Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2016ko abenduaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5305

AKORDIOA, Osakidetza eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko erreferentziazko terminologia klinikoa euskarara itzultzeko.

Jon Etxeberria Cruz jauna, Osakidetzako zuzendari nagusia; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutu sozialak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 11. eta 12. artikuluetan aitortzen zaizkion ahalmenez baliatuz, eta aipatutako Ente Publikoaren izenean eta hori ordezkatuz,

Fernando Plazaola Muguruza jauna; Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerkuntza errektoreordea den heinean, eskumen nahikoa dauka kontratu hau egiteko, LOUko 83. artikuluan, Estatutuetan eta kanpoko kontratuak egiteko Euskal Herriko Unibertsitatearen arautegian ezarritakoaren arabera

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren aginduz, Estatuko Osasun Sistema guztiek GNS 10 (gaixotasunen nazioarteko sailkapena) ezarri behar zuten 2016ko urtarrilaren 1erako. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak agindua bete eta hala egin zuen, gaztelaniako bertsioan.

Bigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Plan Estrategikoak, 4.5 atalean, zera dio hitzez hitz: «Euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematea, euskalduntzea bultzatuz, betiere onartuz euskaraz erantzutea Erakundeak asistentziaren kalitatearekin eta pertsonekin duen konpromisoa dela». Esandakoan sakondu egiten du 4.5.2 atalean honakoa zehazten duenean: «Informazio-sistemetan, tresnetan eta dokumentazioan euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea (batez ere asistentziakoetan)».

Hirugarrena.– Osakidetzaren II. Euskara Plana ere argia da zentzu horretan. 2.1.2 atalean idatzizko komunikazioetan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak zehazten dira, eta aipatzen da historia klinikoa ele bietan edukitzeko xedez, dokumentazio klinikoaren sorkuntza-prozesuari eta informazioaren ustiapenari eragiten dieten alderdiak aztertu beharko direla.

Laugarrena.– Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko IXA taldean teknologia berriak hizkuntzaren eremura zabaltzeko ari dira lanean. Euren xede nagusia da euskararen gaineko ikerketa aplikatua, eta produktuen garapena ere sartzen da euren eginkizunen artean.

Bosgarrena.– Administrazioko organoen edo Zuzenbide Publikoko erakundeen eskumena den izaera material edo teknikoa duten jarduerak egitea beste organo edo Zuzenbide Publikoko erakundeen esku utz daiteke. Organo horiek izan daitezke administrazio berberekoak edo beste batekoak, betiere jarduera horiek betetzea haren eskumenen artean badago. Hala egin daiteke eraginkortasunagatik, edo baliabide tekniko egokien jabe ez izateagatik, urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoari buruzkoak, 11. artikuluan agintzen duen bezala.

Seigarrena.– Osakidetzaren Plan Estrategikoak eta II. Euskara Planak ezarritakoari erreparatuta, non historia kliniko elebiduna ezartzea aurreikusten den, egokia irizten zaio IXA taldeak duen eskarmentua eta jardun ona baliatzeari euskarara egokitzeko GNS 10 gaixotasunen nazioarteko sailkapena, eta hitzarmenaren testuan espresuki aipatzen den osasun arloko gainerako erreferentziazko terminologia.

Hori guztia dela eta, aldeek

ADOSTU DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldeari agintzea erreferentziazko terminologia klinikoaren itzulpena euskarara.

Bigarrena.– Hitzarmen honen I. eranskinean agertzen diren baldintza zehatzen arabera burutuko da agindu hori.

Hirugarrena.– Kudeaketa-agindurako Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroak 3a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.

Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerkuntza errektoreordea,

FERNANDO PLAZAOLA MUGURUZA.

I. ERANSKINA.

Lehenengoa.– Kudeaketa-aginduaren xedea.

1.– Kudeaketa-agindu honen bidez, EHUri esleitzen zaio GNS 10 eta erreferentziazko terminologia klinikoaren itzulpena egitea. Erreferentziazko terminologia klinikoa hitzarmen honen testuan zehaztuta dago, aurrekontu espezifikoan.

Zehazki, itzulpen lana EHUko Informatika Fakultateko IXA taldeak egingo du, Maite Oronoz Anchordoqui Hizkuntza eta Sistema Informatikoetako Departamentuko irakaslearen zuzendaritzapean. Ikerketa taldea honako hauek osatuko dute:

María Aranzazu Díaz de Ilarraza; Koldobika Gojenola Galletebeitia eta Alicia Pérez Ramirez Hizkuntza eta Sistema Informatikoak sailekoak, eta Arantza Casillas Rubio, Elektrizitatea eta Elektronika sailekoa.

2.– Eman beharreko zerbitzuaren titulartasuna Osakidetzari dagokio beti.

Bigarrena.– Prezioak eta ordaintzeko baldintzak.

Kontratu hau izenpetzen den egunean dugun informazioarekin, aurrekontu hau ezartzen da:

– 8.054,2 euro GNS 10 itzultzeagatik.

– 3.957,4 euro Snomed CT ontologiaren «Alergiak» eta «Arazoen zerrenda» azpimultzoak itzultzeagatik.

Kopurua garbia da eta kanpo uzten du dagokion BEZa. Zenbateko gordina EHUk fakturatuko dio Osakidetzari produktua jasotzen denean.

Diru kopurua Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbao Bizkaia Kutxan daukan 2095 0260 90 9101266146 kontu zenbakian sartu behar da («ITRBren fakturen diru sarrerak» izenekoa).

Hirugarrena.– Jarraipen batzordea.

Agindu honen xede diren jardueren jarraipena egiteko, Jarraipen Batzorde bat osatuko da.

Batzordea Osakidetzako Euskara Zerbitzuko 3 ordezkarik eta EHUko IXA taldearen 3 ordezkarik osatuko dute.

Jarraipen Batzordearen eginkizunak:

a) Kudeaketa-aginduaren ondorioz egindako jarduerei jarraipena egitea, planteatutako helburuen lorpena bermatzeko.

b) Kudeaketa-aginduaren ondoriozko gastuaren gauzatzeari jarraipena egitea, baliabide erabilgarriak aintzat hartuta.

c) Jarraipen Batzordeak, alde bietako ordezkarien gehiengoak hala erabakita, agindutakoa gauzatzeko eskuragarri dagoen kreditua behar bestekoa ez dela iritziko balu, beharrezko zenbateko gehigarriaren kalkulua egingo du. Kasu horretan, kalkulu hori Osakidetzari jakinaraziko zaio dagokion gastu gehigarria onartzeko izapideak egin ditzan, proiektuan eskuragarri dauden aurrekontu-aukerak ikusita.

Laugarrena.– Kudeaketa-aginduaren indarraldia.

Kudeaketa-agindu honen indarraldiak izenpetzen den egunetik sei hilabeteko epea izango du.

Ezarritako epean agindutako lana ez balego amaituta, hitzarmenaren indarraldia beste sei hilabetez luzatuko da, betiere itzulpen lanekin aurrera egiteko aurrekontua badago.

Aldeek kontratu hau irakurri dute eta, ados egonda, hiru ale izenpetu dituzte aipatutako tokian eta egunean.


Azterketa dokumentala