Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2017ko martxoaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1333

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 3koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, linea elektriko bat onura publikokoa dela deklaratzeko. Helburua zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzea da, honako inguru honetan: Larraskitu-Alonsotegi 1 eta 2, 132 kV-ko linea elektrikoa, Bilboko udal-mugartean.

Erreferentzia: L-7610 GHC/TLE.

Espedientea: 48-AT-I-2016-20.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko ekainaren 14an, Iberdrola Distribución Electrica SAU enpresak (helbidea: Axpeko Erribera 5, Erandio) eskatu zuen gorago zehaztutako linea onura publikokoa deklaratzea, linea horren sortasuna handitzearen eraginpeko ondasunak eta eskubideak premiaz okupatzeko, zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzearen ondorioz. Halaber, enpresak dokumentazio egokia aurkeztu zuen Energia eta Meategietako zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena betearazteko xedez, haren bidez xedatzen baitira zuhaiztietatik igarotzen diren tentsio handiko lineetarako berariazko betekizunak.

Bigarrena.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren 10. artikuluan (2002-12-23ko EHAA) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan (2000-12-27ko BOE) xedatutako ondorioetarako, aipatutako eskaera jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2016ko uztailaren 7ko BAOn, 2016ko uztailaren 8ko EHAAn eta 2016ko abuztuaren 5eko El Correo egunkarian. Harekin batera, enpresa horrek desjabetu beharrekotzat jotzen dituen ondasunen eta eskubideen zerrenda argitaratu zen.

Hirugarrena.– 2016ko ekainaren 30ean Bilboko Udalari ofizioa bidali zitzaion, aipatutako jarduketaren iragarkia udaletxeko Iragarki-oholean jar zezaten; halaber, instalazioa onura publikoko deklaratzea egokia zen ala ez azaltzeko txostena egitea eskatu zitzaien; 2016ko azaroaren 25ean berriro eskatu zitzaien txosten hori.

Laugarrena.– Jendaurrean jartzeko epean ez da partikularren alegaziorik edo kexarik jaso.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Espedientean, xedapen hauetan ezarritako arauzko izapideak bete dira: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea; energia elektrikoko instalazioen garraiorako, banaketarako, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; nahitaezko desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 16ko Legea; Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; eta goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko betekizunak xedatzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena (2011-05-31ko EHAA).

Bigarrena.– Aipatutako Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak energia-banaketarako instalazioen onura publikoa deklaratzen du, nahitaez desjabetu beharrekotzat jotzen dituen ondasunen eta eskubideen xedeetarako, baita dagokion bide-zorraren ezarpena eta jarduketa ere, legearen 56. artikuluan, eta nahitaezko desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan, aipatutako berehalako okupazio beharrari buruzko adierazpena inplizituki daramalarik.

Hirugarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak eman du ebazpena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan emandako eskumena baliatuta (2013ko apirilaren 24ko EHAA) –dekretu hori indarrean dago, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien eginkizunak eta jardute-arloak finkatzeari buruzko lehendakariaren azaroaren 24ko 24/2016 Dekretuaren xedapen iragankorrarekin bat–, eta honako hau

EBAZTEN DU:

Berariaz deklaratzea onura publikokoa dela «Larraskitu--Alonsotegi 1 eta 2» izendatutako linea elektrikoaren inguruko eremua, zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzekoa, honako zati honetan:

ST Larraskitu-ST Alonsotegi: 4144 m, zirkuitu sinpleko linea eta aluminio-altzairuzko eroale isolatua (LA-180) eta bere sekzioa 181 mm2koa dituena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan xedatutakoaren arabera, deklarazio honek berekin dakar eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideez jabetu beharra, eta haien okupazioa lehenbailehen egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 3a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala