Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2016ko abenduaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
5370

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 523/2015 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostia-San Sebastiángo Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: 523/2015 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.

Alderdi demandatzailea: Katia Elisabeth Malone Schebesta.

Alderdi demandatua: Rosvell Joel Calle Zapata.

Gaia.

Judizio horretan, epaia eman da, eta hauek dira xedapenak:

321/2016 EPAIA

Epailea: Elisabet Garcia Alegre.

Lekua: Donostia.

Eguna: bi mila eta hamaseiko azaroaren hamaseia.

Alderdi demandatzailea: Katia Elisabeth Malone Schebesta.

Abokatua: Asier Laskibar Gartzia.

Prokuradorea: Javier Cifuentes Aranguren.

Alderdi demandatua: Rosvell Joel Calle Zapata. Auzi-ihesean.

Abokatua.

Prokuradorea.

Judizioaren gaia: familia-zuzenbidea.

XEDAPENAK

Baiesten dut Katia Elisabeth Malone Schebestaren izenean eta ordezkaritzan, Cifuentes epaitegietako prokuradoreak aurkeztutako demanda, Rosvell Joel Calle Zapataren aurkakoa. Horrenbestez, haien harremana desegitearen ondoriozko neurri hauek hartzen ditut, XXXX alaba adingabeari dagokionez:

1.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala elkarrekin baliatzen jarraituko dute bi gurasoek. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak dakar guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatu eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

• Adingabearen egoitza ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

• Ikastetxea aukeratzea edo ikastetxez aldatzea.

• Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

• Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak (bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak).

• Larriak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Gurasoari biei aitortzen zaie XXXXX adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko tutoretza-jardueretan parte hartzekoa ere. Halaber, biek eskatu ahal izango dituzte alabaren tratamenduei buruzko argibide medikoak.

Alabarekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdi-egoerarik gertatu bada, edo erabakiak adingabearen eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.

2.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko araubidea. Amari ematen zaio XXXX alaba adingabearen zaintza eta jagoletza.

3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-erregimena. Ez da bisita-erregimenik ezartzen aitaren eta alabaren artean. Aitak borondatea agertzen badu alabarekiko harremanari berriz ekiteko, gurasoen arteko adostasunez finkatuko dira bisitak, eta, adostasunik ez badago, neurri hori aldatzeko eskatu ahal izango dute horretarako legez ezarritako prozeduraren bidez.

4.– Mantenu-pentsioa. XXXXX alaba adingabearentzako mantenua ordaintzeko, aitak pentsio bat ordaindu beharko du, 100 euro hilean, eta hala egin beharko du epai honen egunetik hasi eta alaba adinez nagusi izan arte, ekonomikoki independente izan arte, edo izateko moduan dagoen arte, fede oneko eskakizunen arabera. Zenbateko hori urteko hamabi hilabeteetan ordainduko zaio amari, aurreratuta, hileko lehenengo bost egunetan; pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako kontsumoko prezioen indizeak aurreko urtean izandako aldaketen arabera, abendutik abendura; urtarrilaren batetik izango ditu ondorioak, 2017. urtetik aurrera.

Aitak zuzenean eta alde bakarretik ordaindutako era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.

Alaba adinez nagusi izatearekin batera amaituko da pentsioa, edo ekonomikoki independente denean, edo izateko moduan dagoenean, fede oneko eskakizunen arabera.

5.– Ezohiko gastuak. Ekonomikoki independentea ez den alabaren bizitzan sortzen diren aparteko gastuak, erdibana ordainduko dituzte gurasoek. Kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, apartekoen kontzeptuan sartuko dira, eta, katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion aseguru pribatuan sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostuta hautatuko dute.

Aurreko paragrafoan zehaztutako aparteko gastuak egiteko, guraso bien adostasunezko erabakia beharko da, betiere hura egin aurretik, eta, adostasunik ez bada, arazoa epailearen esku utzi beharko da, zeinak erabakiko baitu gastua bi gurasoek egin beharko duten ala ez ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo oso komenigarria bada eta familiaren gorabeherei egokitzen bazaie. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.

Guraso biek erabakita, aldez aurretik premiazkoa ez den gastu bat egiten bada edo premiazko gastu bat egin ostean jakinarazten bada, komunikazioetarako mekanismo egiaztagarri bat ezarriko da: faxa, burufaxa, telefaxa edo posta elektronikoa. Guraso batek frogatzen badu besteari jakinarazi diola, modu egiaztagarrian, beharrezkoa edo komenigarria dela aparteko gastu hori egitea, beste gurasoa gastu hori egitearekin ados dagoela ulertuko da, baldin eta berariaz horren kontra dagoela adieraziz erantzuten ez badu (eta horrela egiaztatzen badu), jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.

Gainera, gurasoek, ados jarrita, beste edozein gastu adostu ahal izango dute alabarentzat (alde batera utzita ebazpen honetan aparteko gastutzat hartutakoak), eta ebazpen honetan adierazitako proportzioan ordaindu ahal izango dute, erdibana, edo eurek adostutako moduan.

Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaituko da alaba, adin nagusikoa izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independentea denean, hartara eragotzi gabe Kode Zibilaren 150. eta 152. artikuluetan obligazioa amaitzeko adierazten diren kausak.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.

Ez da kosturik ezartzen.

Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta zein diren apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen gordailuan eta zainpean uzteko kontuan. IBAN zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 9200 0500 1274; eta kontzeptua: 1847 0000 00 0523 15. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, bai eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak ere.

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Alderdi demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ediktu hau EHAAn argitaratzea ebatzi du epaileak, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.

Donostia, 2016ko azaroaren 16a.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala