Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2017ko apirilaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
1703

EDIKTUA, adostasunik gabeko dibortzioari buruz bideratutako 629/2015 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: 629/2015 adostasunik gabeko dibortzioa.

Demandatzailea: Claudia Teresa Ponce.

Abokatua: Maria del Mar Martin Moreno.

Prokuradorea: Oscar Mejías Abad.

Demandatua: Hildebrando Castellon.

Gaia: adostasunik gabeko dibortzioa.

Aipatu judizioaren gainean epaia eman da 2016ko martxoaren 9an. Honako hau dio haren epaitzak, hitzez hitz:

Baiesten dut Mejías epaitegietako prokuradoreak Claudia Teresa Ponceren izenean eta ordez aurkeztu duen demanda, Hildebrando Castellónen aurkakoa. Horregatik, Claudia Teresa Poncek eta Hildebrando Castellónek –biak adinez nagusiak–Nikaraguan 2004ko otsailaren 25ean burutu zuten ezkontza dibortzio bidez desegindakotzat deklaratzen dut. Legezko ondorioak izango ditu horrek, epai hau irmoa denetik aurrera, baina ez du fede oneko hirugarrenik kaltetuko, harik eta Erregistro Zibilean inskribatzen den arte. Eta, bereziki, neurri hauek hartzea erabakitzen dut:

1.– Ezkontzaren erregimen ekonomikoa desegitea, eta adostasun eta ahalorde guztiak ezeztatzea. Desegindakotzat deklaratzen dut, halaber, ezkontza-erregimen ekonomikoa, eta azken horren likidazioa egin ahal izango da ezkontza-erregimen ekonomikoa likidatzeko prozeduraren bidez, baldin eta alderdiren batek hala eskatzen badu. Ezeztatuta geratzen dira ezkontideek elkarri emandako baimen eta ahalordeak. Aurkako itunik izan ezean, amaitu egiten da etxeko ahala egikaritzean ezkontide batek bestearen ondasun pribatiboak lotzeko duen aukera.

2.– Guraso-ahalaz baliatzea. XXXXX eta XXXXX seme-alabe adingabeen gaineko guraso-ahala elkarrekin baliatzen jarraituko dute bi gurasoek. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak berekin dakar seme-alaba adingabeei dagozkien erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

• Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

• Ikastetxea aukeratzea eta, behar bada, ikastetxea aldatzea.

• Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

• Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.

• Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Gurasoari biei aitortzen zaie adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, guraso biek eskatu ahal izango dituzte seme-alaben tratamenduei buruzko argibide medikoak.

Une bakoitzean seme-alabekin dagoen gurasoak haiei buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, larrialdi-egoeretan edo eguneroko erabakietan, baldin eta adingabe batekin egindako bizimoduan ohikoak edo garrantzi gutxikoak badira.

3.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko araubidea. Zaintza eta jagoletza seme-alba adingabeen amari esleitzea erabakitzen da.

4.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Aitari ez zaio bisita-erregimenik ezartzen. Aitak borondatea agertzen badu seme-alabekiko harremanari berriz ekiteko, gurasoen arteko adostasunez finkatuko dira bisitak, eta, adostasunik ez badago, neurri hori aldatzeko eskatu ahal izango dute horretarako legez ezarritako prozeduraren bidez.

5.– Mantenu-pentsioa. Seme-alaba adingabeen mantenua ordaintzeko, aitak pentsio bat ordaindu beharko du, guztira 300 euro hilean (150 euro hilean seme-alaba bakoitzarentzat); eta hala egin beharko du seme-alabak adinez nagusi izan arte, ekonomikoki independente izan arte, edo izateko moduan egon arte, fede oneko eskakizunen arabera. Zenbateko hori urteko hamabi hilabeteetan ordainduko zaio amari, hileko lehenengo bost egunetan; pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako kontsumoko prezioen indizeak aurreko urtean izandako aldaketen arabera, abendutik abendura; urtarrilaren batetik izango ditu ondorioak, 2018. urtetik aurrera.

6.– Ezohiko gastuak. Ekonomikoki independente ez diren bitartean seme-alaben bizitzan sortzen diren ezohiko gastuak erdibana ordainduko dituzte gurasoek. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion medikuntza-erakundean sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.

Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo oso komenigarria bada eta familiaren gorabeherei egokitzen bazaie. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.

Guraso biek erabakita, aldez aurretik premiazkoa ez den gastu bat egiten bada edo premiazko gastu bat egin ostean jakinarazten bada, komunikazioetarako mekanismo egiaztagarri bat ezarriko da: faxa, burofaxa, telefaxa edo posta elektronikoa. Guraso batek frogatzen badu besteari jakinarazi diola, modu egiaztagarri horretan, beharrezkoa edo komenigarria dela ezohiko gastu hori egitea; ulertu egingo da beste gurasoa ados dagoela gastu hori egitearekin, erantzuten ez badu, behintzat (eta horrela egiaztatzen badu), eta berariaz adierazi beharko du horren kontra dagoela jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.

Gainera, gurasoek, ados jarrita, beste edozein gastu adostu ahal izango dute alabarentzat (alde batera utzita ebazpen honetan berariaz ezohiko gastutzat hartutakoak), eta ebazpen honetan adierazitako proportzioan ordaindu ahal izango dute, erdibana, edo eurek adostutako moduan.

Ezohiko gastuak ordaintzeko obligazioa amaituko da seme-alabak, adin nagusikoak izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independenteak direnean, hartara eragotzi gabe Kode Zibilaren 150. eta 152. artikuluetan obligazioa amaitzeko adierazten diren kausak.

7.– Ez da hartzen beste inolako neurririk.

Alderdi bati ere ez zaio ezartzen prozesuko kosturik.

Epai hau irmo bihurtzen denean, jakinaraz bekio Erregistro Zibilari ofizioz, dagozkion idazpenak egin daitezen (Prozedura Zibileko Legearen 755. artikulua).

Hildebrando Castellon demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (PZLb).

Ebazpen horren aurka, demandatu auzi-iheslariak apelazio-errekurtsoa aurkez dezake.

Interesdunak eskuragarri dauka jakinarazten den ebazpenaren testu osoa, auzitegi honetako bulego judizialean.

Donostia, 2017ko martxoaren 10a.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala