Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2017ko otsailaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
803

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 6koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena, goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdia iragartzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko, Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak bermatzeko Zuzendaritzako goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat hutsik dagoenez (520010. kodea, 185. dotazioa), Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman duelarik, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza berdinetan, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute, lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeretan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita badute. Ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora bete ez badute.

3.– Eskatutako baldintzak bete beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Enplegu eta Gizarte Politikak Sailaren langileen gaietan duen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean. Eskabideetan datu pertsonalak eta orain daukaten destinoa adierazi beharko dute hautagaiek.

2.– Hautagaiek eskaerarekin batera «curriculum vitae» aurkeztu beharko dute eta bertan honako hauek adierazi:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio publikoan eta enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dauzkaten hizkuntza-ezagupenak eta egokitzat jotzen dituzten bestelako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Enplegu eta Gizarte Politikak Sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzen lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman zuen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 6a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA

Lanpostua:

– Izena: goi-kargudunaren idazkaria (kodea: 520010; dotazioa: 185).

– Kokapena: Familia Politikarako eta Gizarte Garapenerako Zuzendaritza.

– Saila: Enplegu eta Gizarte Politikak.

– Herria: Vitoria-Gasteiz.

– Kidegoak: C1 Administraria / D1 Administrari laguntzailea.

– Destino-osagarriaren maila: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2013-12-31.

Lanpostua betetzeko eskakizunak:

– C1 edo D1 kidegokoa izatea.


Azterketa dokumentala