Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2017ko martxoaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
1343

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 578/2015 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostia-San Sebastiángo Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: 578/2015, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.

Demandatzailea: Dolly Osaro.

Abokatua: Jose Ignacio Trallero Aisa.

Prokuradorea: Amaia Oquiñena Unanue.

Demandatua: Kelvin Ogadi Nwanti.

Aipatutako judizioan, 2017-01-31n 41/17 Epaia eman da, zeinaren xedapenak honako hauek baitira:

XEDAPENAK

Kelvin Ogadi Nwanti-ren aurka, Dolly Osaro-ren izenean eta ordez Oquiñena prokuradoreak aurkeztutako demanda baietsi egiten dut zati baten; eta, hortaz, XXXXX alaba adingabekoarekiko harremana haustearen ondoriozko neurri hauek hartzea erabaki dut.

1.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala erdibana izaten jarraituko dute aitak eta amak. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

– Adingabearen egoitza, hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

– Ikastetxea aukeratzea edo ikastetxez aldatzea.

– Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

– Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.

– Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Guraso biei aitortzen zaie adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, seme-alaben tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango dute guraso biek.

Seme-alabekin dagoen gurasoak haiei buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, larrialdi-egoeretan edo egunero martxan, baldin eta adingabeko batekin egindako bizimoduan ohikoak edo garrantzi handikoak ez badira gorabeherak.

2.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko erregimena. Alaba adingabearen zaintza eta jagoletza amari esleitzea.

3.– Bisita, egonaldi eta komunikazioen erregimena. Ez da bidezkoa aitaren eta seme-alaben arteko bisita-araubide bat ezartzea. Alabarekiko harreman berriro hasteko borondatea agertzen badu aitak, guraso biek adostuta finkatu ahal izango dira egunak, eta adostasunik ez balego, neurri hau aldatzeko eskatu ahal izango da, betiere hartarako ezarritako legezko prozeduraren bitartez.

4.– Mantenu-pentsioa. Alaba adingabearen elikadura-premiei aurre egiteko, aitak ordaindu egin beharko du mantenu-pentsio bat, hileko 200 eurokoa, zeinak iraungo baitu alaba adinez nagusi izan arte, do ekonomikoki burujabe izan arte edo halako izateko kondizioan izan arte, fede onezko jokabidearekin bat etorriz. Urteko hamabi hilabeteetarik bakoitzeko lehen bost egunen barruan ordainduko zaio kopuru horiek amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizeak aurreko urtean –abendutik abendura– izandako aldaketen arabera; 2018. urtean eta urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak eguneraketak.

Aitak zuzenean ordaintzen dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.

Pentsioa azkendu egingo da, noiz eta alaba adinez nagusi, ekonomikoki burujabe edo halako izateko kondizioan delarik, fede onezko jokabidearekin bat etorriz.

5.– Aparteko gastuak. Alaba burujabe ez delarik, haren bizimoduan jazotzen diren aparteko gastuak gurasoek erdibana ordaindu beharko dituzte. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (urtero errepikatzen badira); baina beste batzuk berriz sartuko dira, eta katalogo posiblea osorik adierazteko asmorik gabe, honako hauek dira horietakoak: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion medikuntza-erakundetan sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta –prestakuntza-arloan– eskolan atzeratuta egonez gero derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.

Goragoko lerroaldean zehaztutako aparteko gastuak egiteko, guraso bien adostasunezko erabakia beharko da, betiere hura egin aurretik; eta adostasunik ez bada, arazoa epailearen esku utzi beharko da, zeinak erabakiko baitu gastua bi gurasoek egin beharko duten ala ez ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Ebazpena aldekoa izango da, baldin eta alabarentzako beharrezkoa eta egokia bada gastua eta familiaren zirkunstantziekin bat badator. Premiazko diren presako gastuei dagokienez, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.

Presakoa ez den ezohiko gastu bat egin aurretik gai horri buruz bi gurasoek elkarrekin hartu beharreko erabakia edota premiazko gastu bat egin ondoren elkarri eman beharreko informazioa emateko, gurasoen arteko komunikazio-bide bat ezarriko da, frogagarria dena. Izan daiteke, esaterako, faxa, burofaxa edo posta elektronikoa. Alabari dagokionez, ezohiko gasturen bat egiteko premiaz edo egokitasunaz gurasoetako batek besteari informazioa bidali izana egiaztatzen badu, bide frogagarri bat erabiliz, beste gurasoa gastu hori egitearekin ados dagoela ulertuko da, baldin eta ez badu erantzuten edota kontrako iritzia agertu izana egiaztatzen ez badu jakinarazpena jaso eta, gehienez ere, zazpi eguneko epean.

Gainerakoan, alabarentzako bestelako edozein gastu egin ahalko dute gurasoek, hau da, ebazpen honetan ezohiko gastutzat jo diren gastuez gain, baldin eta bien artean adostasuna badago, eta ebazpen honetan ezarritako proportzioan ordaindu ahalko dute, hau da, erdibana, edota beraiek adostu bezala.

Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaitu egingo da alaba –adin nagusikoa edo legez emantzipatua izanik– ekonomikoki independentea izaten denean, Kode Zibileko 150. eta 152. artikuluetako azkentze-kausei kalterik egin gabe.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eragingarritasuna.

Berariaz ez da kosturik ezartzen.

Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori kontsignatu beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen Gordailu eta Kontsignazioen kontuan. IBAN zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 9200 0500 1274 1847 0000 00 0578 15. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Kelvin Ogadi Nwanti demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatu auzi-iheslariak.

Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskuragarri du interesdunak, epaitegi honetako bulego judizialean.

Donostia, 2017ko otsailaren 16a.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala