Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2016ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5626

248/2016 DEKRETUA, abenduaren 27koa, zeinaren bidez IES Municipal Llodio BHI ikastetxe publikoa Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoen sarean sartzen baita.

Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian, Hezkuntza Administrazioari baimena ematen zaio Laudioko Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko, IES Municipal Llodio BHI, Laudioko Lanbide Heziketako Udal Zentroa, zentro publikoen sarean sartze aldera.

Baimen horretan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Laudioko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, ikastetxe horren titulartasuna eskualdatu eta Hezkuntza Sailaren ikastetxe publikoen sarean sartzeko.

Hitzarmen horren bidez, Laudioko Udalak ikastetxe horren titulartasun juridiko-administratiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, eta horrek onartu egiten du. Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere gain hartzen du ondasun mugikorren, langileen, kontratuen, kargen eta zorren titulartasuna, hitzarmen horren klausuletan adierazitako eran. Eta bi aldeek konpromisoa hartzen dute behar diren jarduketak egiteko, ikastetxe hori Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeen sarean sartzearekin batera ondasun higiezinen titulartasunaren eskualdatzea egin dadin.

Gainera, Laudioko Udalak doan eta kargarik gabe eskualdatzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari ikastetxeari atxikitako ondasun higiezin eta higigarrien jabetza, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onartu egiten du eskualdatze hori, eta eskualdatzea formalizatzeak dakartzan gastuak bere gain hartzen ditu.

Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere gain hartzen ditu ikastetxeko langileak, bai irakasleak bai irakasle ez direnak. Langile horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen plantillakoak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren langileei aplikatzekoa zaien araudia aplikatuko zaie.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak hitzarmena onartu aurretik Laudioko Udalak ikastetxearen funtzionamendurako egindako kontratuak direla-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa kontratu horietan subrogatuko da, eta, ekipamenduari eta altzariei dagokienez, konpromisoa hartzen du ikastetxe publikoen sareko gainerako ikastetxeen maila berean egon dadin, hezkuntza-sistemaren beharrizan eta ahalmenak kontuan hartuta.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko abenduaren 27an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– IES Municipal Llodio BHI ikastetxe publikoa Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoen sarean sartuko da, 01000411 eta CAPV 010201 kodearekin.

2. artikulua.– Hezkuntza Sailean integratuko dira IES Municipal Llodio BHI ikastetxeko lan-kontratudun irakasleak, dekretu honen I. eranskinean azaltzen direnak. Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoen lanpostuen zerrenda onartuko duen hurrengo dekretuan ikastetxe honetarako zehazten diren lanpostuetara atxikiko dira langile horiek. Era berean, langile horiek lan-kontratudun irakasle eta hezitzaileentzako hitzarmen kolektiboan sartuko dira, eta beren ordainsari-baldintzei eutsiko diete; izan ere, hitzarmen kolektibo horretako irakasleen berberak izango baitira. Lantegiko Maisu gisa azaltzen diren langileak Lanbide Heziketako Irakasle Tekniko gisa sartuko dira, ondorio guztietarako, eta Lanbide Heziketako Irakasle gisa azaltzen direnak, berriz, Bigarren Hezkuntzako Irakasle gisa, baldin eta titulazio arloko baldintzak betetzen badituzte.

Langile finkoentzako lanpostuak betetzen dituzten ordezte-kontratudun langileek hala jarraituko dute, harik eta langile finkoak beren lanpostura itzuli arte.

Indarrean jarraituko dute, baita ere, lanpostua arauz bete arte egindako aldi baterako lan-kontratuek.

Horrez gain, aldi baterako ezintasun-egoerak betetzeko asmoz edota lanaldi-laburtzeak metatu izanagatik egindako ordezte-kontratuek indarrean jarraituko dute, harik eta horiek sortzeko arrazoia konpondu arte.

3. artikulua.– Hezkuntza Sailean integratuko dira IES Municipal Llodio BHI ikastetxeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileak, dekretu honen II. eranskinean azaltzen direnak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-kontratudun langileentzat gordetako lanpostu-zerrenda (Hezkuntza Sailera atxikia) onartuko duen hurrengo dekretuan ikastetxe horretarako zehazten diren lanpostuetara atxikiko dira langile horiek, eta EAEko Administrazioaren lan-kontratudunen kolektiboen hitzarmenean sartuko dira; halaber, ad persona eutsiko diete ordainsari-baldintzei eta beren harreman juridikoarekin bat datozenei.

Langile finkoentzako lanpostuak betetzen dituzten ordezte-kontratudun langileek hala jarraituko dute, harik eta langile finkoak beren lanpostura itzuli arte.

Indarrean jarraituko dute, baita ere, lanpostua arauz bete arte egindako aldi baterako lan-kontratuek.

Horrez gain, aldi baterako ezintasun-egoerak betetzeko asmoz edota lanaldi-laburtzeak metatu izanagatik egindako ordezte-kontratuek indarrean jarraituko dute, harik eta horiek sortzeko arrazoia konpondu arte.

Hezkuntza Sailari dagokio irakasle ez diren langileen buruzagi izatea, ohiko administrazio- eta kudeaketa-ekintzak gauzatzea eta, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluan xedatutakoa betez, dagozkion gainerako beste funtzio guztiak betetzea.

4. artikulua.– Euskadiko Ondarearen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuko 59.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, IES Municipal Llodio BHI ikastetxeari atxikitako ondasun eta eskubideak dekretu honen III. eta IV. eranskinetan adierazita daude.

5. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Laudioko Udalak ikastetxearen funtzionamendurako egindako kontratuetan subrogatuko da (dekretu honen V. eranskinean adierazitako kontratuetan).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernu Kontseiluari, dekretua argitaratu eta biharamunean hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, dekretua argitaratu eta biharamunean hasita bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu honek 2017ko urtarrilaren batetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko abenduaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala