Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2016ko abenduaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5302

AGINDUA, 2016ko azaroaren 23koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko akuikultura-sektoreko diru-laguntzetarako 2016ko deialdia egiten duena.

Arrantza Politika Erkidearen funtsezko helburuetako bat itsasoko baliabide biologikoen ustiapen jasangarria bermatuko duen eta ekonomikoki errentagarria izango den flota profesional bat sustatzea da, haren probetxu ezin hobea ahalbidetuz, ustiatutako populazioen oreka biologikoa eta ingurune fisikoaren osotasuna arriskuan jarri gabe. Alde horretatik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 zenbakiko Erregelamenduak (EB) Arrantza Politika Erkideari buruzko arau-esparru berri bat ezarri du, baita haren aplikazio-eremua, helburuak eta gobernantza egokirako printzipioak ere.

Beraz, Arrantza Politika berriaren oinarrietako bat den heinean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduan (EB) Arrantza Politika Erkidea aplikatzeko Batasunaren finantza-neurriak ezartzen dira, baita Itsas Eskubideari buruzko neurriak, arrantza- eta akuikultura-guneen eta barne-arrantzarako guneen garapen jasangarrirako neurriak eta Itsas Politika Integratuaren neurriak ere. Arau-esparru berri horri esker, besteak beste akuikulturaren eremuko inbertsioak babestu ahal izango dira.

2015eko azaroan, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren Espainiako Programa Operatiboa onartu zen, egiturazko neurri horiek eragindako autonomia-erkidego guztien adostasunarekin. Programa horrek Espainiako arrantza-sektorean garatu beharreko neurri guztiak hartzen ditu barne, eta arrantza eta akuikultura lehiakorrak sustatzea du helburu, betiere horiek ingurumenari dagokionez jasangarriak, ekonomikoki bideragarriak eta sozialki arduratsuak badira. Horrez gain, 2015ean Euskadi 2020 Arrantza eta Akuikulturaren Plan Estrategikoa prestatu zen, zeinak lagunduko baitu arrantza-jardueraren eta arrantzaren mendeko arrantza-gune eta -erkidegoen hazkunde ekonomiko integratzailean, adimendunean eta jasangarrian. Azkenik, 2016ko maiatzean, «Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren Programa Operatiboaren esparruko laguntzak emateko hautaketa-irizpideak» jasotzen dituen dokumentua argitaratu da.

Bestalde, komeni da Europako Itsas eta Arrantza Funtsak akuikulturaren garapen iraunkorra babestea –iraunkortasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa–, betiere honako xedapen hauei jarraituz: Europako Batzordearen Jakinarazpena, 2002ko irailaren 19koa, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari egina, «Europako Akuikulturaren garapen jasangarrirako estrategia» izenekoa; Europako Batzordearen Jakinarazpena, 2013ko apirilaren 29koa, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeari eta Eskualdeetako Lantaldeari egina, «Europar Batasuneko Akuikulturaren garapen jasangarrirako jarraibide estrategikoak» izenekoa; Arrantza Politika Erkidearen xedeak eta Europa 2020 estrategia.

Akuikulturak kostaldeko eskualdeetan eta landa-eremuetan hazkundea eta enplegua sortzea sustatzen du. Beraz, erabakigarria da akuikultura-enpresek –batez ere enpresa txiki eta ertainek– Europako Itsas eta Arrantza Funtsera erraz heltzeko aukera izatea, eta funts horrek akuikultura-ekoizle berriak sektore honetara erakartzen laguntzea. Ezinbestekoa da berrikuntza eta enpresa-espiritua sustatzea akuikultura-jardueren lehiakortasuna eta emaitza ekonomikoak handitzeko. Europako Itsas eta Arrantza Funtsak babestu ahalko ditu, beraz, eragiketa berritzaileak, akuikultura-enpresen garapen orokorra –elikagaigintzako ez den ekoizpena eta itsas zabaleko akuikultura barne hartuta– eta jarduera osagarriak.

Agindu honen bitartez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduan (EB) araututako laguntza-eskabideak aurkezteko epea irekiko da; erkidego-erregelamenduak Europar Batasun osoan zuzenean eta nahitaez aplikatu beharko dira, eta ez dute transposiziorik beharko estatu kideetan.

2016. ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilean, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz –lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskuduntza izango dute–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko akuikultura-sektoreko laguntzen 2016ko deialdiari dagozkion oinarriak onartzea, zeinak jasota baitaude agindu honetako I. eranskinean eta II. eranskinean (Laguntzen intentsitatea).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 23a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko akuikultura-sektorerako 2016rako laguntza batzuen deialdia egitea; laguntza horiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduan (EB) ezarrita daude.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honen bidez deitutako laguntzen onuradun izango dira –laguntza motaren arabera– diruz lagun daitezkeen inbertsioak eta gastuak kontratatzen, finantzatzen edo egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, akuikultura-enpresak –egun daudenak zein enpresa berriak–, akuikultura-ekoizleen erakundeak eta akuikultura-ekoizleen erakundeen elkarteak, eta erakunde zientifiko edo tekniko aitortuak, publikoak zein pribatuak.

3. artikulua.– Betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetan jasotzen den laguntza-modalitate bakoitzean ezartzen diren baldintza eta betekizun bereziez zein espezifikoez gain, onuradun izateko honako baldintza orokor hauek bete beharko dira:

1.– Diruz lagun daitezkeen inbertsioak eta gastuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan egitea.

2.– Pertsona fisikoen kasuan, eskabidea egiteko orduan Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute administrazio-egoitza, laguntza eskatu baino urtebete lehenagotik eta etenik gabe.

3.– Pertsona juridikoen kasuan, horien egoitza sozialak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egon beharko du.

4.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren nahitaezko baimena izatea akuikulturako proiektua gauzatzeko. Baimen hori lortzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da: akuikultura-instalazio baterako behar diren baimenen kopia; lursailen errentamendu- edo jabetza kontratua; ura hartzeko baimena, hala badagokio; babespeko zortasun-guneko baimena, hala badagokio; dagokion udalaren baimena; osasun publikoaren txostena; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren aldeko txostena, eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunaren Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena.

5.– Diruz lagun daitezkeen inbertsioak eta gastuak laguntza-eskabidea aurkeztu ondoren egin beharko dira.

6.– Betebehar fiskalak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

7.– Inbertsioek ez dituzte ingurumenean aldaketa negatibo esanguratsurik eragingo.

Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.

8.– EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

9.– Konkurtso-deklarazioa ez eskatu izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izatea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

10.– Administrazioarekin hitzartutako edozein kontratu ezeztatzea ez eragin izatea.

11.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

12.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

13.– Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

14.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzak jaso honako hauek egin direla egiaztatzen bada:

a) Arau-hauste astun bat egin bada, 1005/2008 Erregelamenduko 42. artikuluari edo 1224/2009 Erregelamenduko 90.1 artikuluari jarraikiz.

b) 1005/2008 Erregelamenduko 40.3. artikuluan jasotzen den Europar Batasuneko INDNR ontzien zerrendan gaineratutako arrantza-ontzien edo Erregelamendu horretako 33. artikuluan zehazten diren hirugarren herrialde ez kooperanteen pabiloian jasotzen diren ontzien ustiaketan, kudeaketan edo jabetzan nahastuta egon bada.

c) Arrantza Politika Erkidearen aurkako arau-hauste astunak egin baditu.

d) 2008/99/EE Zuzentarauko 3. eta 4. artikuluetan zehaztutako delituren bat egin badu, 508/2014 Erregelamenduko II. kapituluko V. Tituluari jarraikiz emandako laguntzen kasuan.

2.– 9.etik 17.era bitarteko ataletan ezarritako betekizunen eta egoeren egiaztatzea erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egingo da.

3.– 6. eta 10. ataletan ezarritako betekizunak onuradun izateko zein emandako diru-laguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko dira. Beraz, baldintza horiek betetzen direla egiaztatuko da diru-laguntza ematean eta ordainketak egitean.

4.– 17. atalean ezarritako baldintzak betetzen jarraitu beharko dute eskabidea aurkeztu eta gero, eta, onuradun gertatzen badira, diruz lagundutako jarduerak gauzatzen diren aldi osoan eta onuradunei diru-laguntzaren azken ordainketa egin eta bost urteko epean.

4. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

1.– 2016ko ekitaldian, agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, agindu hau ondorioak sortzen hasten denetik hara.

Hala ere, agindua argitaratu baino lehen aurkeztutako proiektuak epearen barruan aurkeztutako lez hartuko dira, betiere eskabidea 2016ko ekitaldiaren barruan egin bada. Era berean, agindu honetako Bigarren Azken Xedapenean zehaztutakoa hartu beharko da kontuan.

2.– Eskabide-inprimakiak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskura daitezke, ondoren zehazten diren helbideetan eta www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean; Eskabideak, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara bidali behar dira, zuzenean edo urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, xedatzen duen edozein bidetatik. Hona hemen Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:

● Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz.

● Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Concha Jeneralaren kalea 23, 2.a, 48010 Bilbao.

● Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua. Easo kalea 10, 20006 Donostia.

3.– Agindu honek arautzen duen laguntza mota bakoitza eskatzeko dokumentu espezifikoez gain, pertsona juridikoek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte oro har eskabidearekin batera:

a) Aurkezten diren agiri guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, inprimaki-ereduaren arabera.

b) Eraketaren eskrituraren kopia eta Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

c) Eskatzailearen NANaren fotokopia, eta haren ordezkaritza-ahalmena egiaztatzen duen eskriturarena.

d) Hirugarrenen altaren inprimakia.

e) Eskatzailearen administrazio-egoitzaren ziurtagiria (errolda-ziurtagiria).

4.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak betetzen direla dagokion foru-ogasunarekin, eta kasuan kasuko ordainketa-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekin. Edonola ere, eskatzaileak bere eskabidean berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu horri; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Eskabidearekin batera, eskatzaileak baimen bat aurkeztu ahal izango du, eta bertan, berariaz adieraziko du Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari bere nortasunaren egiaztagiriak eta erroldatzeari buruzko datuak eskuratzeko edo egiaztatzeko baimena ematen diola.

5.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko ditu laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

6.– Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpena emango du.

7.– Edonola ere, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

5. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak modu ordenatuan esleituko zaizkie agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaileei, espedientea osorik betetako egunaren arabera, lehiaketaren teknikara jo gabe. Nolanahi ere, kontuan izango dira hautatutako irizpide objektiboak aplikatzean lortutako ehunekoak eta horien haztapena, laguntza-motaren arabera.

2.– Balorazio Batzorde bat osatuko da proiektuak baloratzeko, eta hura Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako teknikarien artean hautatutako hiru pertsonek osatuko dute; horiek Zuzendaritzako pertsona titularraren ebazpen bidez izendatuko dira, baita Batzordeko idazkaria eta lehendakaria ere. Batzorde horrek onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa proposatuko dio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari.

3.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari dagokio laguntzak ebaztea. Horretarako, kontuan izan beharko du Balorazio Batzordeak egindako ebazpen-proposamena, zeina ez baita izango loteslea.

4.– Ebazpen horren bidez emango da laguntza, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren kontura.

5.– Honako hau izango da ebazpenaren gutxieneko edukia:

a) Diruz lagun daitekeen inbertsioaren zenbatekoa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren kontura diruz laguntzen den zenbatekoa.

c) Inbertsioak gauzatu behar diren epeak, aurrekontuan baliagarri dagoen diruaren arabera, eta urtekoak.

d) Justifikatzeko modua.

6.– Eskabide bakoitza osorik aurkeztu eta gehienez ere sei hilabetean emango eta jakinaraziko da ebazpena. Sei hilabete igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak onartu egin direla ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

8.– Laguntzen ebazpena banan-banan jakinaraziko da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez, eta, gainera, agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunen zerrenda EHAAn argitaratuko da, non jasoko baitira diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako proiektuaren izena.

6. artikulua.– Onuradunen betebehar orokorrak.

Laguntza-lerro bakoitzerako betebehar espezifikoei kalterik egin gabe eta laguntza-lerro guztietarako, oro har, agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek honako eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Zertarako ematen zaien, horretarako erabiltzea diru-laguntza.

b) Diru-laguntzen xede diren inbertsioak egin eta, gutxienez, hurrengo 5 urtetan mantentzea, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 71. artikuluan ezarritakoari jarraikiz; bertan, Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Nekazaritzako Europako Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dira, baita Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen orokorrak ere, eta Kontseiluaren 1083/2006 zenbakiko Erregelamendua (EE) indargabetzen da.

c) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Europako Batasunaren esku uztea inbertsioa eta gastua egin izana egiaztatzeko beharrezko dokumentu guztiak.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren kontrol-funtzioen esparruan agindu honen kontura jasotako laguntzen zertarakoari buruz eskatzen dieten informazioa ematea.

e) Jasotako diru-laguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

f) Deialdi honetako 3. artikuluko 8. paragrafoak xedatzen duenari kalte egin gabe, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati xede bera finantzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta egutegiko hamabost egunetan.

g) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatzen bada, horren berri eman beharko diote idatziz Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari.

h) Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

i) Diruz lagundutako gastuen eta jardueren inguruan egindako publizitate edo emandako informazio guztietan, ikusteko eta ulertzeko moduan adierazi beharko da horiek finantzatu ahal izateko, batetik, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren funtsak erabiltzen direla -2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduko (EB) 119. artikuluarekin bat etorriz, V. eranskinean adierazten den moduan- eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren funtsak erabiltzen direla, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan zehaztutakoari jarraikiz.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko 14. artikuluan ezarritako eginbeharrak betetzea.

7. artikulua.– Inbertsioa justifikatzea.

1.– Emandako laguntzaren xede den gastua edo inbertsio-proiektua gauzatu izana, eta onuradunei eskatutako eskakizunak eta baldintzak bete izana justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko zaizkio Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, aurreikusitako jarduketak gauzatzeko gehieneko epea igarotzen denetik gehienez ere hiru hilabetetara:

a) Egindako jarduketen justifikazio-memoria bat. Bertan, proiektuaren betetze-mailari eta exekuzio-mailari buruzko informazioa jasoko da, baita laguntza emateko kontuan hartu diren betekizunak eta baldintzak betetzen direla ere.

b) Jatorrizko fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak, baliozkoak direnak trafiko juridiko merkataritzakoan, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak. Derrigorrezkoa izango da dokumentazio guztia jasoko duen justifikazio-kontu bakarra izatea.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, non azalduko den ordainketen fakturak eta gainerako ziurtagiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, edo diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira, faktura edo ziurtagiri horiek esleitu direneko diruz laguntzeko moduko programa edo programak, eta ordainketaren faktura edo ziurtagiri bakoitzari dagokionez jasotako diru-laguntzaren ehunekoa.

2.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak dokumentu gehiago eska ditzake beharrezko irizten badio. Halaber, diruz lagundutako inbertsioa gauzatu izanaren egiaztapen fisikoa egingo da, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak egingo duen ikuskapenaren bitartez.

8. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Agindu honen arabera laguntzen diren proiektu eta inbertsioak laguntza mota bakoitzari buruzko araudiak dioen bezala ordainduko dira. Hala ere, 100.000 euro baino gehiagoko diru-laguntzetan, % 50eko aurrerakina ordaindu ahalko da. Horretarako, onuradunak eskabidea aurkeztu beharko du, non horren beharra justifikatuko duen diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko, eta abal bat aurkeztu, honako zenbateko hauek estaliko dituena: entregatutako aurrerakinaren balio nominala eta gehienez ere urtebeteko interesak, eta balio nominalaren ehuneko hamabost, gehienez ere, judiziozko edo judizioz kanpoko balizko erreklamazioen kostu eta gastuetarako.

2.– Laguntzak zuzenean ordainduko zaizkie onuradunei, inbertsioaren edo gastuaren frogagiriak behar bezala aurkeztu eta hiru hilabetean gehienez ere.

3.– Diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza eta diru-laguntzen esparruko itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta izatea.

9. artikulua.– Uko egitea.

Onuradunak galdu egingo du ebazpenaren bidez aitortutako eskubidea, bai eta, kasuaren arabera, laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, baldin eta laguntzari uko egiteko idazki bat aurkezten badu. Uko egiteko idazkia Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari bidaliko zaio. Ondoren, bidezkoa bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzultze-prozedurari ekingo zaio. Administrazioak uko egitea onartu eta amaitutzat emango du prozedura; hala ere, ez du prozedura amaitutzat emango, baldin eta hirugarren interesdunak aurkeztu eta prozedura aurrera eramateko eskatzen badute, jakinarazpena egin eta 10 eguneko epean.

10. artikulua.– Laguntza emateko ebazpena aldatzea eta ez betetzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du, eta diru-laguntzaren zenbatekoak doituko ditu, oinarri berriaren arabera.

2.– Edonola ere, onuradunek ez badute betetzen agindu honetako eta betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badute gauzatzen proiektuaren zati bat eta erabat itxuragabetzen badute laguntzaren xedea, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko 37. artikuluarekin bat, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, onuradunek beren betebeharrak ez betetzeagatiko espedientea bideratu eta interesdunak entzun ondoren, diru-laguntza osoa edo zati bat hartzeko eskubidea kenduko die onuradunei, ebazpen bidez, eta, hala badagokio, aginduko die Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari guztiz edo partzialki, proiektuaren exekuzio-mailaren arabera, itzultzeko hartu dituzten laguntzak eta diru-laguntzen alorrean aplikagarri den berandutze-interesa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten izaki laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin berarekin bat, dagozkion gainerako neurriak hartzea bazter utzi gabe. Ez-betetzeak diru-laguntzaren xede diren gastuen edo inbertsioen mantentze-epeari erreferentzia egiten dionean, emandako diru-laguntza «pro rata temporis» itzuliko da.

Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira, lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.

4.– Inbertsioen edo/eta gastuen behin betiko egiazko kostuak txikiagoak badira diru-laguntzak emateko onartutako inbertsio edo/eta gastuen aurrekontuak (diru-laguntzak emateko kontuan hartutakoak) baino, diru-laguntzen zenbatekoak txikitu egingo dira, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpen bidez, eta oinarri berriaren arabera aplikatuko da diru-laguntzen ehunekoa.

5.– Hasieran aurkeztutako aurrekontua aldatu eta handitu egiten bada, espedientea ebazpen-proposamenaren fasera iritsi aurretik bakarrik sar daiteke espedientean. Handitutako aurrekontua geroago aurkezteak ez du ekarriko laguntzaren zenbatekoa gehitzea.

11. artikulua.– Bateraezintasunak.

Agindu honek ezartzen dituen laguntzak beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek ematen dituztenekin bateragarriak dira, betiere, emandako diru-laguntzen zenbatekoen baturak ez baditu gainditzen dagozkion mugak. Mugak gainditzen baditu, berriz, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpen bidez emandako laguntza txikitu egingo da.

12. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2016ko ekitaldian, laguntza-programa horretarako guztira 1.000.000 euro bideratu dira. Zenbateko horretatik, 500.000 euro 2016ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 500.000 euro 2017ko konpromiso-kredituari. Funts horietatik 750.000 euro Europako Itsas eta Arrantza Funtsari dagozkio eta 250.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrari.

2.– Deialdi honen pentzutan guztira emango diren laguntzek ezingo dute gainditu aipatutako aurrekontuko diru-izendapena, ez eta hori eguneratzean ezartzen dena ere, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldarazpenaren araubidearekin bat etorrita. Horrenbestez, orotarako diru-kopuru hori agortutakoan, ezin izango da diru-laguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da xedapen hau. Orotarako diru-kopuru hori agortzen bada, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

13. artikulua.– Laguntza-lerroak.

Kontuan hartuta aurrekontua mugatua dela, akuikultura jasangarriaren eremuko laguntza-lerro hauek lagunduko dira diruz 2016an, 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 (EB) Erregelamenduak arautzen dituenen artean:

1.– Berrikuntza.

2.– Akuikulturako inbertsio produktiboak: ekoizpena dibertsifikatzea, instalazioak hobetzea eta modernizatzea, produktuen kalitatea hobetzea, putzuak edo urmaelak leheneratzea.

3.– Akuikulturako inbertsio produktiboak: baliabideen efizientzia, uren eta kimikoen erabilera gutxitzea, birziklatzeko sistemak.

4.– Akuikulturako inbertsio produktiboak: efizientzia energetikoa eta energia berriztagarriaren erabilera areagotzea.

5.– Akuikultura-ustiategietarako kudeaketa-, ordezkapen- eta aholkularitza-zerbitzuak.

6.– Giza kapitala eta sareko lana sustatzea.

7.– Akuikultura-ekoizpeneko eremuen ahalmena handitzea.

8.– Akuikultura jasangarria lantzen duten akuikultura-enpresak sustatzea.

9.– Abereen osasunari eta ongizateari buruzko neurriak.

AKUIKULTURA JASANGARRIA

14. artikulua.– Berrikuntza. – 508/2014 Erregelamenduko 47. artikulua.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da akuikultura-sektorean garapen teknologikoa, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea, eta honako ekintza hauetara zuzendua izango da:

1.1.– Garapen jasangarria sustatzen duten akuikultura-ustiapenetan ezagutza teknikoak, zientifikoak edo antolamendukoak garatzea, ingurumen, gizarte eta ekonomia alorrei erreparatuz.

1.2.– Sektore ekoizlearentzat merkaturatze-aukera onak dituzten akuikultura-espezie berriak garatzea edo sartzea, edo produktu eta prozesu berriak edo hobetuak lortzea.

1.3.– Kudeaketa- eta antolakuntza-sistema berriak garatu eta ezartzea, edo daudenak hobetzea, eta produktu edo prozesu berritzaileen bideragarritasun teknikoa edo ekonomikoa aztertzea.

1.4.– Zehazki, lerro honen xedearekin bat egiten duten neurriak honakoak izan daitezke:

– hazkuntzak optimizatzea eta teknologia berriak erabiltzea.

– hazkuntza-espezie, -prozesu eta -sistema berriak bilatzea.

– ingurumen-inpaktua minimizatzea eta akuikulturaren ondorio positiboak hobetzea I+G+b-aren bitartez.

– arrain-irin eta -olioekiko mendetasuna gutxitzea, abereen ongizatea hobetzea.

– ezagutzaren kudeaketa hobetzea, I+G+b-aren emaitzak eskualdatzeko baliabideak sendotzea eta sareko lana.

2.– Laguntza hauen onuradun izan ahalko dira erakunde zientifiko edo tekniko publiko zein pribatu aitortuak eta erakunde horiekin elkarlanean aritzen diren akuikultura-enpresak.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Memoria teknikoa; bertan, ahalik eta zehatzen azalduko da garatu nahi den proiektuak izan dezakeen irismena (helburuak, bitartekoak, etab).

b) Berrikuntza-proiektuaren kostuaren azterketa ekonomikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea agindu honetako II. eranskinean zehaztutakoa izango da. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) produktutik edo prozesutik etor daitekeen proiektuaren izaera berritzailea sektore barruan, 50 puntu gehienez.

b) erakundearen ahalmena proiektua garatzeko, 50 puntu gehienez.

5.– Diruz lagundutako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatu ondoren (inbertsioen ordainketaren fakturak eta ziurtagiriak aurkeztuta) eta jarraipenaz arduratu den erakunde zientifikoak berrikuntza-proiektuari buruzko azken txostena, lortutako emaitzak jasotzen dituena, eman ondoren ordainduko da laguntza.

15. artikulua.– Akuikulturako inbertsio produktiboak Ekoizpena dibertsifikatzea, instalazioak hobetzea eta modernizatzea, produktuen kalitatea hobetzea, putzuak edo urmaelak leheneratzea – 508/2014 Erregelamenduaren 48. artikuluko 1. atalaren a), b), d), f), g) eta h) letrak.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da sektorearen lehiakortasuna sustatzea, inbertsio produktiboen bidez, akuikultura jasangarri eta lehiakorra lortzeko, batik bat enpresa txiki eta ertainetan, eta honako hauetara bideratuta egongo da:

1.1.– Akuikulturako inbertsio produktiboak, akuikultura-ekoizpena dibertsifikatzera zuzenduak, eta hazitako espezieak.

1.2.– Akuikultura-instalazioak hobetzea eta modernizatzea.

1.3.– Abereen osasunarekin eta ongizatearekin lotutako hobekuntzak eta modernizazioa.

1.4.– Akuikultura-produktuen kalitatea hobetzea.

1.5.– Akuikulturako putzuak edo urmaelak leheneratzea, lohia kenduz edo lohi-metaketak prebenitzeko inbertsioak eginda.

1.6.– Akuikulturako sarrerak dibertsifikatzea, enpresaren akuikultura-jarduera nagusiari lotutako jarduera osagarriak burutuz.

2.– Egun dauden akuikultura-enpresek edo enpresa berriek jaso ahalko dituzte laguntza hauek-

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Memoria teknikoa; bertan, ahalik eta zehatzen azalduko da garatu nahi den proiektuak izan dezakeen irismena (helburuak, bitartekoak, etab).

b) Inbertsio-proiektuaren kostuaren azterketa ekonomikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea agindu honetako II. eranskinean zehaztutakoa izango da. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, 50 puntu gehienez ere.

b) Proiektuaren bideragarritasun teknikoa, 50 puntu gehienez ere.

5.– Diruz lagundutako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatu ondoren (fakturak eta ordainketa frogagiriak aurkeztuta) ordainduko da laguntza.

16. artikulua.– Akuikulturako inbertsio produktiboak Baliabideen efizientzia, uraren eta substantzia kimikoen erabilera gutxitzea, birziklatze-sistemak – 508/2014 Erregelamenduaren 48. artikuluko 1. paragrafoaren e), i) eta j) letrak.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da akuikultura jasangarria sustatzea, ingurumenean inpaktu negatiboak gutxitu eta ondorio positiboak gehituko dituena, baliabideen erabileran efizientzia handituko duten inbertsioak eginez, eta, inbertsio hauetara bideratuta egongo da:

1.1.– ingurumenean inpaktu negatiboa gutxitzekoak.

1.2.– uraren erabilera eta kalitatea hobetzekoak.

1.3.– irteerako emariaren kalitatea hobetzekoak.

1.4.– uraren kontsumoa gutxitzekoak, zirkuitu itxiko birziklatze-sistemak erabilita.

2.– Laguntza hauek jaso ahalko dituzte egun dauden akuikultura-enpresek

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Memoria teknikoa; bertan, ahalik eta zehatzen azalduko da garatu nahi den proiektuak izan dezakeen irismena (helburuak, bitartekoak, etab).

b) Inbertsio-proiektuaren kostuaren azterketa ekonomikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea agindu honetako II. eranskinean zehaztutakoa izango da. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) efizientzia energetikoa hobetzeko berrikuntzak sartzea eta energia berriztagarria erabiltzea akuikultura-enpresetan, 50 puntu gehienez.

b) Proiektuaren bideragarritasun teknikoa, 50 puntu gehienez ere.

5.– Diruz lagundutako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatu ondoren (fakturak eta ordainketa frogagiriak aurkeztuta) ordainduko da laguntza.

17. artikulua.– Akuikulturako inbertsio produktiboak Efizientzia energetikoa handitzea eta energia berriztagarriak – 508/2014 Erregelamenduaren 48. artikuluko 1. paragrafoa, k) letra.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da akuikultura jasangarria sustatzea, efizientzia energetikoa handituko duten inbertsioak eginez, eta, akuikultura-instalazioetan energia berriztagarrien erabilera eta produkzio-prozesuetatik energia sortzea hobetuko duten inbertsioetara bideratua izango da.

2.– Egun dauden akuikultura-enpresak izan daitezke laguntza hauen onuradun:

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Memoria teknikoa; bertan, ahalik eta zehatzen azalduko da garatu nahi den proiektuak izan dezakeen irismena (helburuak, bitartekoak, etab).

b) Inbertsio-proiektuaren kostuaren azterketa ekonomikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea agindu honetako II. eranskinean zehaztutakoa izango da. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) energia-kontsumoaren aurrezpen-portzentajea, 50 puntu gehienez.

b) energia ez berriztagarrien kontsumoa gutxitzeko portzentajea, 50 puntu gehienez.

5.– Diruz lagundutako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatu ondoren (fakturak eta ordainketa frogagiriak aurkeztuta) ordainduko da laguntza.

18. artikulua.– Akuikultura-ustiategietarako kudeaketa-, ordezkapen- eta aholkularitza-zerbitzuak – 508/2014 Erregelamenduaren 49. artikulua.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da akuikultura-ustiategien guztizko errendimendua eta lehiakortasuna hobetzea, eta haren funtzionamenduaren ingurumen-inpaktu negatiboa gutxitzea, eta ekintza hauetara bideratuta egongo da:

1.1.– Akuikultura-ustiategietako kudeaketa-, ordezkapen- eta aholkularitza-zerbitzuak sortzea.

1.2.– Akuikultura-ustiategietarako aholkularitza tekniko, zientifiko, juridiko, ingurumeneko edo ekonomiko zerbitzuak lortzea.

2.– Honako hauek izan ahalko dira laguntza hauen onuradun: 1.1. paragrafoko zuzenbide publikoko erakundeak, enpresa txiki edo ertainak eta egun dauden akuikultura-erakundeak, ekoizle-erakundeak eta akuikulturako produktuen ekoizleen erakundeen elkarteak barne.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Memoria teknikoa; bertan, ahalik eta zehatzen azalduko da garatu nahi den proiektuak izan dezakeen irismena (helburuak, bitartekoak, etab).

b) Inbertsio-proiektuaren kostuaren azterketa ekonomikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea agindu honetako II. eranskinean zehaztutakoa izango da. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Proiektuaren bideragarritasun teknikoa, 50 puntu gehienez ere.

b) Proiektuaren interes kolektiboa, gehienez ere 50 puntu.

5.– Diruz lagundutako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatu ondoren (fakturak eta ordainketa frogagiriak aurkeztuta) ordainduko da laguntza.

19. artikulua.– Giza kapitala eta sareko lana sustatzea – 508/2014 Erregelamenduaren 50. artikulua.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da akuikulturaren eremuan giza kapitala eta sareko lana sustatzea, eta honako gai hauetarako laguntzak eman ahalko dira:

1.1.– Akuikultura-sektoreko soldatapeko langileen, autonomoen, horien ezkontideen edo izatezko bikoteen parte-hartzea honako programa hauetan: lanbide-heziketa, etengabeko ikaskuntza, akuikulturako konpetentzia profesional berriak eskuratzekoa eta akuikulturaren funtzionamenduaren ingurumen-inpaktu negatiboa gutxitzekoa.

1.2.– Akuikultura-sektoreko soldatapeko langileen, autonomoen, horien ezkontideen edo izatezko bikoteen parte-hartzea sortutako ezagutza zientifiko-teknikoaren transferentziara eta zabalkundera bideratutako jarduketetan, esaterako: jardunaldiak, tailerrak, mintegiak, biltzar zientifiko-teknikoak eta abar antolatzea, edo egiturak sortzea xede horrekin berarekin.

1.3.– Etengabeko ikaskuntza eta konpetentzia berriak eskuratzeko prestakuntza- eta gaikuntza-ikastaroak diseinatzea, programatzea eta antolatzea.

1.4.– Lan-baldintzak eta lan-segurtasunekoak hobetzeko jarduketak, baita eremu horretako prestakuntza- eta gaikuntza-ekintzak ere.

1.5.– Sareko lana eta esperientzia eta praktika berriak trukatzea sustatu edo erraztuko dituzten ekimenak sortzea, sustatzea edo indartzea.

2.– Laguntza hauek jaso ahalko dituzte akuikultura-enpresek, akuikultura-sektoreko langile autonomoen ezkontideek edo izatezko bikoteek, erakunde publiko edo erdipublikoek eta behar bezala aintzatetsitako beste erakunde batzuek.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Memoria teknikoa; bertan, ahalik eta zehatzen azalduko da garatu nahi den proiektuak izan dezakeen irismena (helburuak, bitartekoak, etab).

b) Inbertsio-proiektuaren kostuaren azterketa ekonomikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea Agindu honetako II. eranskinean zehaztutakoa izango da. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Proiektuaren bideragarritasun teknikoa, 50 puntu gehienez ere.

b) Proiektuaren interes kolektiboa, gehienez ere 50 puntu.

5.– Diruz lagundutako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatu ondoren (fakturak eta ordainketa frogagiriak aurkeztuta) ordainduko da laguntza.

20. artikulua.– Akuikultura-ekoizpeneko eremuen ahalmena handitzea – 508/2014 Erregelamenduaren 51. artikulua.

1.– Laguntza-lerro honen xedea akuikultura-eremua antolatzea da, eta produkzio-eremuak eta akuikultura-azpiegiturak garatzen eta horien jardueren ingurumen-inpaktu negatiboa gutxitzeko neurriak hartzen lagunduko duten proiektuei eman ahalko zaizkie laguntzak.

2.– Laguntza horien onuradun izan ahalko dira EAEk eginkizun horiek egiteko agindua eman dien zuzenbide publikoko erakundeak zein erakunde pribatuak.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Memoria teknikoa; bertan, ahalik eta zehatzen azalduko da garatu nahi den proiektuak izan dezakeen irismena (helburuak, bitartekoak, etab).

b) Inbertsio-proiektuaren kostuaren azterketa ekonomikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea agindu honetako II. eranskinean zehaztutakoa izango da. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Proiektuaren bideragarritasun teknikoa, 50 puntu gehienez ere.

b) Proiektuaren interes kolektiboa, gehienez ere 50 puntu.

5.– Diruz lagundutako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatu ondoren (fakturak eta ordainketa frogagiriak aurkeztuta) ordainduko da laguntza.

21. artikulua.– Akuikultura-enpresa berri jasangarriak sustatzea – 508/2014 Erregelamenduaren 52. artikulua.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da akuikulturan enpresa-espiritua sustatu eta enplegua sortzea, sektore horretan aritzeari ekiten dioten akuikultura-ekoizleek akuikultura-enpresa berri jasangarriak sortuta.

● Behar diren lanbide-konpetentziak eta -gaitasunak izatea.

● Titular gisa lehen aldiz mikroenpresa edo enpresa txiki bat sortzea.

● Akuikultura-jarduerak garatzeko enpresa-egitasmo bat aurkeztea.

● Proiektua 50.000 eurotik gorakoa bada, ingurumen-eraginaren ebaluazioa barne duen bideragarritasun-azterlana.

● Txosten independente bat, ustiatu beharreko produktuak merkaturatzeko dituen aukera onak justifikatuko dituena.

● Ingurumen-jasangarritasunera bideratutako akuikultura-ustiategiak sortzea.

● Aintzat hartzea ustiategia akuikulturarako egokia den eremu batean kokatzea.

2.– Akuikultura-ekoizle berriek –pertsona fisikoak zein juridikoak– jaso ahalko dituzte laguntza hauek.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Memoria teknikoa; bertan, ahalik eta zehatzen azalduko da garatu nahi den proiektuak izan dezakeen irismena (helburuak, bitartekoak, etab).

b) Proiektuaren kostuaren azterketa ekonomikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea Agindu honetako II. eranskinean zehaztutakoa izango da. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Proiektuaren bideragarritasun teknikoa, 50 puntu gehienez ere.

b) Proiektuaren ondorio sozial positiboak, 50 puntu gehienez ere.

5.– Diruz lagundutako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatu ondoren (fakturak eta ordainketa frogagiriak aurkeztuta) ordainduko da laguntza.

22. artikulua.– Abereen osasunari eta ongizateari buruzko neurriak – 508/2014 Erregelamenduko 56. artikulua.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da akuikultura-enpresetako abereen osasuna eta ongizatea sustatzea, akuikulturaren eremuan prebentzioaren eta biosegurtasunaren inguruko gaiak hobetzera zuzendutako ekintzak bultzatuz. Honako gai hauetara zuzendutako inbertsio-proiektuak finantzatu ahalko dira:

– Gaixotasunen kontrola eta gaixotasunak erradikatzeko egitasmoak.

– Biosegurtasunaren eta osasun- eta ongizate-beharren inguruko jardunbide eta jokabide-kode onenak garatzea.

– Albaitaritzako medikamentuekiko mendekotasuna gutxitzeko ekimenak.

– Albaitaritza-gaixotasunei buruzko albaitaritza- edo farmazia-azterlanak eta informazioa eta jardunbide egokiak zabaltzea, medikamentuen erabilera ona sustatzeko.

– Akuikultura-sektorearen osasuna babesteko taldeak sortu eta martxan jartzea.

– Akuikultura-ekoizleen behin-behineko jarduera-etena konpentsatzea, ezohiko gehiegizko heriotza-tasa dela-eta.

2.– Laguntza hauen onuradun izan ahalko dira zuzenbide publikoko erakundeak eta akuikultura-enpresak.

3.– Dokumentu orokorrez gain, honakoak aurkeztu behar dituzte laguntza hau eskatzen dutenek:

a) Memoria teknikoa; bertan, ahalik eta zehatzen azalduko da garatu nahi den proiektuak izan dezakeen irismena (helburuak, bitartekoak, etab).

b) Inbertsio-proiektuaren kostuaren azterketa ekonomikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea Agindu honetako II. eranskinean zehaztutakoa izango da. Honakoak izango dira aplikatu beharreko irizpide objektiboak eta haien haztapena:

a) Proiektuaren bideragarritasun teknikoa, 50 puntu gehienez ere.

b) Proiektuaren interes kolektiboa, gehienez ere 50 puntu.

5.– Diruz lagundutako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatu ondoren (fakturak eta ordainketa frogagiriak aurkeztuta) ordainduko da laguntza.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala