Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2017ko martxoaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1332

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 20koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Bizkaiko Iurreta eta Durangoko udalerrietan, «Gas naturala banatzeko Iurreta eta Durangoko sareak berriro lotzea» izeneko instalazioari baimena emateko eta onura publikokoa dela adierazteko eskaerari buruzkoa.

Erref.: GUD-I/XXXIII, Dur-Iurr, 48-CG-F-2016-9.

Eskatzailea: Naturgás Energía Distribución, S.A.U.

Helbidea: Concha Jenerala, 20 – 48010 Bilbao.

Kokapena: Iurretako eta Durangoko udalerriak.

Javier Bermejillo Eguía jaunak, Naturgás Energía Distribución, S.A.U. sozietatearen izenean eta ordezkaritzan, eskatu zuen –2016ko ekainaren 20ko sarrera-datarekin– zenbait instalaziori baimena emateko eta onura publikokoak direla deklaratzeko, hain zuzen ere Bizkaiko Iurreta eta Durangoko udalerrietan «Gas naturala banatzeko Iurreta eta Durangoko sareak berriro lotzea» proiektua exekutatzeko instalazioei.

Espedientea ebazteko, honako oinarri juridiko hauek aipatu eta kontuan hartu behar dira:

AURREKARIAK

1.– Industriako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, 1988-05-24ko Ebazpenaren bidez, Naturgas, S.A. enpresari administrazio-baimena eman zion zerbitzu publiko hau eman zezan: etxeko eta merkataritzako erabileretarako gas naturala hornitzea, Bizkaiko Iurreta eta Durangoko udalerrietan.

2.– 1989ko irailaren 29an, baimena eman zitzaion Naturgas S.A.ri, Durangoko udalerrian etxeko eta merkataritzako erabileretarako gas naturala banatzeko gasbide bat instalatzeko, «Durangoko Sarea» izenekoa. Baimen hau, hain zuzen ere, beste haren zabalkundea da.

3.– Sociedad Gas de Euskadi, S.A. sozietateak Naturgas S.A. xurgatu eta biek bat egin zutenez, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, 1996ko azaroaren 7an, baimena eman zuen Sociedad Gas de Euskadi, S.A.ri eskualdatzeko Naturgas S.A.ri emandako administrazio-titulartasun guztiak, eta, horien artean dago Durangoko udalerrian etxeko eta merkataritzako erabileretarako gas naturalaren hornidura egiteko administrazio-emakida, bai eta, horren ondorioz, Iurretakoa ere, udalerri hori Durangotik bereizi ondoren.

4.– 2016ko uztailaren 26an, txostena egiteko eta baldintzak ezartzeko eskatu zitzaien honako erakunde hauei: URA – Uraren Euskal Agentziari; Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailari, eta Iurreta eta Durangoko udalei. Erakunde horiek txosten bana aurkeztu zuten egun desberdinetan, URA – Uraren Euskal Agentziak izan ezik; horregatik, bigarren aldiz egin zitzaion eskaera 2016-10-19an, baina, hala ere, ez du inolako txostenik aurkeztu.

5.– 2017-01-19an Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak baiezko txostena bidali zuen.

Hona hemen ebazpen honen

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak eman du ebazpena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan emandako ahalmenak baliatuta (2013ko apirilaren 24ko EHAA) –dekretu hori indarrean dago, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien eginkizunak eta jardute-arloak finkatzeari buruzko Lehendakariaren azaroaren 24ko 24/2016 Dekretuaren xedapen iragankorrarekin bat etorriz.

2.– Gasa banatzeko sareak eraiki aurretik administrazio-baimena eskatu beharra honako hauetan dago xedatuta: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea (1998ko urriaren 8ko BOE); Gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua (2002ko abenduaren 31ko BOE); uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua (2006ko irailaren 4ko BOE); ekainaren 9ko 107/1998 Dekretua (1998ko ekainaren 26ko EHAA) eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren 2014ko maiatzaren 5eko Instrukzioa.

3.– Urriaren 7ko 34/1998 Legeak onura publikokoak direla aitortzen ditu hodi bidez gas-erregaia banatzeko IV. tituluan aipatzen diren instalazioak.

Hortaz, adierazitako legeak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak aztertuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Baimena ematea Naturgás, Energía Distribución, S.A.U.ri, Bizkaiko Iurreta eta Durangoko udalerrietan etxeko eta merkataritzako erabileretarako gas naturaleko sarearen instalazioak eraikitzeko. Instalazio horiek beharrezkoak dira, hain zuzen ere, «Gas naturala banatzeko Iurreta eta Durangoko sareak berriro lotzea» proiektua exekutatzeko, eta honako ezaugarri hauek dituzte:

● Iurretako udalerrian, egun dagoen sarearekin lotura egingo da, Arriandi Industrialdeko 02 nodoan, Santa Maña auzoan, eta V-2 balbula bat instalatuko da. Ibaizabal ibaia bideratutako zulatze bidez zeharkatuko da, eta Etxaranerreketa ibaia, berriz, aire zabalean, Santa Apoloniako udal-bideetatik jarraituta. BI-623 errepidea, berriz, azpiko pasabidetik zeharkatuko da, eta Larrinagatxu erreka, aire zabalean, Zabalarra kalean, Zaziko kaleko biribilgunean bukatuz, 01 nodoan; aurretik, V-1 balbula instalatuko da, Durangoko udalerrian.

● Gas-sarea lurperatuko da, polietilenozko PE SDR 17,6 hoditeria bidez, 200eko diametro izendatua izango duena 1.390 m inguruko tarte batean, bai eta 200eko diametro izendatuko bi balbula ere.

● MOP operazioaren gehieneko presioa 5 bar-ekoa izango da, gehienez.

● Proiektuaren memorian eta planoetan azaltzen dira sarearen ibilbidea eta ezaugarriak.

Baldintza orokor hauekin:

1.– Naturgás, Energía Distribución S.A.U.k, 2 hilabete igaro baino lehen, 5.788 (bost mila zazpiehun eta laurogeita zortzi) euroko fidantza jarriko du, baimen honen bidez berretsitako konpromisotik sortzen zaizkion betebeharrak beteko dituela bermatzeko, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluak dioenarekin bat etorriz. Fidantza hori Euskadiko Gordailuen Kontu Nagusian jarriko da, dirutan, estatuko baloreetan edo banku-abalen bidez, uztailaren 21eko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluko 3. atalean xedatutakoaren arabera, edo aseguru-kontratu baten bidez. Azken aukera honen kasuan, aseguru-kontratua ematen duten aseguru-etxeek xedapen hauetan ezarritakoa bete beharko dute: 1954ko abenduaren 16ko Legea; Aseguru pribatua antolatzeari buruzko abuztuaren 2ko 33/1984 Legea, eta Espainia EEEri atxikitzeko Itunaren ondoriozko konpromisoak egokitzeari buruzko ekainaren 6ko 1255/1986 Legegintzako Errege Dekretua. Fidantza Naturgás, Energía Distribución S.A.U.ri itzuliko zaio, instalazioak baimendu eta horiek eraikitzeko baimenean ezarritako epeetan eraiki ondoren eta, halaber, lurralde-organo eskudunek haiek martxan jartzeko akta edo aktak formalizatu ondoren.

2.– Espedienteko instalazioak egiteko epea 2 urtetik beherakoa izango da.

3.– Instalazioak «Gas naturala banatzeko Iurreta eta Durangoko sareak berriro lotzea» izeneko proiektuan Joaquín Costa Moreno industria-ingeniariak sinatua, zehaztutako irizpideen, arauen eta erregelamenduen arabera egin beharko dira.

4.– Obrak egiteko beharrezko diren udal edo probintzien eskumenpeko baimen edo lizentziak eta gainerakoenak errespetaturik ematen da baimen hau, eta ez du salbuesten eskatzailea haiek eskuratzeko obligaziotik.

5.– Indarrean diren xedapenen arabera, instalazioetan egin behar diren azterketa, entsegu eta proba partzialak edo orokorrak aldez aurretik eta idatziz jakinarazi beharko dizkio enpresa baimendunak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

6.– Baimen honen xede diren instalazioak martxan jartzeko akta eskuratzeko, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan honako agiri hauek aurkeztu behar dira: obra zuzendaritzako ziurtagiriak; proben aktak, baimen grafikoak eta tarteko diren erakundeen baimenak dituztela, eta As-Built planoak, gas-sarea non dagoen eta sarea beste zerbitzuekin non gurutzatzen den zehazten dutenak.

2.– Baimentzen diren instalazioak onura publikokoak direla adieraztea. Adierazpen horrek berekin dakar, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren arabera (1998ko urriaren 8ko BOE), ondasunak okupatu beharra eta eraginpeko eskubideak eskuratu beharra, eta, horrenbestez, horiek lehenbailehen okupatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.

Instalazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Jabari osoa, hala behar duten lur gaineko instalazio finkoetan.

2.– Sarean, bide-zortasun iraunkorra: 4 m-ko zabalera duen lur-zerrenda, hoditeriaren ardatzaren alde bakoitzetik 2 m hartzen dituena; zerrenda horretatik, hodiak eta beharrezkoak diren osagarriak joango dira lur azpitik –betiere, Hidrokarburoen sektoreari buruzko 34/1998 Legearen 19. xedapen gehigarrian ezarritakoaren babesean–. Zortasun horrek jabari-muga hauek izango ditu:

a) Zortasun iraunkorreko gunean, debekatuta egongo da 50 cm baino gehiagoko sakoneran goldatzeko eta antzeko lanak egitea.

b) Instalazioak mantentzeko beharrezko diren langileentzako eta ekipoentzako sarbide librea; eragindako kalteak ordaindu beharko dituzte, halakorik eginez gero.

c) Debekatu egiten da ezein obra edo egintza burutzea, instalazioen funtzionamendu egokiari kalte egin edo hura trabatu dezakeena, trazaduraren alde banatan, ardatzetik 5 metrotik beherako distantzian. Zortasun iraunkorreko zerrendarekin bat egin arte murriztu daiteke distantzia hori, betiere berariaz eskatzen bada eta Administrazio organo eskudunak kasu bakoitzerako finkatutako baldintzak betetzen badira.

3.– Obrak egiteko, eremu batzuk behin-behinean okupatu beharko dira, eta haietan dauden oztopo guztiak kendu. Finka bakoitzean eremu horiek zein izango diren agertzen da lursailen planoetan eta eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatz eta banakatuan.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Industria Sailburuordetzan, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, 4/1999 Legean ezarritakoa betez. Lege horren bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zen.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 20a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGUI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala