Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2017ko urtarrilaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
417

16/2017 DEKRETUA, urtarrilaren 17koa, gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko Dekretua aldatzen duena.

Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak honako baliabide hauek arautzen ditu: bazterkeria-arriskua prebenitzekoak, bazterkeria pertsonala nahiz gizarte- eta lan-arloko bazterkeriako egoerak arintzekoak, eta herritarren gizarte-eskubideak benetan baliatzeko behar adina baliabide pertsonal, sozial edo ekonomikorik ez dutenen gizarteratzea erraztekoak.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak dira (GLL), hain zuzen ere, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean jasotako prestazio ekonomikoetako bat; eta, Diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta Etxebizitzatako gastuetarako prestazio osagarriarekin batera, gizarte-marjinazioko egoerak prebenitu, saihestu edo leuntzera zuzenduta daude. GLLak 44. artikuluan daude definiturik, honela: prestazio ekonomikoak dira, baina ez dira aldian-aldian emango, eta haien hartzaileak hauek izango dira: nahikoa baliabiderik ez daukatenak gizarte-bazterkeriaren egoerak prebenitzeko, saihesteko edo leuntzeko beharrezko diren gastu espezifikoei –ohikoei zein apartekoei– aurre egiteko.

18/2008 Legea garatzearren, 4/2011 Dekretua onartu zen, urtarrilaren 18koa, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzkoa. Han daude arauturik laguntzok, han dago zehazturik zein kontzeptu biltzen dituzten, eta han dago azalduta, Euskal Autonomia Erkidego osorako, jaso nahi dituenak zein baldintza bete behar dituen.

18/2008 Legeko 88.d) artikuluan aurreikusita dagoenez (azaroaren 24ko 4/2011 Legean duen idazketaz ari gara, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Legea aldatu egin baitzen haren bidez), autonomia-erkidegoko udalei dagokie halako laguntzetarako eskariak jasotzea, izapidetzea, aitortzea, ezetz erantzutea eta ordainketak egitea. GLLetarako urteko baliabide ekonomikoak Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu udalen artean, hark egiten du transferentzia, betiere GLLak arautzen dituen 4/2011 Dekretuan dakarren prozeduraren arabera.

Indarrean jarri zenez geroztik, 4/2011 Dekretuak ondo erakutsi du tresna baliozkoa eta eraginkorra dela GLLak arautzeko. Edonola ere, eskarmentuak erakutsi digu legean badirela gauza batzuk aldatu beharrekoak, bi helburuok lortuko baditugu: alde batetik, neurri batzuk hartu behar dira laguntza hobeto banatzeko, bai baitira behar bezala bete gabeko txirotasun-modu berriak, gizarte-eskari bat dakartenak, erantzun beharrekoa, eta, gainera, laguntzetarako irispidea egokitzeko aukera egon behar du laguntzen egokitasunaz egiten den balorazio profesionalaren arabera; eta, bestetik, toki-erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren artean dirua transferitzeko eta informazioa bidaltzeko prozedura arrazoi legez antolatu behar da, GLLen kudeaketak ez dezan administrazio-lan handiagorik ekarri eta administrazio eskudunek ez dezaten funtzionamendua aldatu beharrik izan.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak esparru juridiko propioa ematen die euskal udalerriei, eta, haren bidez, segurtasun juridikoa eta eskumenak argitzea. Lege horrek, gainera, autogobernurako aukera ematen die, bai eta haien helburu nagusia betetzekoa ere, hau da herritarren eskaerei erantzutea. Hain zuzen, legeek edo foru-arauek udalerriei eman diezazkieketen eskumen propioen artean, aipatu legearen 17. artikuluan honako hauek jasotzen dira: diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen arloa antolatzea, programatzea eta kudeatzea. Halaber, kontuan hartu behar da lege horren zortzigarren xedapen iragankorrak beharrezkotzat jotzen duela Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko euskal sistema berrikustea, eta konpentsazio-mekanismo bat ezartzen du aldi baterako, zenbateko gehigarriak emateko udalerriei, baldin eta Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren gizarte larrialdietarako laguntzen hasierako esleipenak baliabide gehiagorekin osatzen badituzte.

Bestalde, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortzen du, eta, ordezko aukera modura, laguntza ekonomiko batzuk ezartzeko bidea ere zabaltzen du eskubide subjektibo hori asetzeko. Momentu honetan, Etxebizitzatarako Laguntza Ekonomiko berria garatzen duen dekretu-proiektua ari da tramitatzen. Haren erregelamendu-xedapenak indarrean sartzen direnean, eta betiere abenduaren 23ko 9/2015 Legearekin bat etorriz –lege horretan onartzen baitira EAEko 2016ko aurrekontu orokorrak–, ez da jada Etxebizitzatarako Laguntza Osagarri berririk aitortuko. Hori dela-eta, dekretu-proiektu horrekin bat eginik, GLLen eta bihar-etziko Etxebizitzarako Laguntza Ekonomikoaren arteko bateragarritasuna ere arautu beharra dago, etortzekoa baita laguntza berri hori, etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboa ase beharrez (4. artikuluko 3. paragrafoa).

Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak, 2015eko azaroaren 24ko bileran, dekretuan aldaketa batzuk egiteko proposatu zuen, laguntzen kudeaketa eraginkorra hobetzen dutenak, GLLak osorik arautzeko beste dekretu baten beharrik izan gabe. Aldaketa horiek proposatu zituzten honako hauek aintzat hartuta: batetik, 4/2011 Dekretuaren egokitzapena zela-eta Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak egin zuen legez besteko 23/2015 Proposamena, 2015eko martxoaren 5ekoa; eta, bestetik, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ekonomiako/arauketako txostenak; hain zuzen, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak urtero egiten duen aginduarekin bat etorriz, zeinaren bidez zehazten baita gehienez ere zenbat diru egongo den GLL barruko gastu bakoitzerako, laguntza horiek emateko onartutako kredituen banaketa eta EAEko lurralde historiko eta udal bakoitzari dagokion aurrekontu-muga.

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuraren legez besteko 23/2015 Proposamen horrek, zehatz-mehatz, honela dio: «Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, kontuan hartuta Jaurlaritzak berak eta gizarte-erakundeek eginiko txostenak, zeinean agerian uzten baitira pobrezia eta gizarte-bazterketa eragiten duten estaldurarik gabeko errealitate eta behar berriak, behar diren urratsak egin ditzala 2015eko urte honetan 4/2001 Dekretua aldatzeko, gizarte-larrialdietarako laguntzak eskuratzea izan dezaten likideziarik ez daukaten pertsonek gizarte-bazterketako egoerak, eta estaldurarik gabeko pobrezia-egoera berriak, aurreikusten edo arintzen dituzten berariazko gastuei erantzuteko.»

Eta asetu gabeko premien artean, Legebiltzarreko bilkurak berak aipatu ditu, berariaz aipatu ere, txirotasun energetikoko egoerak. Horra hor zergatik garatzen den 3. artikuluko berariazko gastuen kontzeptua, hain zuzen ere energia-gastuetarako berariazko kontzeptu bat sortzeko, eta, hartara, GLLetan erantzuna emateko. Hala, a) letran, «ohiko etxebizitza edo bizilekua eduki eta mantendu ahal izateko beharrezkoak diren gastuei» buruz ari den horretan, 3) paragrafoan, bada berariazko gastu bat energia-gastuetarako. Han, bilduta daude elektrizitate-, gas- edo etxerako beste erregai-horniketa batzuetarako gastuak. Eta 3) paragrafo horretan datozen gainerako gastuak –«ur-, estolderia- eta zabor-gastuak, baita ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak ere, ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan»– 4) paragrafoan daude bilduta. a) letran bertan, 6) paragrafoa sortzen da, zeinak etxebizitzarekin loturiko beste gastu batzuk hartzen duen kontuan, esate baterako: jabekideen erkidegoko kuota eta etxebizitzaren segurtasunarekin lotutako gastuak (etxeko asegurua edo eraikinaren ikuskapen teknikoa).

5. artikuluko 2. paragrafoan, berriz (onuradunei buruzkoa da), jartzen du babes ofizialeko etxebizitza bat alokairuan edo jabetzan dutenek -eta berdin dio nork sustatu duen: Eusko Jaurlaritzak, beste herri-administrazio batzuek, edo Eusko Jaurlaritzaren menpeko beste erakunde batzuek- aurrerantzean ezingo dutela laguntzarik eskatu alokairuko gastuak ordaintzeko edo ohiko etxebizitza edo bizitokia eskuratzearren hitzartutako kredituen interes- edo amortizazio-gastuak ordaintzeko. Baina pentsatu da pretzeptu horretan bertan tarte bat bai utzi beharra zegoela, salbuespen modura, alokairua edo hipoteka ordaintzeko eskura ahal izan daitezen GLLak; hori bai, udalerri bakoitzeko oinarriko gizarte-zerbitzuek ondo iritzi beharko diote, eta, gainera, egiaztagiri gisara, eskabide-espedienteari txosten soziala erantsi beharko zaio. Era berean, etxebizitza bat jabetzan edo usufruktuan edukita beste etxebizitza baten alokairu-gastuei aurre egiten laguntzeko aukerari dagokionez, desgaitasun-egoerak jasotzen dira, berariaz, salbuespen-kasu gisa.

«Txirotasun-egoera berrietan», bada orain arte gizarte-laguntzen beharrik izan ez eta, krisi ekonomikoa dela-eta, ustekabeko arazoak dauzkanik hipoteka ordaintzeko. Horregatik, 12. artikuluko c) paragrafoko mugaketa aldatzen da, eta handitzen da hamabi hilabetetik bost urtera gizarte-larrialdietako laguntzak jasotzeko gehieneko epea ohiko etxebizitza edo bizitokia eskuratzeko hitzarturiko kredituen interes- edo amortizazio-gastuak ordaintzeko.

Baliabideak eta ondarea zehazteaz den bezainbatean, 4/2011 Dekretuko 13. artikuluak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko Dekretuko III. kapituluko 2., 3. eta 4. ataletara igortzen gaitu (147/2010 Dekretua, maiatzaren 25ekoa). Diru-sarrera zenbatezinak, berriz, 147/2010 Dekretuko 21. artikuluan daude arauturik. Lanerako Diru-sarrerak Osatzeko Errentaren kasuan, gainera, abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 20. eta 53. artikuluen arabera, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko baldin bada, enplegurako pizgarriak indartzearren, eskura dauden baliabideen zenbaketatik kanpo geratuko dira eskatzaileari edo haren bizikidetza-unitateko beste pertsona batzuei dagokien norberaren edo besteren konturako lanetik eratorritako diru-sarreren portzentaje jakin batzuk, eta pizgarri hori aldi baterakoa izango dela adierazten du, gehienez ere hogeita lau hilabetekoa, beste hamabi hilabetez luzatu ahal izango bada ere, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariazko irizpen bidez ondo irizten badio. Zentzu horretan, halaber, dekretuaren garapen-aginduan zehaztuko da enplegurako pizgarri modura zein ehuneko utzi behar den zenbaketatik kanpora. GLLen kasuan, gaur egungo egoeran, enplegurako pizgarriari denborazko muga bat jarriz gero, kalte larriak eragingo genizkioke lan-merkatuan jarraitzea lortzen duen orori, baita soldata meharra izanda ere, eta are eta gehiago gizenduko genituzke, gainera, Legebiltzarreko bilkurak aipatu dituen txirotasun-modu berriak. Horregatik, 13. artikuluari bigarren paragrafo bat erantsiz, baliabideak zehazteko orduan enplegurako pizgarriaren kalkuluari bere horretan eusteko aukera eman dugu berariaz, harik eta, dekretua garatzeko agindu bidez, pizgarrien denborazko muga zehazten den arte.

Eta 13. artikulu horrek beste paragrafo baten beharra ere badu, argituko duena Etxebizitzarako Prestazio Osagarria diru-sarrera konputagarritzat hartu beharra dagoen. Esana dugu 4/2011 Dekretuak irakurlea 147/2010 Dekretura igortzen duela. Bada, horregatik, erakunde kudeatzaile batzuek ulertzen dute prestazio hori «arriskuan den jendea gizarteratzeko laguntza bat dela, xede horretatik banaezina», eta, hortaz, ezin dela zenbatu 147/2010 Dekretuko 21. artikuluan jarrita dagoen bezala. Baina prestazio hori –izenak berak dioen moduan– Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren osagarri bat da, eta, hortaz, diru-sarrera konputagarria ere bada. Horren ondorioz, hirugarren paragrafo berri horretan, etekin konputagarritzat joko dira Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako gainerako prestazioetatik datozenak ere, bai Diru-sarrerak Bermatzeko Errentatik datozenak, bai Etxebizitzarako Prestazio Osagarritik datozenak, bai eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko berritik datozenak ere.

Laguntza ekonomikoetara iristeko baldintzak arautzeko orduan, garrantzi handiagoa eman behar zaio oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalek preskripzio teknikoan kasuan kasu egiten duten balorazioari, laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzeak ez baitu beti esan nahi hori dela, derrigor, bazterketa-egoera batzuei erantzuna emateko modurik egokiena. Berez konplexua izanik, oso, eskabide guztiei erantzutea, funtsezkoa da profesionalen zereginari indar handiagoa ematea. Izan ere, funtsezkoa da haien partaidetzari garrantzi handiagoa ematea, arazoari aterabidea emateko lehentasunak GLLen egokitasunean oinarritzen baditugu. Zehazki, badira inguruabarrak edo aurrekariak, adierazten dutenak arriskua badagoela laguntzaren erabilera desegokia egiteko, premia-egoera arindu beharrean. Esandakoa kontuan hartuta, aurrerantzean, arau-testuaren 2. eta 21. artikuluen arabera, toki-erakundearen organo eskudunak ukatu ahal izango ditu prestazio ekonomikoak, baldin eta eskatzaileak haien premiarik ez badauka, oinarriko gizarte-zerbitzuen balorazio profesionala aintzat harturik, betiere.

Bestalde, baziren beste bi gauza ere errebisatu beharrekoak, alegia, erakunde kudeatzaileetarako eskatzen diren antolaketako eta funtzionamenduko baldintzak; eta udalei dirua transferitzeko prozedura eta haiek gastuen datuak eta agiriak bidal ditzaten prozedura. Bada, GLLei buruzko arauan egin ditugun beste aldaketa batzuk horretarako egin ditugu. Izan ere, 4/2011 Dekretuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak transferitzen dituen baliabide ekonomikoak udalen eskuetara iristen dira, eta udalek, atzera, ordainketa egiaztatzeko informazioa eta agiriak bidali beharko dituzte; baina, benetan, udalerri batzuk mankomunitatetan daude antolaturik gizarte-zerbitzu guztiak kudeatzeko, baita GLLak kudeatzeko ere. Zehatz-mehatz mankomunitate hauek daude antolatuta: Arratia, Busturialdea, Durango, Enkarterri, Lea Artibai, Lea Ibarra, Mungialdea, Txorierri, Uribe Kosta, Aiztondo, Saiaz, Uli eta Bideberri. Eta, 18/2008 Legearen 89. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, gainera, Arabako Lurralde Historikoaren udalerriek –Vitoria-Gasteiz izan ezik– GLLen kudeaketa ekonomikoa Arabako Foru Aldundiaren esku utzi dute, berariaz. Hau da, hainbat udalerrik kudeaketa-lanak udala baino goragoko beste toki-erakunde batzuen esku utzi dituzte, edo lan hori foru-aldundiari eskuordetu diote. Kudeaketa horren abantaila nagusia da baliabideak ahalik eta ondoen erabili ahal izatea da, dirua, langileak edo administrazio-baliabideak; ez da komeni, beraz, udal horiek guztiak barrutik eta kanpotik berrantolatzera behartzea, zertarako eta GLLak kudeatzeko soilik. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak berak indartzen du udalerrien autoantolaketarako ahalmena; izan ere, haren bidez, beren kabuz ezarriko dituzte antolaketa eta egitura administratiboak eta instrumentalak, beren eskumenak gauzatzeko beharrezkoak direnak. Era berean, autoantolaketarako ahalmen hori proiektatzen da zerbitzuak batera emateko formula asoziatiboak adosteko eskubidean, mankomunitate eta partzuergoen bidez. Hori guztia, foru-organo eskudunen laguntza teknikoa eragotzi gabe, dagokion lurralde historikoko udalerriek beren udal-eskumenak gauzatuko dituztela bermatzeko. Horregatik guztiagatik, bigarren xedapen gehigarri bat idatzi dugu, eta, han, aurreikusi dugu udalaz gaindiko erakunde kudeatzaileek ere parte hartu dezaketela, eta, udalek kudeaketa partekatzea erabaki badute dela mankomunitateak osatuz edo dela prestazioak aldundiari eskuordetuz, laguntzak, zuzenean, GLLak kudeatzen dituzten mankomunitateei edo foru-aldundiei ordain dakizkiekeela.

32. artikuluan, ahaleginak egin dira dirua transferitzeko prozedura errazten. Hirugarren paragrafoa kendu da, eta, hortaz, kendu da, orobat, urte bakoitzerako aurreikusitako kopuruen banaketa-irizpideak berraztertzeko aukera, hau da, udal bakoitzari denbora-tarte horretarako atxikitzen zaizkion irizpideak doitzeko aukera; bestela, urtean erabiltzeko aurrekontu-mugak berritzea erabakitzen bada, erakunde kudeatzaileentzat nekezagoa delako egin beharreko aurreikuspenak egitea, –11. artikuluan jartzen duen moduan– «eskari-egile guztiei maila eta neurri berean erantzun behar dietenez». Azken batean, udalaren kudeaketa larri konplikatuko luke; udal bakoitzak funtsean lehentasunen eta minorazioen gaineko erabakiak hartzen jarduten duelako, onartu zaion asignazioaren arabera. Irizpideetan eta kredituetan edozein aldaketa eginez gero, momentu horretara arte kudeatutako espediente ia guzti-guztiak berraztertu eta, behar izanez gero, aldatu beharko lirateke. Indarrean den laugarren paragrafoan, hauxe zehazten da: udal bakoitzari esleitutako kopuruak hiru hilean behin transferituko dira, aurreko hiruhilekoan emandako laguntzen informazioa derrigor aurretiaz bidali beharrik gabe, edo horren mende egon gabe. Laugarren paragrafoko bigarren puntua mantentzeak, berriz, dagoeneko zentzurik ez du, behin hirugarren paragrafoa ezabatu ondoren.

Datu eta agiri egiaztatzaileak bidaltzeko epeari dagokionez, orain arte, hiru hileroko dena delako ordainketa bidali eta hurrengo hamabost egunetan igorri beharra zegoen informazioa; baina, 33. artikuluan adierazten denez, hemendik aurrera, hiruhileko bakoitzeko lehen hileko estreinako hamabostaldian egin beharko da –hurrengo ekitaldiko apirila, uztaila, urria eta otsailaren amaiera–. Eta egindako gastua nola egiaztatu behar den ere zehazten da, erantsi dugun hirugarren paragrafo batean. Udaleko gizarte-zerbitzuen arduradunek egiaztatu beharko dute egindako hiruhileko gastua, nahikoa izango da hori; baina, egindako gastuaren urteko behin betiko egiaztapena, ordea, dena delako fede-emaile publikoak sinatu beharko du, hau da, udaleko kontu-hartzaileak.

Azkenik, azken xedapenetatik lehenengoan aurreikusitako araubide osagarriaren arauzko erreferentzia eguneratu da eta eskabide-eredu normalizatua aldatu da (dekretuari erantsita dago). Izan ere, bi urtez behin auditoria bat egiten da, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa betetzen ote den jakiteko; hortaz, aukera hau baliatu da, auditorian ikusitako neurri zuzentzaileak aplikatzeko.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2017ko urtarrilaren 17ean eginiko bilkuran proposamena aztertuta eta onartuta, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Dekretuko 2. artikuluari hirugarren paragrafoa bat eransten zaio:

«3.– Era berean, gizarte-zerbitzuen balorazioaren arabera erabakiko da ematea edo ez, dekretu honetako 10. artikuluko 1.c paragrafoan eta 21. artikuluko 1. paragrafoan zehazten den bezala».

Bigarren artikulua.– 3. artikulua beste era batera idatzita geratzen da:

«3. artikulua.– Gastu espezifikoak.

Aurreko artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, honako gastu hauek hartuko dira gastu espezifikotzat –ohiko nahiz aparteko gastutzat–, gizarte-bazterkeriaren egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko gastutzat, besteak beste:

a) Ohiko etxebizitza edo bizitokia eduki eta mantendu ahal izateko beharrezkoak diren gastuak, honako hauek barne:

1) Alokairu-gastuak.

2) Gizarte-larrialdian egon aurretik etxebizitza edo bizitokia erostearen ondorioz hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak.

3) Energia-gastuak, elektrizitate-, gas- edo etxerako beste erregai-horniketa batzuek eraginak.

4) Ura, estolderia eta zaborretarako gastuak, bai eta ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak ere, ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan.

5) Etxebizitzaren edo ohiko bizitokiaren bizigarritasunerako eta oinarrizko ekipamendurako beharrezko gastuak. Honako hauek hartzen dira mota horretako gastutzat:

Altzari-gastuak.

"Linea zuria" deituriko etxetresna elektrikoen gastuak.

Etxebizitza egokitzeko edo konpontzeko gastuak.

Etxebizitzan oinarrizko instalazioak egiteko gastuak.

6) Jabekideen erkidegoaren kuotatik eratorritako gastuak, bai eta etxebizitzaren segurtasunarekin lotutakoak ere.

b) Bizikidetza-unitateko kide batek edo gehiagok dituzten oinarrizko premiei buruzko gastuak, esate baterako: jantziak, hezkuntza eta prestakuntzakoak eta osasun-arretakoak, betiere sistema publikoek gastu horiek estaltzen ez badituzte.

c) Aurretiaz egindako zorpetze-gastuak, a) eta b) letretan aipatutako gastu-kontzepturen batean sortuak, edo bizitzaren oinarrizko beste premia batzuei aurre egiteko gastuetarako.

Hirugarren artikulua.– 4. artikuluko 3. paragrafoa beste era batera idatzita geratzen da:

«3.– Alokairuko gastuak ordaintzeko aurreikusita dauden gizarte-larrialdiko laguntzak ezin dira bateratu ez diru-sarrerak bermatzeko errentaren modalitate bakar batekin, ez eta Etxebizitzaren Legean jasota dagoen eskubide subjektiboa asetzeko etxebizitzatarako diru-laguntzarekin ere; ekainaren 18ko 3/2015 Lege horretan, etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboa baitago jasota.

Halaber, ez dira bateragarriak izango Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriarekin Dekretu honetako 3. artikuluaren a) letran aipatzen diren gastuak, hots, etxebizitzaren gastuak ordaintzera bideratutako gizarte-larrialdietarako laguntzak.

Laugarren artikulua.– 5. artikuluko 2. paragrafoa beste era batera idatzita geratzen da:

«2.– Ezin izango dituzte baliatu alokairu-gastuak edo ohiko etxebizitza edo bizilekua erosteko hartutako kredituen interesetatik edo amortizaziotik eratorritako gastuak ordaintzera bideratutako gizarte-larrialdietarako laguntzak, eskatzaileak edo haien bizikidetza-unitateko beste edozein kide honako egoera hauetakoren batean baldin badago:

a) Etxebizitza bat alokairuan edo jabetzan du, eta, eskabidea egitean indarrean dagoen legediaren arabera, etxebizitza hori babes publikoko etxebizitza-motaren batekoa da, Eusko Jaurlaritzak, beste administrazio publiko batzuek edo administrazioaren mendeko entitateek sustatua. Egon daiteke salbuespenik, baina dena delako udalerriko oinarriko gizarte-zerbitzuek esan beharko dute salbuespena dela, eta, egiaztatzeko, eskabide-espedienteari txosten soziala erantsi beharko zaio.

b) Etxebizitza bat jabetzan edo usufruktuan du eta gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatu ditu beste etxebizitza baten alokairu-gastuei aurre egiteko, azken hori haren ohiko bizitokia izanda ere, salbu eta banantzeagatik edo dibortzioagatik eta beste arrazoi batzuengatik, hala nola utzarazpena, beren ohiko bizilekua utzi behar izan duten edo etxeko indarkeriaren biktima diren pertsonak badira, besteak beste.»

Laugarren artikulua.– 12. artikuluko c letra beste era batera idatzita geratzen da:

«c) Laguntzak etxebizitza edo ohiko bizitokia erosteko eskatu diren kredituen interesetatik eta amortizaziotik eratorritako gastuak ordaintzeko direnean, kontzeptu horretarako gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko gehieneko denboraldia ez da bost urtetik gorakoa izango bizikidetza-unitatea dagoen denboraldi osoan edo etxebizitza beraren edo ohiko alojamenduaren gainean eskatutako kreditua ordaintzeko.

c) letra honetan ezarritako muga ez zaie aplikatuko zahartzaroko pentsioen titularrei.»

Seigarren artikulua.– 13. artikulua beste era batera idatzi da:

«13. artikulua.– Baliabideak eta ondarea zehaztea.

1.– Eskatzailearen, bere bizikidetza-unitateko gainerako kideen, eta, hala badagokio, 5.1.e) artikuluan aurreikusitako prestazioen onuradun izan daitezkeen gainerako pertsonen hileko baliabideak zehazteko, diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko maiatzaren 25eko 47/2010 Dekretuaren III. kapituluaren 2., 3. eta 4. ataletan aurreikusitakoa aplikatuko da, artikulu honetan aurreikusitako salbuespenak salbu.

2.– Enplegurako pizgarriak indartze aldera, eskatzailearen edo haren bizikidetza-unitateko beste kide batzuen norberaren konturako edo besteren konturako diru-sarreren portzentaje jakin batzuk ez dira zenbatuko baliabide erabilgarri modura. Enplegurako pizgarri gisako konpututik kanpo utzi beharreko diru-sarreren portzentajea eta denbora-muga zehazteko, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez ezartzen dituen irizpideei jarraituko zaie.

3.– Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako laguntzetatik datozen gainerako etekinak sarrera modura zenbatuko dira; alegia, hiru iturri hauetako edozeinetatik datozenak: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentatik, Etxebizitza-gastuetarako Laguntza Osagarritik eta etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboa betetzeko ematen den Etxebizitzatarako Laguntza Ekonomikotik.

4.– Hilabeteko baliabideak aurreko paragrafoetan jartzen duen moduan zehaztu ondoren, urteko baliabideak edo dagokion denbora-tarterako baliabideak zehaztu nahi badira –laguntza gastu jakin baterako eskatuko baitzen, eta gastu hori denbora-tarte batean egitekoa izango baita–, biderketa bat egin beharko da: hilabeteko baliabide horiek bider aipatutako gastuak zenbat hilabetetarako diren.»

Zazpigarren artikulua.– 21. artikuluko 1. paragrafoa beste era batera idatzita geratzen da:

«Gizarte-larrialdietarako laguntzak eman aurretik, erreferentziazko oinarrizko gizarte-zerbitzuak kasu guztietan egiaztatu beharko du benetako premia-egoera dagoela eta laguntza horiek egokiak direla egoera horri aurre egiteko; era berean, helburu horretarako kreditua ezarrita dagoela ere egiaztatu beharko da. Laguntzak ematea premia-egoerari aurre egiteko desegokia dela baloratzeko, kontuan hartuko da, bereziki, inguruabarrak edo aurrekariak egotea, adierazten dutenak arriskua dagoela laguntzon erabilera okerra edo xedearekin bat ez datorrena egiteko.»

Zortzigarren artikulua.– 32. artikulua beste era batera idatzi geratzen da:

«32. artikulua.– Kopuruak udaletara transferitzeko prozedura.

1.– Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak aztertu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko dagoen dirua erkidego barruko lurralde historikoen eta udalerrien artean nola banatuko diren zehazteko irizpideak gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan Eusko Jaurlaritzaren Sailak zehaztuko ditu urtero, eta beharren adierazleei begira zehaztu beharko ditu batez ere.

2.– Erreferentziako irizpideen aplikazioari jarraituz, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena duen sailak udal bakoitzari dagokion gehieneko aurrekontua finkatuko du, horren guztiaren berri emanez EHAAn urtero argitaratuko den aginduaren bitartez.

3.– Erreferentziako irizpideen aplikazioa oinarri harturik, udal bakoitzari zein aurrekontu-muga dagokion zehaztu ondoren, Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak kopuruok transferituko dizkio udal bakoitzari. Transferentziak hiru hilean behin egingo dira.

4.– Eusko Jaurlaritzan aurrekontu-ekitaldia ixten denean, udal bakoitzari dagozkion kopuru guztiak erregulatu beharko dira behin betiko, aurrekontu-ekitaldi horretan laguntzak emateko benetan hartutako ebazpenetan oinarrituta, eta kontuan hartuz, horretarako, udalek dekretu honetako 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz bidalitako dokumentazioa.

5.– / Prestazioak ordaintzeko erabili gabeko soberakinak atzera Euskadiko Ogasun Nagusiari itzuli beharko dizkiote udalek.

Bederatzigarren artikulua.– 33. artikulua beste era batera idatzita geratzen da:

33. artikulua.– Datuak eta justifikazio-dokumentuak bidaltzea.

1.– Udalek, hiruhileko bakoitzeko lehen hilean –apirila, uztaila, urria– lehen hamabostaldian hain zuzen ere, aurreko hiruhilekoan emandako prestazioei dagokien informazioa hartu, gastua justifikatzeko dokumentuak hartu, eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko dituzte, diru-sarrerak bermatzen eta gizarteratzen jarduteko eskumena duen sailera. Azken hiruhilekoaren epea hurrengo ekitaldiko otsaileko azken egunean bukatuko da.

Informazio horretan gauza hauek denak zehaztu behar dira, aurreko hiruhilekoari dagokionez: titularraren eta haren bizikidetza-unitateko gainerako kideen datu pertsonalak; haien baliabide ekonomikoen eta ondare-ondasunen datuak, eta emandako laguntzen zenbatekoak eta kontzeptuak, laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenetan begiratuta. Era berean, egin behar ez zen kobrantza edo ordainketarik egin bada, itzultzeko prozedurak zenbat dirutakoak diren ere zehaztu beharko da.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako datuen igorpena Gizarte Zerbitzuei buruzko Informaziorako Euskal Sistemaren bitartez egingo da, dagokion gastu-kalkuluarekin.

3.– Hiruhileko natural bakoitzean egindako gastua egiaztatzeko, nahikoa izango da udaleko gizarte-zerbitzuetako arduradunak sinatutako justifikazioa. Urteko gastua, ordea, erakunde bakoitzeko fede-emaileak egiaztatu beharko du, derrigor.

Hamargarren artikulua.– Bigarren xedapen gehigarria eransten da:

«Bigarrena.– Egotzitako kopuruak udalaz gaindiko erakundeei transferitzea zuzenean.

Udal batzuek foru-aldundira jotzen dute edo kudeaketa-lanak batera egiteko formulak erabiltzen dituzte –partzuergoak, mankomunitateak edo beste batzuk–, eskabideak jasotzeko eta izapidetzeko, GLLak aitortzeko eta ukatzeko, eta, hala egin behar denetan, laguntzok ordaintzeko. Bada, halakoetan, udal bakoitzari egotzitako kopuruak Eusko Jaurlaritzak erakunde udalaz gaindiko horietara transferituko ditu.»

Hamaikagarren artikulua.– Azken xedapenetatik lehenengoa beste era batera idatzita geratzen da:

«Lehenengoa.– Prozedura-arauak.

Dekretu honetan aurreikusten ez diren kontuetarako honako hauek aplikatuko dira:

Administrazio-prozeduraren arloan, urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Diru-laguntzen araubidearen arloan, diru-laguntzei eta laguntzei buruzko araudi orokorra.»

Hamabigarren artikulua.– Azken xedapenetatik bigarrena beste era batera idatzita geratzen da:

«Bigarrena.– Erregelamendu bidezko garapena.

Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratze-lanak egiteko eskumena duen saileko buruari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko hartu beharreko xedapenak hartzeko, eta dekretu honetan ezarritako eskabide-eredu normalizatua aldatzeko.»

Hamahirugarren xedapena.– Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko eredu normalizatua daukan eranskina aldatzen da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko urtarrilaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala