Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2017ko urtarrilaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
161

4/2016 FORU ARAUA, 2016ko azaroaren 14koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzekoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela 2016ko azaroaren 14ko 4/2016 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzekoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadila agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2016ko azaroaren 14a.

Diputatu nagusia,

Markel Olano Arrese.

HITZAURREA

2015eko urriaren 3an, indarrean jarri zen ekainaren 25eko 5/2015 Legea, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa. Autonomia Estatutuak 10. artikuluko 5. apartatuan aitortzen dizkion eskumenak erabilita onartu zuen Eusko Legebiltzarrak lege hori, bertan ezartzen baita Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eskumen beregaina dela Euskal Herria osatzen duten herrialde historikoen Zuzenbide Zibila, Forala eta berezia, idatzizkoa zein ohiturazkoa, artatu, aldatu eta garatzea, bai eta hura indarrean izango den lurralde eremua finkatzea ere.

Lege horren aurrekaria uztailaren 1eko 3/1992 Legea da, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzkoa, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren kasuan, azaroaren 26ko 3/1999 Legea, Euskal Herriko Zuzenbide Zibilari buruzko Legea Gipuzkoako Foru Zibilari dagokionez aldatzen duena.

Begi-bistakoa da Zuzenbide Zibilak inplikazio nabarmenak dituela Tributuen Zuzenbidean, eta, horrela, Euskal Zuzenbide Zibilaren legeak berak hirugarren xedapen gehigarrian dio lurralde historikoetako foru organoek, emanda dauzkaten eskumenak baliatuta, beren zerga arauak egokitu behar dituztela lege honetan erregulatutako instituzioetara.

Bestalde, Ekonomia Itunak xedatzen du lurralde historikoetako erakunde eskudunek ahalmena dutela beren zerga araubidea nork bere lurraldean mantendu, ezarri eta arautzeko.

Horregatik guztiagatik, eta 5/2015 Legean ezarritakoa betetze aldera, foru arau honen bitartez beharrezko aldaketak sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Herriko Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara egokitzeko, eta fiskalitatearen alorrean ere behar den segurtasun juridikoa emateko.

Gainera, nabarmendu behar da foru arau honek Gipuzkoan arautzen dituela aurreneko aldiz «testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziaren» berezitasun tributarioak; bere konfigurazioan berezia den figura hori ez da ageri Kode Zibilaren sisteman, baina aparteko eragina du bai oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, eta bai aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergan.

Bi titulu ditu foru arauak: «Zerga arauen egokitzapena», eta «Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzien zerga araubidea».

I. tituluak –Arauen egokitzapena– aldaketak sartzen ditu oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergan, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan, eta udal zergetan, eta denak behar-beharrezkoak dira gure zerga sistema euskal legeria zibil berrira egokitzeko.

II. tituluak –Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzien zerga araubidea– ezartzen du nola zergapetu behar diren herentzia horiek bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta bai aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergan.

Bestalde, II. tituluan ere ezartzen da testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziek atxikitzeko obligazioa izango dutela zerga araudiak finkatzen dituen kasuetan, betebehar formal eta material batzuen inguruko xedapen komunak ematen dira, eta bertan artikulu bat jasotzen da ondare sozietateen araubideari buruz.

Azkenik, foru arau honek bi xedapen ditu bukaeran: indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.

I. TITULUA
ZERGA ARAUEN EGOKITZAPENA
I. KAPITULUA. OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGA

1. artikulua.– Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga aldatzea,

Aldaketa hauek sartzen dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauan:

Bat.– 19. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Etxebizitzaren jabari osoa, gozamena, jabetza soila, azalera eskubidea edo erabiltze eta biztantze eskubidea kosturik gabe eskuratzen bada «inter vivos» edo «mortis causa» dela medio, eta eskualdaketa egin aurreko bi urteetan eskuratzailea eskualdatzailearekin batera bizi izan bada, eskurapen horrek 100eko 95eko murrizketa izango du zerga-oinarrian, 220.000 euroko mugarekin.

Bizikidetzaren beharkizuna frogatzeko, errolda agiria eta epe horretan elkarrekin etenik gabe bizi izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira, betiere zuzenbidean onartutako beste edozein frogabide erabiltzea eragotzi gabe.»

Bi.– 23. artikulua honela geratzen da idatzita:

«23. artikulua.– Sortzapena.

1.– Mortis causa eskurapenetan eta bizitza-aseguruetan, zerga sortuko da kausatzailea edo aseguratua hiltzen den egunean edo, bestela, absentearen heriotza-adierazpenak Kode Zibilaren 196. artikuluak aurreikusten duen irmotasuna hartzen duenean.

Testamentu-ahalorde bidez gauzatzen diren herentzietan, ahalordea modu ezeztaezinez erabiltzen denean edo hura azkentzeko arrazoietako bat gertatzen denean sortuko da zerga.

Eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza-itunen kasuan, izendatzailea bizirik dagoela sortuko da zerga, eskualdaketa egiten denean.

2.– Inter vivos egiten diren doako eskualdaketetan, kontratua gertatzen edo egiten den egunean sortuko da zerga.

3.– Ondasunen eskurapen batek etenda badu eraginkortasuna tartean baldintza bat, epemuga bat, fideikomiso bat edo beste edozein muga ezarri delako, mugapen horiek desagertzen diren egunean gauzatutzat joko da eskurapena.»

Hiru.– 25. bis artikulua gehitzen da, testu honekin:

«25.– bis artikulua. Gozamena testamentu-ahalordearen menpeko herentzietan.

1.– Testamentu-ahalordean, ahalordea erabiltzen ez den bitartean pertsona jakin bati ematen bazaio herentziako ondasunez gozatzeko eskubidea, gozamen horren bi autolikidazio egingo dira, gozamendunak kausatzailearekin duen ahaidetasuna kontuan hartuta: behin-behineko autolikidazio bat, sortzapena oinordetza hastean izan duena eta biziarteko gozamenaren arauen arabera egin behar dena, eta behin betiko autolikidazio bat, testamentu-ahalordea erabiltzen denean egingo dena, aldi baterako gozamenaren arauen arabera, kausatzailearen heriotzatik igarotako denboragatik. Behin-behineko autolikidazioagatik ordaindutakoa kontura egindako sarreratzat hartuko da, eta diferentzia gozamendunari itzuliko zaio, haren aldekoa gertatzen bada.

2.– Testamentu-ahalordea erabiltzeko epea zehaztuta badago, behin-behineko likidazioa egiteko aldi baterako gozamenaren arauak aplikatuko dira, ahalordea erabiltzeko ezarrita dagoen gehieneko epeagatik.

3.– Aldi baterako gozamenaren behin betiko likidazioa testamentu-ahalordea erabiltzeagatik edo hura azkentzeko beste arrazoiengatik oinordeko gertatzen direnen likidazioa egitearekin batera aurkeztuko da, kausatzailea hiltzean ondasunek duten balioa kontuan hartuta.»

Lau.– 25. ter artikulua gehitzen da, testu honekin:

«25. ter artikulua. Testamentu-ahalordea erabiltzea.

1.– Gertatzen bada komisario alargunak, ahalordea erabiltzean, komisarioaren eta kausatzailearen ondorengo komun bati adjudikatzen diola ezkontza osteko erkidegoaren ondasun jakin bat, herentzia banatu eta likidatu gabe, orduan alargunari dagokion erdia dohaintza modura likidatuko da, eta kausatzaileari dagokion beste erdia oinordetza modura.

2.– Testamentu-ahalordearen menpeko oinordetzetan, bi likidazio egin behar dira, hala dagokionean: bata, kausatzailea hil eta berehala, ahalordeak ukitzen ez duen herentziaren zenbatekoagatik, eta, bestea, ahalordea modu ezeztaezinean erabili edo hura azkentzeko gainerako arrazoietako bat gertatu ondoren, ahalordeak ukitzen duen herentziaren zenbatekoagatik.

3.– Testamentu-ahalordea erabiltzen den guztietan, oinordeko berberari dagozkion eskurapen guztiak metatu egingo dira, bai zerga likidatzeko eta bai foru arau honetan zerga-oinarrirako aurreikusten diren murriztapenak aplikatzeko. Gainera, metatutako likidazioengatik lehendik ordaindutako kuotak kendu ahal izango dira metaketaren ondorioz egiten den likidaziotik.»

Bost.– 25. quater artikulua gehitzen da, testu honekin:

«25.– quater artikulua. Herentzia bidezko eskurapenen metaketa.

1.– Kausadun batek kausatzaile jakin batengandik oinordetza beraren ondorioz lortzen dituen ondare gehikuntza guztiak herentzia bidezko eskurapen bakartzat joko dira, nahiz eta oinordetza-titulu baten baino gehiagoren bidez lortuak izan.

2.– Hori dela-eta, jasotzen diren ondasun eta eskubide eskurapen guztiak metatu egingo dira, izan horiek eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza-itunengatik jasotakoak, izan testamentu-ahalordea osorik edo partez erabili edo hura azkentzeko beste arrazoiak gertatzeagatik egindakoak, izan testamentugileak berak testamentuan zuzenean xedatutakoak, edo haren faltan, Legean ezarritakoak.

3.– Artikulu honetako aurreko bi apartatuetan aipatu diren ondare gehikuntza guztiak herentzia bidezko eskurapen bakartzat hartuko dira zerga likidatzeko. Hortaz, zerga kuota kalkulatzeko garaian, zerga-oinarri guztiak batu behar dira, eta foru arau honetan araututako zerga-oinarriaren murriztapenen artetik aplikatu beharrekoak behin bakarrik aplikatuko dira.

Gainera, metatutako likidazioengatik lehendik ordaindutako kuotak kendu ahal izango dira metaketaren ondorioz egiten den likidaziotik, baina ez da inoiz kuotarik itzuliko.»

Sei.– 25. quinquies artikulua gehitzen da, testu honekin:

«25.– quinquies artikulua. Itzulketetan likidatzeko erregelak.

1.– Berehalako eraginkortasuna duten oinordetza-itunen bidez egiten diren ondasun eskualdaketetan edo mantenua kargupean hartzen duten ondasun dohaintzetan, ondasunak izendatzaileari edo dohaintza-emaileari itzultzen bazaizkio, likidazio bat egingo da, aldi baterako gozamenaren arauei jarraituz, eta likidazio horretatik ateratzen bada itzulitako ondasunen eskualdaketagatik hasiera batean egindako likidazioaren aldean soberakin bat ordaindu dela, soberakin hori zergadunari itzuliko zaio.

2.– Itzulitako ondasunak ez dira kausatzailearen herentzian metatuko –metaketa hori foru arau honen aurreko artikuluan aipatzen da–, baldin eta ondasunoi artikulu honen aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatu bazaie.»

Zazpi.– 26. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Mortis causa oinordetzetan, interesdunek egiten dituzten banaketak eta adjudikazioak edozein direla ere, zergaren ondorioetarako ulertuko da oinordetza horiek proportzionaltasun osoz eta oinordetzaren arauen arabera egin direla, kontuan hartu gabe ondasun horiek lurraldearengatik edo beste edozein arrazoirengatik zergaren ordainketari loturik dauden ez. Hortaz, balioak egiaztatzean gertatzen diren gehikuntzak eskuratzaile edo oinordekoen artean hainbanatuko dira.»

Zortzi.– 31. artikuluari 2. apartatua gehitzen zaio, honako hau dioena:

«2.– Testamentu-ahalordearen menpeko herentzietan, komisarioak zerga aitorpen bat aurkeztu behar du, bertan kausatzailearen heriotza adierazita. Aitorpen horretan, foru arau honen 31. bis artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

Apartatu honetan aipatzen diren herentzietan, zergadunek ezingo dute autolikidaziorik aurkeztu, harik eta testamentu-ahalordea modu ezeztaezinean erabili arte –partzialki zein osorik–, edo hura azkentzeko dauden beste arrazoietako bat gertatu arte.»

Bederatzi.– 31. bis artikulua gehitzen da, testu honekin:

«31.– bis artikulua. Komisarioaren betebeharrak testamentu-ahalordearen menpeko herentzietan.

1.– Testamentu-ahalordearen menpeko herentzietan, komisarioak, 6 hilabeteko epea du, kausatzailea hiltzen den egunetik aurrera edo heriotza-adierazpenak Kode Zibilaren 196. artikuluan aipatutako irmotasuna hartzen duenetik aurrera, herentziako ondasunen inbentarioa eta ahalordearen frogagiriak aurkezteko. Gainera, Zerga Administrazioak egoki irizten duen beste edozein agiri aurkezteko eskatu diezaioke.

Epe hori luzatu daiteke, erregelamenduz ezartzen denari jarraituz.

Testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentzia batean aldaketak gertatu badira herentziako ondare elementuen inbentarioan, komisarioa behartuta dago Zerga Administrazioari horien berri ematera baldin eta aldaketa horiek oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena ez badakarte. Komunikazioa hilabeteko epean egin behar da, ondare aldaketa gertatzen denetik aurrera, eta harekin batera aldaketaren frogagirien kopiak aurkeztu behar dira.

2.– Era berean, hilabeteko epean, testamentu-ahalordea modu ezeztaezinean –hala partzialki nola osorik– erabiltzen den egunetik edo hura azkentzeko arrazoietako bat gertatzen den egunetik aurrera, komisarioak aurreko alderdi horien berri eman behar dio Zerga Administrazioari, eta ahalordea erabili dela egiaztatzeko dokumentazioa ere aurkeztu behar dio, edo, bestela, ahalordea azkendu dela justifikatu.»

Hamar.– Azken paragrafo bat gehitzen zaio 32. artikuluaren 3. apartatuari, eduki hau duena:

«Gainera, notarioek, hil bakoitzeko lehen hamabost egunen barruan, zerrenda bat bidali behar diote Foru Aldundiari, eta bertan adierazi aurreko hilean baimendu dituzten testamentuetatik zeinetan erabili duen herentzia baten komisarioak testamentu-ahalordea modu ezeztaezinean; orobat, bertan zehaztu behar dute komisarioa nor izan den eta zein den ahalordea erabiltzea ekarri duen herentziaren kausatzailea. Notarioek baimendutako agiri guztien artetik testamentu-ahalordea erabilita dutenak baino ez dira agertu behar zerrenda horretan, are ahalordea komisarioaren testamentuan erabili denean ere.»

Hamaika. 40. artikulua honela geratzen da idatzita:

«40. artikulua.– Zehapen araubidea.

1.– Foru arau honetan araututako zergaren arau-hausteak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak IV. tituluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

2.– Ondasun edo eskubideen eskurapen salbuetsiengatik egiten diren autolikidazioak edo foru arau honetako 19. artikuluko murriztapenak aplikatuta egiten direnak epez kanpo aurkezten badira, eta haien zenbatekoa zerga-oinarriaren berdina edo handiagoa bada, eskuratutako ondasun eta eskubideen balio garbiaren 100eko 0,1eko diruzko isun proportzionala ezarriko da; isuna, zergadun bakoitzeko, 600 eurokoa izango da gutxienez, eta 9.000 eurokoa gehienez.

3.– Testamentu-ahalordearen bidezko herentzien komisarioari foru arau honetako 31. bis artikuluan ezarritako betebeharrak berariaz araututako epean ez betetzea zerga alorreko arau-haustetzat joko da, eta honako erregela hauen arabera zehatuko da:

a) Komisarioak ez badu aurkezten herentziako ondasunen inbentarioa edo inbentarioan izandako aldaketen dokumentazioa –aldaketa horrek zergaren sortzapena ekarri gabe–, edo komisarioak duen ahalordearen frogagiria, 600 euroko diruzko isun finkoa ezarriko da.

b) Salbuetsitako eskurapenetan, edo foru arau honetako 19. artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatutako murriztapenak zerga-oinarriaren parekoak edo handiagoak dituzten eskurapenetan, ez bada jakinarazten testamentu-ahalordea erabili dela edo hura azkentzeko beste arrazoietako bat gertatu dela, eskuratutako ondasun eta eskubideen balio garbiaren 100eko 0,1eko diruzko isun proportzionala ezarriko da; isuna, zergadun bakoitzeko, 600 eurokoa izango da gutxienez, eta 9.000 eurokoa gehienez.

4.– Aurreko apartatuan xedatutakoari jarraituz ezartzen diren zehapenei aplikagarri izango zaie Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 192. artikuluan xedatutakoa.»

II. KAPITULUA. PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

2. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Bat.– 3. apartatua gehitzen zaio 10. artikuluari, honako edukia duena:

«3.– Orobat, zerga honen zergadunak testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak ere izango dira, hain zuzen 2016ko azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara egokitzen duenak, II. tituluan aurreikusitakoak.»

Bi.– 4. apartatua gehitzen zaio 11. artikuluari, honako edukia duena:

«4.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziei ez zaie aplikatuko errentak esleitzeko araubidea, eta foru arau honen 12. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoaren arabera zergapetuko dira.»

Hiru.– 6. apartatua gehitzen zaio 12. artikuluari, honako edukia duena:

«6.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziei dagozkien etekinak, ondare irabazi eta galerak eta errenta egozpenak herentziako ondasunen gozamendunari esleituko zaizkio, haien jatorriaren edo iturriaren arabera, baldin eta, kausatzaileak hala xedatuta edo Euskal Zuzenbide Zibilaren legeria aplikatuta, ondasun eta eskubideen gainean gozamen-eskubidea ezarri bada pertsona jakin batentzat edo gehiagorentzat.

Aurreko paragrafoan aipatutako ondare irabazi eta galerak gozamendunari esleituko zaizkio, bakar-bakarrik, baldin eta eskualdaketa batetik ez datozen ondasun eta eskubideengatik sortu badira.

Jarduera ekonomikoen etekinak izaera horrekin esleituko zaizkio gozamendunari.

Etekinak eta errenta egozpenak gozamen-eskubide bati lotuta ez dauden ondasun edo eskubideetatik datozenean, eta ondare irabazi eta galerak apartatu honetako bigarren paragrafoan aipatutakoak ez bestelakoak direnean, herentziari berari esleituko zaizkio, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara egokitzen duen 2016ko azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauak II. tituluan ezarritakoaren arabera zergapetuko dira.»

Lau.– Amaierako paragrafo bat gehitzen zaio 35.4. artikuluari. Hona hemen haren edukia:

«Aurreko paragrafoan xedatutakoa berdin aplikatuko da aktiboak berreskuratu, amortizatu, trukatu edo bihurtzen badira dohaintza-emailea hil baino lehen.»

Bost.– 41. artikuluaren 2. apartatuko b) letra honela berridazten da:

«b) Zergadunaren mortis causa dela-eta egiten diren kostu gabeko eskualdaketetan, are kostu gabeko eskualdaketa hori komisarioak testamentu-ahalordea erabilita edo berehalako eraginkortasuna duen edozein oinordetza-titulu bidez egiten denean ere. Ondorio horietarako, oinordetza-tituluak dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren 3. artikuluan ezarritakoak.»

Sei.– 47. artikuluko 1. apartatuari ń) letra gehitzen zaio, honako hau dioena:

«ń) Balio aldaketa gertatzen bada testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentzia batekoak izandako ondasunak besterentzeagatik, ondare irabazia edo galera kalkulatzeko, testamentu-ahalordea erabiltzean ondare elementu horrek daukan balioa hartuko da eskurapen baliotzat.»

Zazpi.– 113.4. artikulua honela geratzen da idatzita:

«4.– Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateek jarduera ekonomikoak egiten badituzte, derrigorrezko liburu bakarrak eraman behar dituzte beren jarduerari dagokionez, betiere bazkide, oinordeko, erkide edo partaideengatik etekinak esleitzea eragotzi gabe,

Aurreko paragrafoko erregela bera testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziei aplikatuko zaie, jarduera ekonomikoak egiten badituzte, foru arau honen 12.6 artikuluan haien etekinak esleitzeari buruz ezarrita dauden erregelak ezarrita ere.»

III. KAPITULUA. ABERASTASUNAREN ETA FORTUNA HANDIEN GAINEKO ZERGA

3. artikulua.– Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauan:

Bat.– 7. artikulua honela geratzen da idatzita:

«7. artikulua.– Zergadunak.

1.– Zerga honen zergadunak dira:

a) Obligazio pertsonalarengatik, foru arau honen 3. artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren pertsona fisikoak.

b) Obligazio errealarengatik, foru arau honen 3. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren pertsona fisikoak.

2.– Orobat, zerga honen zergadunak testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak ere izango dira, hain zuzen 2016ko azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara egokitzen duenak, II. tituluan aurreikusitakoak.»

Bi.– 6. apartatua gehitzen zaio 9. artikuluari, honako edukia duena:

«6.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzietan gozamen eskubiderik badago, aurreko 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan ezarritako arauak aplikatuko zaizkio gozamendunari.

Jabetza soilaren balioari dagokionez, edo inolako gozamendunik ez dagoenean, testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak zergapetuko dira 2016ko azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara egokitzen duenak, II. tituluan ezarritakoaren arabera.»

IV. KAPITULUA. ONDARE ESKUALDAKETEN ETA EGINTZA JURIDIKO DOKUMENTATUEN GAINEKO ZERGA

4. artikulua.– Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga aldatzea,

Aldaketak sartzen dira Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 7. artikuluko 2. apartatuaren b) letran, eta honela uzten da idatzita:

«b) Aitortutako adjudikazio soberakinak, salbu eta Kode Zibilaren 821., 829., 1.056. (bigarrena) eta 1.062. (lehenengoa) artikuluetan edo funts berean oinarritutako Euskal Zuzenbide Zibileko xedapenetan ezarritakoa betetzetik sortutakoak, eta, bereziki, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legeak baserriaren eta hari lotutako lurren inguruan arautzen duen doako eskualdaketatik datozenak.»

V. KAPITULUA. UDAL ZERGAK

5. artikulua.– Toki Ogasunei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua aldatzea.

18.– bis artikulua gehitzen zaio Toki Ogasunei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauari, eta haren testua honako hau da:

«18.– bis artikulua.

Testamentu-ahalordearen bidez gauzatzen diren herentzietan, administratzailea erantzule subsidiarioa izango da testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziaren zerga zorrei dagokienez.»

6. artikulua.– Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga aldatzea.

Bat.– Bigarren paragrafo bat gehitzen zaio Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauaren 6. artikuluko 4. apartatuari. Apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Egintza edo kontratuek baldintzaren bat ezarrita dutenean, Kode Zibilean jasotakoaren arabera kalifikatuko dira. Baldintza etengarria bada, zerga ez da likidatuko hura bete arte. Baldintza suntsiarazlea bada, beti exijituko da zerga, nahiz eta horrek ez duen eragotziko, baldintza betetzen denean, bidezko itzulketa egitea aurreko apartatuko erregelaren arabera.

Testamentu-ahalordearen bidez gauzatzen diren herentzietan, zerga sortuko da ahalordea modu ezeztaezinez erabiltzen denean edo hura azkentzeko arrazoietako bat gertatzen denean.»

Bi.– 5. apartatua gehitzen zaio Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauaren 6. artikuluari. Testuak honela dio:

«5.– Testamentu-ahalordean, ahalordea erabiltzen ez den bitartean pertsona jakin bati ematen bazaio zerga honi lotutako ondasunak gozatzeko eskubidea, gozamen horren bi autolikidazio egingo dira:

Behin-behineko autolikidazio bat, sortzapena oinordetza hastean izango duena eta biziarteko gozamenaren arauen arabera egin behar dena, eta behin betiko autolikidazio bat, testamentu-ahalordea erabiltzen denean egin behar dena, aldi baterako gozamenaren arauen arabera, kausatzailearen heriotzatik igarotako denboragatik. Behin-behineko autolikidazioagatik ordaindutakoa kontura egindako sarreratzat hartuko da, eta diferentzia gozamendunari itzuliko zaio, haren aldekoa gertatzen bada. Aldi baterako gozamenaren behin betiko likidazioa egin behar da testamentu-ahalordea erabiltzeagatik edo hura azkentzeko beste arrazoiengatik oinordeko gertatzen direnen likidazioa egitearekin batera.»

7. artikulua.– Ondasun higiezinen gaineko zerga aldatzea.

Aldaketak sartzen dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauaren 5. artikuluko 1. apartatuan, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Zerga honen subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, pertsona fisiko eta juridikoak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dituen entitateak, eta testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak, betiere zerga honen zerga-egitatea eratzen duten eskubideen titular badira.

Higiezin baten gainean emakidadun bat baino gehiago dagoenean, zergadunaren ordezkoak ordaindu beharko du kanon handiena.»

8. artikulua.– Jarduera ekonomikoen gaineko zerga aldatzea.

6. artikulua aldatzen da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateginean, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onartuan, eta honela geratzen da idatzita:

«6. artikulua,

Zerga honen subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, pertsona fisiko eta juridikoak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dituen entitateak, eta testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak, betiere zerga honen zerga-egitatea eratzen duten eskubideen titular badira.»

9. artikulua.– Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga aldatzea.

3. artikulua aldatzen da Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauan, eta honela geratzen da idatzita:

«3. artikulua.

Zerga honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dituen entitateak, ibilgailua haien izenean ageri denean zirkulazio baimenean, eta, orobat, testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak, betiere foru arau honetako 1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean.»

10. artikulua.– Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga aldatzea.

2. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauan, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Zerga honen subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, pertsona fisiko eta juridikoak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dituen entitateak, eta testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak, betiere eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, haiek egiten diren ondasun higiezinaren jabeak izan edo ez.

Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, eraikuntza, instalazio edo obraren gastu edo kostuak zeinek jasaten dituen, hura hartuko da haien jabetzat.»

II. TITULUA
Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzien zerga araubidea

11. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Titulu honetan arautzen da zer tributazio araubide berezi aplikatzen den pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergan, testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzien kasuan.

2.– Herentziaren kausatzaileak, heriotzaren unean, Gipuzkoan izan badu ohiko bizilekua, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio aipatutako bi zergak ordainaraztea titulu honetan jasotako xedapenak aplikatuta.

12. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.

1.– Errentak baldin badatoz testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzietatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 12.6. artikuluan jasotakoaren arabera, errenta horiei aplikatuko zaizkie aipatutako foru arauan ezarritako xedapen orokorrak eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenak, artikulu honetako hurrengo apartatuetan jasotzen diren berezitasunekin.

2.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziako ondasun edo eskubideak eskualdatzeagatik lortzen diren ondare irabaziak edo galerak zerga honetatik salbuetsita daude, eskualdaketa horrek oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena ez badakar.

Halaber, zerga honetatik salbuetsita daude Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 35. artikuluan aipatzen dituen kapital higigarriaren etekinak, besteren kapitalak hartu eta erabiltzea adierazten duten aktiboak eskualdatzeagatik lortutakoak, baldin eta, testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziaren parte izanik, eskualdaketa horrek oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena ez badakar.

3.– Zerga-oinarria zehazteari begira, jarduera ekonomikoen etekinak testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziaren bidez lortutakotzat joko dira beti, kontuan hartu gabe Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 24. artikuluko 1. apartatuan ezarritako beharkizuna betetzen duen edo ez,

4.– Oinarri likidagarria kalkulatzeko, testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziaren kargura epailearen erabakiz ordaindutako urteko mantenua baino ez da murriztuko, hala badagokio, zerga-oinarri orokorrean eta aurrezpenaren zerga-oinarrian, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauko 67. eta 69. artikuluetan eta Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.

5.– Zergaren kuota likidoa kalkulatzeko, kuotan aplikatuko diren kenkari bakarrak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 51.8., 88. eta 90. artikuluetan ezarritakoak izango dira.

6.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziei dagozkien oinarri likidagarri negatiboak, jarduera ekonomikoen etekinen saldo negatiboak, zerga-oinarri orokorraren ondare galerak, eta kuota nahikoa ez izateagatik aplikatu ez diren kuotako kenkariak bakar-bakarrik konpentsatu daitezke, zerga araudiak baimentzen duenean, herentzia horiei dagozkien oinarri likidagarri positiboekin, jarduera ekonomikoen etekinetatik datozen saldo positiboekin, zerga-oinarri orokorraren ondare irabaziekin eta kuota positibo osoekin.

7.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziak zerga ordaintzeko obligazioa du, eta haren betebeharra da, baita ere, foru arau honetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan ezartzen diren gainerako obligazioak betetzea.

8.– Zergaldia urtebete naturala baino laburragoa izango da, baldin eta abenduaren 31 ez den beste egun batean testamentu-ahalordea osorik eta modu ezeztaezinean erabiltzen bada, eta hura azkentzeko beste edozein arrazoietako bat gertatzen bada. Horrelakoetan, zergaldia egun horretan amaituko da, eta zerga une horretan sortuko da.

13. artikulua.– Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga.

1.– Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 9.6 artikuluan aipatzen dituen herentzietatik –testamentu-ahalordea erabili gabe dutenetatik– datorren aberastasun garbiari foru arau horretan jasotako xedapenak aplikatuko zaizkio.

2.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziak zerga ordaintzeko obligazioa du, eta haren betebeharra da, baita ere, foru arau honetan eta Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauan ezartzen diren obligazioak betetzea.

14. artikulua.– Xedapen komunak.

1.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziari buruz aurreko bi artikuluetan ezarritako obligazio formal eta materialak betetzea herentziaren administratzaileari dagokio.

2.– Orobat, testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziaren administratzailea erantzule subsidiarioa izango da bi zergen ordainketari dagokionez.

3.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziako ondasun eta eskubideek bi zergetan tributatuko dute, haien edukitzailea zeinahi dela ere, salbu eta edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babestutako hirugarren bat bada, edo, ezin inskriba daitezkeen ondasun higigarrien kasuan, onustez eta titulu zuzenarekin justifikatzen bada ondasun eta eskubideok merkataritzako edo industriako establezimendu batean eskuratu direla.

Horretarako, aurreko paragrafoan aipatutako ondasun eta eskubideen eskualdaketan, ondasun eta eskubide horiek testamentu-ahalordea osorik edo partez eta modu ezeztaezinean erabiltzeagatik edo ahalorde hori azkentzeagatik eskualdatzen badira, esku hartzen duten notarioek, beraiek eskuetsitako agirietan, ohartarazi behar dute ezen ondasun eta eskubide horiek titulu honetan aipatzen diren eta eskualdaketa baino lehen sortutako zergen kuotak ordaintzeari lotuta geratzen direla, ordaintzeko obligazioa preskribatzen ez den bitartean. Era berean, Jabetzako edo Merkataritzako erregistratzaileek orri-bazterreko ohar baten bidez adierazi behar dute ondasunak eta eskubideak titulu honetan aipatzen diren eta eskualdaketa baino lehen sortutako zergen kuotak ordaintzeari lotuta geratzen direla, ordaintzeko obligazioa preskribatzen ez den bitartean.

15. artikulua.– Atxikitzeko betebeharra.

1.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak behartuta daude atxikipenak, konturako sarrerak eta ordainketa zatikatuak egitera, eta dagokien zenbatekoa Gipuzkoako Foru Aldundiari ordaintzera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren foru arauan, sozietateen gaineko zergaren foru arauan, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren foru arauan eta horiek garatzen dituzten erregelamenduzko xedapenetan ezarritako kasu eta moduetan.

2.– Nolanahi ere, atxikipenak, konturako sarrerak eta ordainketa zatikatuak behartuta dauden aldetik, testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziek beren gain hartuko dute diru-sarrera foru aldundiari egiteko obligazioa, eta beste obligazio hori ez betetzeak ez ditu salbuetsiko diru-sarrera egiteko betebehar honetatik.

16. artikulua.– Ondare sozietateen araubidea.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 14. artikuluko 1. apartatuaren b) letran aurreikusitako baldintza betetzearen ondorioetarako, ondare entitateek ez dute ondare sozietateen izaera galduko testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziek partaidetuta badaude eta herentzia horiei titulu honetan xedatutakoa aplikagarri bazaie.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru arau hau indarrean jartzen denean, indargabeturik geratuko dira bertan xedatutakoarekin bat ez datozen edo haren aurka dauden maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA. Indarrean jartzea.

Foru arau hau «Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Bereziki, II. tituluan jasotzen diren arauak testamentu-ahalordea data horretan erabili gabe duten herentziei aplikatuko zaizkie.


Azterketa dokumentala