Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2016ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5581

Agindua, 2016ko abenduaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, giza kapital ikertzailea sartzeko diru-laguntzak arautzen dituena: Berrikertu Programa.

Euskadik ezagutzaren, berrikuntzaren eta ikerkuntzaren aldeko apustu tinkoa egin du denboraren joanean, beti enpresen lehiakortasuna hobetzen eta ongizate ekonomikoa eta soziala sortzen laguntzeko ikuspegiarekin.

Azken hamarkadetan, ingurune ekonomikoak hainbat prozesu jasan ditu eta oraindik ere jasaten ari da, etengabe gertatzen ari diren aldaketetara egokitzeko. Hori dela-eta, I+G estrategia ere egokitu behar izan da, helburu honekin: euskal gizartearen ongizatea, hazkunde ekonomiko jasangarria eta enplegua hobetzea, ikerketa- eta berrikuntza-politika egokiaren bitartez; politika horrek espezializazio adimenduneko estrategian (RIS3) eta zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren efizientzia hobetzean oinarrituta egon behar du.

Politika ekonomikoaren testuingurua oraindik ere oso zaila izan arren, bi hauen arteko konbergentzia lortu nahi da: batetik, merkatuaren eskarira eta gizartera bideratutako ikerketa, eta, bestetik, zientziaren eta teknologiaren aurrerapenek bultzatutakoa, espezializazio adimendunaren bitartez.

Horretarako, beharrezkoak izango dira Euskadik dituen enpresen eta giza kapitalaren inplikazio zuzena eta garapena.

Zentzu horretan, 2020 ZTBP Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren lan-ildoek harreman zuzena daukate talentu ikertzailearekin, eta horien artean dago talentu ikertzailea enpresa-sektorera gehitzeko laguntza.

Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak bere ikerketa- eta berrikuntza-politikari gehitu dio espezializazio adimendunean oinarritutako ikuspegi hori, ikerketa- eta berrikuntza-kate osoan zehar lankidetza handitzeko. Horrela, murriztu egin ahal izango da ideia bat sortzen denetik merkatuan sartzen den arte igarotzen den denbora. Hori dela-eta, diru-laguntzen programa desberdinak egokitu dira Euskadiren zientzia- eta teknologia-politika berrira – Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2020; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrantolatzea, eta RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategia–.

Horren ondorioz, 2015ean abian jarri zen talentu ikertzailea enpresa-sektorera gehitzen laguntzeko Berrikertu Programa, zeinak funtsezko aldaketak ekarri baitzituen Ikertu izeneko aurreko programarekin alderatuta, arlo hauetan: batetik, diruz laguntzeko jarduera eta hori aukeratzeko betekizunak, eta, bestetik, erakunde onuradunen beste tipologia bat gehitzea; esaterako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen zenbait kategoria, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak, Zentro Teknologikoak eta Enpresetako I+G Unitateak. Halaber, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko konpromisoa oinarri hartuta, zientzia- eta teknologia-esparruan generoen arteko desoreka txikitzeko ekintza positiboa gehitu da.

Bilatutako helburuak eta helburu horiek Berrikuntzaren Euskal Sisteman izan dezaketen eragina kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Berrikertu programa berria artikulatu du, indarraldi mugagabea duen agindu baten bidez. Horrek, duda barik, lagundu egingo die Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresa eta eragileei giza kapital ikertzailea mantentzen eta hobetzen.

Beste alde batetik, programa honako hauetara egokitzen da: I+G+B arloan estatuek emandako diru-laguntzei buruz Europar Batasunak egin duen araudira (araudi horrek aldaketak izan zituen, 2014ko uztailaren 1etik aurrera indarrean jarri baitzen ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua (2014-06-27ko AO, C 198) – aurrerantzean, I+G+Bren Erkidegoko Esparrua–); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendura, zeina minimis diru-laguntzak aplikatzeari buruzkoa baita (2013-12-24ko AO, L 352); eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrera (2003-11-18ko BOE, 276. zk.) eta hori garatzen duten arauetara.

Horretaz gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri izanaren ondorioz (2015-10-02ko BOE, 236. zk.), aintzat hartu behar da, eta izapidetze elektronikoa gehitu behar da.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da diru-laguntzen araubidea arautzea, giza kapital ikertzailea sartzeko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileetan eta enpresetan, diru-laguntzen bitartez, langile ikertzaileak kontratatzeko.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo laguntzak ebatzi baino lehen hura berritzetik ateratzen den zenbatekotik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriz. Horrelakorik gertatzen bada, teknologiaren alorrean eskumena duen sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

3.– Diru-laguntzak esleitu ondoren, ez bada agortzen 3. artikuluan definitutako erakunde onuradunen kategorietako bati hasiera batean esleitu zitzaion zenbatekoa, orduan, soberakina, hala badagokio, erakunde onuradunen beste kategoria finantzatzeko erabili ahal izango da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako erakunde hauek izan ahalko dira onuradun:

a) Enpresak: Enpresa txiki eta ertainak edo enpresa handiak, bai eta enpresa-elkarteak ere, honako hauek izan ezik: aipatutako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluak kanpoan uzten dituen jarduera-sektoreetan jarduten dutenak.

– Enpresatzat ulertuko da irabazteko asmodun jarduera ekonomiko bat egiten duen edozein erakunde juridiko, haren araubide juridikoa edozein izanda ere, baldin eta diru-laguntza eskaera aurkezteko unean behar bezala eratuta badago.

Zehazki, hauek integratzen dira: merkataritza-sozietateak, enpresa-erakunde publikoak, banakako enpresaburuak.

Agindu honetan jasotako laguntzen gehienekoa kalkulatzeko, "enpresa bakarraren" definizioa hartuko da kontuan, minimis diru-laguntzak aplikatzeari buruzko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Enpresa txiki eta ertainak (ETE): mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak zehazteko 2003ko maiatzaren 6an Batzordeak emandako 2003/361/EE Gomendioaren arabera.

– Enpresa handia: enpresa txiki eta ertainen kategoriatik kanpo geratzen den edozein.

– Enpresa-elkartea: irabazi-asmorik gabeko enpresa-elkarte sektoriala, eskaera aurkeztean eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoena eta baliozkoa, eta, besteak beste, bere sektorerako ikerketako eta garapeneko proiektuak eta jardunak egiten dituena.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide diren eragileak, ikerkuntza kooperatiboko zentroen, teknologia-zentroen eta enpresetako I+G unitateen kategorietan, eskaera egiteko unean egiaztatuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.– Erakunde onuradunek produkzio-zentro bat izan behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan, eta zentro horretan egingo da diruz lagunduko den jarduera.

3.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden erakundeak.

4.– Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

5.– Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten erakundeak ezin izango dira onuradun izan.

6.– Diru-laguntzen onuradun izateko, erakunde eskatzaileek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dira egon behar zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntzak edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ez eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean direla, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

7.– Orobat, agindu honetan araututako diru-laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

8.– Diru-laguntza hauen onuradun izateko baldintzak betetzeari eutsi egin beharko zaio, emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Erakunde onuradunek garatuko dituzten I+G proiektuetan lan egiteko langile ikertzaileen kontratazioa lagundu ahal izango da diruz.

Agindu honen ondorioetarako, I+G proiektuak izango dira, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Estatuen Diru-laguntzei buruzko Esparru Komunitarioan (2014 / C 198/ 01) definitzen denaren arabera, ikerketa eta garapeneko kategoria bat edo batzuk (oinarrizko ikerketa, ikerketa industriala eta garapen esperimentala) hartzen dituzten jarduerak garatzeko proiektuak. Kategoria horiek ere Esparru Komunitarioan definituta daude.

1.– Erakunde onuradunek behar bezala justifikatu beharko dute, erakundearen memorian, langile ikertzaileak kontratatzeko beharra, egingo dituzten I+G jarduerak garatzeko.

2.– Ikertzailearen kontratazioa ikerketa-jarduera garatuko duen EAEko ekoizpen-zentro batean egin beharko da.

3.– I+G jarduerak EAEn dituzten instalazioetan egin beharko dituzte zuzenean erakunde onuradunek.

4.– Kontratatu beharreko ikertzaileak, agindu honen ondorioetarako, betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Enpresentzat eta enpresa-erakundeentzat: unibertsitate-titulua eta I+G arloarekin lotuta dagoen eta froga daitekeen lanbide-esperientzia, gutxienez 2 urtekoa; edo, bestela, doktore-titulua izan beharko du.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileentzat: doktore-titulua izan beharko du.

5.– Kontratatutako pertsonaren profilaren araberako ordainsaria bermatu beharko du kontratazioak, eta indarrean dagoen lege-esparruaren arabera eta hemen ezartzen diren urteko gutxieneko soldata-kostuen parametroen barruan egin beharko da (ordainsari gordina gehi gizarte-segurantzako enpresa-kostua):

a) 20.000 euro, I+G arloan 2 urteko esperientzia duen ikertzaile batentzat.

b) 40.000 euro, I+G arloan 10 urtetik gorako esperientzia eta/edo doktore-titulua dituen ikertzaile batentzat.

6.– Horrez gain, kontratazio berriek hau bete beharko dute:

a) Ikertzaileak erakunde onuradunarekin formalizatuko duten lehenengo kontratua kontratazio eta/edo berritze aldia hasten den ekitaldian egin beharko da, eta etenik gabeko 12 hilabeteko iraupena izango du gutxienez.

b) Ezin izango dute diru-laguntzarik jaso enpresa bateko ikerketa-talde batetik datorren eta aurretiaz Berrikertu eta Ikertu programen bidez gehienez ere hiru alditan diruz lagunduta egon den kontratua izan duen ikertzailearekin eginiko kontratuek.

c) Erakunde onuradunek edo akzioen edo sozietateen bidez horiekiko lotura daukaten beste batzuek egiaztatu beharko dute kontratua formalizatu aurreko 12 hilabeteetan ez dutela lan-arloko kontratu-loturarik izan proposatutako ikertzailearekin.

d) Erakunde onuradunak kontratatutako ikertzaileak ezingo du partaidetzarik izan erakunde horren kapitalean, ez eta akzioen edo sozietateen bidez erakunde horrekiko lotura duen beste erakunde batean ere.

e) Erakunde onuradunek kontratatzeko 3 pertsona aurkeztu ahal izango dituzte gehienez. Halaber, hautagaien lehentasun-hurrenkera adierazi beharko dute eskaeran, eta saiatuko dira emakumeen eta gizonen arteko oreka bermatzen, guztiak ere gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokiarekin.

5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdi bakoitzerako, diru-laguntza jaso dezakeen gastua izango da ikertzailearen kontratazioaren kostua kontratazioaren/berritzearen hurrengo 12 hilabeteetan. Hau hartzen da kontratazioaren kostutzat: urteko soldata-ordainsari gordina gehi Gizarte Segurantzako urteko enpresa-kuota, hobaridun urteko kuotak kenduta, izango balitu.

6. artikulua.– Diru-laguntzen izaera eta diru-laguntza emateko prozedura.

1.– Eman beharreko diru-laguntzek diru-laguntza izaera izango dute, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Diru-laguntza emateko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da, erakunde onuradunen kategoria bakoitzeko.

3.– Agindu honen 9. artikuluan aipatutako dokumentazio guztia behar bezala aurkeztu ostean, arau honetan eskatzen diren betekizun guztiak betetzen dituztenean, orduan onetsiko dira eskaerak, eta 7. artikuluan zehaztutako zenbatekoaren arabera esleituko zaie diru-laguntza.

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak.

1.– Onetsitako eskaera bakoitzari eman beharreko diru-laguntza honela kalkulatuko da: artikulu honen 2. zenbakian aurrez ikusitako diru-laguntzaren gehieneko intentsitatea aplikatuko zaio finantza daitekeen gastuaren aurrekontuari.

2.– Kontratazio bakoitzagatik erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren ehunekoak hauek izango dira gehienez:

a) Enpresak:

I. % 60 enpresa txiki eta ertainentzat.

II. % 50 gainerako enpresentzat: enpresa handiak eta enpresa-elkarteak.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileak: % 50.

3.– Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak, diru-laguntza jaso dezakeen kontratazio bakoitzeko, ezin izango ditu kopuru hauek gainditu:

I. 18.000 euro, 2 urteko edo hortik gorako ikerketa-esperientzia daukan ikertzaile batentzat.

II. 30.000 euro, 10 urtetik gorako ikerketa-esperientzia edo doktore-titulua duen ikertzaile batentzat.

4.– Erakunde onuradunen kategoria bakoitza finantzatzeko esleitutako diru-zuzkidura onesten diren eskaerei erantzuteko erabiliko da, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzetan, 11. artikuluan aurrez ikusitako eskaeren ebaluaziotik ondorioztatzen den hurrenkerari jarraituz, aurrekontu-kreditua agortu arte.

5.– Erakunde edo enpresa onuradun bakoitzak gehienez 60.000 euroko diru-laguntzak jaso ahal izango ditu deialdi bakoitzean.

8. artikulua.– Deialdia eta prozedurari hasiera ematea.

Agindu honetan araututako diru-laguntzetarako deialdi publiko bat egingo da urteko.

Teknologiaren alorrean eskumena duen sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez egingo da deialdia.

Deialdian, hauek zehaztuko dira:

ekitaldi bakoitzean diru-laguntzak emateko erabilitako zenbatekoa,

enpresentzat eta enpresa-elkarteentzat gordetako aurrekontu-ehunekoak, batetik, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileentzat gordetakoak, bestetik.

eskabideak aurkezteko epea

arauan eskatzen diren eskabide-eredua eta erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, eta

ebaluazio-organoa osatzen dutenen izenak.

9. artikulua.– Eskabideak eta gainerako agiriak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkeztea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: http://www.euskadi.net/industria

Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

3.– Eskabidea osatzeko, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinaduraz gain, agiri hauek aurkeztu behar dira: aginduaren artikulu honen 6. eta 7. zenbakietan aipatzen den dokumentazio osagarria, eta Administrazioak eska dezakeen beste edozein agiri, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean xedatutako moduan.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte diru-laguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, diru-laguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Diru-laguntza eskaera bat aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiri elektronikoak aurkeztu beharko ditu.

6.– Erakunde kontratatzaileari buruzko dokumentazioa:

Erakunde eskatzaileek eskabide normalizatua bete beharko dute formatu elektronikoan, urteko deialdiari erantsiko zaion ereduaren arabera, eta honako hauek adierazi beharko dituzte:

a) Erakundearen identifikazio-datuak, berariaz adierazita kapital soziala, akziodunak eta osaera.

b) Erakundearen memoria: Jardueraren deskribapen laburra, ekoizpen-sektorea, langileen egitura (kategoria teknikoak eta sexua zehaztuta), I+Gren arloko aurrekariak, arlo horretan azken urteetan eginiko jarduerak, lortutako emaitzak eta dituen baliabide fisikoak eta giza baliabideak, bai eta ikertzaileak kontratatzeko beharra ere.

c) Erakunde eskatzailea enpresa-elkarte bat denean, enpresa-elkarteen erregistroko inskripzioaren ziurtagiria aurkeztuko du.

d) Kontratatutako langileak lan egingo duen proiektuaren edo proiektuen memoria. Memoriaren edukiak honako hauek jaso behar ditu:

• Kontratatutako langileak parte hartuko duen I+G proiektuen helburuen laburpena eta erakundearen estrategiak, zeinak proiektu horien oinarri baitira.

• Kontratatutako langileak garatuko dituen jardueren plan xehatua, izango duen eginkizuna eta bere espezializazioak erakundearen estrategian duen kokapena zehaztuta.

• Ikerketa-proiektuaren emaitzen azterketa eta izan ditzakeen onura ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak, eta horiek zer nolako eragina daukaten enpresaren lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko.

• Faseak, proiektuaren iraupena eta aurrekontua.

e) Kontratatutako langilea txertatuko den ikerketa-taldearen osaera.

• I+G arloaren edo ikerketa-taldearen arduradunaren CV eguneratua.

• Kontratatutako langilea txertatuko den taldearen CV kolektiboa.

f) Lanpostuaren, azpiegitura-zuzkiduraren eta esleituriko zereginen definizio zehatza.

g) Diruz lagundu beharreko lan-kontratuaren kopia, kontratuaren xedea eta eginkizunak argi adierazita, bai eta alderdi ekonomikoak eta denborazkoak ere.

h) Erakundearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

• Enpresaren sailkapena, hauen arabera:

– ETEa bada, haren ezaugarriak bat datozela Europako Erkidegoko arauei jarraikiz jasotzen den ETEaren definizioarekin.

– Enpresa handia edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.

• Beste instituzio publikoetan edo pribatuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako diru-laguntzak.

• Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta unekoan jasotako minimis diru-laguntzak, de minimis diru-laguntzei buruz Batzordeak emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuta daudenak, hain zuzen ere.

• Lana eta familia bateragarri egiteko planak edo berdintasunerako planak izatea, edo Emakundek aukera-berdintasuneko erakunde laguntzaile gisa aitortu izana.

• Enpresa handia izatekotan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2. artikuluan ezarritakoa betetzen duela.

• Proposatutako ikertzaileak kontratua formalizatu aurreko 12 hilabeteetan ez duela izan lan-arloko kontratu-loturarik horiekin edo akzioen edo sozietateen bidez horiekiko lotura daukaten beste batzuekin.

• Proposatutako ikertzaileak ez daukala partaidetzarik –zuzeneko edo zeharkako kontrola ahalbidetzen dion partaidetzarik– haien kapitalean edota akzioen edo sozietateen bidez haiekiko lotura duten beste batzuen kapitalean. Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 1.2.c) artikulua eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeita zazpigarren xedapen gehigarria.

• Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

• Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

• Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

• Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

• Ordainduta dituela diru-laguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

• Ebazpen irmo baten bitartez ez duela galdurik diru-laguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.

• Honako enpresa hauei ere eragiten dieten diru-laguntzak jasotzeko debekurik ez duela: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez.

• Enpresa-elkarteen kasuan, ez daudela nahastuta Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan.

• Enpresa-elkarteen kasuan, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura ez dela eten, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, zeinaren bidez inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

i) Erakunde eskatzaileak adierazten du ulertzen duela "enpresa bakarraren" kontzeptua, zeina minimis diru-laguntzak aplikatzeari buruzko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita baitago.

j) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).

k) Enpresentzat eta enpresa-elkarteentzat: administrazio edo organismo eskudunetatik azken bost urteetan I+G proiektuetarako jaso dituzten laguntzak eta/edo diru-laguntzak egiaztatzeko agiriak (ebazpenak, txosten arrazoituak).

7.– Kontratatutako langileari buruzko agiriak.

a) NANaren, pasaportearen edo egoiliar-txartelaren kopia.

b) Unibertsitate-tituluaren kopia konpultsatua, noiz lortu den adierazita.

Titulua atzerrikoa izanez gero, homologazioa, baliozkotzea edo titulua egiazkoa dela egiaztatzen duen agiria ere aurkeztu beharko da.

c) Curriculum Vitaea, erakunde kontratugileak proposatutako lanpostuarekin lotutako merezimendu garrantzitsuenak azpimarratuta, lan-arloari nahiz arlo zientifikoari dagokionez; eskabidearen unean, eguneratuta egon beharko du. Ikerketa-esperientzia egiaztatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira.

d) Ikerketa-arloko lanbide-esperientzia egiaztatzeko dokumentazioa (kontratuak, ikertzeko gaitasuna egiaztatzeko Ikasketa Aurreratuen Diploma, etab.).

e) Lan-bizitzaren ziurtagiria, eguneratuta.

f) Desgaitasun-ziurtagiria, hala badagokio.

g) Egokitzat jotzen den beste edozein informazio.

8.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

9.– Nolanahi ere, teknologiaren arloan eskuduna den zuzendaritzak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

10. artikulua.– Diru-laguntzak ebaluatzeko eta kudeatzeko organoa.

1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, baita diru-laguntzak emateko proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio-organoa honako hauek osatuko dute: Teknologiaren arloan eskuduna den zuzendaritzako titularrak (organoaren lehendakariaren eginkizunak egingo ditu) eta aipatutako zuzendaritzako talde teknikoko bi kidek (horietako batek idazkari-lanak egingo ditu). Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da.

3.– Arlo horretan eskuduna den zuzendaritzak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak.

4.– Ebaluazio-organoak, bere funtzioak betetzeko, aukera izango du Administrazioaren zerbitzu teknikoen laguntza erabiltzeko, eta berariazko arlo bakoitzean adituak diren pertsonen lankidetza ere izango du, beharrezkotzat jotzen badu.

5.– Aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu ebaluazio-organoak, eta agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen diren ikusiko du.

Eskabidearen azterketaren emaitza zehaztuko duen txosten teknikoa egingo du (proiektuen I+G izaera egiaztatuta), eta hautatutako eta ukatutako eskabideak proposatuko ditu.

6.– Ebaluazio-organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

7.– Teknologiaren arloan eskuduna den zuzendaritzaren ardura izango da diru-laguntza horiek kudeatzea.

11. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea

Agindu honen 10. artikuluan xede horretarako ezarritako ebaluazio-organoak hautagaiak sartzen diren proiektuen I+G izaera egiaztatu eta gero, eta eskabideek gainerako betekizunak betetzen badituzte, hautatutako eskabideak ordenatuko dira, irizpide hauen arabera:

1.– Berritzeek lehentasuna izango dute kontratazio berrien aurrean.

2.– Berritzeetarako zein kontratazio berrietarako, kontuan izango da, lehenik eta behin, espedientea noiz dagoen osatuta, eta, behar izanez gero, zein den eskabidearen sarrera-hurrenkera egoitza elektronikoan.

3.– Erakunde onuradunei kontratazio berri bat baino gehiago lagundu ahal izango zaizkie diruz, aurrekontuaren arabera erabilgarri dagoen diru-kopuruak horretarako aukerarik ematen baldin badu, eta, betiere, onuradun diren erakundeei lehenengo kontrataziorako diru-laguntzak esleitu eta gero.

4.– Erakunde eskatzaile batek ikertzaile gizonezkoak eta ikertzaile emakumezkoak kontratatzeko eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, lehentasuna izango dute ikertzaile emakumezkoen hautagaitzek gizonezkoen aurrean, esparru zientifiko-teknologikoan generoen arteko desoreka txikitzeko.

5.– Agindu honen betekizun guztiak bete arren diru-laguntzarik hartu ez duten eskabideak –aurrekontua agortu egin delako–, 7.3 artikuluan adierazitakoaren arabera, ordezkoen zerrenda batean jasoko dira.

Ordezkoek diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, baldin eta honako hauek betetzen badira: hasieran diru-laguntza jaso zuen ikertzaileak bere borondatez lanpostua uztea, erakunde onuradunak aurretiaz eskaera egitea programa kudeatzen duen zuzendaritzari, kontratazio hori egokia dela justifikatzea, eta konpromisoa hartzea ordezkoa hasierako kontratazioari geratzen zaion denboran mantentzeko, betiere amaitzeko gutxienez lau hilabete falta badira.

6.– Gutxienez bi lanpostu gordeko dira % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko.

12. artikulua.– Diru-laguntzak emateko ebazpena.

1.– Teknologiaren arloan eskuduna den sailburuordetzako titularrak ebatziko ditu hautatutako eskabideak, egintza bakarrean.

2.– Emateko edo ukatzeko ebazpenak, zeinak berariaz adieraziko baitu minimis laguntzak direla, honako hauek jasoko ditu gutxienez:

I. Diruz laguntzea proposatzen diren eskabideen zerrenda. Zerrenda horretan, eskaera bakoitzerako, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, eskatutako kontratazio-kostu finantzagarria, proposatutako diru-laguntzaren zenbateko globala, eta kontratatutako pertsonen nortasuna.

II. Ordezkotzat onartutako eskabideen zerrenda.

III. Diru-laguntza ukatzea proposatzen diren eskabideen zerrenda, ukatze horren arrazoiak zehaztuta.

IV. Eranskina, justifikazio-fasea amaitu arte egin behar diren urratsak eta fase horretan aurkeztu behar den dokumentazioa adierazita.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, diru-laguntzen deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek organo eskudunaren aurrean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda, jendeak oro har horren berri izan dezan.

6.– Orobat, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

13. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, era honetan:

a) Lehenengo ordainketa ikertzaileak kontratazio- edo berritze-ekitaldian izango duen kontratazio-denborarekiko proportzionala izango da, eta gehienez ere emandako diru-laguntzaren % 50.

Betiere, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ostean egingo da ordainketa, jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epea igarota uko adierazirik ez bada.

b).Bigarren ordainketa diru-laguntzak kudeatzeko zuzendaritzaren titularraren ebazpen baten bidez egingo da. Bigarren ordainketa honetan, diru-laguntzaren gainerako zatia ordainduko da, eta urteko programa amaitu ostean likidatuko da; aldez aurretik, bitarteko elektronikoak erabilita, diru-laguntza jaso duten jarduerak egin direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren sinadura digitalarekin aurkeztu beharko dira egiaztagiriak, kontratazioaren/berritzearen osteko 12 hilabeteak amaitu eta hurrengo hiruhilekoan. Honako hauek izango dira egiaztagiriak:

a) Ordaintzeko eskabidea.

b) Amaierako memoria, I+G saileko arduradunak eta proiektuaren arduradunak sinatuta. Memoriak honako hauek jaso beharko ditu:

I. Diru-laguntzaren aldian eginiko I+G jardueren eta horien emaitzen deskribapena.

II. Kontratatutako langileak egin dituen ikerketa-jarduerak.

Diru-laguntza jaso duen proiektuari eta parte hartzen duen gainerako proiektuei eskainitako hileko orduak adieraziko dira. Horrez gain, proiektu bakoitzeko, beste edozein organismo publiko edo pribatutatik lortu dituen bestelako diru-laguntzak ere adieraziko dira. Dokumentu hau proiektuaren arduradunak eta kontratatutako langileak berak sinatu beharko dute.

III. Diru-laguntzaren erakunde onuradunean kontratatutako pertsonak etorkizunerako dituen aukerak.

IV. Lanaren emaitzak argitaratu egin badira, argitalpen horiek aipatuko dira.

V. Halaber, lanaren ondoriozko patenteak ere aipatuko dira, egongo balira.

c) Lan-kontratuaren kopia, sinatuta eta eguneratuta, honako hauek adieraziz: zer lanbide-kategoriatan kontratatzen den pertsona; urteko soldata gordina; iraupena.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, proiektuaren arduradunak eta kontratatutako langileak sinatuta eta zigilatuta. Hauek zehaztuko dira:

• Ikertzaileak jasotzen duen ordainsaria, kostu gordina eta enpresaren kargurako gizarte-aseguruak banakatuta, bai eta kuoten hobariak ere, izango balitu.

• Kontratu-loturaren konpromisoa enpresaren eta kontratatutako langilearen artean.

e) Kontratatutako langilearen azken 10T agiria, enpresaren ordezkariak sinatua.

f) Kontratatutako langilearen azken bi nomina eguneratuak eta horien ordainketa-ziurtagiriak.

g) Gizarte Segurantzako azken bi TC-2 agiriak eta horien ordainketa-ziurtagiriak.

Erakunde onuradunak programa kudeatzeko zuzendaritzaren esku jarriko du diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia, diru-laguntzaren bigarren ordainketa egin aurretik eta dokumentazio hori eskatu eta gero.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe; era berean, beste baldintza hauek ere errespetatu beharko dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

2.– Diru-laguntza jarduera jakin batzuetarako eman da eta horietarako bakarrik erabili behar da.

3.– Hautatutako ikertzaileei lan-kontratua egitea, indarrean dagoen lan-legediaren arabera.

4.– Teknologiaren arloan eskuduna den zuzendaritzari jakinaraztea agindu honetan araututa dauden diru-laguntzen kargura finantzatutako kontratuei buruzko uko egiteak, etenak eta gainerako gorabeherak.

5.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, teknologiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari horren berri ematea.

6.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntza edo laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea teknologiaren arloan eskuduna den zuzendaritzari; «minimis araubidearen» pean eman direnen zenbatekoa ere adierazi beharko da.

7.– Behin betiko fakturak gorde eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urteko epean.

8.– Diru-laguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo bestelako ekintzen finantzaketa publikoari behar bezalako publizitatea ematea, erregelamenduz ezarrita dauden baldintzetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4. artikuluan jasotakoaren arabera.

9.– Diru-laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

10.– Bere egiten dituzte, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik diru-laguntzak jasotzen dituztenei 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.

11.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein betebehar.

15. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasunei eta laguntzak metatzeari buruzko araubidea.

1.– Diru-laguntza hauek bateragarriak izan daitezke erakunde publiko edo pribatuetatik datozen eta xede bera duten beste diru-laguntza edo diru-sarrera batzuekin, betiere Europar Batasunaren diru-laguntzei buruzko araudian aurrez ikusita dagoen mugaraino.

2.– Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoa, banaka hartuta nahiz beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntza edo laguntzekin batera, ezin da izan onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa edo diru-laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa.

3.– Aurrekoa eragotzi gabe, minimis diru-laguntzak metatzeari buruzko araubidea aplikatuko da, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) xedatutakoaren arabera, zeina honi buruzkoa baita: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzea minimis diru-laguntzei, sarreraren 3) puntuan eta 3. puntuan. Horren arabera, enpresa bakar batek jaso beharreko minimis diru-laguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan (dagokion zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak). Agindu honen artikulu honetan eta 3.1 artikuluan adierazitako ondorioetarako, enpresa bakartzat hartuko da minimis diru-laguntzei buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan aurreikusitako loturetakoren bat duten sozietateen multzoa.

4.– Halaber, minimis diru-laguntzei buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 5.1. artikulua dela bide, minimis diru-laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gainditu egingo balu diru-laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko diru-laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi batean edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

16. artikulua.– Diru-laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, agindu honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasota dauden jarduerak gauzatu behar dira. Nolanahi ere, teknologiaren arloan eskuduna den sailburuordetzako titularrak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatuz gero diru-laguntza kudeatzeko zuzendaritzari, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero jarduerak amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.

Kasu horien barruan jaso ahalko dira honako hauek: kontratatutako langileak uko egitea, ezinbesteko kasuak edota erakundeari egotzi ezinezko beste batzuk.

3.– Etenaldi horien ondorioz, diru-laguntzak ematearen baldintzak aldatu egin daitezke, beste ebazpen baten bidez. Etenaldian onuradunak sortuko dituen kontratazioaren ondoriozko gastuak (kostu gordina eta gizarte-segurantzako enpresa-kuota) ez dira diruz lagungarritzat hartuko.

Kasu horien barruan jaso ahalko dira diru-laguntza hauen babespean eginiko kontratuen etenaldiak, gutxienez hiru hilabeteko aldi baterako ezintasun-egoerak gertatzeagatik (amatasuna, aitatasuna, edoskitzea, arriskuko haurdunaldia, adopzioa...).

4.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan ezarritako betekizunak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. eta hurrengo artikuluetakoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 28a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARIA ARANZAZU TAPIA OTAEGI.


Azterketa dokumentala