Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2017ko martxoaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1427

AGINDUA, 2017ko martxoaren 1ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena; honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan aurreikusitako 2017ko deialdia egiten da.

Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan bilduta dauden aurreikuspenak bete eta garatuko dira 2017an. Orokorrean hartuta, agindu honetan ez dira errepikatuko adierazitako Dekretuko edukiak, baina diru-laguntzen deialdi horretara aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu beharko dituzte eduki horiek.

Dekretu horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen babesean, esku-hartze sozialaren jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitate guztien autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babesteko eta sustatzeko jarduerak dira.

Aipatutako Dekretuaren arabera, halaber, sustatze-lan horretan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bere berariazko erantzukizuneko ikuspegiak eta zeharkako politikak hartu behar ditu kontuan batez ere, hala nola gizarteratzearekin, familiarekin, haurrekin eta nerabeekin, immigrazioarekin, dibertsitate eta askatasun afektibo eta sexualarekin lotuta daudenak, baita desgaitasunarekin eta mendekotasunarekin, adinekoekin eta, bereziki, genero-berdintasunarekin lotuta daudenak ere.

Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzari laguntzen dio irabazi-asmorik gabeko erakundeek gauzatzen dituzten esku-hartze sozialeko jarduerak sustatzen, bereziki lurraldez gaindiko eremukoak direnak, hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoan gauzatzen direnak.

Dekretu horretan aurreikusten diren diru-laguntza lineen artean honako hauek garatzen dira Agindu honetan:

1.– Esku-hartze sozialeko jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin.

2.– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.

Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan ezarritakoa betetzeko, erakunde interesdunak laguntza-programa honek eskatzen duen izapidetze oro modu telematikoz egitera derrigortuta daude.

Horregatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea esku-hartze sozialeko eremuan gauzatzen diren jarduerak gauzatzeko diru-laguntzetarako 2017ko deialdia egitea da. Jarduera horiek pertsonen, familien eta taldeen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babestera eta sustatzera bideratuta daude, bereziki honako gai hauetan biltzen badira edo horiei buruzkoak badira:

a) Gizarte-zerbitzuak.

b) Gizarteratzea.

c) Familien laguntza, sustapena eta babesa.

d) Haurrak eta nerabeak zaintzea eta babestea.

e) Etorkinen gizarteratzea eta, orokorrean, kulturartekotasuna, salbu eta gai juridikoetan babesari dagokionez.

f) Adinekoak zaintzea eta babestea.

g) Mendekotasun-egoeran, eta, orokorrean, desgaitasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea eta babestea.

h) Askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 1.4 artikuluan ezarritako ondorioetarako, laguntza jasotzen duten jarduerek egokitu beharko dute esku-hartze sozialaren esparruarekin zerikusia duten arauetan eta plangintza estrategikoan jasotako printzipio eta jarraibideetara, batez ere honako hauetan jasotzen direnetara:

a) 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

b) 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa.

c) 13/2008 legea, abenduaren 12koa, Familiei laguntzekoa.

d) 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babestekoa.

e) 17/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, Boluntariotzari buruzkoa.

3.– Deialdi honen bidez ez dira diruz lagunduko emakumeen aurkako indarkeriaren eremuan sentsibilizazio eta prebentziorako garatutako jarduerak, hauei zuzendutako berariazko laguntzak egoteagatik. Diruz lagundu ahal izango dira emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei zuzendutako esku-hartze soziala xede nagusitzat duten jarduerak.

4.– Jarduerak gauzatzeko epea 2017ko ekitaldia da.

2. artikulua.– Laguntzen izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko telematikoak erabili beharko dituzte prozedura horren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko, honako arau hauetan ezartzen denarekin bat: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa; 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duena; eta Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

2.– Modu elektronikoan izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean daude:

– Pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin gauzatu behar diren esku-hartze sozialeko jarduerak: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/eu/contenidos/ayuda_subvencion/giz_2017/eu_intervso/intervencion_social_1.html

– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta partaidetza asoziatiboa indartzeko jarduerak: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/eu/contenidos/ayuda_subvencion/elk_2017/eu_intervso/intervencion_social_1.html

3.– Espedientera sartzea eta ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira, https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– Eskaera edo izapideak banakako agiri elektroniko baten bitartez eginez gero, erakundearen ordezkaritza legala duen pertsonarena izan ala ez, Ordezkarien erregistro elektronikoan erakundearen ordezkari moduan izena emanda egotea ezinbestekoa da, https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/egoitza_ordezkarien_erregistro/eu_egoitza/egoitza_representantes.html

5.– Erakunde interesdunei jakinarazpenak bide elektronikoz egingo zaizkio. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

6.– Interesdunak jakinarazpenaren edukian sartzen denean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena eskura jarri eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat, eta, beraz, prozedurak jarraitu egingo du.

7.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

3. artikulua.– Epea, eskaeren aurkezpena eta egiaztagirien ekarpena eta dokumentazioa.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean, honako helbide hauetan:

– Pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin gauzatu behar diren esku-hartze sozialeko jarduerak: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/eu/contenidos/ayuda_subvencion/giz_2017/eu_intervso/intervencion_social_1.html

– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta partaidetza asoziatiboa indartzeko jarduerak: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/eu/contenidos/ayuda_subvencion/elk_2017/eu_intervso/intervencion_social_1.html

3.– Eskabide-eredua agindu honen I. eranskinean agertzen da.

4.– Erakunde eskatzaileek haiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, horrekin batera aurkezten den dokumentazioarekin. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardueretan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek Gizarte Segurantzako ordainketak eta zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz.

6.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, eskaeran bildutako erantzukizun-deklarazio baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu direla, eta, hala badagokio, lortu egin direla.

b) Erakunde eskatzailea edozein itzultze- edo zehapen-prozeduratan dagoen ala ez, eta prozedura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo horren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan abiarazi den.

c) Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dagoela administrazio- edo zigor-arloan zigortuta diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin edo horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekuren eraginpean ez dagoela.

7.– Erakunde eskatzaileak bermatuko du betetzen dela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. zenbakian xedatua, haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarria. Hau da, adingabekoekin ohiko harremana duten langile kontratatu edo boluntario guztiek izango dute Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa.

8.– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du egia direla eskaeran bildutako datuak, eta laguntza hori eskatzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

9.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzaren Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta edo Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, honako helbide honetan agertzen den formularioa bete beharko du: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

4. artikulua.– Agiriak.

Diru-laguntzarako eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erakundearen gastuen eta diru-sarreren balantzea 2016an.

b) Entitate eskatzailea Gizarte Segurantzaren sisteman erregistratuta ez badago, entitatea Gizarte Segurantzarekiko edo Gizarte Segurantzaren ordezko sistemekiko betebeharretan egunean dagoela jasotzen duen erantzukizun-deklarazioa.

5. artikulua.– Eskabidea hobetzea.

Eskaera kudeatzeko ardura duen Zuzendaritzak beharrezko irizten dion informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera balioestearren.

6. artikulua.– Diru-laguntza lineen lekualdaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren garapenean deitutako laguntzen esparruan, berariazko koordinazio-mekanismoak antolatuko dira eskabideak oker aurkeztu diren kasuetarako, eskabidearen xedeak diru-laguntzarenarekin bat egiten ez duelako.

Ildo horretatik, eskaera aurkeztu zaion laguntzen linearen erakunde kudeatzailearen iritziz laguntza horren xedea ez badator bat linea horrekin, baina eskaeraren xedea administrazio-erabakiaren aurreko fasean dagoen Agindu honetan aurreikusitako laguntzen beste lineari egokitzen dela baderitzo, eskaera xede duen horretara gehien egokitzen den laguntzen linean sartzea erabaki ahal izango du. Eskaera hasiera batean aurkeztu zen lineako Zuzendaritza kudeatzaileak eskaera lekualdatuko du hori egokitzen den laguntzen linearen Zuzendaritza kudeatzailera.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako lekualdaketaren berri emango zaio erakunde eskatzaileari, hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat hartzen dituen alegazioak egiteko aukera izan dezan. Epe hori igaro bada, eta erakunde eskatzaileak aurka egin ez badu, linearen lekualdaketa onartutzat hartuko da.

7. artikulua.– Diruz lagunduko ez diren gastuak.

Orokorki, ez dira diruz lagunduko janari eta edari gastuak, jai, gertakari eta edozein motatako aurkezpenetan, eta ezta edozein ospakizun edo otordu bazkide, langile edota boluntarioentzat ere.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Ordainketa zatika egingo da, % 70 ematen den unean ordainduko da eta gainerako % 30a, diru-laguntzarako onartua izan den eginiko gastuaren frogagiriak aurkeztutakoan.

9. artikulua.– Eskaeren balioespena.

1.– 50 puntu edo gehiagoko puntuazioa lortzen duten jarduerak soilik subentzionatu ahalko dira.

2.– Laguntzaren zenbatekoa abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 14.3 artikuluan xehatutako bi distribuzio-faseen arabera zehaztu beharko balitz, ondoko formula erabiliko da fase aldakorrari dagokion zenbatekoa zehazteko:

S = GSZ x (P-20)/100

Izanik:

S = Fase honetan jarduera bakoitzari dagokion zenbatekoa.

GZS = Gehieneko Zenbateko Subentzionagarria.

P = Balorazio Batzordeak jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

10. artikulua.– Frogagiriak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Frogagiriak aurkezteko epea 2018ko otsailaren 28an amaitzen da.

2.– Erakunde onuradunek Agindu honen II-A Eranskina (Jardueraren Memoria) eta II-B Eranskina (Jardueraren memoria ekonomikoa) aurkeztu beharko dituzte, behar bezala beteak eremu guztietan. Eranskin horiek Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean daude, honako helbide hauetan:

– Pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin gauzatu behar diren esku-hartze sozialeko jarduerak: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/eu/contenidos/ayuda_subvencion/giz_2017/eu_intervso/intervencion_social_1.html

– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta partaidetza asoziatiboa indartzeko jarduerak: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/eu/contenidos/ayuda_subvencion/elk_2017/eu_intervso/intervencion_social_1.html

II-B Eranskinean justifikazio-kontu bat, hau da, gastua –Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako zenbatekoaren parekoa– egiaztatzen duten dokumentu guztiak biltzen dituen erantzukizun-deklarazioa, eta deklarazio horretan dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egozten zaion ehunekoa adierazten dira.

3.– II-A eta II-B eranskinak bitarteko elektronikoen bidez erantsi beharko zaizkio dagokion espedienteari, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean, https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– Emandako laguntzaren kontura egindako gastuak diruz lagundutako jarduerak egikaritzeari lotuta egongo dira nahitaez. Gastu horiek justifikatzeko ondoren azalduko ditugun dokumentuak hartuko dira baliozkotzat, eta dokumentu horiek dagokion egunetik aurrera gutxienez bost urtez gorde eta eskura eduki beharko ditu erakundeak. Aipatutako dokumentuak honako hauek dira:

a) Erakunde onuradunaren izenean emandako fakturaren bidez justifikatutakoak. Baliagarria izateko, faktura orok 2017koa beharko du izan.

Arauarekiko salbuespenak –fakturaziorik gabeko eragiketak, hartzailearen identifikazio-datuak fakturan biltzea nahitaezkoa ez izatea, jasanarazitako zerga-kuota eta aplikaturiko zerga-tasa fakturan propio ez jaso behar izatea, fakturak txartel zenbakituen taloitegiekin edo, halakorik ez bada, makina erregistratzaileek emandako txartelekin ordezkatzea, eta abar– fakturazio-betebeharrak arautzen dituzten Foru Dekretuetan bildutakoak dira, edo, halakorik ezean, azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuan.

b) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatuak, betiere finantza-erakundeek igorri eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

c) Langileei dagozkien gastuei dagokienez, eredu ofizialaren eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberako soldata-ordainagirien originalen bitartez egiaztatzen direnak.

d) Enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egindako eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordaindu behar ez duten noizbehinkako lanen kasuan, gastuaren erakunde onuradun igorlearen ordezkariak sinatutako idazki bidez justifikatuko dira gastuak. Honako datu hauek bildu beharko ditu gutxienez idazki horrek: igorlearen eta hartzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren eta haren zenbateko osoaren deskribapena; hartzailearen «jaso izana» eta sinadura; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekiko –PFEZa– atxikipena.

e) Langile boluntarioen kasuan, boluntarioen asegurua diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat har daiteke agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen xede diren eta boluntarioen laguntza duten jardueren esparruan. Finantzatu behar diren boluntarioen asegurua bi polizek osatu beharko dute, bata istripu-poliza izango da, eta bestea erantzukizun zibileko poliza; azkenekoaren kasuan, aseguratutako 300.506,05 euroko gutxieneko zenbatekoa izango du ezbeharragatiko eta aseguruaren urteko kuota bakoitzeko polizari atxikitako pertsona bakoitzeko. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, justifikazio-kontuan aseguru-entitateak edo aseguru-hartzaileak emandako ziurtagiria aipatuko da. Kontu horretan erakundeak bere boluntarioen alde kontratatu dituen aseguru-polizen estaldurei buruzko datuak egiaztatuko dira gutxienez, eta aseguratutako pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa zehaztuko dira.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko emandako maileguaren zenbatekoa eta xedea justifikatzen duen banku-dokumentua, eta baita lehen ordainketaren datara arte abonatutako interesak ere, baldin eta dirulaguntza hauek arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.

5.– Diru-laguntza behar bezala aplikatu ote den egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastuaren egiaztagiriak, lagin adierazgarriaren oinarriaren gainean, laguntza eman eta ondorengo bost urtetan egiaztatuko dira, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak egin behar dituen gainerako ikuskapenak, jarraipena eta kontrola alde batera utzi gabe.

II. KAPITULUA
PERTSONEKIN, FAMILIEKIN, TALDEEKIN ETA KOMUNITATEEKIN GAUZATU BEHAR DIREN ESKU-HARTZE SOZIALEKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

11. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.2 artikuluaren arabera, diru-laguntza linea horretan honako jarduera hauek jaso ahal izango dute finantziazioa: esku-hartze sozialerako jarduerek pertsona, familia, talde eta komunitateekin, hau da, pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatu eta babesteko jarduerek, eta batez ere esperimentazioa edo berrikuntza dakarten jarduerek.

12. artikulua.– Aurrekontu-kreditua.

Diru-laguntza linea horren barruko jarduerak finantzatzeko, 2017an 3.743.480 euroko zenbatekoa emango da gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

13. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko konpetentea den Zuzendaritzari materiaren arrazoiagatik dagokio diru-laguntza linea horretan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko zereginak egitea. Diru-laguntzen onarpen- edo ukapen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 13. artikuluan jasotako Balioespen Batzordeak egingo du.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Diru-laguntza linea horretan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraiki, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraiki, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

a) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna, ebaluagarritasuna eta izaera berritzailea barne: 20 puntu gehienez.

b) Jarduerak erantzuna eman nahi dion egoera esku-hartze minoritario batekoa izatea edota egoera horren garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun kopurua barne: 15 puntu gehienez.

c) Familia- eta komunitate-ikuspegia aplikatzeko merezimendu bereziak, familia- eta komunitate-harremanen mesedetan izatea, familia- eta lan-bizitza bateragarri egitea, gurasotasun positiboa, etxeko eta komunitateko zaintza-eredu berriak eta esku-hartzeko hartzaileen parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 10 puntu gehienez.

d) Esku-hartze sozialaren eremuaren eta beste eremu batzuen (hezkuntza- eta osasun-arloko esku-hartzea edo enpleguari buruzko esku-hartzea) arteko koordinazioa: 10 puntu gehienez.

e) Lurraldez gaindiko jardueraren eremua edo eskala, eta horrela hartzen da kontuan lurralde historiko guztietako pertsonek jardueretan benetan parte hartzea edota erkidegoaren esparruan lankidetza-jarduerak egitea premiak, jardunbide egokiak edo proiektuaren xede den gaian egoki diren beste alderdiak identifikatzeko. Halabeharrez jardueretan lurralde historiko bateko baino gehiagoko lagunek parte hartzeak ez dio lurraldez gaindiko izaera ematen: 10 puntu gehienez.

f) Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak kudeatzeko duen gaitasuna, baita ebaluazioen emaitza eta aurreko ekitaldietako betebeharrak bete izana ere: 5 puntu gehienez.

g) Jarduera Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta jarduera horren zentzua: 5 puntu gehienez.

h) Jardueraren eta prestazioen, zerbitzuen, jardunen eta aribideko politika publikoen artean ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia esku-hartze sozialaren esparruan: 5 puntu gehienez.

i) Jarduera egitea, hainbat erakunderen edo hainbat erakundek osatzen duten sarearen edo federazioaren laguntzarekin: 5 puntu gehienez.

j) Jardueran honako hauek sartzea: ekintza boluntarioaren berezko balio erantsiak, elkarrekiko laguntza, parte-hartze asoziatiboa, gizarte-ekimena eta ekonomia solidarioa; baita erakundeak onura publikokoa edo interes sozialekoa izatearen deklarazioa bere esku izatea ere: 5 puntu gehienez.

k) Merezimendu bereziak jardueran genero-ikuspegia sartzeagatik: 5 puntu gehienez.

l) Jardueraren edo erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen ekimenaren ehunekoa: 5 puntu gehienez.

Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 10 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.

15. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.– Diru-laguntza linea horretan, ezin izango da 210.000 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

2.– Ezin izango da emandako laguntzaren % 10 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Honako hauek hartzen dira zeharkako kostutzat: erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei buruzkoak barne, baina gastu horiek jarduera jakin bati zuzenean egotzi ezin zaizkion arren, nahitaezkoak dira diruz lagundutako jarduera egiteko.

3.– Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 5 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

III. KAPITULUA
ESKU-HARTZE SOZIALEAN EKINTZA BOLUNTARIOA ETA PARTAIDETZA ASOZIATIBOA INDARTZEKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

16. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.3 artikuluaren arabera, diru-laguntza linea horretan honako jarduera hauek jaso ahal izango dute finantziazioa: esku-hartze sozialaren eremuan ekintza boluntarioa areagotzera, partaidetza asoziatiboa garatzera, eta, bereziki, esku-hartze soziala gauzatzen duten erakundeak, sareak edo nagusiki autonomia-eremuko federazioak eraikitzera eta hobetzera bideratutako jarduerek.

17. artikulua.– Aurrekontu-kreditua.

Diru-laguntza linea horren barruko jarduerak finantzatzeko, 2017an 599.000 euroko zenbatekoa emango da gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

18. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko konpetentea den Zuzendaritzari materiaren arrazoiagatik dagokio diru-laguntza linea horretan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko zereginak egitea dagokio. Diru-laguntzen onarpen- edo ukapen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 13. artikuluan jasotako Balioespen Batzordeak egingo du.

19. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Diru-laguntza linea horretan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraiki, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraiki, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

a) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna barnean hartuz: 25 puntu gehienez.

b) Jarduerak erantzuna eman nahi dion egoera esku-hartze minoritario batekoa izatea edota egoera horren garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun kopurua barne: 15 puntu gehienez.

c) Jarduera hainbat erakunderen edo hainbat erakundek osatzen duten sarearen edo federazioaren laguntzarekin gauzatzea, baita irabazi-asmorik gabeko erakundeak autonomia-eremuko erakundeen, sareen edo federazioen dinamika aktiboetan kokatzen laguntzea eta politika publikoen adierazpena, betearazpena eta ebaluazioa esku-hartze sozialaren eremuan kokatzen laguntzea ere: 10 puntu.

d) Jardueran honako hauek sartzea: ekintza boluntarioaren berezko balio erantsiak, elkarrekiko laguntza, parte-hartze asoziatiboa, gizarte-ekimena eta ekonomia solidarioa eta pertsona hartzaileek esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea; baita erakundea onura publikokoa edo interes sozialekoa izatearen deklarazioa bere esku izatea ere: 10 puntu.

e) Lurraldez gaindiko jardueraren eremua edo eskala, eta horrela hartzen da kontuan lurralde historiko ezberdinetako pertsonek jardueretan benetan parte hartzea edota erkidegoaren esparruan lankidetza-jarduerak egitea premiak, jardunbide egokiak edo proiektuaren xede den gaian egoki diren beste alderdiak identifikatzeko. Halabeharrez jardueretan lurralde historiko bateko baino gehiagoko lagunek parte hartzeak ez dio lurraldez gaindiko izaera ematen: 15 puntu gehienez.

f) Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak kudeatzeko duen gaitasuna, baita ebaluazioen emaitza eta aurreko ekitaldietako betebeharrak bete izana ere: 5 puntu gehienez.

g) Jarduera Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta jarduera horren zentzua: 5 puntu gehienez.

h) Jardueraren eta prestazioen, zerbitzuen, jardunen eta aribideko politika publikoen artean ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia esku-hartze sozialaren esparruan: 5 puntu gehienez.

k) Merezimendu bereziak jardueran genero-ikuspegia sartzeagatik: 5 puntu gehienez.

j) Jardueraren edo erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen ekimenaren ehunekoa: 5 puntu gehienez.

Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 12,5 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.

20. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Diru-laguntza linea horretan, ezin izango da 35.000 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

2.– Ezin izango da emandako laguntzaren % 15 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Honako hauek hartzen dira zeharkako kostutzat: erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei buruzkoak barne, baina gastu horiek jarduera jakin bati zuzenean egotzi ezin zaizkion arren, nahitaezkoak dira diruz lagundutako jarduera egiteko.

3.– Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan esanbidez aurreikusi ez den orori dagokionez, agindu honetan honako hauetan biltzen diren aurreikuspenak aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan biltzen direnak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Eta berorren aurka, alderdi interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua aipaturiko aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 1a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ESKU-HARTZE SOZIALAREN EREMUAN HIRUGARREN SEKTOREKO JARDUERAK SUSTATZEKO DIRU-LAGUNTZEN ESKABIDE- EREDUA

ENTITATE ESKATZAILEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK (TITULARRA)

Entitatearen izena

IFK

Entitatearen forma juridikoa

Helbidea

Posta-kodea

Herria

Probintzia

Tel.

Sakelako telefonoa

Faxa

Helbide elektronikoa

Web-orriaren helbidea

DIRUZ LAGUNTZEA NAHI DEN JARDUERAREN IZENA

ESKATUTAKO KOPURUA

ENTITATE ESKATZAILEAREN LEGEZKO ORDEZKARITZA DUEN DATUAK PERTSONAREN DENTIFIKAZIO

Izen-abizenak

NAN

Entitatean duen lanpostua, kargua, kondizioa edo ordezkaritza

ENTITATEAREN ERREFERENTZIAZKO PERTSONAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK, ESKABIDEARI BURUZKO ELKARRIZKETETARAKO

Izen-abizenak

Entitatean duen lanpostua, kargua, kondizioa edo ordezkaritza:

Tel.

Sakelako telefonoa

Faxa

Helbide elektronikoa

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean eskuragai, ondoko helbide hauetan:

Pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin gauzatu behar diren esku-hartze sozialeko jarduerak: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/eu/contenidos/ayuda_subvencion/giz_2017/eu_intervso/intervencion_social_1.html

Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta partaidetza asoziatiboa indartzeko jarduerak: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/eu/contenidos/ayuda_subvencion/elk_2017/eu_intervso/intervencion_social_1.html

Nortasun juridiko bereziko talderik osatu gabe hainbat erakundek jarduera bera garatu behar badu, erakunde bakoitzak dagokion eskaria egin beharko du. Denek jarduera bera aurkeztuko dute, eta bakoitzak jarduera horren zein zati egingo duen adierazi beharko du.

JAKINARAZPENA

Jakinarazpenerako oharra.

Posta elektronikoa(k)

Sakelako telefonoaren zenbakia(k)

Jakinarazpenerako aukeratu den hizkuntza.

Euskara

Gaztelania

BANKU DATUAK

Bankua edo aurrezki-entitatea

Agentzia

KD (kontrol-digitua)

Kontu-zenbakia

Titularra

ERANTZUKIZUN DEKLARAZIOAK

Entitate eskatzaileak ez du 2017rako beste diru-laguntzaren bat eskatu edota jaso aurkeztutako jarduera finantzatzeko.

Entitate eskatzaileak 2017rako beste diru-laguntzaren bat eskatu edota jaso du aurkeztutako jarduera finantzatzeko (puntu hori eskaeraren Datu Ekonomikoak atalean zehaztu behar da).

Entitate eskatzaileak 2017an aurkeztutako proiektua finantzatzeko ez du beste finantzaketa-iturririk, diru-laguntzez gain.

Entitate eskatzaileak 2017an aurkeztutako proiektua finantzatzeko beste finantzaketa-iturriren bat dauka, diru-laguntzez gain (puntu hori eskaeraren Datu Ekonomikoak atalean zehaztu behar da).

Entitate eskatzailea ez dago zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta ez dago, halaber, hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak esanbidez aipatuta, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

Entitate eskatzailea ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta entitate autonomoek emandako ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuen esparruan itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan.

Erakunde eskatzailea edozein itzultze- edo zehapen-prozeduratan dago, eta prozedura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo horren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan abiarazi da (prozedura horri dagozkion datuak zehaztu behar dira).

Erakunde eskatzaileak bermatuko du betetzen dela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. zenbakian xedatua, haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarria. Hau da, adingabekoekin ohiko harremana duten langile kontratatu edo boluntario guztiek izango dute Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa.

Entitatearen xedea, dagokion erregistroan edo erroldan erregistratutako entitatearen estatutuetan jasota dagoen bezala.

Entitate eskatzailearen Gobernuaren/Zuzendaritza Batzordearen kide anitzeko organoa osatzen duten pertsonak.

Entitate eskatzailea zein errolda edo erregistroetan eratuta eta erregistratuta dagoen.

Eskabidean jasotako datuak nahiz erantsitako dokumentazioa egiazkoak dira.

Entitate eskatzaileak laguntza hauen onuradun izateko indarreko legerian ezarritako baldintzak betetzen ditu, eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa ere badu; horretaz gain, diru-laguntzari dagokion denboraldi osoan baldintzak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.

HIRUGARRENEN ALDAKETA / ALATA EGIAZTAPEN BAIMENDUA

Entitatearen legezko ordezkari naizen heinean, baimena ematen diot deialdi honen organo kudeatzaileari eskumeneko Administrazioan begiratzeko, egiaztatzeko edo frogatzeko bitarteko telematikoen bidez, edo hala badagokio, eskuragarri dauden bitartekoen bidez.

KONPROMISOAK

Entitate eskatzaileak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Zuzendaritza kudeatzaileari eskatzen den eta diru-laguntza emateko kontuan hartzen den edozein zirkunstantziaren aldaketaren berri emateko konpromisoa hartu du, baita xede horretarako lortutako diru-laguntzen edo laguntzen, diru- sarreren edo baliabideen berri eman ere, edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik lortutakoak.

Entitate eskatzaileak diruz lagun daitekeen jarduera dela-eta lantzen diren sustapen-elementuetan eta testu edo dokumentuetan Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak emandako babesaren aipamena egiteko konpromisoa hartu du (Konpromiso horrek ez ditu barnean hartzen diru-laguntzaren emakidaren jakinarazpena programa edo jarduera egin ondoren jaso zuten entitate onuradunak).

DATU PERTSONALEN BABESA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jakinarazten dizu emango dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak «Gizarte esku-hartzeko Hirugarren sektorea» izeneko bere fitxategian sartu dituela, laguntza emateko espedienteak kudeatzea helburu duena. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, hark baitauzka datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak. Datu horiek, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailera joan zaitezke (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).

Administrazio Publikoak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak, eta bidezko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

ERAKUNDE ESKATZAILEAREN DATUAK

Erakundearen jardunerako lurralde-eremua

Erakundearen aurkezpen laburra (Erakundearen ibilbidea eta egungo errealitatea, eginkizunari, kideei, jasotzaileei, egiturari, ondareari, egindako jardun nagusiei eta lortutako emaitzei dagokienez).

Onura Publikoko Aitorpenaren data (halakorik badu)

Interes Sozialeko Deklarazioaren data (halakorik badu)

Auditoriak

Erakundearen egoitza edo egoitzak, erakundearen lanerako erabiltzen den tokia ote den, edo horretaz gain, etxebizitza partikularra ere ba ote den zehaztuz.

Erakundearen organigrama

Erakundeko langileak. Sexuaren eta kontratu motaren arabera (lanaldi osorakoa edota partzialerakoa) bananduta.

Boluntarioak. Astean gutxienez 2 orduko dedikazioa duten boluntarioen kopurua, sexuaren arabera bananduta.

LAGUNTZA ZEIN JARDUERATARAKO ESKATU DEN

Jardueraren deskribapen laburtua.

Jarduera barne hartuta dagoen esku-hartze sozialeko lehentasunezko eremua edo eremurik esanguratsuena:

Gizarte Zerbitzuak

Gizarteratzea

Familia

Inmigrazioa eta kulturartekotasuna

Haurrak eta nerabeak

Desgaitasuna eta mendekotasuna

Adinekoak

Dibertsitatea eta askatasun afektibo-sexuala

Jarduera barne hartuta dagoen esku-hartze sozialeko beste eremu batzuk:

Gizarte Zerbitzuak

Gizarteratzea

Familia

Inmigrazioa eta kulturartekotasuna

Haurrak eta nerabeak

Desgaitasuna eta mendekotasuna

Adinekoak

Dibertsitatea eta askatasun afektibo-sexuala

Jardueraren lurralde-eremua

Arau-esparru eta esku-hartze planen batean edo gehiagotan (horien deialdia egiten duen aginduaren 1.2 artikuluan adierazita daudenak, hain zuzen ere) jarduerak duen kokapenari eta zentzuari buruzko azalpena, eta baita genero-ikuspegia txertatzeari buruzkoa ere.

Diru-laguntza eskatu duen erakundearen edo elkartearen estrategia, plan, programa edo proiektu zabalagoren baten esparruan jarduerak duen kokapenari eta zentzuari buruzko azalpena, zabalagoa den estrategia, plan, programa edo proiektu hori deskribatuz eta diru-laguntza eskatzeko xede den jarduera bertan nola txerta daitekeen edo zein ekarpen egiten duen adieraziz.

Eskatutako diru-laguntzaren xede den jarduerarekin erantzun nahi zaion egoeraren diagnostikoa edo ebaluazioa (baita deskribapena ere), eta jardueraren justifikazioa.

Aurreikusitako hartzaileak (kuantifikazioa eta karakterizazioa, eta hala badagokio, identifikazioa).

Eskatutako diru-laguntzaren xede den jardueraren helburu orokorrak eta espezifikoak.

Jardueraren aurreikusitako garapenaren deskribapena (edukiak, faseak, kudeaketa-prozesuak, jardueren deskribapena, eta abar).

Jardueren kronograma

Jardueraren ebaluazioa. Prozedura eta nondik norakoa. Espero diren emaitzak (aurreikusitako emaitza, hori neurtzeko erabilitako adierazleak eta horiek balioesteko erabiliko diren egiaztapen-iturriak).

Jarduera garatzeko behar diren giza baliabideak. Pertsona bakoitzarentzat honako informazio hau: kontratatuak edo boluntarioak ote diren; kategoria profesionala; prestakuntza eta kualifikazioa; asteroko dedikazio-denbora; hala badagokio, kontratua mugagabea edo aldi baterakoa den; kontratuaren iraupena; eta jarduerari lotutako eginkizunak.

Jarduera aurrera eramateko behar diren baliabide materialak eta azpiegiturak: deskribapena eta kuantifikazioa, horiek dagoeneko ba ote dituzten adieraziz. Kontuan izan behar da laguntza honen bitartez ezin izango direla diruz lagundu inbertsio-gastuak, adibidez, aurkeztu den jardueraren garapen-denbora baino bizitza erabilgarri handiagoa izango duten ondasunak.

Jardueraren lotura. Jarduera hau bera dirulaguntza hauek eskatzen dituzten beste erakunde batzuekin batera garatu behar bada, 271/2012 Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritako terminoetan, lotuta dauden erakunde eskatzaileak: lotzen zaizkien erakunde eskatzaileak; taldeko kide bakoitzak bere egindako exekuzio-konpromisoak; taldeko kide bakoitzak aplikatzeko diru-laguntza.

JARDUERAREN DATU EKONOMIKOAK

JARDUERAREN DIRU-SARRERAK

(Ikus .PDF)

JARDUERAREN ZUZENEKO GASTUAK (partida bakoitzaren gastuen xehetasuna adierazi behar da)

(Ikus .PDF)

2016ko DIRU-SARRERAK JARDUERA BERBERARENTZAT

(Ikus .PDF)
II-A ERANSKINA
EUSKADIKO ESKU-HARTZE SOZIALAREN ESPARRUAN DIRUZ LAGUNDUTAKO JARDUERAREN MEMORIA
(Ikus .PDF)

II-B ERANSKINA
JARDUERAREN MEMORIA EKONOMIKOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala