Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2016ko abenduaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5414

EBAZPENA, 2016ko abenduaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ematen baita Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin den aldaketa zehatz bati dagokion ingurumen-txosten estrategikoa. Aldaketa lurzoru urbanizaezineko eraikuntza-erabilerei buruzko araudia egokitzeko da.

AURREKARIAK

2016ko ekainaren 15ean, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu bat hasteko eskaera bat jaso genuen, Laudioko Udalak igorrita, «Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko proiektua, lurzoru urbanizaezineko eraikuntza-erabilerei buruzko araudia egokitzeko» izeneko planerako. Eskaera osatzeko, zenbait dokumentu gehigarri igorri zituen Udalak 2016ko abuztuaren 8an. Eskaerarekin batera, besteak beste, planaren zirriborroa eta «Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa zehatz bati buruzkoa, lurzoru urbanizaezineko eraikuntza-erabilerak arautzeari dagokionez. Memoria. Aialur mendi-ingeniaritza, topografia eta ingurumena enpresak egina 2016ko apirilean». Aurkeztutako dokumentuek abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan zehaztutako ingurumen-dokumentu estrategikoaren edukia zuten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2016ko uztailaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien hainbat erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arabako Zuzendariordetzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzari eta Nekazaritza Zuzendaritzari (biak Arabako Foru Aldundikoak), Ihoberi eta Arabako Ekologistak Martxan elkarteari).

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko webgunean, interesa zuen edonork ingurumen arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arabako Zuzendariordetzak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak (espedientean daude horien emaitzak). Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege honen helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan dago aurreikusita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

6.2 artikuluan, besteak beste, honako hauek espezifikatzen dira: ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntetik pasatzeko beharrezko baldintzak beteta, planek edo programek, udalerrien edo hedadura txikiko zonen mailan, erabilera finkatzen badute, ingurumen-ebaluazio sinplifikatutik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29. eta 32. artikuluetan arautzen baita; guztiarekin ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Dokumentazio teknikoa eta Laudioko HAPOaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, hau da, Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.

Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea ikusirik, baita aplikatzekoa den gainerako araudia ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, lurzoru urbanizaezineko eraikuntza-erabilerei buruzko araudia egokitzeko, Laudioko Udalak sustatutako aldaketa zehatzari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa ematea, eduki hau emanda:

A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

Laudioko HAPOaren aldaketa zehatzaren helburua lurzoru urbanizaezineko eraikuntza-erabilerak arautzen dituen araudian antzemandako gabeziak eta kontraesanak konpontzea da, bai eta hirigintzako araudira eta indarreko lurralde-planteamendura egokitzea ere. HAPOa 1995ean onartu zen, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea eta Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plana onartu baino lehenagoko lege-testuinguruan –horiek biek funtsean aldatu dute EAEko lurzoru urbanizaezineko eraikuntza-erabileren erregulazioa–.

Laburbilduz, aldaketa hau proposatzen da: hiru artikulu ezabatzea, zaharkituta daudelako, eta, zazpi artikulu aldatzea, antzemandako gabeziak eta kontraesanak konpontzeko, bai eta indarreko hirigintza-legeetara eta lurralde-planteamendura egokitzeko ere.

Nabarmentzekoak dira honako proposamen hauek:

– Eraikuntza berriak debekatzea Baso Ekoizpeneko Gunean (2.781,90 ha-ko lurrazalari eragiten dio udal-eremuan).

– Nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-jarduerei lotutako bizitegiz besterako eraikuntzak mugatzea lurzoru urbanizaezinean.

– Lurzoruen landa-izaerari eustea eta biztanleguneak eratzeko arriskua saihestea, bai eta jasangarritasuneko tokiko estrategia bermatzea ere hirigintza-ereduaren garapenean.

– Baratzezaintzako edo abeltzaintzako ustiapen ekonomiko bati funtzionalki eta era iraunkorrean lotuta egongo den eta titular eta kudeatzailearen eta bere familia-unitatearen egoitza izango den etxebizitza berria eraikitzeko aukera udalerriaren errealitatera egokitzea.

– Esplizituki arautzea lurzoru urbanizaezinaren hirigintza-araudian nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpeneko guneetan etxebizitzak eraikitzeko hirigintza-parametroak, eta bolumen eraikigarria eta eraikuntza horien begi-inpaktuari eragiten dioten beste parametro batzuk murriztea (altuera 5 m-ra mugatzea).

– Udalerrirako onartutako 2025erako oinarri estrategikoetan zehaztutakoa jarraituko da, honakoari dagokionez: jarduera ekonomiko dibertsifikatua egitea udalerrian gutxi garatuta dagoen eta, oro har, zaharkituta dagoen lehen sektore profesionalari lagunduz, eta natura- eta ondare-baliabideak aintzat hartzen dituen hirigintza berri bat sustatzea.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Neurria, zeinetan planak ezartzen baitu proiektuetarako markoa: aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, ez da aurreikusten ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik behar duen proiekturik garatzea.

b) Beste plan eta programa batzuekiko eragina: Laudioko HAPOaren aldaketa zehatzak ez du aurreikusten ez lurralde-plan sektorialik ez lurralde-plan partzialik aldatzea. Nolanahi ere, atal honetan nabarmendu behar da HAPOa aldatzearen asmoetako bat udal-planteamendua Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak (LPS) zehazten duenera egokitzea denez, espedientean jasota dauden zenbait txostenetan jasotako zenbait ondorio laburbildu direla ebazpen honetan. Horietan agerian jartzen denez, proposatutako HAPOaren aldaketak EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak zehazten duenera egokitu behar du, alderdi hauetan:

– Hiri-lurzoruaren zonakatzea:

– «Baso-ekoizpena» guneak «Balio estrategiko handia» eta «Trantsizioko landa-paisaia» kategorietako nekazaritza-erabilerako lurzorua hartzen du. Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan gune horietarako zehaztutako mugaketa errespetatzea gomendatzen da.

– HAPOaren antolamenduaren kategoriek «baso-ekoizpeneko gune» kategoriaren barruan hauek hartzen dituzte barne: «Baso-guneak», «Baso-gunea-Baso barbana» eta «Larre menditarrak». Gune horietako erabilerak Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan zehaztutakoaren arabera mugatu eta arautzea gomendatzen da.

– Gainera, oro har, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren 10. artikuluarekin bat, udal-planteamenduak lurzoru urbanizaezina kategorizatzeko aipatu planean jasotako eta 46. artikuluan definitutako kategoriak erabiliko ditu; hau da, Nekazaritza eta Basozaintzako eta Landazabaleko kategoria bakarra zehaztuko da, «Balio estrategiko handia» Nekazaritza eta Basozaintzako azpikategoriaren eta «Trantsizioko landa-paisaia» Abeltzaintzako azpikategoriaren arteko bereizketa barne hartuko duena.

c) Ingurumen-gogoetak integratzeko planaren egokitasuna, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: aldaketa zehatzaren ezaugarriengatik eta ingurumenean oro har duen eragin positiboagatik, nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-jarduerei lotutako eraikuntza-garapenak neurri handi batean murrizten dituelako eta ustiapen bati lotutako lehen etxebizitzatzat jotako eraikuntzei mesede egiten dielako. Aldaketak berak araudi honen ondorioz sor litezkeen eraikuntza berrien inpaktua murriztu nahi du, eraikuntza-parametroak mugatuz.

d) Ingurumen-arazoak: ez da proposatutako aldaketaren garapenari lotutako arazo adierazgarririk atzematen; betiere, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz burutzen badira jarduketak eta aktibitateak, hirigintza-planteamenduaren arau berrien ondoriozkoak, hain justu ere aurkeztu dokumentazioan sustatzaileak proposatutako eran eta ebazpen honetan ezarritakoaren arabera.

Dena dela, garrantzitsua da lurzoru-baliabidearen gainean izango duen afekzioa baloratzea. Udalerria oso industrializatuta badago ere, udalerriaren hegoaldean artifizializatu gabeko gutxienez 20 ha-ko erreserba bat dago; horietatik 15 ha «Balio estrategiko handia» kategoriakoak dira, eta zati batean eraikuntza-erabilerak baimentzen dituen Laudioko HAPOaren Nekazaritza eta Abeltzaintzako kategoriaren barruan daude. Kasu horietan, modu banakatuan aztertu behar da baliabidearen gaineko inpaktua. Gauza bera gertatzen da Larrazabal auzoaren inguruan; bertako zenbait lurzoru oso egokiak dira nekazaritzako erabileretarako, historikoki izan dituzten erabilerengatik eta bertan izan diren prozesuengatik. Arreta berezia jarri beharko zaie «Balio estrategiko handiko» lurzoruetan izan daitezkeen afekzio ertain negatiboei, Gardea auzoan nekazaritzako lurzorua galtzearen ondoriozkoei. Nolanahi ere, ahalik eta gehien saihestu/murriztu beharko dira baliabide horren gaineko afekzio negatibo esanguratsua ekarriko dituzten jarduerak.

Gainera, lurzorua kalte dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten zenbait lurzati inbentariatu identifikatu dira udalerrian. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako zirkunstantzietako bat agertuz gero, arau horretan aurreikusitako lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa izapidetu beharko da. Horrez gain, kutsadura-zantzurik detektatuz gero, 4/2015 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2) Ondorioen eta seguruenik kaltetuta dagoen eremuaren ezaugarriei dagokienez, alderdi bakar bat nabarmendu behar da, aurreko ataletan aipatu den bezala; hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean (LPS) «Balio estrategiko handia» kategoria duten lurzoruak kaltetzeko aukera. Lurzoru horien gaineko kalteak saihestu/minimizatu beharko dira, eta HAPOa Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak zehaztutakora egokitzea gomendatzen da udalerriaren 1997ko mugaketari, kategorizazioari eta lurzoru-erabilerei dagokienez, horietan inpaktu negatibo esanguratsurik izatea espero ez bada ere.

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, lurzoru urbanizaezineko eraikuntza-erabilerei buruzko araudia egokitzeko Laudioko HAPOa aldatzeak ez du kontrako ondorio esanguratsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Laudioko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 5a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala