Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2017ko otsailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
622

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 25ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, gobernu-taldearen egitura eta funtzionamendu-arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko dena.

UPV/EHUko Estatutuetan, 180. artikuluan, jasota dago errektoreak erabaki bat emango duela, argitara emango dena, bere eskumenak taldekideei eskuordetzeko, eta, era berean, erabaki horretan argi eta garbi adieraziko duela zein errektoreordek egingo dion ordezkoa kanpoan edo gaixorik dagoenean.

Bere aldetik, UPV/EHUren estatutuetako 183.3 artikuluak dio errektoreordeei dagokiela errektoreari laguntza ematea eta, berariaz eskuordetu edo agindutako jarduerak zuzendu eta koordinatzea. Era berean, estatutuetako 186. eta hurrengo artikuluetan idazkari nagusiaren eta gerentearen irudiak arautzen dira.

2013ko otsailaren 13an, EHAAn Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak 2013ko urtarrilaren 30ean emandakoEerabakia argitaratu zen, hain zuzen ere, gobernu-taldearen funtzionamendu-arloak zehaztu eta eginkizunak eskuordetzekoa.

UPV/EHUko errektorea hautatzeko hauteskundeak 2016ko azaroaren 24an egin direlarik eta beronen gobernurako talde berria osatuta, beharrezkoa da eskumenak eskuordetzeko araubidea berrikustea, antolakuntza-egitura berri honetara moldatuko bada.

Guzti hori kontuan hartuta,

Unibertsitatearen estatutuetako 178. eta 181. artikuluetan emandako eskumenak baliatuta, 183., 187., 191. eta 198. artikuluetan zehaztutakoarekin lotuta eta, Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren azaroaren 1eko 40/2015 legeko 8. eta 9. artikuluetan zehaztutakoarekin lotuta,

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Errektorearen gobernu-taldearen egitura eta funtzionamendu-arloak.

1.– Gobernu-taldea.

a) Gobernu taldeko kide dira: errektorea, gobernuaren buru izango da; errektoreordeak; idazkari nagusia; eta gerentea.

b) UPV/EHUren estatutuetako 115.2, 183.3 eta 197. artikuluetan zehaztutakoa betetzeko, euskararen arloko errektoreordea eta bana errektoreorde izendatuko dira unibertsitatearen campus bakoitzeko.

c) Era berean, honako arlo hauetarako esleipenak egingo dira, bai errektoreordeak izendatuta edo, egoki bada, eginkizunak esleituta:

– Ikerkuntza.

– Garapen Zientifikoa eta Transferentzia.

– Gradu eta Graduondoko ikasketak.

– Ikasleak eta Enplegagarritasuna.

– Berrikuntza, Gizarte Konpromisoa eta Kulturgintza.

– Euskara eta Etengabeko Prestakuntza.

– Pertsonal irakasle eta ikertzailea.

– Koordinazioa eta Nazioarteko Harremanak.

1.1.– Ikerkuntza arloa.

Honako gai hauek hartzen ditu arlo honek:

a) UPV/EHUn ikerketa jarduera programatzea eta bultzatzea.

b) UPV/EHUk parte hartzea ikerketa jardueretan eta deialdietan, mota guztietako erakunde pribatu zein publikok, bertako zein beste herrialde batzuetakoek, bultzatuak edo deituak (Horizonte 2020, Erasmus +...)

c) Estatutuetako 97. artikuluak eragindako kontratuak sinatu eta gainbegiratzea, egoki denean.

d) Irakasleen ikerketa jardueraren ebaluazioa.

e) Ikerketako Zerbitzu Nagusiak eta azpiegitura zientifikoak.

f) Unibertsitate biblioteka eta informazio zientifikoa eta dokumentazioa erabiltzeko baliabideak.

g) Ikerketa jardueraren etika.

h) Ikerkuntzaren inguruko programa, beka eta laguntzei buruzko erabakiak eta berauen onuradunei buruzkoak.

i) Unibertsitatearen ordezkaritza, UPV/EHU kide duten erakundeen gobernu organoetan (bereziki ZTBES), beste errektoreordetza batzuei legokiekeen ordezkaritza espezifikoa ezertan ukitu gabe.

j) Hitzarmen eta akordioen sinatzea, bere eskumeneko gaietan erakunde publiko eta pribatuekin ikerkuntza, transferentzia eta berrikuntza sustatzearren, Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloan eskumenik duen errektoreordetzarekiko koordinazioan.

k) Ordezkaritza eta lankidetzarako harremanak, erakunde publiko eta pribatuekin ikerkuntza, transferentzia eta berrikuntza sustatzeko, beste errektoreordetza batzuei legokiekeen eskumena ezertan ukitu gabe.

l) Unibertsitate institutuak eta UPV/EHUren ikerkuntzarako bestelako egiturak.

1.2.– Garapen Zientifikoa eta Transferentzia arloa.

Honako gai hauek hartzen ditu arlo honek:

1) Garapen Zientifikoa:

a) Nazioarteko Bikaintasun Campusa eta Mugaz Gaindiko Euroeskualdeko Campusa hedatzeko ekintzen koordinazioa.

b) EHU, ehuTALDEA egituratzeko politika.

c) Lankidetza publiko pribatua, erakunde katedrak, unitate mistoak eta unibertsitate-gizarte ikasgelak sortu eta ebaluatzea, bai eta unibertsitate-enpresa ekimenak eta garapenerako lankidetza publiko pribatua sustatu eta, hala dagokionean, sortu ere.

d) Unibertsitatearen ordezkaritza, UPV/EHU kide duten erakundeen gobernu organoetan (bereziki ZTBES), beste errektoreordetza batzuei legokiekeen ordezkaritza espezifikoa ezertan ukitu gabe.

e) UPV/EHUko Zientzia parkea hedatzeko ekintzen koordinazioa.

f) Hitzarmen eta akordioen sinatzea, bere eskumeneko gaietan erakunde publiko eta pribatuekin ikerkuntza, transferentzia eta berrikuntza sustatzearren, ikerkuntzaren arloan eskumenik duen errektoreordetzarekiko koordinazioan.

g) Informazio estatistikoaren koordinazioa.

h) UPV/EHUk nazioartean duen kokapenaren aztertzea, jarraipena eta prospekzioak egitea.

2) Transferentzia:

a) Ordezkaritza eta lankidetzarako harremanak, erakunde publiko eta pribatuekin ikerkuntza, transferentzia eta berrikuntza sustatzeko, beste errektoreordetza batzuei legokiekeen eskumena ezertan ukitu gabe.

b) Ikerketan sortutako jakintza transferitzea, sustatzea eta merkaturatzea, horretarako behar diren kontratuak sinatzea eta negozioak ezartzea.

c) Estatutuetako 97. artikuluak eragindako kontratuak sinatu eta gainbegiratzea, egoki denean.

d) Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoa eta transferentzia gestionatzeko entitateak, unibertsitateak parte hartzen dutenetan.

e) Ikerkuntzaren ondoriozko jabetza intelektual edo industrialaren eskubideen izenemate edo erregistroa baimendu eta eskatzea.

f) Ekimen jarduerak diseinatzea, koordinatzea eta garatzea, enpresa ekimenak eta unibertsitatetik enpresak sortzea. Babesa eta mezenasgoa.

g) Ikerkuntzaren zabalkundea eta dibulgazioa.

1.3.– Gradu eta Graduondoko ikasketak.

Honako gai hauek hartzen ditu arlo honek:

a) UPV/EHU unibertsitate-aurreko ikasketekin lotzea.

b) Unibertsitatera sartzeko probak.

c) Gradu eta graduondoko titulu ofizial eta berezkoen irakaskuntza eta ikasketa planak baimentzea, beste arloei espreski emandakoak izan ezik.

d) Gradu eta graduondoko titulazioen ikasketa planen ezartzea baimentzeko eta egiaztatzeko eskaria.

e) Graduko eta graduondoko tituluak unibertsitate, ikastegi eta tituluen erregistroan (RUTC) inskribatzea.

f) Graduko eta graduondoko titulazio ofizialen jarraipen eta egiaztatzea.

g) Graduko eta graduondoko ikasketen informazio akademikoa.

h) Graduko eta graduondoko ikasketen eskaintza; ikasleak hauetan onartu eta sartzea.

i) Graduko eta graduondoko titulu ofizial eta berezkoen eta bere eskumeneko irakaskuntzen matrikula, ebaluazioa eta baliozkotzea.

j) Graduko eta graduondoko unibertsitate ikasketen prezio publikoen gestioa.

k) Graduko eta graduondoko ikasketa ofizialetarako beken deialdi ofizialen gestioa.

l) Ikasketa desberdinak aldi berean egin, unibertsitateko ikasketetan jarraitzea eta graduko eta graduondoko titulazioen espedientea lekuz aldatzea.

m) Graduko eta graduondoko titulazioetako kredituen aitortze eta transferentzia.

n) Graduko tituluen eta master eta doktoregoko tituluak, egiaztagiri akademikoak eta Tituluaren Europar Gehigarria (TEG) ematea.

o) Graduko eta graduondoko ikasketa ofizial eta berezkoekin lotutako esku-hartze guztiak edo ikasketa horien ondorioz eragindakoak, erakunde edo administrazioaren aurrean egin beharrekoak edo interesatuek eskatutakoak, betiere, arautegietan jasota badaude.

p) Beste errektoreordetza batzuek egindako akademi gestioaren funtzioak koordinatzea (Unibertsitate Informaziorako Sistema Integratua (UISI), prezio publikoak, beka eskaria, tituluak, jarraipen eta egiaztatzea e.a.).

1.4.– Ikasleak eta Enplegagarritasuna.

Honako gai hauek hartzen ditu arlo honek:

1) Ikasleak:

a) Unibertsitatera sartzeko informazioa unibertsitatera etorriko diren ikasleei. UPV/EHUri buruzko informazioa eta horren zabalkundea; ikasleak erakartzea; ikasleei laguntza eta informazioa ematea matrikula egiteko fasean.

b) Unibertsitatean dauden ikasleei laguntza ematea (ikastaroak, bekak, jarduerak...).

c) Premia bereziak dituzten ikasleen ikasketa premiez arduratzea eta erantzuna ematea.

d) Unibertsitateko kideei laguntza psikologikoa ematea Psikologia Aplikatua zerbitzuaren bidez.

e) Lehengo ikasleen elkarteekiko harremanak (ehualumni): kanpo alderako jarduerak sustatzea eta difusioa.

f) Ikasleen kontseiluek sustatutako jarduerak antolatzeko eta egiteko laguntza ematea.

g) UPV/EHUko ikasleen elkarteekin harremanetan izatea.

h) UPV/EHUko gobernu organoetan ikasleek duten partaidetzaren jarraipena egitea.

i) Ezgaitasunak dituzten unibertsitateko kideei laguntza ematea eta haien eskakizunei erantzutea.

2) Enplegagarritasuna:

a) Lan mundura sartzeko ikasleei prestakuntza ematea, bai eta lan mundurako trantsizio aldian informazioa eta orientabidea ematea, campuska eta politika orokorrari jarraituz.

b) Curriculumaren barruko eta kanpoko kanpo praktiken gestioa.

1.5.– Berrikuntza, Gizarte Konpromisoa eta Kulturgintza.

Honako gai hauek hartzen ditu arlo honek:

1) Berrikuntza:

a) Irakasketa-ikasketarako prozesuak eta titulazio ofizialen curriculum garapena laguntzea.

b) Irakasle eta ikertzaileen prestakuntza, irakasle eta ikertzaileen arloko eskumena duen errektoreordetzarekin koordinatuta.

c) Berrikuntzarako programak ezarri eta hedatzea, graduko eta graduondoko tituluak lortzera bideratutako irakaskuntzaren arloan, graduko eta graduondoko ikasketen eskumena duen errektoretzarekin koordinatuta.

d) Irakaskuntza-berrikuntzaren zabalkundea.

e) Irakaslanaren ebaluazioa.

f) Irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako lineako euskarria.

g) Kalitatearen kudeaketa eta emaitzen eta praktika egokien difusiorako prestakuntza.

h) Titulazio ofizialak sortzeko eta horien jarraipena egiteko laguntza ematea.

i) Antolakuntza zerbitzu eta atalen jarduera ebaluatzea.

j) Kalitate agentziekiko lankidetza.

2) Gizarte Konpromisoa:

a) Erakunde publiko edo pribatuekiko lankidetza jarduerak, jasangarritasun eta gizarte konpromisoaren eremuan (generoa, lankidetza, boluntariotza...).

b) Emakume eta gizonen arteko berdintasuna egiazki betetzea bermatuko duten politikak diseinatu eta ezartzea, UPV/EHUren komunitatea osatzen duten pertsona eta organo guztietarako helburu eta xede gisa.

c) Eztabaida foroak eta gizartearekin elkarretaratzeko guneak.

3) Kulturgintza:

a) Arte eta kulturaren prestakuntza, ikerkuntza eta zabalkundearen sustapena.

1.6.– Euskara eta Etengabeko Prestakuntza.

Honako gai hauek hartzen ditu arlo honek:

1) Euskara:

a) Euskara jakite mailaren egiaztapena.

b) Argitalpen zerbitzua.

2) Etengabeko Prestakuntza:

a) Unibertsitateko aditu (gradua) eta espezialistaren (graduondokoa) berezko tituluen eta etengabeko prestakuntzarako bestelako ikastaroen (Esperientziaren Gelak, Ikasketa Osagarriak,...) irakaskuntza eta ikasketa planak baimentzea.

b) Gorago aipatutako ikasketei buruzko informazio akademikoa.

c) Gorago aipatutako ikasketetako ikasleen sarrera eta onarpena.

d) Gorako aipatutako ikasketen matrikula, ebaluazioa eta baliozkotzea.

e) Gorago aipatutako ikasketekin lotutako esku-hartze guztiak edo ikasketa horien ondorioz eragindakoak, erakunde edo administrazioaren aurrean egin beharrekoak edo interesatuek eskatutakoak, betiere, arautegietan jasota badaude.

1.7.– Pertsonal irakasle eta ikertzailearen arloa.

Honako gai hauek hartzen ditu arlo honek:

1) Pertsonal irakasle eta ikertzailearen irudi ezberdinen araubidea.

a) Hautaketa, prestakuntza eta sustapena.

b) Egoera akademikoak eta administrazio eta lan arlokoak.

c) Bateragarritasunak.

d) Eskubideak eta betebeharrak.

e) UPV/EHUrekiko harremana amaitzea.

f) Baimenak eta lizentziak.

g) Ordainsariak.

h) Izendapenak eta kontratazioak.

2) Pertsonal irakasleen eta ikertzailearen plantilla eta irakats jarduera.

a) Irakats lana esleitzeko prozesua koordinatzea.

b) Pertsonal irakasle eta ikertzailearen plantilla planifikatu eta gestionatzea.

c) Irakats jarduera kontrolatzea.

1.8.– Koordinazioa eta Nazioarteko Harremanak.

Honako gai hauek hartzen ditu arlo honek:

1) Koordinazioa:

a) Arloen arteko proiektuak koordinatzea.

b) Unibertsitatearen planifikazio estrategikoa.

c) Barne kontrolerako zerbitzuaren jarduna koordinatu eta jarraipena.

d) Ekonomia eta finantza arloko politika koordinatzea.

e) UPV/EHUren jarduera ekonomikoen nondik norako orokorrak zehaztea, Gobernu Kontseiluan jasotakoari jarraiki.

f) Errektorearen ordezkari izatea unibertsitate barruko organoetan, ekonomia arloari dagokionean.

g) Unibertsitatearen barne eta kanpoko komunikazioaren gestioa eta informazio eskariak eta kontsulta guztiak erantzutea.

h) Unibertsitatearen irudi korporatiboa kanpoan zabaltzera zuzendutako jarduerak.

2) Nazioarteko Harremanak:

a) Atzerriko, eta batez ere Akitaniako eta iberoamerikar eremuko, beste unibertsitate edo erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko jarduerak.

b) Ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak atzerriko beste erakunde batzuetakoekin trukatzeko jarduerak gestionatzea eta sustatzea.

c) Mugikortasun programen gestioa.

d) Irakaskuntza, ikerketa, antolaketa edo finantzen arloan nazioartean dauden programen berri ematea errektoreordetzei, programa horiek UPV/EHUrako interesgarriak direnean; bai eta, egoki izanez gero, programa horien jarraipena egitea ere.

e) Erakunde publiko eta pribatuekin lankidetza jarduerak, atzerritarrentzako euskara eta gaztelania ikastaroen arloan, zein unibertsitatean ofizialak ez diren beste hizkuntza batzuen arloan; hori guztia beste errektoreordetza batzuei berez dagozkien arloei kalterik egin gabe.

f) Atzerritik datozen ikasleei harrera egitea.

g) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak nazioarteko foroetan duen presentzia eta nazioarteko bere ikusgarritasun eta proiekzioa sustatzeko beharko liratekeen ekintzen inguruko beste edozein eginkizun.

3) Eleaniztasunaren arloa:

a) Hizkuntza ez ofizialak sartzea ikasketa eskaintzan.

b) Irakasleen egiaztagiriak hizkuntza ez ofizialetan emateko eskolak.

c) Hizkuntza ez ofizialetan emaniko hitzaldiak eta ikastaroak sustatzea.

Bigarrena.– Gobernu-taldeko kideen eskumenak eta errektorearen eskumenak eskuordetzea.

1.– Campuseko errektoreordeak unibertsitatearen ordezkariak izango dira, kasuan kasuko campusean, unibertsitateko irakasle eta ikertzaile iraunkor berriek, bai funtzionarioek bai lan kontratudunek, beren lanpostuak hartzen dituztenean. Halaber, errektorearen eskumenak eskuordetuta, unibertsitatearen estatutuetako 197. eta 198. artikuluetan zehaztutako eskumenak izango dituzte, eta horietan zehaztutako eginkizunak beteko; horiez gain, campusetan deszentralizatuta dauden funtzionamendu-arloei lortukoak ere izango dituzte.

Horien artean, honako gai hauek daude:

a) Campuseko kirol eta kultura jarduerak bultzatu eta antolatzea.

b) Esperientziaren Gelen jarduera antolatzea.

c) Unibertsitateko politika orokorren babesean eta kasuan kasuko lurralde historikoko erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean, ikerketa jarduera, ekintzaileen jarduera sustatzea eta enpresak sortzeko ekimenak bultzatzea eta sustatzea, bai eta boluntarioen eta garapenerako lankidetzaren arloko ekintzak bultzatzea eta ingurumen gaietan sentsibilizatzeko ekintzak sustatzea, arreta berezia eskainiz unibertsitateko garraioaren eskaintza hobetzeko gaia ere.

d) Unibertsitate egoitzen eskaintza zabaltzeko politika diseinatzea eta garatzea.

e) Premia berezidun pertsonek campuseko unibertsitate bizitza osotasunean bizi ahal izatea erraztuko duten laguntza zerbitzuak diseinatu eta gestionatzea (Estatutuetako 154. artikulua), beti ere, beste errektoreorde batzuen eskumenei kalterik egi gabe.

2.– Euskararen arloko errektoreordeak unibertsitatearen estatutuetako 115., 117. eta 118. artikuluetan zehaztutako eginkizunak beteko ditu. Aurreko horiez gain, euskararen jakite maila egiaztatzearekin, etengabeko formakuntzarekin eta argitarapen-zerbitzuarekin zerikusia duten eskumenak ditu eskuordetuta Euskararen arloko errektoreordeak.

3.– Errektoreorde bakoitzak, izendatua izan deneko arloari atxikita dauden zerbitzuetako edo esleitu zaizkion funtzioen arloko jarduerak bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatuko ditu, errektoreak emandako jarraibideak kontuan izanda eta beste errektoreordeekiko koordinazioan, bereziki campusetako errektoreordeekiko deszentralizazio gaietan (campusetan egituratzeko ereduaren antolaketa eta garapenerako oinarrietan zehaztuak), eta pertsonalaren arloan espezifikoak diren organoei kalterik egiteke horregatik.

4.– Lehenengo artikuluan aipatu diren alorretarako izendatutako errektoreordeek edo arlo horietako funtzioak esleituta dituzten errektoreordeek izango dituzte eskuordetuta arlo horietako bakoitzerako errektoreak dituen eskumenak, zazpigarren artikuluan aipatutakoari kalterik egiteke. Beste eskumen hauek ere badituzte:

a) Bere eskumeneko hitzarmenak sinatzea, arloko arautegiari jarraituz eta Gobernu Kontseiluaren funtzionamendu arautegian hitzarmenen arloan zehaztutakoaren babesean. Campusetako errektoreordeak hitzarmenon berri eman beharko dio bai idazkaritza nagusiari hitzarmenen erregistroan jaso dezaten, bai, hala dagokionean, hitzarmenak eragindako errektoreordeei.

b) Eskumenak eskuordetuta, era berean, bere eskumena izango da prozedurei amaiera emateko agiriak eta erabakiak ematea, bai eta horren berri ematea eragindako hirugarrenei ere.

c) Eskuordetutako eskumenen jardunean Gobernu Kontseiluko kideek egindako egintzen kontra jarritako berraztertze errekurtsoak ebaztea.

d) Gobernu Kontseiluko kideek eskariak eta errekurtsoak aurkeztu ahal izango dituzte kasuan-kasuan esleitutako arloan eskumena daukaten instantzia edo administrazioetan.

5.– Idazkari nagusiak estatutuetako 187. artikuluan aipatutako eginkizunak beteko ditu.

Idazkari nagusiak lege araubidea eta unibertsitateak burututako ekintzen legaltasuna kontrolatzeko ardura hartuko du bere gain; era berean, unibertsitateko egiturak sortu, aldatu edo kentzeko ardura izango du, bai eta haien araubide juridikoarena ere, nahiz eta egituron jarduera beste errektoreordetza batera atxikita egon. Idazkari nagusiaren eginkizun izango da, bestalde, e-administrazioa martxan jartzeko ekimena.

Lehen aipatutakoaz gain, idazkari nagusiari eskuordetuko zaizkio agintari publikoen aurrean unibertsitatearen ordezkari ofiziala izateko errektoreak daukan eskumena lege eta administrazio-arloan, bai eta unibertsitatearen lege-ordezkaria izatekoa ere. Hori guztiori, beste alor batzuetan dituen eskumenei kalterik egin gabe.

Idazkari nagusiak bere gain hartuko ditu unibertsitateak Herriaren Defendatzailearekin eta Arartekoaren erakundeekin eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin, bai eta aldezlearekin ere, izango dituen harremanen erantzukizuna, ondorio horietarako zerbitzu guztiek aurrera eraman ditzaketen jarduerak bultzatu eta koordinatuz.

6.– Ikastegietako dekano eta zuzendariei eskuordetzen zaizkie lizentziak eta baimenak tramitatzeko eta emateko eskumenak, beti ere, lizentziak edo baimenak 15 egunetik gorakoak ez badira. Hori guztia 2003ko apirilaren 1eko erabakiari jarraituz (2003ko apirilaren 16ko EHAA).

7.– Gerenteak laguntza eskainiko die gobernu-kontseiluko kideei, kasuan kasuko eginkizunen esparruan.

Estatutuetan jasotakoari jarraituz, bere gain hartuko ditu baliabide ekonomiko eta finantzarioen eta ondarearen gestioa, administrazio eta ekonomia gaietako zerbitzuen zuzendaritza eta antolaketa lanak eta gainontzeko zerbitzuen administrazioaren koordinazioa. Hori guztia, estatutuei jarraituz berari dagozkion gainontzeko funtzioez gain.

Gerenteak, bestalde, ondoko eskumenak izango ditu eskuordetuta:

a) Administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren buru izango da, bosgarren artikuluan zehaztutakoetan salbu.

b) Administrazio eta zerbitzuetako pertsonala hautatzea, izendatzea eta kontratatzea, karrerako funtzionarioak izendatzea eta lan-kontratuko langile finkoak kontratatzea izan ezik, hori errektoreak berak egingo baitu.

c) Zazpigarren artikuluan kontratazio-arloari buruzko jasotakoak.

d) Zergen alorrean, beste administrazio batzuen aurrean ordezkari lanak egitea UPV/EHUk zergapeko legez jarduten duenean.

e) UPV/EHUren ordezkari izatea finantza-erakundeetan honakoak egin behar direnean: banku kontuak ireki edo itxi; diruzaintzako kontrola; abalak eskatu beste erakunde batzuetan aurkezteko; kreditu txartelak bertan behera utzi.

f) Irakaskuntza, ikerkuntza eta gestioaren arloan lagungarri diren zerbitzu informatikoak.

g) Unibertsitateko lan-arriskuen prebentziorako politika antolatu, garatu eta gauzatzea.

Hirugarrena.– Zenbait batzordetako buru izatea eskuordetzea.

Unibertsitateko errektoreari jarraian adierazitako organo edo batzordeetako buru izatea dagokio lege, estatutu eta arautegian adierazitakoaren arabera, baina eskuordetu egingo ditu ondokoaren arabera:

1.– Unibertsitateko irakasleen batzordea.

Unibertsitateko Irakasleen Batzordeko buru izatea, unibertsitatearen estatutuetako 48.1 artikuluan jasotakoa, Irakasleen errektoreordeari eskuordetuko dio.

2.– Gradu eta Graduondoko batzordeak.

Gradu eta Graduondoko batzordeen buru izatea, Gradu eta Graduondoko errektoreordeari eskuordetuko dio.

3.– Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntzarako Batzordea.

Ikerkuntza, garapen eta berrikuntzarako batzordeko buru izatea (unibertsitatearen estatutuetako 99. artikuluan jasotako batzordea da) Ikerkuntzarako errektoreordeari eskuordetuko dio.

4.– Ekonomia-batzordea.

Gobernu-kontseiluak eskuordetutako ekonomia-batzordeko buru izatea koordinazio-gaien arlorako izendatutako errektoreordeak edo arlo horretako eginkizunak esleituta dituen errektoreordeak izango ditu eskuordetuta.

5.– Lan-Segurtasun eta Osasunerako Campusarteko Batzordea.

Gerenteari eskuordetzen zaio batzorde honetako buru izatea.

6.– Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordea.

Idazkari nagusiari eskuordetzen zaio batzorde horretako buru izatea.

Laugarrena.– Kanpoan edo gaixorik egonez gero, kargua utziz gero edo adierazitako kargurik ez dagoenean, ordezko gaixorik at nola egin.

1.– Errektorea kanpoan edo dagoenean, edo kargua hutsik dagoenean, hau da, unibertsitatearen estatutuetako 180. artikuluetan zehaztutako kasuren bat gertatzen denean, edo prozesuan parte hartzen ez duenean edo errefusatu egiten duenean (Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren azaroaren 1eko 40/2015 legeko 23. eta 24. artikuluak) honakoak izango dira errektorearen ordezkoak, ondoren adierazitako hurrenkeraren arabera: Ikerkuntzaren arloko errektoreordea, Irakasle-Ikertzaileen arloko errektoreordea eta Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea.

2.– Gobernu-kontseiluko kideren bat kanpoan edo gaixorik dagoenean, kargua hutsik dagoenean edo existitzen ez denean, honako arau hauen arabera ordezkatuko da:

– Ikerketa arloko errektoreordea Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak edo, honen ezean, Irakasle-Ikertzaileen arloko errektoreordeak.

– Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea Ikerketa arloko errektoreordeak edo, honen ezean, Gradu eta Graduondoko errektoreordeak.

– Irakasle-Ikertzaileen arloko errektoreordea Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak edo, honen ezean, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

– Gradu eta Graduondoko errektoreordea Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak edo, honen ezean, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak.

– Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea Idazkari Nagusiak edo, honen ezean, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak.

– Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak edo, honen ezean, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak.

– Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea Iraskale-Ikertzaileen arloko errektoreordeak edo, honen ezean, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak. 1.8 artikuluaren lehenengo ataleko e) letran jasotako gaietan, gerentea izango da ordezkoa, ekonomia-batzordeko burutza izan ezik.

– Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea Arabako Campuseko errektoreordeak edo, honen ezean, Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak.

– Idazkari Nagusia Bizkaiko Campuseko errektoreordeak edo, honen ezean, Ikerketa arloko errektoreordeak.

Campusetako errektoreordeak honela ordezkatuko dira:

– Bizkaiko campuseko errektoreordearen ordez, Gradu eta Graduondoko ikasketen arloko errektoreordeak edo, honen ezean, Idazkari Nagusiak.

– Gipuzkoako errektoreordearen ordez, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak edo, honen ezean, Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak.

– Arabako campuseko errektoreordearen ordez, Euskara eta Etengabeko Formakuntzaren arloko errektoreordeak edo, honen ezean, Gipuzkoako campuseko errektoreordea.

Gerentea kanpoan, gaixorik eta kargutik at balego, Pertsonalaren gerenteordea izango da bere ordezkoa eta, honen ezean, Kontabilitate eta aurrekontuetarako gerenteordea, 7. artikuluak kontratazioaren alorrean aurreikusitakoa aintzat hartuta. Ekonomiaren arloan, bestalde, Koordinazioaren arloko errektoreordea izango da ordezkoa.

3.– Ordezkoa egiteko gobernu-taldetik izendatuta dagoen kideari ezinezkoa balitzaio hori egitea, artikulu honetan adierazitako egoeraren batean dagoelako, haren ordezko izan beharko lukeenak ordezkatuko du, eta horrela jarraituko litzateke.

Kide anitzeko organoetako kideen kasuan (UPV/EHUko zein beste erakunde batzuetako organoetakoak), errektoreak gobernu-taldetik aukeratutako kidea izango da kasuan kasuko ordezkoa, eta horrelakoetan, ez dion arren zertan jarraitu ordezkoetarako zehaztutako hurrenkerari, kontuan hartu beharko du organoaren beraren arautegia.

Gobernu-taldeko kide ezberdinen menpeko pertsonalari eskuordetzen zaio erabaki eta gainontzeko administrazio-egintzen sinatzea, erabaki honetan adierazitako eskumenen arloan eta kide horiek beroriek ezarriko lituzketen baldintza eta mugen barruan.

Bosgarrena.– Diziplinaren arloko eskumenak.

Errektoreak ditu diziplinaren arloko eskumenak. Edozelan ere, ikasleen hutsegiteak arinak direnean, ikastegietako dekano eta zuzendariei eskuordetu ahal izango dizkie diziplinaren arloko eskumenak, tramiteak egin eta zigorrak jartzeko.

Pertsonal irakasle eta ikertzaileen plantillako kideek egindako hutsegite arinak direnean, Irakasleen errektoreordeari dagozkio diziplinaren arloko eskumenak, tramiteak egin eta zigorrak jartzeko.

Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileen diziplinako hutsegite arinak direnean, berriz, gerenteari dagozkio diziplinaren arloko eskumenak, tramiteak egin eta zigorrak jartzeko.

Seigarrena.– Hauteskunde-arloko eskumenak.

Errektoreari dagokio hauteskundeen arloan sor daitezkeen errekurtsoak aztertzea, kasuan-kasuan aplika daitekeen arautegiaren arabera.

Zazpigarrena.– Kontratazioaren arloko eskumenak.

1.– Kontrataziorako organoen berezko eskuduntzak errektoreak baliatuko ditu, sektore publikoaren kontratuei buruzko legearen testu bateratuari loturik.

Adierazitakoa adierazita, UPV/EHUko gerenteari eskuordetuko zaizkio, lan eta hornidura-kontratuei, zerbitzu-kontratuei eta zerbitzuen gestiorako kontratuei dagozkien eskumenak edo beste edozein, baldin eta, sektore publikoaren kontratuei buruzko legearen testu bateratuari osorik edo partzialki lotu edo salbuetsita egonda, BEZ gabe, bost milioi eurotakoa edo gutxiagokoa bada; kontratazio-arloari dagokion gerenteordearen esku utzitako kontratu txikiak izan ezik. Karguan inor ez edo gaixo zein kanpoan badago, kontratazio eta erosketen zerbitzuko burua izango du ordezko.

Bost milioi eurotatik gorako kontratuak direnean gerenteari eskuordetzen zaio kontratazio mahaiko burua izatea.

Bost milioi euroko edo gutxiagoko kontratuak direnean, BEZ barik, kasuan kasuko arloko gerenteordeari eskuordetzen zaio kontratazio mahaiko burua izatea.

Kontratazio-mahaiko gainontzeko kideak gerentearen erabakiaren bidez zehaztuko dira.

2.– Aurreko organoetako kideren bat kanpoan edo gaixorik dagoenean, kargua hutsik dagoenean edo existitzen ez denean, honakoaren arabera ordezkatuko da:

a) Errektorea, erabaki honetako laugarren puntuko 1. zenbakian zehaztutakoaren arabera.

b) Gerentea, kasuan kasuko arloko gerenteordeak ordezkatuko ditu.

c) Kontratazio-mahaiko buru izatea gerenteari dagokionean, gerenterik ez badago, kargua hutsik badago edo gerentea kanpoan edo gaixorik badago, kasuan kasuko arloko gerenteordeak ordezkatuko du.

Kontratazio-mahaiko buru izatea kasuan kasuko arloko gerenteordeari dagokionean, halako gerenteorderik ez badago, kargua hutsik badago, edo gerenteordea kanpoan edo gaixorik badago, mahaiko kidea den eta bileran dagoen beste edozein gerenteordek ordezkatuko du.

Bat baino gehiago balego, karguan denbora gehien daramanak ordezkatuko du.

Gerenteorderik ez badago bileran, mahaiko beste edozein kidek ordezkatu ahal izango du.

Zortzigarrena.– Errektoreak eskumenak bereganatzea.

Errektoreak, Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren azaroaren 1eko 40/2015 legeko 10. artikuluan ezarritakoari jarraiki, berenganatu egin dezake eskuordetzaz ebatzi beharreko gairen baten ardura, arrazoi teknikoek, ekonomiazkoek, juridikoek edota gizartearen edo lurraldearen aldetikoek hala eskatzen dutenean.

Bederatzigarrena.– Aipatutako eskumenak eskuordetuta aritzean hartuko diren erabakietan egoera horren aipamena egin beharko da, eta UPV/EHUko errektorearen erabakitzat hartuko dira eta amaiera emango diote, hortaz, administrazio-bideari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bertan behera utzi dira, ebazpen honen bidez, orain arte eskumenak eskuordetu ahal izateko argitaratu diren ebazpen guztiak oro.

AZKEN XEDAPENA

Honako ebazpen hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta biharamunean.

Leioa, 2017ko urtarrilaren 25a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.


Azterketa dokumentala