Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2017ko otsailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1032

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 15ekoa, Euskadiko Prezioen Batzordearena, zeinaren bidez onartzen baita aldatzea hiri-barruan bidaiariak auto-taxiz garraiatzeko zerbitzu publikoaren 2017. urteko tarifak, Vitoria-Gasteizko Udalari dagozkionak.

Euskadiko Prezioen Batzordeak, 2017ko otsailaren 15ean egindako bileran, erabaki bat hartu zuen, eta, jende guztia jakinaren gainean egoteko, segidan transkribatzen da haren xedapen-zatia.

ERABAKIA

Vitoria-Gasteizko Udalak, 2017ko urtarrilaren 27ko idazki baten bidez, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari eskatu zion Euskadiko Prezioen Batzordeak 2016ko azaroaren 30ean baimendutako tarifak aldatzeko, hau da, hiri-barruan bidaiariak auto-taxiz garraiatzeko zerbitzu publikoaren 2017. urteko tarifak.

Euskadiko Prezioen Batzordeak tarifa horiek baimentzeko hartutako erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2016ko abenduaren 26an.

Asociación Alavesa del Taxi elkarteak sustatu du aldaketa hori, eta, zehazki, honako alderdi honi buruzkoa da: 5. tarifaren ondorioetarako, jai-bezperatzat hartutako egunak abuztuaren 4, 5, 6, 7 eta 8a izan beharrean –hasiera batean horiek baimendu baitziren–, abuztuaren 5,6,7,8 eta 9a izatea.

Hiri barruan bidaiariak auto-taxiz garraiatzeko tarifek prezioak kontrolatzeko arautegia bete behar dute, «autonomia-erkidegoen eremuan baimendutako prezioen» modalitatean, hala ezarrita baitago Zerga-arloko eta Jarduera Ekonomikoa Sustatu eta Liberalizatzeko ekainaren 7ko 7/1996 Errege Dekretuaren 16.4 artikuluan (ekainaren 8ko BOE, 139. zk.).

Euskadiko Prezioen Batzordeak du prezioen kontrolaren inguruko eskumena, Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duen otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuarekin bat etorriz (otsailaren 16ko EHAA, 31. zk) eta Baimendutako prezioak eta jakinarazitako prezioak berrikusteko prozedura ezartzen duen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2010eko ekainaren 15eko Aginduari jarraituz (uztailaren 6ko EHAA, 128. zk.).

Aipatutako arauen helburua da nolabaiteko ekonomia-oreka bat lortzea, premiazkoa baita prezioak ezartzeko mekanismoak kontrolatzea, bizitzaren kostua aintzat hartuta.

2010eko ekainaren 15eko Aginduak 9.1 artikuluan ezartzen duenez, baimendutako tarifen indarraldia urtebetekoa izango da, gutxienez; hala ere, 2. paragrafoan, honako hau adierazten du: «nolanahi ere, espedientean behar bezala egiaztatutako egoera berezietan, Euskadiko Prezioen Batzordeak aukera izango du tarifak berrikusteko, ofizioz edo alderdiren batek eskatuta, nahiz eta 1. paragrafoan ezarritako epea igaro ez.»

Batzordeak, prezioak berrikusteko aurkeztu den espedientea aztertu ondoren, uste du data baten ordez beste bat ezartze hutsak ez duela kolokan jartzen ez ekonomia-oreka ez zerbitzu horri dagozkion tarifen egokitasuna, alde horretatik ez baitira aldentzen hasiera batean baimendu ziren tarifetatik.

Hori guztia kontuan hartuta, Euskadiko Prezioen Batzordeak honako erabaki hauek hartu ditu:

Lehenengoa.– Baimena ematea Gasteizen hiri-barruan bidaiariak auto-taxiz garraiatzeko 2017ko ekitaldiko tarifak berrikusteko. Horrenbestez, Euskadiko Prezioen Batzordeak 2016ko azaroaren 30ean hartutako Ebazpena aldatzea erabaki da, zeinaren bidez onartzen baitira hiri-barruan bidaiariak auto-taxiz garraiatzeko zerbitzu publikoaren 2017ko tarifak, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait udalek aurkeztutakoak. Zehazki, ebazpen horren lehen ataleko 9.3 paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«(3) Tarifa hau ostiraletan eta jai bezperetan aplikatuko da 22:00etatik larunbat goizeko edo hurrengo jaieguneko 07:00etara; hor sartzen dira abuztuaren 5, 6, 7, 8 eta 9ko bezperak ere.»

Bigarrena.– Erabaki honek argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 15a.

Euskadiko Prezioen Batzordeko lehendakaria,

JORDI CAMPÁS VELASCO.


Azterketa dokumentala