
248. zk., 2016ko abenduaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (219 KB - 3 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5628
EBAZPENA, 2016ko abenduaren 16koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia jakinarazten baita.
Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Aginduaren bidez (otsailaren 24ko EHAA, 37. zk.), toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko diru-laguntzak emateko programa arautzen da.
Aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, han iragarritako diru-laguntzak emateko, 2017ko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak eman. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeari buruzko ekainaren 29ko 9/2007 Legeak institutu horren eginkizunak jasotzen ditu 4. artikuluan, eta Zuzendaritzarenak 9. artikuluan. Horietan oinarrituz, Kontsumobideko zuzendariari dagokio deialdi honen ebazpena ematea.
Uztailaren 12ko 159/2011 Dekretuak Kontsumobideren egitura eta antolaketa ezartzen ditu, eta xedapen gehigarrian xedatzen du 2011ko irailaren 1ean hasiko dituela bere jarduerak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen 51.2 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz, Jaurlaritza, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakariak edo zuzendariak dira arauak onartzeko eta arlo bateko edo besteko laguntzak emateko eskumena duten organoak.
2015eko azaroaren 25ean, Kontsumobideko Zuzendaritza Kontseiluak aho batez onartu zuen Erakunde Autonomoaren Diru-laguntzen 2016-2018ko Plan Estrategikoa, azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa betez.
Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
Horiek horrela, aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Ebazpen honen helburua da Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Aginduan ezarritako laguntzen deialdia egitea, 2017ko ekitaldirako. Agindu horren bitartez arautzen dira toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko eman beharreko diru-laguntzak.
2.– Helburu hori betetzeko, 958.570 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:
859.171 euroko aurrekontu-kreditua egongo da honako hauen gastuak ordaintzeko: kontsumitzaile eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak egiteko, eta Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuen argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jardueretarako. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2017. urtea: 644.378 euro.
2018. urtea: 214.793 euro.
Kontsumoko ikuskaritza-jardueren gastuak ordaintzeko 80.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2017. urtea: 60.000 euro.
2018. urtea: 20.000 euro.
19.399 euroko aurrekontu-kreditua egongo da Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuak instalatzeko, eraberritzeko, handitzeko, hornitzeko edo lekuz aldatzeko. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2017. urtea: 14.549 euro.
2018. urtea: 4.850 euro.
3.– Entitate onuradunek 2017an dituzten gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.
4.– Ebazpen honetan araututako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
2. artikulua.– Baldintzak.
Erakunde eskatzaileek, 2010eko otsailaren 17ko Aginduan (2010eko otsailaren 24ko EHAA) iragarritako laguntzak jasotzeko, onuradun izateko baldintzak bete beharko dituzte, agindu horren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3. artikulua.– Eskabideak eta epea.
Eskabide-eredua Kontsumobiden eta interneteko www.euskadi.net helbidean eskuratu daiteke.
Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Kontsumobiden aurkeztu eta hara helarazi beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan zehaztutako tokietan aurkeztuko dira.
Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; amaitu, berriz, 2017ko otsailaren 15ean.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Turismoko, Merkataritzako eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 16a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,
NORA ABETE GARCÍA.
RSS