Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2017ko otsailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
569

8/2016 FORU ARAUA, abenduaren 23koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2017. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dituena.

GipuzkoaKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «2016ko abenduaren 23ko 8/2016 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2017. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostian, 2016ko abenduaren 23an.

Diputatu Nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

2017. urteko aurrekontuak Diputatuen Kontseiluak onartutako aurrekontu esparruaren barruan prestatu dira, bertan ezartzen baitira Gipuzkoako sektore publikorako epe luzeko helburuak. Bete dira emaitzetara bideratutako aurrekontu baten baldintzak. Horretarako, aurrekontu programak ikuspuntu berri horretara egokitu dira, eta adierazleak esleitu zaizkie programa bakoitzean jarritako helburuei. Era berean, helburu horiek betetzeko behar diren ekintzekin eta baliabideekin lotu dira.

Horrela, aurrekontuak Kudeaketako 2015-2019 bitarteko Plan Estrategikoaren foru politika publiko guztiak gauzatzeko tresna eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu ekintzaren lidergorako eta orientaziorako datozen urteetako tresna nagusia izateaz gain, plangintza eta ebaluazio sistema bat ere badira. Izan ere, aurrekontuetako baliabideak eta helburuak lotzen ditu, efikazia, efizientzia eta gardentasuna hobetzeko asmoz.

Aurreko ekitaldietan hasitako jarduketa lerroari jarraituz, genero eraginaren ikuspuntutik aztertu dira aurrekontuko programak, gastu lehentasunak non jarri behar diren ezartzearren.

Aurrekontu honen berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da «2017ko Aurrekontu Irekiak» parte hartze prozesuaren azterketari eta emaitzei buruz idatzitako txostena, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kudeaketako 2015-2019 Plan Estrategikoaren barruan bultzatua.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren bidez, baliabide publikoen kudeaketa finantzario on bat lortzeko helburuan sakondu nahi da, are gehiago gaurkoa bezalako susperraldi ekonomikoa gertatzen ari denean. Alde horretatik, bai aurrekontu hauek eta bai etorkizunekoek bultzada ekonomiko eta sozial handiena eman behar diote Gipuzkoari, aldi berean ziurtatuz baliabide publikoak efizienteki gastatzen direla.

Aurreikusitako diru-sarrerei dagokienez, hasi berria den susperraldi ekonomikoari esker % 0,55 gehitzen da aurrekontu osoa, % 3,16 aurrekontu propioa, eta % 2,5 Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa.

Gastu politikei dagokienez, horiek gaurko egoerari aurre egitea izango dute helburu, eta, hori lortzeko, lehentasunezkoa izango da inbertsioak egitea krisiak enpresa eta pertsonentzat izan dituen ondorioak gainditzeko eta produkzio sarea indartzeko, betiere Gipuzkoaren lehiakortasuna bultzatuz.

Horri begira, batetik, 2017ko Aurrekontuan Ekonomia Berpizteko Plan bat jasotzen da, lurraldearen dinamizazio ekonomiko eta soziala bultzatzea eta babestea xede duena.

Bestetik, aurrekontu hauek nabarmenki indartzen dituzte gizarte politiketara bideratutako baliobideak.

Horrez gain, gizarte gastuetarako bideratutako kredituak zabalgarritzat hartu dira, kontuan izanik gerta daitekeela haien zuzkidura nahikoa ez izatea ekitaldian zehar agertzen diren beharrei aurre egiteko, betiere azpimarratuz borondate politikoa dela kreditu horiek zuzkitzea aurrekontu beharrak estali arte.

Aurrekontu hauetan bada nabarmengarria den beste kontu bat: agintaldiko proiektu estrategikoetako bat («Gipuzkoako Biribilgunea») burutzeko behar diren ordainketa eta konpromiso kredituak jasota daude beraietan. Proiektu hori erabakigarria da. Izan ere, lurraldearen mugikortasun, irisgarritasun eta antolaketa tresna nagusia da, bai eta garapen ekonomikorako eragile nagusia ere.

Lurraldearen ongizatea garatzeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean beharrezkoa den lankidetza kontuan hartuta, aurrekontu hauek 45,44 milioi euroko diru laguntzak aurreikusten dituzte lurraldeko toki entitateen alde.

Aurrekontuen foru arauaren funtsezko edukia I. Tituluan jasotzen da, bertan onartzen baitira foru sektore publikoaren sarrera eta gastuen egoera guztiak, eta bertan finkatzen baita, orobat, Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalen zenbatekoa.

Titulu horren barruan ere Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuko sarrera eta gastuen egoeraren zenbatekoa sartzen da.

II. Tituluak ezartzen du zein den Foru Aldundiaren zorpetze muga eta zenbaterainoko bermeak eman ditzakeen, eta Bidegi, SA merkataritzako foru sozietatearen zorpetze muga ere jasotzen da bertan.

III. Tituluan jasota daude 2017ko ekitaldian zehar aurrekontu kredituen araubide orokorrak eta haien aldaketenak izango dituzten berezitasunak. Zehazki, hauek: araubide orokorraren salbuespenak kredituen izaera mugatzaileari dagokionez; kreditu zabalkorren kontsiderazioa; konpromiso kredituak sortu eta banatzeko gehieneko muga; baita ere kreditu gaikuntzen berezitasunak.

IV. Tituluan aurrekontu kudeaketaren inguruko hainbat arau jasotzen dira (diru laguntzenak, proiektu kofinantzatuenak, gastuaren exekuzioa mugatzekoak, eta egindako gastuaren udalerrikako banaketari buruzkoak), bai eta Batzar Nagusiei eta foru sektore publikoko gainerako entitateei transferentziak egiteko araubidea ere.

V. Tituluak bi kapitulu ditu. Lehenengoan jorratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko eta foru organismo autonomoetako langileen eta pasiboen kredituei aplikatzen zaien araubidea, aurrekontu plantillaren osaera zehazten da, eta zehaztasun handiagoz arautzen dira aurrekontuetako lehen kapituluari ezartzen zaizkion mugak.

Bigarren kapituluan, berriz, foru sektore publikoko gainerako entitateen plantillaren osaera eta langileria gastuak gehitzeko muga arautzen dira.

VI. Tituluan, Lurralde Historikoko udalen finantzaketa ezartzen da.

VII. Tituluan arautzen da Foru Aldundiak aldian-aldian Batzar Nagusietara bidali behar duen informazioa.

Azkenik, VIII. Tituluan Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuak kudeatzeko arauak biltzen dira.

Foru arauaren edukia osatzeko, hainbat xedapen ematen dira: gehigarriak, iragankorrak, indargabetzaile bat eta amaierakoak. Horietan askotariko aginduak jasotzen dira.

Hainbat xedapen gehigarri sartzen dira, aurrekontuen foru arauen ohiko edukiak jasotzen dituztenak, hala nola: berandutze interesaren ezarpena, eta hainbat departamentuk kudeatutako tasak eta AP-8 eta AP-1 autobideen erabilpen kanona eguneratzea.

Era berean, xedapen gehigarrietan jasotzen dira udal korporazioetako kideen ordainsarien goi mugen ezarpena eta Diputatuen Kontseiluari kreditu gehigarri batzuk onartzeko ematen zaion baimena.

Xedapen iragankorretan, berriz, arau osagarri batzuk arautzen dira aurrekontuen kudeaketari buruz. Izan ere, aurreko ekitaldietako aurreikuspenari eusten zaio, alegia, egoera jakin batzuetan aurrekontuaren egokitzapen teknikoak egiteko aukerari eta Ogasun eta Finantza Departamentuak kontabilitate saldoak arazteko aukerari.

Foru araua ixteko, amaierako hainbat xedapen ematen dira, legezko arau batzuetan egindako aldaketak jasotzeko. Bereziki, foru arauaren bidez aldatu egiten da Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Araua. Izan ere, aldaketak zuzeneko eragina du Foru Ogasunaren eskumenei eta kreditu gaikuntzen araubideari buruzko artikuluetan eta Foru Aldundiari atxikitako partzuergoei buruzko bederatzigarren xedapen gehigarrian.

Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren arloko eskumena garatzen duen Foru Arauaren 5. artikuluaren 2. apartatua ere aldatzen da. Izan ere, artikulu horretan zorrari buruzko helburua betetzen ez denean hartu beharreko zuzenketa neurriak arautzen dira.

Azkenik, foru arauaren amaierako xedapenak jasotzen dira, erregelamenduzko garapenari, aplikazio eremuari eta foru araua bera indarrean jartzeari buruz.

I. TITULUA
AURREKONTUEN ONARPENA, HEDADURA SUBJEKTIBOA ETA EDUKIA

1. artikulua.– Aurrekontuak onartzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2017. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dira, foru arau honetan ezarritako eran.

2. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren eremua.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2017. urterako aurrekontu orokorrak honela daude osatuta:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua.

b) Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuak.

c) Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia, SA, Etorlur Gipuzkoako Lurra, SA eta Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea, SA (IZFE) merkataritzako foru sozietateen aurrekontuak.

d) Kirolgi eta Sueskola Gipuzkoa foru fundazioen aurrekontuak.

3. artikulua.– Aurrekontu orokorren edukia.

1.– Ordainketa kredituak eta sarrera bateratuen egoera 4.733.873.738,91 euro izango dira 2017ko ekitaldian, I. eranskinean laburtutakoaren arabera.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuko gastuen egoera 4.599.115.775,00 euro da ordainketa kredituei dagokienez, eta 125.131.953,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II. eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2017tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.

Aurrekontu propioaren kasuan, gastuen egoera 837.938.134,00 euro da. Aurrekontu propioa lortzeko, aurrekontu osoari kendu egiten zaizkio Estatuarentzako kupoa, Finantzen Euskal Kontseilutik ondorioztatutako ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa ordaintzeko kredituak.

Foru Aldundiaren aurrekontuko sarreren egoera 4.559.115.775,00 euro da, haren barruan sartuta bai ekitaldiko zor berria (41.000.000,00 euro) eta bai diruzaintzako gerakina (30.529.353,00 euro).

3.– Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 18.464.000,00 euro da.

Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 18.464.000,00 euro da.

4.– Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 18.996.300,00 euro da.

Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 18.996.300,00 euro da.

5.– Merkataritzako foru sozietateen gastu aurrekontuen zenbatekoa 187.921.742,91 euro da, eta banaketa hau du:

● Informatika Zerbitzuen.

Foru Elkartea, SA (IZFE) 26.123.018,00 euro.

Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia, SA 160.919.024,00 euro.

● Etorlur Gipuzkoako Lurra, SA 879.700,91 euro.

Sozietate horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.

6.– Foru fundazioen gastu aurrekontuen zenbatekoa 3.699.854,00 euro da, eta banaketa hau du:

● Kirolgi Fundazioa 2.579.200,00 euros.

● Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa 1.120.654,00 euros.

Fundazio horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.

4. artikulua.– Gipuzkoako Batzar Nagusien eta partzuergoen aurrekontuei buruzko informazioa.

1.– Informazio ondorioetarako, Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontua jasotzen da, sarreren eta gastuen egoera orrian 7.293.600,00 euro dena.

2.– Informazio ondorioetarako, partzuergoen aurrekontuak jasotzen dira:

● Gipuzkoako Ur Partzuergoaren aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 48.290.000,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.

● Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarena, aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 43.958.276,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.

● Gipuzkoako Heziketa Konpentsatoriorako eta Prestakuntza Okupazionalerako Partzuergoarena, sarreren eta gastuen egoera orrian 351.000,00 euro da.

5. artikulua.– Tributuei dagozkien gastu fiskalak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalak 2.018.212.000,63 eurotan zenbatetsi dira.

II. TITULUA
GEHIENEKO ZORPETZE MAILA ETA BERMEAK EMATEKO MUGA

6. artikulua.– Abalen muga.

Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 109.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Foru Aldundiak Bidegi SAri emandako abalak ezin izango dira izan, 2017ko abenduaren 31n, 421.814.833,32 eurotik gorakoak.

7. artikulua.– Foru Aldundiaren zorpetze muga.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2017ko abenduaren 31n, 569.460.000,00 eurotik gorakoa.

Abenduaren 31n, maileguak amortizatzeko aurrekontu hornidura 17.600.000,00 euro izango da guztira.

2.– 2017. urtean zehar, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak egoki deritzen zorpetze eragiketak egin ahal izango ditu diruzaintzaren unean uneko beharrei erantzuteko, edozein eratan dokumentatuta eta urtebeterako gehienez.

8. artikulua.– Bidegi, SA merkataritza foru sozietatearen zorpetze muga.

Bidegi, SA sozietatearen epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2017ko abenduaren 31n, 774.137.132,85 eurotik gorakoa.

III. TITULUA
AURREKONTU KREDITUAK ETA HORIEN ALDAKETAK

9. artikulua.– Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontu kredituak.

Gastuen egoera orriko kredituak erabiliko dira aurrekontuetan eta Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauaren III. Tituluaren III. Kapituluari eta foru arau honi jarraituz onartutako aldaketetan baimendutako helburuak betetzeko.

10. artikulua.– Kredituen lotura.

1.– 2017ko ekitaldian, ordainketa kredituak mugatzaileak izango dira, Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 51.2 artikuluan jasotakoaren arabera. Salbuespen bakarrak ondorengo apartatuetan ezarritakoak dira.

2.– Mugatzaileak izango dira gastu egoeran duten desagregazio mailarekin honako hauek:

a) Foru arau honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera zabalgarritzat hartutako kredituak, salbu honako hauek: 1. apartatuko a) letran jasotakoak, mugatzaileak izango baitira kapitulu mailan; eta b) eta c) letretan jasotakoak, kapitulu eta programa mailan izango baitira mugatzaileak.

b) Konpromiso kredituei dagozkien ordainketa kredituak, artikulu honetako 3. apartatuaren a) eta c) letretan jasotakoa eragotzi gabe.

c) Ekitaldiaren barruan onartzen diren kreditu gehigarriak.

d) Aurreko ekitaldietatik txertatutako kredituak.

e) Foru organismo autonomoak, merkataritzako foru sozietateak eta foru fundazioak finantzatzearren Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuan izendatzen diren kredituak, eta haien zerbitzuak ordaintzeko erabiltzen diren kredituak.

f) Diru Laguntzen Foru Arauak 20.3.c) artikuluan jasotakoaren arabera zuzenean eman daitezkeen diru laguntzei dagozkien kredituak.

g) Finantzaketa lotuko gastuei dagozkien kredituak, artikulu honen 3.a) apartatuan jasotakoa eragotzi gabe.

h) Beren izaera, garrantzi edo xede bereziagatik, berariazko zehaztapen maila behar duten kredituak, Ogasun eta Finantza Departamentuak hala erabakitzen duenean.

3.– Mugatzaileak izango dira kapitulu eta programa mailan, hauek:

a) Proiektu kofinantzatu bereko ordainketa kredituak.

b) II. Kapituluan (ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak) sartutako kredituak.

c) Diru laguntza lerro bereko laguntzak finantzatzera bideratutako kredituak.

d) Bere izaera bereziagatik edo xedeagatik Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakitzen dituen kredituak.

4.– Konpromiso kredituak erregulatuko dira lotuak dituzten ordainketa kredituei titulu honetan aplikagarri zaizkien arauen arabera.

11. artikulua.– Kreditu zabalgarriak.

1.– Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 53. artikuluan xedatzen duenez, zabalgarritzat hartzen dira Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontuetan jasotzen diren kreditu hauek:

a) I. Kapituluko gastuak (langileria gastuak), xedapen aplikagarrietan jasotakoaren arabera, eta foru arau honen V. Tituluan ezarritako mugekin.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa, eta zorpetze gastuak ordaintzeko bideratutakoak.

c) Estatuari kupoa ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egiteko, edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Lurralde Historikoko udalerriek jaso beharrekoa ordaintzeko izendatutako zenbatekoak.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatutako kreditu eragiketetan izan diren galerek eragindako diru betebeharrak ordaintzeko diren kredituak.

e) Batzar Nagusien eta foru organismo autonomoen aurrekontuak finantzatzeko bideratutako kredituak.

f) Europar Batasunarekin batera finantzatutako jarduketetarako izendatutako kredituak.

g) Langileei ordainsarien aurrerakinak emateko bideratutako kredituak.

h) Beste eskumen batzuk bereganatzearen ondorio diren kredituak.

i) Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren eranskin numerikoetan berariaz adierazten diren kredituak.

2.– Gizarte Politikako Departamentuak aldizkako prestazio ekonomikoen programaren barruan familiei egiten dizkien transferentziak zabalgarriak dira, prestazio mota bakoitzaren berariazko araudiaren aplikaziotik eratorritako diru beharren arabera.

3.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak aurrekontuko kreditu bati izaera zabalgarria kendu diezaioke, betiere aurrekontua gauzatzeko hala komeni bada.

12. artikulua.– Konpromiso kredituak sortu eta birbanatzeko gehieneko muga.

1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik, eta ukitutako departamentuaren edo foru organismo autonomoen ekimenez, konpromiso kreditu berriak onar ditzake, betiere haiek ez badira aplikatzen 4 ekitalditan baino gehiagotan, eta haien zenbateko osoak ez badu gainditzen foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10.

2.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik, eta ukitutako departamentuaren edo foru organismo autonomoaren ekimenez, erabaki dezake konpromiso kredituen artean transferentziak egitea edo horien urteko zenbatekoak birbanatzea 4 urteko epe mugarekin, betiere haien zenbateko osoa ez bada handiagoa foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10 baino.

3.– Pertsona fisikoek edo juridikoek urte anitzeko gastuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenak ez dira konputatuko aurreko apartatuetan jarritako mugen ondorioetarako.

13. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.

1.– Foru arau honetako lehen amaierako xedapenaren bi apartatuan jasotakoaren arabera, gastu aurrekontuan gaikuntzak egin ahal izango dira beste sarrera batzuen kargura, zerga itunduak barne, betiere sarrera aurrekontuaren exekuzioaren arabera aurreikusi badaiteke ekitaldiaren amaieran hasierako aurreikuspenak gaindituko direla. Gaikuntza horien helburua izango da:

a) Estatuari kupoa ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egitea, edo, tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Gipuzkoako udalerriek jaso beharreko ekarpena ematea.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa, edo zorpetzeak eragindako bestelako gastuak ordaintzea.

c) Ohiz kanpoko izaerako giza gastua.

2.– Gaikuntza horiek ez dira konputatuko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauaren 58. artikuluko 11. apartatuan jasotako mugaren ondorioetarako.

IV. TITULUA
AURREKONTUAREN KUDEAKETA

14. artikulua.– Diru laguntzak.

Diputatu nagusiak eta foru diputatuek Diru Laguntzen Foru Arauaren 20.3.c) artikuluan aipatzen diren laguntzak eman ditzakete, nork bere departamentuko aurrekontuaren kargura, betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe.

15. artikulua.– Proiektu kofinantziatuak.

Beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek osorik edo zati batean finantzatutako gastu proiektuak behar bezala identifikatuta egongo dira hasierako aurrekontuan edo kreditu aldaketarako espedienteetan. Era berean, finantzaketa bideak zeintzuk diren adierazi beharko da berariaz.

Kredituen finantzaketari lotutako baliabideen aurreikuspena hasieran aurreikusitakoa baino txikiagoa denean, aurrekontuko gastu egoeretan kreditu atxikipenak egitea erabaki dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

16. artikulua.– Gastua gauzatzeko muga.

1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak agindu ahal izango du kredituak atxikitzea edo bestelako prebentzio neurriak hartzea, gastuaren kontrola bermatzearren.

Aipatutako kredituak liberatzeko tramitazioa, haien atxikipenerako berbera izango da.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberazko kredituak bideratu ditzake nahitaezkoak diren gastuen aurrekontu beharrak betetzeko, gastu horien benetako exekuzioa hasierako aurreikuspenarekiko defizitarioa denean. Ondorio horietarako, ez dira aplikagarriak izango martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Finantza eta Aurrekontu Araubidearenak, 56.1 artikuluko c) eta d) letretan jasotzen dituen mugak.

3.– Proiektuen finantzaketa exekuzio erritmora egokitu beharragatik konpromiso kredituak onartzen badira, hasieran aurreikusitako ordainketa kredituak atxikitzeko agindu dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

17. artikulua.– Egindako gastua udalerrika banatzea.

1.– Gastu partiden aurreikuspenak udalerrika banatu badira 2017ko aurrekontuan, haien exekuzioa ere udalerrika banatuta agertuko da.

2.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak udalerrika banatzeko modukotzat har ditzake 2017ko aurrekontuan udalerrika banatutakoen pareko bestelako gastu partidak.

18. artikulua.– Batzar Nagusien eta foru sektore publikoko gainerako entitateen aldeko transferentziak.

1.– Foru Aldundiaren aurrekontuan Batzar Nagusien aurrekontua finantzatzeko izendatzen diren kredituak Batzar Nagusietako Mahaiak eskatu ahala transferituko dira.

2.– Foru sektore publikoko entitateei zuzendutako transferentziak haien behar finantzarioen arabera egingo dira.

V. TITULUA
LANGILERIAREN ETA PASIBOEN KREDITUAK
I. KAPITULUA
GipuzkoaKO FORU ALDUNDIA ETA FORU ORGANISMO AUTONOMOAK

19. artikulua.– Langileen ordainsariak.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundian eta foru organismo autonomoetan jarduten duten langileen ordainsari osoak, 2017. urteari dagokionez, kasu bakoitzean aplikagarria den araudiaren arabera ezarriko dira.

2.– Diputatu nagusiaren, foru diputatuen, zuzendari nagusien eta behin-behineko langileen ordainsariak 2016ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

20. artikulua.– Aurrekontu plantillaren osaera.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretako langileei buruzko eranskinean funtzionario edo laboralen arabera sailkatuta ageri diren plazek osatzen dituzte Foru Administrazioko eta foru organismo autonomoetako 2017ko aurrekontu plantillak.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2017. urterako aurrekontu orokorretan onartzen dira aipatutako eranskinean ageri diren plaza guztiei dagozkien kredituak, lanpostuei atxikiak, urtea amaitu arte beharrezko irizten den diru kopuruarekin.

Era berean, onartuta geratu dira lanpostuei lotu gabeko plazei dagozkien kredituak, urtea amaitu arte beharrezko deritzon zenbatekoa atxikita.

21. artikulua.– Bestelako langile zuzkidurak.

Aldi baterako programak gauzatzeko egiten diren iraupen jakineko lan kontratazioak eta bitarteko funtzionarioen izendapenak ez daude plantillan sartuta, eta kontratu eta izendapen horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretan horretarako aurreikusten diren zenbatekoei egongo dira atxikita.

22. artikulua.– I. Kapitulua gehitzeko mugak.

1.– 2017ko ekitaldian, plantilla handitu edo aldatzeko espedienteak soil-soilik onartuko dira baldin eta haietatik ondorioztatzen den gastu gehikuntza beste lanpostu batzuen kredituak murriztuz konpentsatzen bada.

Nolanahi ere, aurrekontuetan berariaz jasota ez dagoen edozein plaza edo lanpostu sortzeko, aurretik amortizatu beharko dira oro har hartuta zuzkidura ekonomiko bera edo handiagoa duten beste plaza edo lanpostu batzuk.

2.– Aurreko muga ez da aplikatuko honako hauek direla-eta plazak edo lanpostuak sortu edo aldatzen direnean, betiere aldaketa horiek behar den finantzaketa badute: eskumen berriak hartzea, organo edo zerbitzu berriak sortzea, edo kanpora eraman edo kontratatzen diren zerbitzuak zuzenean ematea, Diputatuen Kontseiluak onartutako arrazionalizazio programak aplikatzea edo lanpostuak baloratzea.

3.– Aurrekontu plantilla handitzeko edo aldatzeko proposamenek Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuaren aurretiazko txostena beharko dute.

Orobat, 2. apartatuan aurreikusitako kasuetan aurrekontu eraginari buruzko txostena eskatu beharko zaio Ogasun eta Finantza Departamentuari.

23. artikulua.– Kreditu soberakinak.

Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuak honako honetarako erabili ahal izango ditu I. Kapituluan aurreikus daitezkeen kreditu soberakinak: soberakinaren sorburu ez diren beste plaza batzuk finantzatzeko, eta aldi baterako kontratuak indarrean dagoen araudiaren arabera formalizatzeko.

24. artikulua.– Enplegu publikoko eskaintza eta pertsonal beharrak aldi baterako betetzea.

1.– Foru Aldundiak, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru diputatuak proposatuta, bere erakundeko enplegu eskaintza publikoa edo publikoak onartu ahal izango ditu, baita foru organismo autonomoetakoak ere, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

2.– Araudiak ezartzen dituen kasuetan baino ezingo dira aldi baterako langileak kontratatu edo bitarteko funtzionarioak izendatu.

25. artikulua.– Pasiboen kredituei aplikagarri zaien araubidea.

Honako xedapen hauek kontuan hartuta eman eta eguneratuko dira pentsioak eta izaera pasiboko bestelako asignazio eta hartzekoak: 1986ko ekainaren 10eko 6/1986 Foru Araua, Gipuzkoako Foru eta Tokiko Administrazioko Eskubide Pasibo Osagarrietarako Zerbitzua Kudeatzeko Organoa desegiteari eta Elkarkidetzan sartzeari buruzkoa; Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Araua; graziazko pentsioen araudia; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bertako langileen arteko lan harremanen arau erregulatzaileak, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea.

II. KAPITULUA
FORU SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ENTITATEAK

26. artikulua.– Ordainsariak.

1.– Foru sektore publikoko entitateetako langileen ordainsari osoak kasu bakoitzean aplikagarria den araudiari jarraituz ezarriko dira, 2017. urteari dagokionez.

2.– Era berean, foru sektore publikoko entitateetako zuzendari nagusien, gerenteen eta haiekin parekatutakoen ordainsariak 2016ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

27. artikulua.– Langileria gastuak gehitzeko mugak.

1.– 2017ko ekitaldian, plantilla gehikuntzak edo aldaketak onartu ahal izango dira, soil-soilik, baldin eta haiek dakarten gastu gehikuntza beste plaza batzuetarako aurreikusitako gastua murriztuz konpentsatzen bada. Beraz, edozein plaza sortzeko, ezinbestekoa izango da zuzkidura ekonomiko berdineko edo handiagoko beste plaza batzuk amortizatzea aldi berean.

2.– Dena den, 2017an sortzen diren foru sektore publikoko entitateek beren hasierako aurrekontuan ageri diren aurreikuspenen arabera onartu ahal izango dute langileen plantilla.

28. artikulua.– Langileak kontratatzea.

2017ko ekitaldian, aurreko artikuluan aipatutako entitateek langile berriak kontratatu ahal izango dituzte, indarrean dagoen araudian ezarritako muga eta baldintzekin, aurretik Foru Aldundiak baimenduta.

Muga horiek ez dira aplikatuko kontratatzen diren langileek aurretik harreman finkoa eta mugagabea izan badute Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru sektore publikoan. Apartatu honetan ezarritakoari jarraituz egindako kontratuek eskubidea emango dute egiten diren egunetik antzinatasunaren osagarria kobratzen jarraitzeko, sorburuko entitatean kobratzen zen kopuru berean.

VI. TITULUA
GipuzkoaKO UDALERRIEN FINANTZAKETA

29. artikulua.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2017rako zuzkidura.

1.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren zuzkidura 468.312.747,00 eurotan finkatzen da 2017. urterako, Ekonomia Itunaren baliabideetan parte hartzearen kontzeptupean, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari buruzko azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak 2. artikuluan jasotakoaren arabera.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako zenbatekoaren % 99,85 Gipuzkoako udalerrien artean banatuko da, III. eranskinean zehaztutakoaren arabera, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Gainerako % 0,15a Euskal Udalen Elkartea (EUDEL) finantzatzeko erabiliko da.

30. artikulua.– Gizarte zerbitzu eta prestazioen karteraren garapenerako funtsa.

Udalek egin beharreko ekarpena gizarte zerbitzu eta prestazioen karteraren garapenerako funtsa finantzatzeko 792.271,00 eurotan finkatzen da 2017. urterako. Ekarpen hori udal bakoitzari eta Eudeli Udalak Finantzatzeko Foru Funtsean duten partaidetzaren proportzioan egotziko zaie.

31. artikulua.– Partaidetza itundu gabeko tributuetan.

Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren 51. artikuluan jasotakoaren arabera banatuko die Gipuzkoako udalerriei itundu gabeko zergetan duten partaidetza.

32. artikulua.– Udal zergen bilketa.

1.– Udalerri bakoitzean likidatu beharreko udal zerga propioetatik bildutako kopuru likidoa dena delako udalerriari esleituko zaio zuzenean.

2.– Udalerri bakoitzari borondatezko epean nahiz bide exekutiboan esleitutako zerga-bilketa garbitik, kendu egingo da ondoko zergak biltzean Foru Aldundiak emandako zerbitzuaren kostua: ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal, lurralde eta estatu mailako kuotak, eta udalen kontura bildu litzakeen zuzenbide publikoko beste sarrera batzuk.

3.– Zerga propioak borondatezko bidean biltzea Foru Aldundiari hitzarmen bidez eskuordetu dioten udalerriek eskubide izango dute, 2017ko ekitaldian, konturako aurrerakinak jasotzeko, baina aurrerakin horiek ez dute interesik sortuko, Foru Aldundiari ordaindu beharreko zerbitzuaren kostuan sartutakotzat joko baitira.

Konturako ordainketak gauzatzeko, aldizkako entregak egingo dira maiztasun honekin:

a) Hilero, 2.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerriei.

b) Bi hilean behin, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.

Ondasun higiezinen gaineko zergaren kasuan, ordainketa horiek urteko lehen 6 hilabeteetan bakarrik egingo dira; eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal kuoten kasuan, berriz, urte osoan zehar.

Aurrerakin horien zenbatekoa zehaztuko da, gehienbat, 2016ko ekitaldian ondasun higiezinen gaineko zergagatik eta jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren udal kuotagatik borondatezko bidean bildutako kopuruen arabera. Hala behar denean, zerga oinarriak, karga tasak edo tarifak aldatzean sortutako bariazioak eginez zuzenduko dira kopuru horiek. Zerga-bilketaren behin betiko kopuruak ezagututa, bidezko likidazioa egingo da.

VII. TITULUA
BATZAR NAGUSIEI INFORMAZIOA EMATEA

33. artikulua.– Foru Aldundiak aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, hiru hilean behin, informazioa eman behar die Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta Foru Administrazioaren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Foru zorpetzearen egoera.

f) Emandako abalak eta abalatutako zenbateko osoa.

g) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

h) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

i) Departamentuz departamentu emandako diru laguntzen zerrenda.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada Foru Aldundiak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

2.– Hilabete bakoitzaren lehen hamabost egunen barruan, Foru Aldundiak informazio hau emango du: kontzeptu guztiengatik izandako zerga-bilketa; sarreren itzulketak; eskatutako eta emandako gerorapen eta zatikapenak; eta aurreko hilabetean zehapenekin lotuta eskatutako eta ebatzitako barkamen espedienteak.

Horrez gain, informazioa emango da Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek zerga itunduengatik osotara izandako bilketa bateratuari buruz, aurreko lehen epeari dagokionez.

3.– Foru Aldundiak zerga iruzurraren aurka egindako ekintzen berri emango die, hiru hilean behin, Batzar Nagusiei. Informazioak arlo horretan egindako kudeaketaren emaitzak jasoko ditu, hala nola ikuskatutako zergadun portzentajeak eta segmentuak, kudeaketaren ondorioz erregularizatutako ondarea eta baliabideak, eta bestelako datu interesgarriak.

4. Foru Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzaren Planari buruz hartutako erabakien berri emango die Batzar Nagusiei, erabaki horiek hartu eta ondorengo hilabetearen barruan.

34. artikulua.– Foru organismo autonomoek aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Foru organismo autonomoek, hiru hilean behin, informazioa eman behar diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

f) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

2.– Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada foru organismo autonomoak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

35. artikulua.– Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek aldizka eman beharreko informazioa.

1. Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek, hiru hilean behin, informazioa bidaliko diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Zorpetzearen egoera.

b) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

c) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada merkataritzako foru sozietateak edo foru fundazioak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

2.– Bidegi, SA merkataritza sozietatearen kasuan, hilean behin txosten hauek bidali beharko ditu Batzar Nagusietara:

a) Hilero, kanon kontzeptuagatik lortzen dituen diru-sarrerak.

b) AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontu planaren erabiltzaileengandik hilero lortzen dituen diru-sarrerak.

c) Merkataritzako foru sozietateak gehieneko tarifagatik egiten duen itzulketaren hileko bilakaera.

d) Hilero, deskontuen kontzeptuagatik itzultzen dituen kopuruak.

VIII. TITULUA
GipuzkoaKO BATZAR NAGUSIEN AURREKONTUA KUDEATZEKO ARAUAK

36. artikulua.– Aurrekontu aldaketak.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiak erabaki dezake kreditu aldaketak mugarik gabe egitea, salbuespen hauek kontuan hartuta:

a) Ezin diete eragin kreditu txertatuei.

b) Ezin dituzte gutxitu aurrez handitu diren kredituak.

c) Ezin dituzte handitu beste transferentzia batzuen ondorioz gutxitu diren kredituak.

37. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.

Batzar Nagusien aurrekontuko sarreren egoeretan aurreikusita egon gabe ekitaldian lortzen diren diru-sarrerek, eta, orobat, aurrekontu horretan aurreikusitakoak gainditzen dituztenek, ordainketa kreditua sortu dezakete dagokien gastu egoeran.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

LEHENENGOA.– Berandutze interesa.

2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarteko ondorioekin, ehuneko % 3,75ekoa izango da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutze interesa.

BIGARRENA.– Tasak eguneratzea.

Departamentuek kudeatzen dituzten Gipuzkoako Foru Ogasunaren tasak eta ordainarazpen parafiskalak finkoak badira oinarriaren portzentaje bati lotuta ez daudelako edo oinarri hori moneta unitatetan baloratuta ez dagoelako, 2016an exijigarri den kopuruari 1,01 koefizientea aplikatuz gehituko dira, betiere uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauak, garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituenak, 5.4 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

HIRUGARRENA– AP-1 eta AP-8 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeko kanonaren zenbatekoak.

1.– 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa (BEZa barne), handitu egiten da 2016. urtean exijitutako zenbatekoari 1,035eko koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino.

(Ikus .PDF)

2.– Kanbioa errazteko eta irteera/sarrera operazioetan trafiko-arintasuna hobetzeko, eskudirutan egiten den ordainketa adierazgarria dela kontuan izanda, Irun Barrera ordainlekuan, ibilgailu arinen tarifa 2,40 euro izango da, uztailaren 21etik irailaren 3ra biak barne.

3.– 2016. urtean zehar AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontuen planari atxikitako erabiltzaileei aplikatutako deskontuak berdin mantentzen dira.

4.– % 3,5 igotzen da 2016an aplikatu den joan-etorriko bidaiaren murrizketa gehigarria. 2017rako, 0,45 euro izango da.

5.– % 3,5 igotzen da 2016an AP-1 eta AP-8 autobideetako Gipuzkoako zatietan aplikatu beharreko deskontuetara atxikitako pertsonek hilero ordaindu beharreko zenbatekoa, dagozkion deskontuak eta beherapen gehigarriak aplikatu eta gero 2017rako, 29,43 euro izango da.

LAUGARRENA– Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea.

1.– Asistentziengatik eta ordainsari kontzeptu guztiengatik toki korporazioetako kideek jaso dezaketen zenbatekoaren gehieneko mugak ondorengo taularen araberakoak izango dira, kanpoan utzita, hala balegokio, zerbitzu berezien egoeran dauden karrerako funtzionarioek jaso ditzaketen hirurtekoak, eta kontuan izanda, besteak beste, toki entitatearen izaera eta biztanleria:

(Ikus .PDF)

2.– Lurralde historikoko hiriburuari aplikatu beharreko gehieneko muga 90.000,00 euro izango da; betiere Eusko Jaurlaritzako sailburuari dagokion ordainsaria eguneratzen den moduan eguneratuta.

3.– Dedikazio partzialei aplikatu beharreko gehieneko mugak honela kalkulatuko dira: 1. atalean aurreikusitako taularen arabera dagozkienei toki entitateak erabakitako dedikazio-ehunekoa aplikatuta.

4.– Mugak ezartzeko erreferentzia gisa erabilitako Eusko Jaurlaritzako karguen ordainsariak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean ezarritakoak izango dira.

BOSGARRENA– Kreditu gehigarriak.

1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, aurrekontuari aplikatu gabe dauden eta 2016ko abenduaren 31n «Aurrekontuari aplikatu gabeko eragiketen hartzekodunak» kontuan kontabilizatu diren betebeharrei edo horien baliokideei erantzuteko, aplikagarria den araudian xedatutako eran.

2.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, gehienez 10.000.000,00 euroraino, aplikagarria den araudian xedatutako eran.

SEIGARRENA.– Ebazpen judizialetatik eratorritako zorrak.

1.– 2017ko ekitaldian, eta salbuespen moduan, udalek epe luzeko kreditu eragiketak hitzartu ahal izango dituzte ebazpen judizial irmoetatik eratorriak diren eta toki entitateari edo horren menpekoa edo horrek partaidetua den edozein entitateri eragiten dioten zorrak ordaintzeko, entitate hori Kontuen Europako Sisteman emandako definizioari eta zedarriztapenari jarraituz herri administrazioen sektorean sailkatuta egon edo ez.

2.– Xedapen honi jarraituz zorpetze eragiketak hitzartzeko, Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren baimena beharko da aldez aurretik, eta bakar-bakarrik aurreko 1. apartatuko zorrak ordaintzera bideratuko dira.

3.– Xedapen honetara biltzen den toki entitateak plan ekonomiko-finantzario bat onartuko du. Plan horretan oraingo eta etorkizuneko zorrak ordaintzeko gaitasuna aztertuko du, eta horretarako beharrezkoa den finantza iraunkortasunerako neurriak ezartzeko konpromisoa hartuko du.

4.– Finantzatu beharreko zorren aurrekontu estaldurak kreditu aldaketako espediente bat tramitatzea eskatzen badu (kreditu gehigarriaren modalitatean), ez dira aplikatuko indarrean dagoen aurrekontu araudian jasotako informazio, erreklamazio, publizitate eta errekurtso arauak.

ZAZPIGARRENA.– Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako entitateen aldeko aurrekontu ekarpena.

2017ko ekitaldirako salbuespen moduan, Diputatuen Kontseiluak aurrekontu ekarpen bat onartu ahal izango du Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako entitateen alde, aurrekontu egonkortasunari dagokionez, betiere Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak bederatzigarren xedapen gehigarrian jasotako kasuetako batean sartuta badaude.

ZORTZIGARRENA.– GHHKPO 2002-2016 eta haren Aurrerapen Dokumentua 2008-2016 aplikatzea, zeinak 2008ko abenduaren 23ko 7/2008 Foru Arauaren bidez onartu ziren

GHHKPO 2002-2016 eta haren Aurrerapen Dokumentua 2008-2016, 2008ko abenduaren 23ko 7/2008 Foru Arauaren bidez onartu zirenak, erabat aplikatu beharrekoak izango dira bi dokumentuetan jasotako zehaztapenak eta azpiegiturak exekuzio osoa guztiz bete arte.

BEDERATZIGARRENA.– 2008ko abenduaren 23ko 7/2008 Foru Arauaren aldaketa –Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016ko Plan Orokorraren aurrerapen agiria (2008-2016) onartzen duena–

Aldatu egiten da 2008ko abenduaren 23ko 7/2008 Foru Arauko –Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016ko Plan Orokorraren aurrerapen agiria (2008-2016) onartzen duena– 5. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«1.– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari bere eskumenekoak diren eta Foru Arau honetako plangintzan jasotzen diren azpiegituren kostuaren % 33ren pareko zenbatekoan finantzatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiak.

2.– Kontsortzioari finantzatzeko % 33ko muga kalkulatzeko, Foru Arau honetan aurreikusitako azpiegituren balio osoa hartuko da kontuan.»

XEDAPEN IRAGANKORRAK

LEHENA.– Aurrekontuaren egokitzapen teknikoak.

Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egiteko, horiek beharrezkoak direnean berrantolaketa administratiboak egin direlako edo aurreko ekitaldian konprometitu bai baina gauzatu ez diren gastuak –gastu txertatu gabeak- aurrekontuari egotzi behar zaizkiolako, edo, duten helburua sarrerak eta gastuak kontabilitatean egoki egoztea denean. Behar diren aurrekontu partidak sortuko ditu horretarako.

BIGARRENA.– Saldoen arazketa.

Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio kontuetan sortutako saldoak zuzentzea eta araztea, benetan exijigarri edo egingarriak diren kredituak eta zorrak kontabilitatean jasota gera daitezen.

HIRUGARRENA.– Aurrekontua luzatzea.

2017. urteko aurrekontuaren luzapenaldian zehar, halakorik balego, aurrekontu kredituen eta haien aldaketen araubide orokorra Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauaren 78. artikuluan eta foru arau honen III. Tituluan ezarritakoa izango da.

Era berean, aurrekontuaren luzapenaldian zehar, aplikagarriak izango dira II., IV., V. eta VII. Tituluetan jasotako artikuluak, eta foru arau honetako xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik geratzen dira, foru arau hau indarrean dagoen bitartean, horren aurka doazen edo bertan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AMAIERAKO XEDAPENAK

LEHENA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Araua aldatzea.

Bat.– Aldatu egiten da 9. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

«9. artikulua. – Gipuzkoako Foru Ogasunaren prerrogatibak.

Aurreko artikuluan aipatzen diren eskubideak erabiltzeko eta obligazioak betetzeko, Gipuzkoako Foru Ogasunak estatuko Herri Ogasunari aitortzen zaizkion prerrogatiba berberak izango ditu, foru arau edo lege baten bidez espresuki kontrako xedapena ematen denean izan ezik.

Ordaintzeko dauden izaera publikoko eskubideen ordainketaren erantzule solidarioak izango dira, enbargatu edo besterendu diren ondasun edo eskubideen balioaren zenbatekoraino, 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 42.4 artikuluan jasotako zirkunstantzietako batean dauden pertsonak edo entitateak.

Kasu horretan, erantzukizunaren deklarazioa Zerga Administrazioko organo eskudunak egingo du, hura arduratzen denean lege edo hitzarmen baten bidez izaera publikoko kredituen bilketa kudeatzeaz.

Erantzukizun horren araubide juridikoa 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, eta hori garatzen duen araudiak jasotakoa da.»

Bi.– 58. artikuluaren 8. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«8.– Gastu aurrekontuan gaikuntzak egin ahal izango dira beste sarrera batzuen kargura, zerga itunduak barne, betiere sarrera aurrekontuaren exekuzioaren arabera aurreikusi badaiteke ekitaldiaren amaieran hasierako aurreikuspenak gaindituko direla, honako helburu hauetarako badira:

a) Estatuaren aldeko kupoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko ekarpena edo zerga itunduen bilketan parte hartzeagatik Gipuzkoako udalerriek jaso beharreko ekarpena ordaintzea.

b) Interesak ordaintzea, zorraren zenbateko nagusiaren amortizazioa edo zorpetzeak eragindako bestelako gastuak.

Ekitaldi bakoitzean onartzen den Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren foru arauak apartatu honetan jasota dauden kreditu gaikuntzen helburua zabaldu dezake.»

Hiru.– 59. artikuluaren 1. apartatuko e) letra f) letra izango da aurrerantzean eta oraingo e) letra honela geratzen da idatzita:

«e) Kapital eta finantza eragiketetarako erabilitako kredituak, arrazoi justifikatua dela-eta obligazioa onartzeko modurik ez bada egon.»

Lau.– Aldatu egiten da bederatzigarren xedapen gehigarria. Honela idatzita gelditzen da:

«Bederatzigarren xedapen gehigarria. Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako partzuergoak.

1.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 120. artikuluan jasotakoaren arabera Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako partzuergoak lotuta geldituko dira foru arau honetan jasotako aurrekontu, finantza, kontabilitate eta kontrol araubideari eta hori garatzeko araudiari.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako partzuergoen aurrekontuak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aurrekontu orokorraren zati dira.

3.– Dena den, Foru Aldundiari atxikita dauden baina Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 120. artikuluaren 2. puntuko a) letratik e) letrara bitartean jasotako zirkunstantzietako bat ere ez gertatzeagatik haren erabaki ahalmenari lotuta ez dauden partzuergoen aurrekontuak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aurrekontu orokorren barruan sartuko dira, Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakitzen duenaren arabera.

4.– Partzuergo horiek egiten dituzten epe luzerako zorpetze eragiketek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurretiazko baimena beharko dute, Ogasun eta Finantza Departamentuak ezarritako baldintzetan.»

BIGARRENA.– Aldatu egiten da 2013ko otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.

Aldatu egiten da 5. artikuluaren 2. apartatua. Modu honetan gelditzen da idatzita:

«2.– Hala ere, toki-erakunde batek urte askotarako inbertsio-proiektu estrategikoei egin behar badie aurre, Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendu ahal izango dio, salbuespen moduan, gehienez ere hiru urteko epean betetzea aurrekontu-egonkortasuneko helburua edo gastu-araua, toki-erakundeak egindako plan ekonomiko-finantzarioak jasotako aurreikuspenekin bat. Era berean, ezinbestekoa izango da plan ekonomiko finantzarioak hartzen duen epean urte bakoitzeko zor bizia handiagoa ez izatea kontabilitate-egoera bateratuaren arabera likidatutako edota sortutako sarrera arrunten % 70 baino.

Aurreko paragrafoan zehazten diren kasuen justifikazioa toki erakundeak prestatu beharko duen memoria batean jaso behar da. Bertan, arrazoitu egin beharko da zergatik den beharrezkoa urte askotarako inbertsio hori eta zer arrazoi dauden proiektu hori udalerriarentzat estrategikotzat jotzeko; gainera, txostenak jaso behar du plan ekonomiko-finantzarioa egiteko beharrezkoa den aurrekontu eta finantza-informazio guztia.

Era berean, zor bizia betetzen ez bada, hori lortzeko epea plan ekonomiko-finantzarioan ezarritako bideari egokituko zaio, eta inoiz ere ez du gaindituko 2020. urteko denbora muga.»

HIRUGARRENA.– Foru arauaren erregelamenduzko garapena.

Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau honetan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan, Ogasun eta Finantza Departamentuak proposatuta.

LAUGARRENA.– Aplikazio eremua.

Foru arau hau indarrean jarri ondorengo egunetik aurrera foru sektore publikoan sor daitezkeen entitateei bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.

BOSGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.


Azterketa dokumentala