Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2016ko abenduaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

UNIBASQ-EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATEA EBALUATU ETA EGIAZTATZEKO AGENTZIA
5511

ERABAKIA, 2016ko azaroaren 14koa, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren Gobernu Kontseiluarena, zeinaren bidez onartu eta argitara ematen baita honako figura hauetarako egiaztapena lortu nahi duten irakasle eta ikertzaileak ebaluatzeko ohiko deialdia: doktore-tituludun ikertzailea, irakasle atxikia, irakasle agregatua, irakasle osoa eta unibertsitate pribatuko irakasle doktorea.

Azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoa betez (dekretu horren bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile kontratatuek eta unibertsitate pribatuetako irakasle doktoreek Unibasq-en ebaluazioa eta egiaztapena lortzeko prozedura arautzen da; dekretu hori aldatu da, 350/2010 Dekretuaren bidez), eta deialdia irekitzean indarrean dagoen protokoloan ezarritakoari jarraikiz, Agentziaren Gobernu Kontseiluak hau

ERABAKITZEN DU:

Onartzea eta argitara ematea honako figura hauetakoren bat egiaztatu nahi duten irakasleen irakaskuntza-jarduera eta/edo ikerketa-jarduera ebaluatzeko deialdia: doktore-tituludun ikertzailea, irakasle atxikia, irakasle agregatua, irakasle osoa eta unibertsitate pribatuko irakasle doktorea. Horretarako, aintzat hartuko dira honako oinarri hauek:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da irakasleen irakaskuntza-jarduera eta/edo ikerketa-jarduera ebaluatzea, zehazki figura hauetakoren baten araberako kontratua lortu nahi duten irakasleena: doktore-tituludun ikertzailea, irakasle atxikia, irakasle agregatua, irakasle osoa eta unibertsitate pribatuko irakasle doktorea.

Bigarrena.– Figura bakoitzerako eskabidea aurkezteko baldintzak.

a) Irakasle osoaren modalitatean: doktoretza-titulua eskatzen duten unibertsitate-irakasle taldeetako kide izatea, edo irakasle agregatu izan eta gutxienez hiru urteko jarduna egiaztatzea unibertsitateko irakasle eta ikertzaile gisa.

b) Irakasle agregatuaren modalitatean: doktore-titulua edukitzea eta, gutxienez, irakasle eta ikerlari gisa hiru urtez jardun izana, doktore egin eta gero, ahal dela.

c) Irakasle atxikiaren modalitatean: doktore-titulua izatea.

d) Unibertsitate pribatuko irakasle doktorearen modalitatean: doktore-titulua izatea.

e) Doktore-tituludun ikertzailearen modalitatean: doktore-titulua edukitzea eta irakasle edota ikertzaile gisa hiru urteko jarduna egiaztatzea.

Deialdian parte hartzeko epea amaitu baino lehen bete behar dira baldintza horiek, eta, hori egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

Hirugarrena.– Ebaluaziorako edo txostenerako eskabidea aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2017ko otsailaren 1etik 2017ko martxoaren 1era artekoa izango da honako figura hauetarako: doktore-tituludun ikertzailea, irakasle atxikia, agregatua, osoa eta unibertsitate pribatuko irakasle doktorea. Hala dago ezarrita Hala dago ezarrita Herri Administrazioen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan.

Laugarrena.– Ebaluazioaren eskabidea formalizatzea.

1.– Interesdunak telematikoki egin behar du eskaera, Agentziaren webgunean (www.unibasq.eus) horretarako argitaratutako aplikazio informatikoa erabilita, betiere ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 27.6 artikuluarekin bat etorriz (ekainaren 23ko BOE), eta azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuaren 3.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz (dekretu hori abenduaren 28ko 350/2010 Dekretuaren bidez aldatu da).

2.– Eskabidean merezimendu guztiak aipatu behar dira, banan-banan, ez baitira kontuan hartuko deialdi honetako eskabidean aipatzen ez diren merezimenduak; gainera, eskatzailearen curriculum vitae osoa ere aurkeztu beharko da. Halaber, legez eskatutako baldintzak eta interesdunen historia akademikoa osatzen duten merezimendu guztiak egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko da. Merezimendu horiek deialdian parte hartzeko epea amaitu baino lehen egiaztatu behar dira. Zuzen egiaztatzen ez diren merezimenduak ez dira kontuan hartuko ebaluazioan.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen, 95. bis eta 95 quinquies artikuluei jarraiki, tasa bat ezarriko da. Horregatik, eskaerarekin batera, legean aurreikusitako tasaren ordainketa egin izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, Agentziaren web orrialdean argitaratutako prozedurari jarraituz (www.unibasq.eus).

4.– Ez da beharrezkoa izango merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztea, baldin eta lehendik Unibasq Agentziaren esku badago dokumentu horien kopia, irakasle eta ikertzaileak ebaluatzeko aurreko deialdietan aurkeztu direlako. Horrelakoetan, nahikoa izango da dagokion espedientearen erreferentzia egitea eskabidean.

5.– Unibasqek uneoro eskubidea izango du eskatzaileei dokumentazioa aurkeztea eskatzeko, baldin eta legez eskatutako baldintzak edo alegatutako merezimenduak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoa bada.

Bosgarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Interesdunek, eskabidea behar bezala beteta aurkezteaz gain, honako dokumentu hauek helarazi beharko dizkiote Unibasqi, deialdian ezarritako epearen barruan:

a) Aplikazio informatikoak eskabidea bukatu ondoren sortutako laburpena. Dokumentu hori behar bezala sinatuta aurkeztu beharko da.

b) Tasaren ordainketa egiteko inprimakia, sinatuta.

c) Tasaren ordainketa deialdian ezarritako epearen barruan egin izanaren ziurtagiria.

2.– Aurreko puntuan aipatutako dokumentuak Unibasqen aurrean aurkeztu ahal izango dira, bide hauetakoren bat erabiliz:

a) Herri Administrazioen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez. Eskaera postetxe batean aurkeztu nahi izanez gero, gutun-azala irekita dagoela aurkeztuko da, postetxeko dagokion funtzionarioak eskaeran data jarri eta zigilatu dezan ziurtatu aurretik.

b) Baliabide elektroniko bidez: Erregistro telematikoa www.euskadi.net helbide elektronikoan egin ahal izango da, bide elektronikoz, honako xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzeko dena. Izapidetzeko argibideak eskuragarri daude, www.unibasq.eus web orrialdean.

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.net/misgestiones

Eskatzaileek, bide hau erabil ahal izateko, sinadura elektronikoko ziurtagiri aitortu bat eduki beharko dute.

Administrazioarekiko harremanetan, herritarrak aukeratuko du zein komunikazio-bide erabili nahi duen, non eta legedian ez den ezartzen derrigor bide elektronikoa edo derrigor bide ez-elektronikoa erabili behar dela. Hasieran aukeratutako bide edozein momentutan alda daiteke, gainera. Aldatzea erabakitzen baldin bada, aldaketaren berri erregistroan jaso eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Seigarrena.– Eskabidearen edukia.

Eskabidean, datu-pertsonalez gain, ebaluazioa edo txostena egiteko eskaera zer kontratu motari dagokion eta zer arlo ezagutzari dagokion adierazi beharko da. Deialdi berean, ezin da eskatu ezagutza-arlo ezberdinetan ebaluazio edo txostena egiteko, kontratu mota berdinerako.

Zazpigarrena.– Ebaluazio-irizpideak.

Ebaluazio Batzordeek, beren lana betetzeko, aintzat hartuko dituzte Unibasq Agentziak kontratu-figura bakoitzerako onartutako ebaluazio-irizpide eta –prozedurak, Unibasqek Irakasleak eta ikertzaileak ebaluatu eta egiaztatzeko irizpideak onartzen dituen 2011ko azaroaren 8ko 228/2011 Dekretuan ezarritakoak. Irizpide eta prozedura horien garapena Unibasqeko Aholku Batzordeak irakasleak eta ikertzaileak ebaluatu eta egiaztatzeko onartutako protokoloaren bidez egin da (Zuzendariaren 2016ko urriaren 19ko Ebazpenaren bidez argitaratu zen protokolo hori).

Zortzigarrena.– Ebazpena.

1.– Ebaluazioa egiteko edo txostena lortzeko prozesuen emaitzak Unibasq Agentziako zuzendariaren ebazpen bidez formalizatuko dira, banan-banan. Ebazpen horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, nahi izanez gero, adierazitako agentziaren aurrean, hilabeteko epean, edota, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegi eskudunetan, bi hilabeteko epean (bi kasuetan, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak).

2.– Ebazpenetan, adierazi beharko da ebaluazioa zer kontratu-irudirako egin den, ebaluazioa positiboa edo negatiboa izan den eta txostena aldekoa edo kontrakoa izan den. Halaber, ebazpena kontrakoa izan bada, dagokion batzordeak egindako ebaluazioaren edo txostenaren laburpena erantsiko zaio.

3.– Eskatzaileek ebaluazio positiboa lor dezakete kontratu-figura jakin baterako, betiere ezinbesteko baldintza hauek betetzen badituzte:

– Irakasle osoa: gutxienez, 80 puntu lortzea; horietatik, gutxienez 50 puntu, Ikerketa Jarduera eta Ezagutzaren Transferentzia atalean, eta gutxienez 25 puntu, Irakaskuntza Jarduera eta Lan Esperientzia atalean.

Ikerkuntza-jarduerako hiru aldirekin pareka daitezkeen merezimenduak egiaztatzea; aldi horiek Irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuan egindako zehaztapenen arabera nahiz horri egindako aldaketen arabera aitortuko dira. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa, aldeko egiaztapena lortzeko.

Gutxienez, bi doktoretza-tesi zuzendu izana, edo, gutxienez, bi ikerketa-proiekturen ikertzaile nagusi izatea, edo, sei hilabetez, atzerriko unibertsitate batean doktoratu ondoko egonaldia egina izatea. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa, aldeko egiaztapena lortzeko.

– Irakasle agregatua: gutxienez, 65 puntu lortzea; horietatik, gutxienez 35 puntu, Ikerketa Jarduera eta Ezagutzaren Transferentzia atalean, eta gutxienez 10 puntu, Irakaskuntza Jarduera eta Lan Esperientzia atalean.

Ikerkuntza-jarduerako aldi batekin pareka daitezkeen merezimenduak egiaztatzea; aldi hori Irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuan egindako zehaztapenen arabera nahiz horri egindako aldaketen arabera aitortuko da. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa, aldeko egiaztapena lortzeko.

– Irakasle atxikia: Gutxienez, 55 puntu lortzea; horietatik, gutxienez 25 puntu, Ikerketa Jarduera eta Ezagutzaren Transferentzia atalean.

Argitalpenei dagokienez, eskatzaileak egiaztatu beharko du bere ezagutza-arloarekin lotutako kalitate handiko (JCR edo baliokidea) bi lan argitaratu izana, gutxienez. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa, aldeko egiaztapena lortzeko.

– Unibertsitate pribatuko irakasle doktorea: gutxienez, 60 puntu lortzea; horietatik, gutxienez 25 puntu, Ikerketa Jarduera eta Ezagutzaren Transferentzia atalean, eta gutxienez 20 puntu, Irakaskuntza Jarduera eta Lan Esperientzia atalean.

– Doktore-tituludun ikertzaileak: gutxienez, 85 puntu lortzea; horietatik, gutxienez 70 puntu, 2. atalean.

Ikerkuntza-jarduerako bi aldirekin pareka daitezkeen merezimenduak egiaztatzea; aldi horiek Irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuan egindako zehaztapenen arabera nahiz horri egindako aldaketen arabera aitortuko dira. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa, aldeko egiaztapena lortzeko.

4.– Ebaluazioaren ebazpenak deialdi honetan eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan jakinarazi beharko zaizkie interesdunei, alde batera utzi gabe Herri Administrazioen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22 eta 23 artikuluetan.

Bide elektronikoz egindako jakinarazpenen kasuan, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan («Jakinarazpen elektronikoak») hau adierazten da:

«Jakinarazpen-sisteman, bi gauza hauek noiz gertatu diren egiaztatzeko modua egon behar du, data eta ordua jarrita: jakinarazi nahi den egintza noiz jarri den interesdunaren eskuetan; eta interesduna noiz sartu den edukira. Sartzen den momentutik aurrera pentsatuko da jakinarazpena eginda dagoela. Jakin baldin badakigu iritsi zaiola jakinarazpena, baina hamar egun natural geroago oraindik ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea eginda dagoela ulertuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.»

5.– Aurreko puntuan adierazitako epearen barruan ebazpenik izan ezean, Herri Administrazioen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako ondorioak sortuko dira.

6.– Ebaluazio negatiboa jaso duen interesdunak ezin izango du beste ebaluazio-eskaera bat aurkeztu dagokion ebazpena jakinarazi eta sei hilabete igaro arte, abenduaren 28ko 350/2010 Dekretuaren bidez aldatutako azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuaren 8.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Dekretu horren bidez, Unibasqen ebaluazioa eta egiaztapena lortzeko prozedura arautzen da.

Bederatzigarrena.– Dokumentu-erregimena eta datu pertsonalen inguruko eskubideak.

1.– Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraikiz, interesdunek emandako datuak Unibasq Agentziaren titulartasunpeko fitxategi automatizatu pertsonal batean sartuta geratu ahal izango dira, Agentziak deitutako beste prozesu batzuk garatzeko, betiere interesdunak prozesu horietan parte hartzen badu.

2.– Eskatzaileak datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurkaratzeko eskubidea baliatu ahal izango du, eta, horretarako, idatzi bat helarazi beharko dio Unibasq Agentziari (San Prudentzio kalea 8, 01005 Vitoria-Gasteiz).

Hamargarrena.– Errekurtsoak.

Deialdi hau eta haren oinarriak behin betikoak dira administrazio-bidean, eta, haien aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekiko auzien jurisdikzio-organoei, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. artikuluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. eta 46. artikuluetan. Halaber, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Agentziari, hilabeteko epean, adierazitako 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluei jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 14a.

Unibasq-eko Gobernu Kontseiluko burua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala