetik kalkulatzen hasita.

3.– Baldin eta, konpromiso-aldian, onuradunak beste pertsona bati osorik edo partez eskualdatzen badio bere ustiategia, azken horrek konpromisoarekin jarraitu ahal izango du berau betetzeko gelditzen den denboran.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honen I. eranskinaren 2. eta 3. artikuluetan ezarritako eskakizunak eta konpromisoak betetzen dituztenek, 2.1.c) artikuluan aurreikusitako laborantzei dagokienez, eskubidea izango dute eragiketa honen ondoriozko zenbatekoari dagokion laguntza jasotzeko: nekazaritza- eta ingurumen-metodoekin landutako aitortutako azalera bider banakako zenbatekoa.

2.– Hauek dira diru-laguntzaren unitate-zenbatekoak:

a) Nahitaezko konpromisoak:

– 1. taldea: 240 euro hektarea bakoitzeko.

– 2. taldea: 430 euro hektarea bakoitzeko.

– 3. taldea: 450 euro hektarea bakoitzeko.

– 4. taldea: 450 euro hektarea bakoitzeko.

b) Konpromiso gehigarriak:

– 1. gehigarria: 100 euro hektarea bakoitzeko.

– 2. gehigarria: 150 euro hektarea bakoitzeko.

Edonola ere, hektarea bakoitzeko gehieneko laguntza 550 euro izango da.

8. artikulua.– Finantzaketa.

1.– LGNEF Europako Funtsa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako aurrekontu-kredituak izango dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzei zuzendutako baliabide ekonomikoen jatorria, EAEko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasotzen diren kofinantzaketa-ehunekoekin bat.

2.– 1.200.000 euro da agindu honi jarraikiz 2017ko ekitaldian zehar eman beharreko diru-laguntzen gehieneko bolumena. Horietatik 300.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura izango dira, eta 900.000 euro LGNEFen kargura.

9. artikulua.– Funtsak agortzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, eskabide horiei legozkiokeen zenbatekoa kalkulatuko da aurreko artikuluan ezarritako kopuruen gehieneko zenbatekoa aintzat hartuta.

2.– Baldin eta aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera hasieran kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko adinakoa bada deialdi honetako diru-zuzkidura, laguntzak zenbateko horren arabera emango dira.

3.– Kontrako kasuan, honako baremo honen arabera puntuaziorik handienak lortu dituzten eskabideei emango zaizkie diru-laguntzak:

a) Natura 2000 Sareko eremuetan azalerak dituzten udalerrietan dauden ustiategiak, 15 puntu.

b) Belardia ez den laborantza bakar batek SAUaren % 80 baino gehiago osatzen duen herrialde batean kokatutako ustiategia, 15 puntu.

c) Mugaketa naturalak edo bestelako mugaketa espezifikoak dituzten udalerrietan kokatutako ustiategia, 15 puntu.

d) Gainontzeko ustiategiak, 5 puntu.

Puntu-kopuru bera izatekotan, lehentasuna emango zaie Natura 2000 Sareko inguruan lurrak dituzten udalerrietako eskabideei, eta eskuragarri dagoen gainerako zenbatekoa puntuazio bera duten beste eskabideen artean hainbanatuko da.

10. artikulua.– Diru-laguntzak, eskabideak eta dokumentazioa kudeatzea.

1.– Nekazaritza edo Abeltzaintza Zuzendaritzari eta Arabako Foru Aldundiari dagokie agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila) Arabako Foru Aldundiari (Nekazaritza Saila) kudeaketa gomendiotan emateko 2016ko azaroaren 25eko Hitzarmenaren arabera eta han ezarritako baldintzetan, hain zuzen, EAEko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan aurreikusitako nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza- eta ingurumen-laguntza kudeatzeko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetara atxikitzeko eskabideak barne hartuko dira abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren III. tituluaren II. kapituluan ezarritako «eskabide bakarra» atalean eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuaren 34. artikuluan (20/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoa: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak). Eskabide bakarraren dagozkien laukitxoak markatu eta gero, agindu honen II. eranskinean aurreikusitako berariazko eskabide-eredua beteko da.

3.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta NPEn barne hartutako laguntza zuzenen eskabideak aurkezteko egunean amaituko. Hala eta guztiz ere, aintzat hartuko dira helburu horrekin 2017ko otsailaren 1etik aurrera aurkeztu diren eskabideak, eta baliotasuna emango zaie.

4.– Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, hartutako konpromisoak betetzeari eta haiek egiaztatzeko kontrolei baiezkoa emateari buruzkoa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana; diru-laguntzak itzultzeko ordainketak ordainduta izatea; ez egotea itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean, edo akreditatzea prozedura hori amaiturik dela; akreditatzea pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio- edo zigor-arloko zigorrik edo hartarako desgaitzen duen legezko debekurik, eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduta daudela akreditatzeari dagokionez, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du organo kudeatzaileak egoera horien akreditazioa zuzenenean jaso dezan, ziurtagiri telematiko bidez. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik eginez gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

11. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Arabako Foru Aldundiak akatsen bat edo zehaztasunik eza atzematen badu eskabideetan, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hark 10 eguneko epea izango du hori konpontzeko. Horretarako epea igarota, adierazitako akatsa zuzendu ez badu, aurretik egindako eskabidea ukatzeko ebazpen bat emango da.

2.– Diru-laguntza hori eskatzen dutenek fakturak, garraio-agiriak edo hartutako konpromisoekin lotutako bestelako dokumentazioa gorde eta Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza edo Abeltzaintza Zuzendaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren eskura jarri beharko dute.

3.– Beharrezko kontrolak eta egiaztatzeak egin eta gero eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa jaso eta gero, laguntza-kudeaketako erakunde laguntzaileak banakako txosten tekniko bat egingo du esku hartu den laguntza-espedienteen gainean. Txosten hori ikusirik eta beharrezko iritzitako egiaztatzeak egin eta gero, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpen bat emango du hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatutako laguntzaren parte bat emateko txostena jasotzen denetik aurrera, eta LGNEFen kargura finantzatutako laguntzaren parte bat kobratzeko eskubidea aitortuko du.

4.– Artikulu honetan ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ukatutzat joko dira, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Laguntzaren egiaztatze eta kontrol guztiak egin eta gero ordainduko dira laguntzak, eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuaren 29.4 artikuluaren arabera eta bertan aurreikusitako epeetan.

6.– Laguntzei buruzko ebazpena interesdunei banan-banan jakinarazi behar bazaie ere, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez, nekazaritzaren arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da agindu honen babespean esleitutako diru-laguntzak eskuratu dituztenen zerrenda, esleitutako zenbatekoak adieraziz, Europako Erkidegoko erregelamenduan horren inguruan xedatutakoarekin bat.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoak; eta, edonola ere, honako hauek:

a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran izatea edo jarduera egitea, eta diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea diru-laguntza emateko betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera burutu dela.

b) Baliteke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatzea agindu honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, eta, beraz, informazio hori eman egin beharko zaie, eta horrez gain, egiaztatze-jarduerei –administratiboak zein bertatik bertarakoak– men egin.

c) Diru-laguntza ematen duen erakundeari jakinaraztea bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketak ere.

d) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.

e) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, kanpoko zein barrukoetan.

2.– Pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek, agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko idatzizko zein ahozko harremanetan, euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

13. artikulua.– Deklaratutako azaleraren eta egiaztatutako azaleraren arteko aldearen ondoriozko erredukzioak eta penalizazioak.

1.– Ez-betetzeak atzemango balira egindako kontroletan, indarreko legerian ezarritako erredukzio, penalizazio eta itzultze hauek aplikatuko dira:

a) Baldin eta egiaztatzen bada egiaztatutako azalera handiagoa dela eskabidean deklaratutakoa baino, deklaratutako azalera hartuko da aintzat laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko.

b) Baldin eta egiaztatzen bada deklaratutako azalera egiaztatutakoa baino handiagoa dela, gain-deklaraziotzat joko da. Kasu honetan, kontrolean egiazki egiaztatutako azaleraren gainean kalkulatuko da laguntza. Egiaztatzen den gain-deklarazioaren portzentajearen arabera egingo dira erredukzioak eta penalizazioak. Gain-deklarazioaren portzentajea formula hau erabilita kalkulatuko da:

(Ikus .PDF)

c) Baldin eta 0,1 hektarea edo txikiagoa bada deklaratutako azalera osoaren eta neurri baterako ordainketa-eskabidean egiaztatutako azalera osoaren arteko aldea, egiaztatutako azalera deklaratutakoaren pareko joko da. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin eta azalera osoaren % 20 baino handigoa bada diferentzia.

d) Baldin eta deklaratutako azaleraren eta egiaztatutako azaleraren arteko aldea % 3 edo bi hektarea baino handiagoa baina egiaztatutako azaleraren % 20 edo txikiagoa bada, egiaztatutako azaleraren oinarriaren gainean kalkulatuko da laguntza, egiaztatutako aldearen bikoitza txikituta.

e) Baldin eta aldea egiaztatutako azaleraren % 20 baino handigoa bada, ez da azaleragatiko inongo laguntzarik emango.

f) Baldin eta aldea % 50 baino handigoa bada, ez da azaleragatiko inongo laguntzarik emango. Gainera, onuradunak penalizazio gehigarri bat jasoko du, deklaratutako azaleraren eta egiaztatutako azaleraren arteko aldeari dagokion laguntzaren zenbatekoaren parekoa. Aurtengo urtean edo irregulartasuna atzematen den urtearen ondorengo hiru urteetan onuradunak aurkezten dituen eskabideengatik eskubidez legozkiokeen 1305/2013 (EE) Erregelamenduan edo 1307/2013 (EE) Erregelamenduan aurreikusitako laguntza-neurrien kargura emandako ordainketetatik kenduko dira penalizazio horien ondoriozko zenbatekoak. Zenbatekoa ezin bada osorik kendu ordainketa horietatik, gainerako saldoa ezereztuko da.

2.– Nekazaritza-lursail guztien azalerei dagokienez azaleren laguntza-neurrien deklarazio osatu gabea egiteagatik aurreikusitako penalizazioak kalkulatzeko, eskabide bakarrean deklaratutako azalera globalari kendu egingo zaio deklaratutako azalera global horri deklaratu ez diren nekazaritza-lursailen azalera globala gehituta ateratzen den azalera, eta alde hori hartuko da aintzat.

Baldin eta alde hori deklaratutako azalera osoaren % 3 baino handigoa bada, neurri hauen arabera gutxituko da laguntza-neurrien zenbateko osoa:

a) Ehunekoa % 3 baino handigoa baina % 25 edo txikiagoa bada, % 1eko murrizketa aplikatuko da.

b) Ehunekoa % 25 baino handigoa baina % 50 edo txikiagoa bada, % 2eko murrizketa aplikatuko da.

c) Ehunekoa % 50 baino handigoa bada, % 3eko murrizketa aplikatuko da.

3.– Ezarritako penalizazioak ez zaizkie aplikatuko onuradunak eskabidea okerra dela edo aurkeztu eta gero oker bilakatu dela agintaritza eskudunari idatziz jakitera ematen dizkion laguntza- edo ordainketa-eskabideen alderdiei, betiere onuradunari ez bazaio agintaritza eskudunak lekuan bertan kontrol bat egiteko duen asmoaren berri eman, eta agintaritza horrek ez badio jada laguntza- edo ordainketa-eskabidean ez-betetzeak daudela adierazi.

4.– Halaber, baldin eta deialdi bakoitzean finkatutako egunaren ostean aurkezten bada laguntza-eskabidea, onuradunak, eskabideak ezarritako epean aurkeztuz, eskubidea izango zukeen zenbatekoen gaineko % 1 murriztuko da egun baliodun bakoitzeko. Atzerapen hori hogeita bost egun natural baino gehiagokoa bada, eskabidea ez da onartuko, eta onuradunari ez zaio laguntzatik emango.

14. artikulua.– Baldintzak ez betetzeagatiko erredukzioak eta penalizazioak.

Baldintzak betetzen ez badira, zehaztutako ehunekoan gutxituko dira laguntzen zenbatekoak, xedapen hauetan xedatuarekin bat: abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua (1075/2014 Errege Dekretua, zuzeneko ordainketak, landa-garapeneko zenbait urte-sari edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko zenbait programetako laguntzak jasotzen dituzten onuradunek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzekoa) eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretua (20/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoan: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak). Murrizketa ezin bada ordainketa baino lehen zehaztu, geroko ordainketetan berreskuratu edo konpentsatu ahal izango da onuradunak ordaindu beharreko zenbatekoa. Azken kasu horretan, sortutako interesak ez dira aintzat hartuko.

15. artikulua.– Onarpen-irizpideak eta bestelako konpromiso edo betebeharrak ez betetzeagatiko erredukzioak eta penalizazioak.

1.– Ez-betetze orok ekarriko ditu murrizketak edo ukatzeak laguntzaren lerroan. Ez-betetzearen proportzionaltasuna hartuko da aintzat azalera edo animalia jakin bati soilik eragiten dion zehazteko, eta, kasu horretan, ustiapenaren parte horri aplikatuko zaio murrizketa. Hala ez bada, ustiapen osoari eragingo dio.

2.– Eskatutako laguntza osorik ukatuko da, baldin eta onarpen-irizpideak ez badira ustiapen osoan betetzen.

3.– Jarraian zehazten den bezala gutxituko edo ukatuko da eskatutako laguntza, baldin eta betebeharrak edo 4.5 artikuluan tipifikatutako konpromisoak betetzen ez badira. Laguntza ehuneko zenbat gutxituko den zehazteko, ez-betetzearen larritasuna, norainokoa, iraupena eta errepikapena hartuko dira aintzat:

– Oinarrizko lerroa ez betetzea: laguntza ukatzea.

– Konpromiso baztertzailea ez betetzea: laguntza ukatzea.

– Oinarrizko konpromisoa ez betetzea: % 50eko murrizketa laguntzan. Oinarrizko konpromiso bat berriz hausten bada konpromiso-aldian, laguntza ukatuko da.

– Konpromiso nagusia ez betetzea: % 20ko murrizketa laguntzan. Ez-betetzeak behin eta berriz gertatzen badira, % 40ko murrizketa aplikatuko da konpromiso bera bigarren urtez betetzen ez denetik aurrera.

– Bigarren mailako konpromisoa ez betetzea: % 5eko murrizketa laguntzan. Ez-betetzeak behin eta berriz gertatzen badira, % 10eko murrizketa aplikatuko da konpromiso bera bigarren urtez betetzen ez denetik aurrera.

4.– Hauek izango dira konpromiso-aldian hitzartutako azalerari edo AzLUen gehieneko zenbatekoari ez eusteagatik aplikatzeko murrizketak:

(Ikus .PDF)

* Gutxitze-ehunekoa = (hitzartutako azaleraren edo AzLUen gehieneko zenbatekoaren eta onarpen-baldintzak, oinarrizko linea eta konpromiso baztertzaileak betetzen dituzten azalera edo AzLUen arteko aldea) zati hitzartutako azalera edo AzLUen gehieneko zenbatekoa, bider 100.

Edonola ere, hitzartutako gehieneko azalerari edo AzLUei ez bazaie eusten behin baino gehiagotan, ez dira itzuli beharko aurreko urteetan jasotako zenbatekoak.

5.– Konpromisoen ez-betetze bat baino gehiago gertatzen bada, horietako bakoitzari aplika dakizkiokeen murrizketak gehituko dira.

6.– Onarpen-eskakizunak, oinarrizko linea ez betetzeak edo ordainketa-eskabidea ukatzea eragiten duten nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoak ez betetzeak eta laguntza ordaintzeko eskabidea ez aurkezteak ekarriko dute Arabako Foru Ogasunari itzuli beharra gaur egun arte jasotako zenbatekoak eta horiei aplikatzekoak diren legezko interesak, baldin eta, konpromiso-aldiaren bi kanpainetan, egoera horietakoren bat gertatzen bada, betiere.

16. artikulua.– Berariazko ez-betetzeak.

Berariazko ez-betetzetzat joko dira agerian uzten dutenak onuradunak, neurri horren helburuen aurkako abantaila bat lortzeko, artifizialki sortu dituela laguntza emateko eskatutako baldintzak. Kasu horietan, eskubidez legokiokeen laguntzatik kanpo geldituko da onuraduna, eta aurreko ekitaldietan jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko ditu konpromiso-aldi honetan.

17. artikulua.– Murrizketa-, penalizazio- eta ukatze-agindua.

Ez-betetzeek murrizketen, penalizazioen eta ukatzeen pilaketa badakarte, horiek gradualki aplikatuko dira aurreko zenbatekotik abiatuta eta ordena honen arabera:

– Gain-deklarazioagatiko erredukzioak eta penalizazioak.

– Onarpen-irizpideak eta bestelako konpromiso edo betebeharrak ez betetzeagatiko ukatzeak.

– Eskabidea epez kanpo aurkezteagatiko murrizketak.

– Ustiapenaren azalera osoa ez aitortzeagatiko murrizketak.

– Konpromisoak ez betetzeagatiko murrizketak.

– Baldintzak ez betetzeagatiko erredukzioak.

18. artikulua.– Baldintzak aldatzea, ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatzen badira, eta, hala bada, beste diru-laguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, eragin dezake diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere diru-laguntzako arauan horren onuradun izateko ezarri diren gutxieneko betekizunak errespetatzen badira. Esandakoaren ondorioetarako, organo kudeatzaile eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, eta, haren bitartez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.– Onuradunek ez badituzte betetzen agindu honetan ezarritako betekizunak, edo, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kasuak gertatzen badira, jasotako dirua osorik edo partez itzuli beharko dute, dagozkien berandutze-interesekin batera. Hori guztia, xedapen hauetan xedatuarekin bat: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion finantza- eta dirubilketa-araudia aplikatu behar bada ere, laguntza hauen onuradun batek ordaintzeke dituen zor guztiak kenduko dira EAEko Erakunde Ordaintzaileak onuradun horri egin beharreko geroko ordainketetatik.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 8a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
NEKAZARITZA-PRODUKZIO JASANGARRIKO TEKNIKEN BIDEZKO LABORANTZA ESTENTSIBOAREN DIBERTSIFIKAZIORAKO NEKAZARITZA- ETA INGURUMEN-BALDINTZAK

1.– Nahitaezko baldintzak.

a) Hitzartutako ereintza-azalera osoari eustea.

Hitzartutako azalera % 20 gehienez handitu ahal izango da urtero. Aurrekonturik badago ordainduko dira azalera horren urteko gehikuntzak.

Konpromiso-aldi guztian, laborantzen errotazioetarako nekazaritzaren ikuspegitik, eta, ondorioz, ingurumenaren ikuspegitik, beharrezko diren fluktuazioei egokitzeko hitzartutako gehieneko azalerarekiko gehienez % 20 gutxitzea baimenduko da.

b) Jardunaldi batera bertaratzea urtean behin, konpromiso-aldiak iraun bitartean (Konpromiso nagusia).

c) Ustiapen-koadernoa eguneratua izatea, fitosanitarioen, ongarritzeen eta ureztaketen arloan jasotako aholkularitza teknikoaren arabera (Konpromiso nagusia).

d) Zuzendaritza teknikoa (Konpromiso baztertzailea):

● Teknikari arduradun baten zerbitzuak ukan behar ditu ustiapenak. Haren funtzioak izango dira laborantzen garapena aholkatu, zuzendu eta kontrolatzea ingurumen-jasangarritasuneko irizpideen arabera. Nekazariak, berriz, teknikariaren adierazpenak inplementatzeko konpromisoa hartu beharko du.

e) Zorua desinfektatzea(Konpromiso baztertzailea):

● Debekatuta dago tratamendu kimikoak erabiltzea zorua desinfektatzeko, teknikoki justifikatutako ezohiko kasuetan izan ezik.

f) Ongarriketa:

● Zoruaren azterketa fisiko eta kimikoa erabiliko da makroelikagaien beharra kalkulatzeko oinarri gisa, nitrogenorako izan ezik. Zoruaren azterketa fisiko eta kimikoa egiteko lau urteko aldizkakotasuna ezartzen da (Oinarrizko konpromisoa).

● Araztegietako lohiz eratutako materialak ezin dira erabili (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez).

● Hiri-hondakin solidoak ezin dira zuzenean erabili (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez).

● 2. 3. eta 4. taldeetako laborantzentzat, 180 UFN/ha-koa izango da ekarpen nitrogenatu guztien gehieneko zenbatekoa gune ez-kalteberetan, eta 55 UFN/ha-koa, gune kalteberetan (Oinarrizko konpromisoa).

g) Ureztatzea (Oinarrizko konpromisoa):

● Ureztatzeko uraren kalitatea aztertzeko ezaugarriak ukan behar dira, horren erabilerari buruzko erabaki bat hartzeko.

● Ureztatzeko uraren azterketa fisiko eta kimiko bat ukan behar da, eta, gutxienez, bi urtean behin egin behar da baimendutako laborategi batean. Lur azpiko ur-bilketa propioen kasuan, aldizkakotasun handiagoa justifikatu ahal izango da, 5 urtetik gorakoa ez bada, betiere.

● Ur-erabileraren eraginkortasun handia eta ur-baliabideen optimizazioa bermatzen duten ureztatze-teknikak erabili behar dira, ur-galerak saihesteko. Horretarako, hauek egingo dira gutxienez:

● Ureztatze-instalazioak behin berrikustea konpromiso-aldian.

● Hitzartutako ustiapen-lursailen baldintzei egokitutako ur-balantze bat ukatea.

● Ureztatzeak eta ur-balantzea idaztea landa-koadernoan.

h) Aurreko laborantzak eta errotazioak(Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez, bigarren mailakoa ustiapenari dagokionez):

● Laborantza-errotazioa hiru urtean behin. Diru-laguntza hauetara atxikitzen diren laborantza guztiei aplikatuko zaie nahitaez, eta uneren batean diru-laguntza hauetara atxikitzen diren lursail guztietan betetzen dela kontrolatuko da.

i) Berdean lurperatzeko laborantza (Konpromiso baztertzailea):

● Laborantza onargarriak: lekadunak edo kruziferoak.

● Lurperatu beharreko azalera: kontratatutako gehieneko azalera. Laborantzak azaleraren % 75 estali behar du azalera onar dadin.

● Finkak: ustiategiko edozein. Ezin da berdean lurperatu aurretik lekadunak edo kruziferoak dituzten lursailetan.

● Egunak: ereintza edozein unetan egin daiteke.

Azaroaren 1etik aurrera lurperatuta. Lurperatzearen aurreko jakinarazpena (gutxienez, hiru aste). Edonola ere, laborantza hazi-fasera iritsi baino lehen lurperatu beharko da.

j) Laborantza-hondakinak lurperatzea (Konpromiso baztertzailea):

● Zoruan hostoak eta uzta-hondakinak gehitzea, eta artzaintza edo lursaila ken dadila saihestea.

2.– Konpromiso gehigarriak.

Aurreko konpromisoez gain, nekazariek honako konpromiso gehigarri hauek sinatu ahal izango dituzte:

a) Azukre-erremolatxaren sustraiko lurraren gehiengoa kentzen duen makina espezifikoen kargaren erabilera (Konpromiso nagusia).

Hitzartutako azaleran egin beharko da. Garbiketa egiten duten karga-sistemak eta garbiketa-sistema mekanikoa duten bilketa-sistemak bananduak izango dira.

Hitzartutako lursailetan bildutako erremolatxen % 80 gutxienez kargatuko da kanpaina bakoitzean.

b) Laborantza-errotazioa urtebetez luzatzea (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez, bigarren mailakoa ustiapenari dagokionez).

Laborantza-errotazioa urtebetez luzatzea (3 urtetik 4ra). Diru-laguntza hauetara atxikitzen diren laborantza guztiei aplikatuko zaie nahitaez (indaba-alekoari izan ezik), eta uneren batean diru-laguntza hauetara atxikitzen diren lursail guztietan betetzen dela kontrolatuko da, onuraduna alde batera utzita.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala