Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2016ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Indargabetutako xedapena

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5580

AGINDUA, 2016ko abenduaren 9koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarena, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen duena (Elkartek Programa).

ZIOEN AZALPENA

Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloko politikan xedatzen duenez, laguntza-mekanismo, -tresna eta -jarduera espezifikoak jarriko dira martxan arlo horretako jardun-eremuak garatze aldera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2020 Plan Estrategikoaren esparruan ezarritakoarekin bat etorriz eta, betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8. artikuluari jarraituz.

Laguntza-tresna horien artean, Elkartek Programa dago, eta, haren helburua da ZTBES Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileek arlo estrategikoetan egiten duten elkarlaneko ikerketa sustatzea, bai oinarrizko ikerketa, bai industria-arlokoa. Ikerketa horrek laguntza eman behar du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2020 Planean zehaztutako Zientzia eta Teknologiako Estrategia berria garatzeko eta abiarazteko, helburuak lortzeko eta Berrikuntzako Euskal Sistema sendotzeko.

Programa hau 2015ean abiarazi zen lehendabizikoz, oinarri arautzaileak finkatu eta deialdia egiteko, eta EB Europar Batasunak I+G+B arloko estatu-laguntzei buruz ezarritako araudi berrira egokitu da. Izan ere, araudi horretan aldaketak egin dira azken urteetan, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hauek jarri baitziren indarrean: Ikerketa eta Garapenaren arloko estatu-laguntzei buruzko esparru berria (2014-06-27ko AO, C 198) –aurrerantzean, I+G+bren Erkidegoko Esparrua– eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua –aurrerantzean, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra–, Zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187).

Zehaztutako estrategiara hobeto egokitzeko, 2016ko Elkartek Programan zenbait aldaketa sartu dira bai diruz lagundu daitezkeen jarduerei dagokienez (difusio hutsekoak baztertu dira), bai proiektuen ezaugarriei dagokienez (elkarlaneko funtsezko ikerketen gutxieneko bolumen bat eskatzen da, izaera estrategikoagoa baitute, eta, gainera, industria-potentzial handiko proiektu guztiak ZTBESeko eragileekin elkarlanean eginak izatea eskatzen da). Europako erreferentzia-araudiari dagokionez, osorik aplikatu da Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra, eta, beraz, diruz lagundu daitezkeen proiektu mota guztiek eragin pizgarria izan behar dute.

Bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua argitaratu ondoren, Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak sare horretako eragileak berriro akreditatzeko prozesuari ekin dio, Spriren eta Innobasqueren laguntzaz; hartara, argitara eman da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileen erregistroa: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/registro-rvcti/

ZTBESeko eragile-akreditaziorako eskabideak homologatzeko eta ebaluatzeko prozesutik lortutako esperientzia eta ezagutza eta Elkartek Programaren kudeaketan lortutakoa aintzat hartuta, ondorioztatu da araudian zenbait aldaketa egin behar direla ezarritako estrategiara hobeto egokitzeko, eragileen arteko lankidetza indartzeko, programa izaera orokorreko xedapen arau-emaile batean sendotzeko eta antzemandako honako premia honi erantzuteko: laguntza-programak epe operatiboetan ebaztea, benetan lortzeko lagundutako I+G proiektuen eragin bultzatzaile eta motibatzailea.

Horregatik, programa bi fasetan antolatuta dago: batetik, proiektuen hautaketa, aurrekontu-kudeaketatik kanpo dagoena, proiektuen aurkezpena eta ebaluazio teknikoa barne hartzen duena eta onartutako proiektuen hautaketarekin eta jakinarazpenarekin bukatuko dena, eta, bestetik, laguntzak esleitzea, non ebatziko baita zenbateko diru-laguntza emango zaien aurreko fasean hautatu eta programaren eskakizunak betetzen dituzten proiektuei. Aldaketa horren xedea da erakunde onuradunei lehenago jakinaraztea zein diren onartutako proiektuak, hau da, proiektuak gauzatzen hasteko aldian jakinaraztea, edo, are, martxan jarri baino lehen, modu horretan lortuko baita aipatutako eta espero izandako efektu pizgarria, eta, gainera, proiektuen planifikazioa hobetzea ahalbidetuko baita.

Horretaz gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri izanaren ondorioz, aldaketak egin behar dira araudian eta izapidetze telematikoa/elektronikoa jaso.

Hortaz, jarraibide horiekin bat etorriz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren IV. tituluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean (887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu zen lege hori) xedatutakoari jarraikiz, elkarlaneko ikerketa sustatzeko programa hau ezartzen da. Programan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten ikerketa, garapen eta berrikuntzako erakundeek egindako ikerketa-proiektuak sustatuko dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2020 Planean jasotako espezializazio-arloetan (Elkartek Programa).

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea honako laguntza-programa hau arautzea da: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten ikerketa, garapen eta berrikuntzako erakundeek egindako Elkarlaneko Ikerketa sustatzeko laguntzak (Elkartek Programa), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2020 Planaren espezializazio-arloetan jasota dagoen bezala.

Laguntza-araudi hau Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 25. artikulura biltzen da –651/2014 (EE) Erregelamendua, ikerketa- eta garapen-proiektuen aldeko laguntzei buruzkoa– eta, agindu honen xedeetarako, aipatutako Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 84. eta 85. puntuetako definizioan ezarritakoa hartzen da funtsezko ikerketatzat eta industria-ikerketazat.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aurrekontuetan izendatuta dagoena, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.

4.2 artikuluan aipatzen diren proiektuak finantzatzeko, deialdiaren diru-zuzkidura osoaren % 25 erabiliko da gehienez, eta 4.3 artikuluko ekintzak finantzatzeko, berriz, % 10, gehienez ere. Proiektu eta ekintza horietarako laguntzak esleitu ondoren gehieneko diru-zenbatekoak agortzen ez badira, soberakina 4.1 artikuluan bildutako proiektuak finantzatzeko erabiliko da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoak izan daitezke agindu honetako laguntzen onuradun, betiere horretarako akreditatuta badaude ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako erakunde onuradunek berek egin beharko dituzte araudi honetan ezarritako jarduera diruz lagungarriak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, posible izango da proiektuaren I+G jardueraren zatiren bat EAEn edo EAEtik kanpo azpikontratatzea.

3.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Diru-laguntza eskaera bat aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Erakunde onuradunek, era berean, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dira desgaituta egongo diru-laguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo beste ente publikoekin kontratuak izenpetzeko.

5.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

6.– Krisialdian dauden enpresa eta erakundeak ezingo dira onduradun izan, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C 249).

7.– Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten erakundeak ezin izango dira onuradun izan.

8.– Halaber, ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

9.– Onuradun izateko baldintzak diru-laguntzaren indarraldi osoan bete beharko dira.

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

1.– Elkarlanean egindako funtsezko ikerketa-proiektuak:

a) Elkarlaneko ikerketa-proiektutzat hartuko dira ZTBES Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileek elkarlanean egindako funtsezko ikerketa-proiektu estrategikoak, zenbait arlotan ezagutza handitze aldera egindakoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi 2020 Planaren eta Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren (RIS3) espezializazio-esparruen parte diren honako arlo hauetan:

1) Energía.

2) Fabrikazio aurreratua.

3) Biozientziak/osasuna.

Agindu honen xedeetarako, funtsezko ikerketatzat jotzen da Kategorien araberako Salbuespenen 651/2014 (EE) Erregelamendu Orokorreko 2. artikuluko 84. zenbakian xedatutakoa.

b) Elkarlaneko ikerketa-proiektuak urte anitzekoak izango dira, eta ZTBESko hainbat eragilek eginak izan beharko dira; eragile horiek, bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko hiru eragile-mota ordezkatu beharko dituzte gutxienez, eta akreditatuta egon beharko dute ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuari eta haren xedapen iragankorrei edo hura ordezkatzen duen araudiari jarraituz (109/2015 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duena).

c) Elkarlaneko proiektu bat hautatu eta diruz lagunduko da, baldin eta aurrekontu bat aurkezten bada, proiektuko 500.000 eurokoa eta erakunde parte hartzaileko 50.000 eurokoa, gutxienez.

d) Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betez, elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuen aldeko laguntzen efektu pizgarria bermatzeko, proiektu hauek baino ez dira diruz lagunduko: laguntza-eskabidea laguntza-programaren I. fasean aurkeztu ondoren (eta programaren deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1aren ondoren) hasitako proiektuak.

e) Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

2.– Industria Potentzial Handiko Ikerketa Proiektuak.

a) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektutzat hartuko dira funtsezko ikerketa orientatuko proiektuak edo industria-ikerketakoak. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen I+G-ko enpresa-unitateek, merkatua erakartzeko eta hara iristeko ahalmen handia dutenek, gidatuta egongo dira proiektuok, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-esparruekin bat egingo dute.

Agindu honen xedeetarako, funtsezko ikerketatzat eta industria-ikerketatzat jotzen da Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 2. artikuluko 84. eta 85. zenbakietan xedatutakoa –651/2014 (EE) Erreglamendua.

b) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak urte anitzekoak izan daitezke. Gainera, I+G-ko enpresa-unitateek garatu beharko dituzte halako proiektuak, ZTBES Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko beste eragile batzuekin elkarlanean, eta I+G-ko enpresa-unitate batek hartu beharko du proiektuaren gidaritza.

c) Industria-potentzial handiko proiektu bat hautatu eta diruz lagunduko da, baldin eta aurrekontu bat aurkezten bada, proiektuko 100.000 eurokoa eta erakunde parte hartzaileko 50.000 eurokoa, gutxienez.

d) Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betez, industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuen aldeko laguntzen efektu pizgarria bermatzeko, proiektu hauek baino ez dira diruz lagunduko: laguntza-eskabidea laguntza-programaren I. fasean aurkeztu ondoren (eta programaren deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1aren ondoren) hasitako proiektuak.

e) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuek Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa bete beharko dute.

3.– Interes bereziko ekintza osagarriak:

a) Interes bereziko ekintza osagarritzat hartuko dira eskaintza-eskaria bitartekaritza-organismoek eta hedapen-organismoek esklusiboki garatutako eskaintzaren eta eskari teknologiaren arteko bitartekaritza-proiektuak, hala nola:

– Prospekzio-lanak eta eskari goiztiarrari buruzko azterlanak egitea, bai eta funtsezko ikerketaren edo ikerketa industrialaren arloetako proiektuei loturiko zaintza teknologikoari buruzko azterlanak ere.

– Funtsezko ikerketaren edo industria-ikerketaren arloko I+G+b-ko proiektuak prestatzerakoan lankidetza teknologikoa eta aholkularitza aldeztera bideratutako jarduerak.

– Funtsezko ikerketaren edo industria-ikerketaren arloko proiektuei loturiko ezagutzaren transferentziarako eta baloraziorako I+G+b kudeatzeko jarduerak.

– Funtsezko ikerketaren edo industria-ikerketaren arloko proiektuei loturiko I+G+b nazioartekotzeko jardueretan parte-hartzea sustatzea.

b) Ekintza osagarriek bat etorri beharko dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2020 Euskadi Planaren espezializazio-esparruekin.

c) Ekintzok bakarka egin ahal izango dira, edo beste erakunde batzuekin elkarlanean, eta urte anitzekoak izan daitezke.

d) Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betez, interes handiko ekintza osagarrien aldeko laguntzen efektu pizgarria bermatzeko, proiektu hauek baino ez dira diruz lagunduko: laguntza-eskabidea laguntza-programaren I. fasean aurkeztu ondoren (eta programaren deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1aren ondoren) hasitako proiektuak.

e) Interes bereziko ekintza osagarriek, gainera, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoa beteko dute. 651/2014 Erregelamenduaren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014-06-26ko EBAO, L 187).

4.– Halaber, elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek, industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuek eta elkarlanean egindako interes bereziko ekintza osagarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua garatzeko eratutako elkarlan-partzuergoak orekatua izan behar du, eta elkarlan eraginkorra egin, halako moduan non erakunde bazkide guztiek era orekatuan ematen dioten balioa proiektuari.

b) Erakunde parte hartzaile bakoitzak ez du proiektuaren kostu osoaren % 70 baino gehiago bere gain hartuko.

c) Lankidetza-akordio bat egin beharko da erakunde parte hartzaile guztien artean, haien legezko ordezkariek izenpetua, proiektua gauzatuko dela bermatu duena eta emaitzak ustiatzeko hitzartutako baldintzak jasoko dituena.

5. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastuak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo dira, eta honako hauek izango dira:

– Langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak, baldin eta erakunde eskatzailearen plantillakoak badira), betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Kostu horien artean, langileen kostu zuzenak eta zeharkakoak sartuko dira, justifikazioko kontua aurkezteko jarraibideetan jasotako prozedurari jarraikiz.

– Ikerketa-proiektuaren zati batzuk azpikontratatzea, erakunde onuradunek eurek ezin baitituzte egin konplexuak edo espezializatuak izateagatik. Azpikontratazio horretan ezin izango dira sartu artikulu honetan aipatu ez diren bestelako gastuak.

Oro har, erakunde onuradunak, diruz lagundutako jarduera egiteko, ezin izango du hirugarrenekin kontraturik egin proiektuaren kostu osoaren % 50etik gora. Salbuetsi egingo dira Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak baimendutako gastuak, espezializazio-maila handikoak izateagatik eta ezinezkoa izateagatik erakunde onuradunek beren baliabideekin soilik jarduera horiek burutzea.

– Aholkularitza-zerbitzuak eta antzeko beste zerbitzu batzuk, honako hauek barne hartuta: ikerketa-lanak eta ezagutza teknikoa erostea; kanpoko ikastaro eta mintegietara joateko gastuak, eta bideragarritasun- eta merkatu-azterlanenak –haien barruan, proiektuaren kostuei buruzko auditoria sar daiteke–. Auditoriaren kostutik, gehienez 1.500 euro lagundu daitezke diruz, proiektu, erakunde onuradun eta urte bakoitzeko.

– Ikerketa-jarduerak zuzenean eragindako beste gastu batzuk (materialak, horniketa, bidaiak, eta abar).

– Patenteak erregistratzeko eta mantentzeko gastuak eta/edo jabetza intelektuala babestekoak.

– Amortizazio-gastu hauek: azpiegitura sortzekoak eta ekipamendu teknologiko aurreratua erostekoak, bai eta instalazio eta zerbitzuak hobetzekoak ere, Gastu horien helburua izango da proiektuaren xedeak baldintza onenetan erdiestea.

Aurreko ataletan aipatu diren diruz laguntzeko moduko gastuak interpretatzeko, aintzat hartuko da Kategorien araberako Salbuespenen 651/2014 Erregelamenduko 2. eta 25. artikuluetan ezarritakoa.

2.– Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta ZTBESko eragileek –hala EAEko sektore publikokoek nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoek–, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren beste sail baten edo beste herri-administrazio baten finantzaketa badute, langile propioen edo plantillakoen zeharkako kostua baino ezingo dute aplikatu langileen kostuaren kontzeptuan, eta ezingo da inola ere diruz finantzatu langile horien kostu zuzena. Diruz lagundutako proiektua egiteko berariaz kontratatutako langileentzat, zuzeneko kostua izango da tarifa.

6. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Laguntzak emateko prozedurak bi fase izango ditu: I. fasean, proiektuak hautatuko dira, eta, ondoren, zehaztuko da zer proiektu onartu diren; II. fasean, berriz, laguntzak esleituko zaizkie I. fasean onartutako proiektuei, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritakoari jarraituz, betiere proiektua aurkeztu dutenek hala eskatzen badute.

3.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagoka-prozedura bidez hautatuko dira proiektuak, aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honetako 15. artikuluan zehaztutako irizpide eta prozedurei jarraituz. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatutako 15. artikuluko 2. puntuan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.

4.– Agindu honetako 7. artikuluan zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie diru-laguntzak (II. fasea) I. fasean onartu diren proiektuei, hala eskatzen badute.

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Onartutako proiektu bakoitzari emango zaion diru-laguntza kalkulatzeko, artikulu honetako 3. puntuan aurreikusitako laguntza handiena aplikatuko zaio onartutako proiektu bakoitzean onetsitako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuari.

2.– Diru-laguntzak urtekoak edo urte anitzekoak izan daitezke, onartutako proiektuaren iraupenaren arabera, eta, gehienez ere, proiektuak hautatzeko deialdian zehaztutako ekitaldi-kopururako emango dira.

3.– Erakunde onuradun bakoitzari emango zaizkien laguntzen (itzuli beharrik gabeko laguntzen) ehunekoak hauek izango dira gehienez:

– Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan zehaztutakoaren arabera:

Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek diruz laguntzeko moduko gastu-aurrekontuen % 100 ere har dezakete.

Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuei onartutako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuaren % 100 emango zaie gehienez, funtsezko ikerketa-proiektuak baldin badira, eta % 50 gehienez, industria-ikerketako proiektuak badira.

Interes bereziko ekintza osagarriei onartutako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuaren % 100 emango zaie gehienez, funtsezko ikerketa-proiektuei loturiko ekintzak baldin badira, eta % 50 gehienez, industria-ikerketako proiektuei loturiko ekintzak badira.

4.– Diruz lagundutako proiektu-tipologia bakoitza finantzatzeko bideratuko den diru-kopurua, deialdi-ebazpenean ezarritakoa, nahikoa ez bada jarduera guztiak finantzatzeko aurreko 3. puntuan ezarritako ehunekoen arabera, dirua hainbanatuko da tipologia bakoitzeko jardueren artean. Horretarako, aintzat hartuko da ebaluazioan lortutako puntuazioa, agindu honetako 15. artikuluan bildutako irizpideen araberakoa.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetako laguntzak eskuratzen dituzten eragile zientifiko-teknologikoek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte jarduera horiek burutzeko, edozein dela ere laguntza horien izaera edo laguntzak ematen dituen organoa edo administrazioa. Erakunde onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa.

2.– Eragile zientifiko-teknologikoek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinarazten badiote beste administrazio edo erakunderen batetik diru-laguntzak eskuratu dituztela, laguntzak ezin izango dira aurreko artikuluan aipatutakoa baino handiagoak izan, ez eta erakunde onuradunek garatuko duten jardueraren kostu osoa baino handiagoak ere. Horrela bada, agindu honi jarraituz emandako laguntzak murriztu egingo dira muga horretara egokitu arte.

9. artikulua.– Laguntzen kontrola.

1.– Salbuespenen 651/2015 Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren agintariek konpromisoa hartzen dutela aipatu erregelamenduaren 9. artikuluan zehaztutako betebeharrak zorrotz errespetatzeko eta betetzeko.

2.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, non zehaztuko baitute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 11. artikuluaren b) idatzi-zatian ezarritakoari jarraituz.

3.– Gainera, programa honetan, laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, erakunde eskatzaileak eskaera egin ostean abiarazitako proiektuak baino ez dira diruz lagunduko.

III. KAPITULUA
PROZEDURAK
LEHENENGO ATALA
HASIERA

10. artikulua.– Deialdiak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak elkarren ondoko bi prozedura edo fasetan emango dira, aginduaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Fase bakoitzerako, urteko deialdi publiko bat egingo da.

2.– I. fasea: Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrak egingo du proiektuak hautatu eta onartzeko deialdia, ebazpen bidez, eta, han, ezarriko ditu proiektuak gauzatzeko aldia, eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eskabide-ereduak eta Ebaluazio Organoa osatuko duten pertsonak.

3.– II. fasea: Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrak egingo du, halaber, I. fasean onartutako proiektuei laguntzak esleitzeko deialdia, ebazpen bidez oraingoan ere, eta, han, zehaztuko du kasuan kasuko ekitaldian diru-laguntzak emateko aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa, bai eta eskabideak aurkezteko epea eta tokia ere.

11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin eta, bereziki zuzenketak egiteko, dekretu horren 28.3 artikuluarekin bat etorriz; hala egingo da, halaber, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko honetara jo beharko da:

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (castellano)

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara)

Aipatutako egoitza elektronikoan, eskuragarri egongo dira bide elektronikotik izapideak egiteari buruzko zehaztapenak, eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak.

Eskabidea egin ondoren, espedientea eskuratzeko eta errekerimenduak jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, honako helbide honetara jo beharko da:

http://www.euskadi.net/misgestiones/

http://www.euskadi.net/nirekudeaketak/

3.– Eskabidea behar bezala beteta aurkeztu behar da, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartua daramala, eta hurrengo artikuluan aipatzen diren agiriak izan behar ditu, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Izenpe elektronikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

4.– Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

BIGARREN ATALA
I. FASEA – PROIEKTUAK HAUTATU ETA ONARTZEA

12. artikulua.– Proiektuak onartzeko aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.

1.– Proiektuak hautatzeko eta onartzeko eskabideak eta gainerako agiri osagarriak euskarri elektronikoan beteko dira, aurreko artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan, eta han eskura daitekeen ereduaren arabera.

2.– Elkarlaneko proiektuetarako, erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Beraz, proiektuan parte hartzen duten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileetako batek, proiektuaren garapenean protagonismo handiena izateagatik lider denak, proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren erantzukizuna izango du, eta, horretarako, bere gain hartuko du Administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak, proiektuaren martxa onerako beharrezkoak direnak, eta, gainera, proiektuaren zuzendaritza eta partzuergoaren ordezkaritza edukiko ditu, eta beraz, proiektuaren lidergoa.

Proiektuaren garapenean protagonismo handiena izateagatik lider den erakundearen legezko ordezkariaren izenpe elektronikoa duela aurkeztuko da eskabidea.

3.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabidearekin zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Eskabide-inprimakia, proiektuaren lider den erakundeak sinatuta, honako hauek barne hartuko dituena: proiektuan parte hartzen duten erakundeen datuak eta haietako bakoitzak egingo dituen jarduerak eta izango duen aurrekontua.

b) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.

c) Eragile bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

d) Erakunde parte hartzaile guztiek izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren kopia digitalizatua.

e) Erakunde parte hartzaile bakoitzaren eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia digitalizatua.

5.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, edo, hala badagokio, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, –agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile modura jardungo baitu– zera eska diezaiekete eskabidea egiten duten eragileei: aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak, aditzera emanez ezen, agindu honetan propio adierazi gabekoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

6.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin eta SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.rekin izango dituzten harremanetan.

13. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta estrategia arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

2.– Jakinarazpenak bide elektronikoz egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenak helburutzat daukan egintza, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat emango da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskaini dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat emango, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

4.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.

14. artikulua.– I. faseko eskabideak ebaluatzeko organoa (proiektuak onartzea).

1.– Berariaz xede honetarako sortutako Ebaluazio Organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta proiektuak onartzeko proposamenak egitea ere.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko teknologia eta estrategia arloko zuzendaritzako titularra izango da ebaluazio-organoko burua. Organoko kideak, berriz, hauek izango dira: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko industria-garapenaren arloko zuzendaritzako titularra; SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoko ordezkari bat, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko teknologia eta estrategia arloko zuzendaritzako talde tekniko pertsona bat, idazkari-lanak egingo dituena. Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

3.– Proposamenak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu, zeinak ebaluazio-organoan aurkeztuko baititu.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira Ebaluazio Organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta atal honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

5.– Ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat hartzen bada, proiektuetan aldaketak egitea iradoki ahal izango zaie erakunde eskatzaileei, proiektuak hobetu egokitu daitezen ezarritako helburuetara.

15. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Proiektuak hautatzeko eta, hala badagokio, emango zaien laguntza-ehunekoa zehazteko, irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Funtsezko irizpideak eta irizpide espezifikoak:

I) Arlo estrategikoetan egindako elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuak eta industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak:

1) Orientazio zientifiko-teknologikoa (25 puntu):

– Proposamena noraino egokitzen den Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzan dituen lan-ildoetara, eta nolako ekarpena egiten dion ZTBP 2020 planean bildutako espezializazio adimendunaren estrategiari.

– Proposamenean definitzen diren arloetan, inbertsioak egiteko nolako aukerak ematen dituen proiektuak, zientzia- eta teknologia-ikuspegia oinarritzat hartuta; bestalde, egungo artearen egoerari dagokionez, nolako ekarpen zientifiko-teknikoa egiten duen proiektuak.

– Proposatutako jardueretan nolako emaitza zientifiko-teknologikoak espero diren eta nolako gaitasuna dagoen horiek lortzeko.

– Nolako gaitasuna daukan partzuergoak erreferente zientifiko-teknologiko bihurtzeko.

2) Zientzia eta teknologia transferitzeko potentziala eta inpaktu sozio-ekonomikoaren proiekzioa (25 puntu):

– Programan aurreikusitako emaitzen aprobetxamenduak nolako inpaktua izan lezakeen euskal gizartearen eta ekonomiaren egituran, aplikazio-perspektiben arabera.

– Proposamenean definitzen diren arloetan, nolako aukerak izan ditzakeen Euskal Autonomia Erkidegoak gaitasunak garatzeko, gizartearen eta ekonomiaren arlotik begiratuta.

3) Lankidetza - Zientzia-Teknologia-Berrikuntza sistemaren integrazioa (10 puntu):

– Zientzia eta Teknologia Sistemako eragileekiko lankidetza eta elkarlanerako eskema.

4) Konektagarritasuna (10 puntu):

– Europako Ikerketa Gunean integratzea.

– Erreferentzia-zentroekiko akordioak edo halakoak egiteko konpromisoak.

– Emaitzen berri zabaltzea, erakunde parte hartzailearen barruan zein kanpoan.

II) Interes bereziko ekintza osagarriak:

1) Jarduera zientifiko teknologikoaren osaketa (25 puntu):

– Proposamena noraino egokitzen den Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzan dituen lan-ildoetara, eta nolako ekarpena egiten dion ZTBP 2020 planean bildutako espezializazio adimendunaren estrategiari.

– Proposamenean definitzen diren arloetan, zer aukera ematen duen ekintzak, zientzia- eta teknologia-ikuspegia oinarri hartuta; bestalde, nolako ekarpena egiten duen proiektuak egungo artearen egoera hobeto ezagutzeko.

– Proposatutako jardueretan nolako emaitza zientifiko-teknologikoak espero diren eta nolako gaitasuna dagoen horiek lortzeko.

2) Zientzia eta teknologia transferitzen laguntzeko potentziala, eta inpaktu sozio-ekonomikoaren proiekzioa (25 puntu):

– Euskal eragileek egindako proiektu zientifiko-teknologikoen emaitzek nolako aprobetxamendua izango duten gizartearen eta/edo ekonomiaren ikuspegitik.

– Euskal eragileek egindako proiektu zientifiko-teknologikoen emaitzek euskal gizartearen eta ekonomiaren egituran izango duten inpaktua sendotzea.

3) Lankidetza - Zientzia-Teknologia-Berrikuntza sistemaren integrazioa (10 puntu):

– Lankidetza-akordioak sustatzea Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sistemako eragileen artean.

– Zientzia eta Teknologia Euskal Sistemako eragileekiko lankidetza eta elkarlanerako eskema.

4) Konektagarritasuna (10 puntu):

– Europako Ikerketa Gunean integratzea sustatzea.

– Nazioarteko erreferentzia-erakundeekiko akordioak edo lankidetza-konpromisoak sustatzea.

– Emaitzen berri zabaltzea, erakunde parte hartzailearen barruan zein kanpoan.

b) Proiektu mota guztietarako irizpide orokorrak:

1) Lantaldea (10 puntu):

– Lantaldearen ezaugarriak, kideen dedikazioa eta beharrezkoa den masa kritikoa aintzat hartuta.

– Lantaldearen gaitasuna, eta, elkarlaneko ikerketa-proiektuen kasuan, haren gaitasun zientifiko-teknikoa.

– Atzerrian lanean ari diren teknikari eta ikertzaile euskaldunak lantaldean sartzea (berreskuratzea), elkarlaneko ikerketa-proiektuetarako.

2) Finantzazio-eskema egokia (10 puntu):

– Aurreikusitako aurrekontuaren tamaina: proiektuan aurreikusita dauden helburu eta jarduerarekin bat etorri beharko du.

3) Metodologia egokia (10 puntu):

– Jarduera-planaren deskribapena eta egitura.

– Argi bereiztea funtsezko garapen-lanak eta bigarren mailako atazak.

– Proposatutako kudeaketa-egiturak egokiak izatea.

– Proiektuaren egutegia egokia izatea.

– Proiektuan genero-ikuspegia integratzea, hala badagokio.

– Proiektuan euskara integratzea eta garatzea, hala badagokio.

2.– Proiektu bat hautatzeko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen gehieneko notaren % 50 baino nota hobea ateratzea ebaluazioan, eta bestetik, funtsezko irizpide bakoitzean atera daitekeen gehieneko notaren % 40 baino nota hobea ateratzea.

16. artikulua.– I. fasea ebazteko proposamena: hautatutako/onartutako proiektuak.

1.– Ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu eskaerak, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz, eta teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrari helaraziko dio prozedura ebazteko proposamen arrazoitua.

2.– Ebazpen-proposamen arrazoituak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Onartzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek adierazita: ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako/onetsitako aurrekontua, eta proiektua gauzatzeko epea. Lankidetza-proiektuetarako adieraziko da, halaber, zein diren proiektuaren ardura duen partzuergoko kideak eta zein kidek hartzen duen proiektuaren ordezkaritza.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

17. artikulua.– I. fasea ebaztea, proiektuak onartzea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira I. fasean aurkeztutako eskaerak, eta, han, erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, Ebaluazio Organoaren proposamenez.

2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren hautatutako eta onartutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, halaber, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako/onetsitako aurrekontua eta gauzatzeko epea; horrekin batera, jakitera emango da ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa. Elkarlanean egindako proiektuetarako, adieraziko da, halaber, zein diren proiektuaren ardura duen partzuergoa osatzen duten erakunde onuradunak.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, proiektuak hautatzeko/onartzeko I. fasearen deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen eragileari, bai proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei.

6.– Proiektuak hautatzeko/onartzeko ebazpenak ez du esan nahi besterik gabe laguntzak emango zaizkienik hautatutako/onartutako proiektuei. Izan ere, horretarako, pauso hauek eman behar dira: II. fasearen deialdia argitaratu behar da, teknologia-, berrikuntza eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularraren ebazpen bidez –hala dago aurreikusita 10.3 artikuluan–; laguntza-eskabidea aurkeztu beharra dago –agindu honetako 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz–, eta agindu honetako eskakizunak bete behar dira.

HIRUGARREN ATALA
II. FASEA – LAGUNTZAK EMATEA

18. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko eskabidea aurkeztea.

1.– Elektronikoki aurkeztuko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak, agindu honetako 11. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Lankidetza-proiektuen kasuan, erakunde interesdunek laguntza-eskabide bakarra aurkeztuko dute proiektu bakoitzeko, eta, hortaz, lider izendatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileak aurkeztuko du eskabidea.

3.– I. fasean onartutako/hautatutako proiektuetarako baino ezingo dira aurkeztu laguntza-eskabideak, agindu honetako 17. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta, haiekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Laguntza-eskabidearen inprimakia, proiektuaren lidergoa duen erakundeak izenpetuta, eta gainerako erakunde parte hartzaileek sinatuta (onartuta).

b) Erakunde parte hartzaileek izenpetutako akordioaren kopia digitalizatua; akordio horren bidez, erakunde liderrari lagatzen diote ordezkaritza, beren izenean laguntza eskatu dezan.

c) Proiektuan parte hartzen duten erakundeetako bakoitzak –eragile liderra barne– honako agiri digitalizatu hauek aurkeztuko ditu:

1) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek ziurtatzeko:

– Beste instituzio publiko edo pribatuei proiektu bererako eskatutako edo haietatik jasotako laguntzen zerrenda.

– Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako zerga betebeharretan egunean dagoela.

– Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

– Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta Merkatu Erkidearekin bateraezina dela aurretiaz erabaki duela-eta irekitako berreskuratze-agindu baten menpe ez dagoela erakunde eskatzailea.

2) Efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Europako Batzordearen Kategorien araberako Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, edo, hala badagokio, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, –agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile modura jardungo baitu– zera eska diezaiekete eskabidea egiten duten eragileei: aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak, aditzera emanez ezen, agindu honetan propio adierazi gabekoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, prozedura bideratzeko, erakunde eskatzaileek ez dute beharrik izango organo eskudunak lehendik dituen agiriak aurkezteko, eta eskabidean adierazi egin beharko dute zein den orduko hartan jakinarazi zitzaien espediente-zenbakia, betiere dagokien prozedura amaitutzat eman zenetik zenbatzen hasita bost urte igaro ez badira. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, erakunde eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

6.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin eta SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.rekin izango dituzten harremanetan.

19. artikulua.– Laguntza-eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta estrategia arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

2.– Jakinarazpenak bide elektronikoz egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenak helburutzat daukan egintza, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat emango da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskaini dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat emango, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

4.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.

20. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebaluatzea.

1.– Ebaluazio Organoak aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak, horretarako sortuta baitago eta agindu honen 14. artikuluan aipatzen baita, eta, horretaz gainera, I. fasean hautatutako/onartutako proiektuei laguntzak emateko proposamena egingo du, betiere horretarako eskabidea formalki aurkeztu badute.

2.– Laguntzak emateko proposamena egiteko, kontuan hartuko dira proiektuak onartzeko/onesteko ebazpenean bildutako datuak, hala nola onartutako/onestutako aurrekontua, proiektua egiteko epea eta lortutako puntuazioa, bai eta agindu honetako 7. artikuluan ezarritako laguntzen zenbatekoak ere.

21. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebazteko proposamena.

1.– Ebaluazio Organoak ebaluatuko ditu eskaerak, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrari helaraziko dio prozedura ebazteko proposamena.

2.– Ebazpen-proposamenak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Laguntzak emateko proposatzen diren proiektuen zerrenda, haietako bakoitzari buruz honako hauek adierazita: erakunde onuraduna; ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako aurrekontua; proiektua egiteko epeak, eta proposatzen den laguntzaren guztizko zenbatekoa. Lankidetza-proiektuetarako, adieraziko da, halaber, zein diren proiektuaren ardura duen partzuergoko kideak, zein kidek hartzen duen proiektuaren ordezkaritza eta kide bakoitzari zenbateko laguntza esleitu zaion.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

22. artikulua.– II. fasea ebaztea, laguntzak onartzea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira II. fasean aurkeztutako eskaerak, eta, han, erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, Ebaluazio Organoaren proposamenez.

2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren diruz lagunduko diren proiektuak, eta haietako bakoitzari buruz honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako aurrekontua, proiektua egiteko epeak eta onartutako laguntzaren zenbateko osoa. Elkarlanean egindako proiektuetarako, adieraziko da, halaber, zein diren proiektuaren ardura duen partzuergoa osatzen duten erakunde onuradunak eta zenbateko diru-laguntza esleitu zaion bakoitzari.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han, erakunde onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten deskargu-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, laguntza-deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen eragileari, bai proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei. Hori guztia, eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erakunde onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuena eta emandako diru-laguntzak, herritar guztiak jakitun egon daitezen.

6.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK EXEKUTATZEA

23. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak zuzenean erakunde onuradunei ordainduko zaizkie, zatika, honako modu honetan:

a) Lehen urtekoari dagokion diru-laguntzaren % 50 ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da, 24.3.a) artikuluan zehaztutako epean berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Lehenengo urterokoaren ordainketa, bai ondorengoarena ere, honako hauek baldintzaturik egongo dira: aurretiko dokumentu-justifikazioa aurkeztea; dagokion urteko jarduera burutzea; finkatutako xedeen erdiespen-maila, eta egindako gastua.

Proiektuaren urte bakoitzean egindakoaren justifikazioa amaitutako urtearen ondorengo lehenengo lauhilekoan egin beharko da eta, gutxienez, diru-laguntzaren justifikazioko kontua aurkeztuz egingo da, proiektuaren kostuen auditoria-txosten bat eta gainerako beharrezko agiriak barne hartuz eta laguntza emateko ebazpenarekin batera erakunde onuradun bakoitzari helaraziko zaizkion argibideei jarraikiz, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Justifikazioa deskribatutako baldintzetan egin ondoren, justifikatutako urterokoaren zatiari eta hurrengo urterokoaren % 50ari dagokien aldibereko ordain-agindua emango da.

c) Azken urtekoari dagokion azken % 50aren ordainketa ekitaldi horren jarduera egitearen azken likidazioa eta proiektua osorik gauzatu izanaren justifikazioa aurkeztu ondoren egingo da, nagusiki honako hauek adierazten dituen memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta: egindako eguneratzeak; lortutako emaitzak, kuantifikatuta eta/edo balioetsita; aldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren amaierako aurrekontua, gastuak urteka eta kontzeptuka zehaztuta dituela, eta kontratuak, hitzarmenak, akordioak eta abarrak bete izanaren txostena.

Auditoria-enpresa batek egindako txosten bat aurkeztu beharko dute erakunde onuradunek, onartutako proiektu bakoitzeko. Auditoria-enpresak inskribatuta egon beharko du ROAC Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean. Alde horretatik, aplikagarria izango da maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduaren bidez onartutako jardun-araua (2007ko maiatzaren 25eko BOE, 125. zk.).

2.– Diru-laguntza jaso duen proiektuan parte hartzen duten zenbait erakunde onuradunek laguntza jaso baino geroagoko ekitaldi batean hasi badute beren jarduera proiektu horretan, haien aldeko lehen ordain-agindua ekitaldi horretara atzeratuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko paragrafoan ezarritako araubidea aplikatuko da.

3.– Laguntzak ordaindu aurretik, erakunde onuradunak sailaren esku jarriko du agindu honen 18. artikuluan aipatzen den zinpeko adierazpenean azaltzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa (hala eskatzen bazaio).

4.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake, erakunde onuradunak aurkeztutako agiriak egiazkoak direla frogatze aldera. Alde horretatik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, lagin-teknikak erabiliz, diruz lagundutako jarduera osorik burutu izana justifikatzen duen dokumentazioa eskatu ahal izango du, proiektuen lagin esanguratsu bat izateko.

24. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, bai eta onarpen-ebazpenean zehaztutako epeetan ere. Auditoria-txostenari dagozkionak, berriz, proiektuaren urtealdi bakoitza bukatu eta lau hilabetera egin ahal izango dira.

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere alde batera utzi gabe xedapen hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan.

3.– Gainera, erakunde onuradunek honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza zer jardueratarako esleitu den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, nahiz eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldakuntzak onar ditzakeen, betiere aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira eta, agindu honen 27. artikuluan ezarritako moduan, teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularraren berariazko baimena lortu bada.

c) Baimena ematea teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari edota hark izendatutako auditoreari, proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izateko.

d) Publikoki zabaltzeko sortzen diren dokumentazioetan, karteletan, propagandan, edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» esaldia azaldu beharko dira. Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Laguntza ematea Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari, emandako diru-laguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten; alde horretatik, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

f) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

g) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean eskatzen duten informazio guztia ematea.

h) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

i) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak onartzea. Horietan ezarritakoa betez, sexuaren arabera bereizitako datuak izan behar dituzte, hizkera ez-sexista erabili, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatu eta 4/2005 Legearen 3. artikuluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako printzipio orokorrak errespetatu.

j) 250 langiletik gora dituzten erakunde onuradunek berdintasun-plan bat izan behar dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

25. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako diru-laguntzak kudeatzeko, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. –Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako erakundea– izendatu da erakunde laguntzaile, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren), eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean.

2.– SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) I. fasean aurkeztutako proiektuen eskabideak jaso eta ebaluatzea.

b) Proiektuak aztertu eta ebaluatzea.

c) Justifikazio-agiriak jasotzea.

d) Ordainketa-proposamena eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

e) Onartutako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzea eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak hala aginduta, programaren kudeaketa zuzenerako behar diren jardueretan laguntzea.

h) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak burututako kudeaketa frogatzeko jarduerak onartzea.

26. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan ezarritako betekizunak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikulukoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak emandako luzapen- edo aldaketa-baimenik izan ezean.

b) Proiektu batean izandako gastuek onetsitako aurrekontuaren zenbatekoaren % 25 baino handiagoa den beheranzko desbideratzea ekartzen badute, ez-betetzeko arrazoia izan daiteke eta jaso beharreko diru-laguntza galtzea eta aurrez jasotako kopuruak itzuli beharra ekar dezake, betiere enpresak ez badu desbideratze hori behar bezala motibatu eta justifikatu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren aurrean.

c) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze osoko edo partzialeko espedienteak. Era berean, proiektua bukatu aurreko gorabeherak direla-eta, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren proposamenez ere ireki litezke halako espedienteak.

27. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Halaber, salbuespen gisa, egin beharreko jarduerak egiteko epea luzatu ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak, erakunde onuradunak aldez aurretik horretarako eskabidea egin eta justifikatuz gero, baldin eta alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa.

3.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotakoak izango dira gauzatu beharreko jarduerak. Nolanahi ere, teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak aldaketak baimendu ditzake, erakunde onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduerak amaitu aurretik behar bezala justifikatuz gero, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.

4.– Proiektuak porrot teknikoa egiten badu, hau da, proiektua garatzean edo amaitzean konpondu ezineko huts-egite teknikoak atzemanez gero, eta huts-egite horiek ezinezko egiten badute eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea, erakunde onuradunak eska dezake laguntza emateko administrazio-ebazpena aldatzeko, gauzatutako proiektu-zatira egokitu dadin. Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak aldakuntza onar dezake, betiere erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen badu.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2020ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, edo Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra luzatzen den egunera arte.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 9a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala