Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2016ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5636

AGINDUA, 2016ko abenduaren 23koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, aire zabaleko gune publikoetan egiten diren arte eszenikoen ikuskizunen programak garatzeko 2017. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena («Kale antzerkia bultzatuz» programa).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarrian xedatzen denez, Kultura eta Hizkuntza Politikako saila, dekretu horren beraren 14. artikuluan aipatua hain zuzen ere, lehengo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailaren baitako Hizkuntza Politikako eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordetzen organo eta unitateek osatuko dute organo eta unitate horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zizkion apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak. Dekretu horrek sailaren egitura organikoa ezarri eta arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundearen gainekoak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zizkion.

Oraingo krisi ekonomikoa gogor jotzen ari da arte eszenikoen arloko kultur programazioa, eta horrek kalte egiten dio euskal antzerkigintzaren enpresa-egituraren jasangarritasunari. Alderdi horretatik arreta txikiena jasotzen duen sektorea da kale-antzerkiarena. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, egoera honen aurrean kezkatuta eta jakitun udalek ahalegin ekonomiko handia egiten dutela, uste du beharrezkoa dela aire zabaleko arte eszenikoen programazioak «Kale antzerkia bultzatuz» programaren bitartez sustatzea.

Hori dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da 2017. urtean aire zabaleko gune publikoetan euskal konpainiek egiten dituzten arte eszenikoen ikuskizunen programak (teatroa, dantza eta zirkoa) garatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan ezartzen diren bestelako eskakizunez gain, diru-laguntza hauek eskatu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituzten udalek edo beren udal-erakunde autonomoek, tokiko enpresa-entitate publikoek eta tokiko merkataritza-sozietateek, sozietatearen kapitala titulartasun publikokoa bada:

a) Antzezleku egokiak izatea, seinaleztatuak eta mugatuak, indarreko legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak beteko dituztenak, bai eta programatzen diren ikuskizunetarako erantzukizun zibileko asegurua eta artisten gela eta aldagela moduan erabiltzeko moduko lokalak ere.

b) Programaren alderdi tekniko guztiak koordinatuko dituen pertsona arduradun bat izatea.

2.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere. Betebehar hauek betetzen direla egiaztatuko da erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez.

3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu. Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.

5.– Halaber, pertsona edo erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betekizunak.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Diru-laguntza horietarako, guztira, 100.000 euro erabiliko dira.

2.– Diru-kopuru hori honela banatuko da, deialdiak hartzen dituen bost prozeduren artean:

a) 25.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 20.000 biztanletik gorako herrietan antolatzeko.

b) 25.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 20.000tik 10.001era biztanleko herrietan antolatzeko.

c) 20.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 10.000tik 5.001era biztanleko herrietan antolatzeko.

d) 25.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 5.000tik 1.001era biztanleko herrietan antolatzeko.

e) 5.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 1.000 biztanletik beherako herrietan antolatzeko.

3.– Prozedura bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo eskakizunak betetzen ez dituztelako prozeduretako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, beste prozeduretako diru-laguntzaren zenbatekoa handituko da, betiere delako prozedura hori artean erabaki gabe badago.

4.– Horrelako kasurik gertatzen bada, biztanle gutxien dituzten udalerriak jasotzen dituen prozeduran hasiko da diru-zuzkiduraren handitzea.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

1.– Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten programazioetarako dira laguntza hauek:

a) Biztanleria-tarte bakoitzerako ezarritako gutxieneko teatro, dantza edota zirko ikuskizunak programatuko dira:

– 20.000 biztanletik gorako herrietan: bost ikuskizun.

– 20.000tik 10.001era biztanleko herrietan: lau ikuskizun.

– 10.000tik 5.001era biztanleko herrietan: hiru ikuskizun.

– 5.000tik 1.001era biztanleko herrietan: bi ikuskizun.

– 1.000 biztanletik beherako herrietan: ikuskizun bat.

b) Ikuskizunak Euskadiko Autonomia Erkidegoan helbidea edo sozietate-egoitza duten konpainia profesionalen eskutik eskainiko dira. Prozedura ezberdinetan eskatutako gutxieneko ikuskizunak betetzeko xedearekin, Euskal Autonomia Erkidekotik kanpoko konpainien ikuskizunak aurkeztu daitezke.

c) Berariaz aire zabaleko gune publikoetan erakusteko moduko diseinua duten ikuskizunak soilik onartuko dira.

d) Ezingo da sarrerarik kobratu ikuskizuna ikusi ahal izateko.

e) Zaindariaren jaietan programatutako ikuskizunak jaso daitezke. Gehienez ere bi.

2.– Baztertu egingo dira:

a) ekitaldi tradizionalekin loturiko emanaldiak.

b) beste herri batzuetan antzeztuak izateko diseinatuta ez dauden ikuskizunak.

c) Soilik musikalak diren ikuskizunak.

5. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2017ko martxoaren 31n bukatuko da.

2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, euskadi-eus-en, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/kale_antzerkia_bultzatuz/y22-izapide/eu/

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak helbide horretan daude ikusgai:

4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

5.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-datuen egiaztagiria.

b) Aurkeztutako proiektuaren memoria, euskadi.eus webgunean aurkituko duzun inprimakia behar bezala beteta barne.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

6. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.

– Xede bera duen bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuen diru-laguntzarik ez jasotzea.

– Udalerriko biztanle-kopurua egiaztatu, agindua argitaratzen den egunean indarrean dagoen udaleko biztanle-erroldaren arabera.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

7. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Akatsen zuzenketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten badu, horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatuta, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan. Gainera, jakinaraziko dio hori egin ezean bere eskaera baztertua izango dela ebazpen baten bidez.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzordea eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek eskuordetutako pertsona.

– Bokalak: Arte eszenikoen alorreko profesionalen eta agindu honetako xedean aditu diren pertsonen artean aukeratutako 2 edo 3 kide, Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordeak izendatuak.

– Idazkaria: Batzordeko idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik.

2.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

4.– Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

10. artikulua.– Eskaerak aukeratzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira eta, horrela, 3.2 artikuluan ezarritako prozedura bakoitzean aurkeztutako eskaera guztiak alderatu egingo dira, hurrenkera jakin batean jartzeko, eskabidean aurkeztutako ikuskizunen kontratazio kostea kontuan harturik.

2.– Behin eskabideak prozedura bakoitzean ordenatu egin direnean, laguntzak horrela esleituko dira:

a) Lehen fase batean esleituko dira aurkeztutako programako lehenengo hiru ikuskizunei dagozkien laguntzak, harik eta, hala gertatzen bada, prozedura bakoitzaren zuzkidura agortzen den arte. Ikuskizunen hautaketa aurkezpen-hurrenkeraren arabera egingo da.

b) Lehen fase horretan deialdiaren zuzkidura agortuko ez balitz, gainditu ahal izango da hiru ikuskizunen muga, puntuazio altuena jaso duen eskabidetik hasita laugarren ikuskizunari dagokion diru-laguntza banatuz eta horrela gainerakoak, deialdiaren zuzkidura agortu arte.

11. artikulua.– Diru-laguntzak koantifikatzeko irizpideak eta mugak.

1.– Emanaldi bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira aukeztutako kaxetak (BEZa barne). Kontratatuak eskainitako emanaldiagatik jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoari deitzen zaio kaxeta.

a) 2.000 eurotik beherako ordainsaria duten ikuskizunen emanaldien laguntza: ordainsariaren % 35.

b) 2.000 eta 3.500 euro bitarteko ordainsaria duten ikuskizunen emanaldien laguntza: ordainsariaren % 40.

c) 3.500 eurotik gorako ordainsaria duten ikuskizunen emanaldien laguntza: ordainsariaren % 45.

2.– Ez dira muga hauek gaindituko:

a) Ikuskizun bakoitzari ematen zaion laguntza ez da inoiz 3.000 euro baino handiagoa izango.

b) Onuradun bakoitzari ematen zaion laguntza ez da inoiz 10.000 euro baino handiagoa izango.

c) Ikuskizun beraren emanaldi bat baino gehiago egiten badira, horietako bat bakarrik lagunduko da diruz.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du Balorazio Batzordearen proposamena ikusita.

2.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122. artikuluetan.

3.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira denek horren berri izan dezaten.

4.– Eskaerak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita. Ebazteko epea amaituta, inolako jakinarazpenik egin gabe, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

13. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin.

14. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.

e) Halaber, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluko eskakizunak bete behar dituzte onuradunek.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, egindako jarduera 16. artikuluan jasotzen denaren arabera gauzatu dela behar bezala justifikatu ondoren.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien kontratuak. Kontratu hauek kontratatutako erakundeak hartzen dituen legezko, lan arloko eta zerga betebeharrak jaso beharko dute.

c) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.

d) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

2.– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak gunean.

17. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak aldatzeko ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea, hala badagokio.

d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Interesdunek eskabideetan emandako datuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2017. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 23a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala