Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2016ko abenduaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5435

AGINDUA, 2016ko azaroaren 21ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez argitaratzen baita barne-igoerako txandaz eta txanda irekiaz Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko Kidegoan sartzeko hautaprobak gainditu dituztenei Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen zaizkien plazen zerrenda. Hautaproba horietarako deialdiak abenduaren 1eko JUS/2683/2015 Aginduaz eta abenduaren 1eko JUS/2684/2015 Aginduaz egin ziren, hurrenez hurren.

Honako hauetan ezarritakoaren arabera: Justizia Administrazioko funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri komunak ezartzen dituen urriaren 14ko JUS/2170/2015 Aginduaren hamazazpigarren oinarria (urriaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko Kidegoan barne-igoeraz sartzeko sistema orokorreko hautaketa-prozesuaren deialdia egiten duen abenduaren 1eko JUS/2683/2015 Aginduaren 8.1.a) oinarria (abenduaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko Kidegoan txanda irekiaz sartzeko sistema orokorreko hautaketa-prozesuaren deialdia egiten duen abenduaren 1eko JUS/2684/2015 Aginduaren 8.1.a) oinarria (abenduaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko Kidegoan barne-igoerako eta txanda irekiko sistema orokorren bidez sartzeko hautaketa-prozesua gainditu duten hautagaiei Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen zaizkien bete gabeko lanpostuen zerrenda (I. eranskina). Hautaproba horietarako deialdiak abenduaren 1eko JUS/2683/2015 Aginduaz eta abenduaren 1eko JUS/2684/2015 Aginduaz egin ziren, hurrenez hurren.

Bigarrena.– Esparru honetako izangaien destino-eskabideak hemen aurkeztuko dira: Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATan, edota Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistro Nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan (urriaren 2ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) aurrez ikusitako bideak erabiliz. Eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, hautaprobak gainditu dituztenen behin betiko zerrenda Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita, lehen aipatutako hautaketa-prozesuen deialdien 8.1.a) oinarrian ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Eskabideak egiteko, agindu honetako II. eranskinean agertzen den eredua erabili beharko da, jarraibide hauen arabera:

Eskabide-ereduan, gehienez, eskainitako lanpostu-kopurua zerrendatu ahal izango da, eta organoa, udalerria, probintzia, lanpostua eta dotazioa adierazi beharko dira.

Modu horretan adierazitako lanpostuetako bakar bat ere egokitu ezean, lanpostu-kopuru nahikoa ez eskatzeagatik, interesdunek eskabide-orrian adierazten duten probintziaren araberako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio.

Probintzia bakoitzaren barruan, destinoak honako hurrenkerari jarraituz esleituko dira:

1.– EAEko Justizia Auzitegi Nagusia.

2.– Probintzia Auzitegiak.

3.– Fiskaltzak.

4.– Bulego judizialeko lanpostuen zerrendak bulego hori ezarrita dagoen probintziako hiriburuan.

5.– Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua.

6.– Dekanotzak eta zerbitzu erkideak.

7.– Instrukzioko epaitegiak.

8.– Zigor arloko epaitegiak.

9.– Espetxe-zaintzako epaitegiak.

10.– Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak.

11.– Lehen auzialdiko epaitegiak.

12.– Merkataritza-arloko epaitegiak.

13.– Administrazioarekiko auzien epaitegiak.

14.– Lan-arloko epaitegiak.

15.– Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak.

16.– Adingabeen epaitegiak.

17.– Bake-epaitegiak.

18.– Bulego judizialeko lanpostuen zerrendak bulego hori ezarrita dagoen udalerrian.

Laugarrena.– Destinoak esleituko dira hautaketa-prozesu osoan barne-igoerako txandan eta txanda irekian (txanda bakoitzean) lortutako hurrenkeraren arabera, honela:

Lehenik, barne-igoerako txandako izangaiei esleituko zaizkie destinoak, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera. Errege Dekretu horren bidez, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioen sarbidea, lanpostuen betetzea eta lanbide-sustapena arautzeko erregelamendua onartzen da.

Destinoa izangai horiei esleitu ostean, eta horien destinoko esleipena eta izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero, txanda irekiko lanpostuei gehituko zaizkie barne-igoerako txandan izangaiek bete ez dituzten lanpostuak, jatorrizko kidegoan geratzea erabaki dutelako. Hori guztia abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 28.3 eta 29.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Txanda irekian hautaprobak gainditu dituzten izangaiei destinoak esleitzeko prozesua gehiegi luza ez dadin, barne-igoerako txandako izangaiek, jatorrizko kidegoan aktiboan jarraitzea aukeratzen badute, horren berri eman beharko dute, agindu honen III. eranskin gisa argitaratzen den inprimakia erabiliz, 945 01 91 52 fax-zenbakiaren edo i-urrutia@euskadi.eus helbide elektronikoaren bitartez, lau egun naturaleko epean, destinoko esleipena eta izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Aurreko puntuan adierazitako inprimakiak jaso ostean, eta barne-igoerako txandako izangaiek b) puntuan aipatutako arrazoia dela-eta bete ez dituzten lanpostuak txanda irekiko lanpostuen zerrendari gehitu eta gero, destinoa esleituko zaie txanda irekiko izangaiei, eta lanpostua emateko aginduan zerrendatuko dira berriz gehitu diren lanpostuak.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, izangaiek ez dute eskabidea ezeztatzerik ez aldatzerik izango.

Seigarrena.– Hautagairen batek eskaerarik egin ez badu edo eskatutakorik egokitzen ez bazaio, esleitu gabe geratu diren lanpostuetako bat emango zaio, nahitaez onartu beharrekoa.

Zazpigarrena.– Destinoak nahitaez esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako hautaprobetan lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera.

Zortzigarrena.– Esleitutako destinoak behin betikoak eta lehiaketa bidez lortutakoen baliokideak izango dira, ondorio guztietarako; eta ez dute izango parte hartzerik lehiaketetan, behin betiko destinoa esleitzeko ebazpenaren egunetik aurrera bi urte igaro arte. Bi urte horiek zenbatzeko, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 529.3 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraituko zaio.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 21a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

I. ERANSKINA
LANPOSTUEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ESKABIDE EREDUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
JATORRIZKO KIDEGOAN AKTIBOAN JARRAITZEKO INPRIMAKIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala