Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2016ko abenduaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5299

72/2016 EBAZPENA, azaroaren 29koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea San Miguel Mendebala sektorean zuzkidura-bizilekuak sustatzeko Basauriko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– San Miguel Mendebala sektorean zuzkidura-bizilekuak sustatzeko Basauriko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 29a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN AZAROAREN 29KO 72/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, BASAURIKO UDALAREN ETA ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILAREN ARTEKOA, BASAURI UDALERRIKO SAN MIGUEL MENDEBALA SEKTOREAN ZUZKIDURA-BIZILEKUAK SUSTATZEKO

Vitoria-Gasteizen, 2016ko urriaren 31n.

BILDU DIRA

Alde batetik, Angel Toña Güenaga jauna, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua.

Eta, bestetik, Andoni Busquet Elorrieta jauna, Basauriko alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko uztailaren 27an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Eta bigarrena, Basauriko alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2016ko urriaren 27an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez, egintza honetarako baimendua; baita Bidebi Basauri, S.L.ko lehendakari gisa ere.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau

AZALDU DUTE

Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2 artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta euskal sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan diskriminazio oro desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, bai eta bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek –kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Basauriko Udalak– elkarrekin esku hartu behar dute –are gehiago, horretara behartuta daude–, babes ofizialeko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.

Bigarrena.– Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitzen premia egiaztatua duten udalerrietan (eta, horien artean, Basauri), errentaahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familientzat.

Era berean, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 38. artikuluak agintzen duenez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespena behar da ondasun higiezinak doan eskuratzeko, betiere Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta.

Laugarrena.– San Miguel Mendebala sektoreko Plan Partzialak hurrengo lursaila mugatzen du:

Zuzkidura-bizitokitarako bideratutako erabilera eta jabetza publikoko lursaila, 378,50 m2-ko azalera duena; Ipar, Hego eta Ekialdean mugakide du jabetza publikoko partzela bat, Eremu Libretako Toki Sistemetarako bideratutako partzela: bideak, lur gaineko aparkalekua eta Sistema Orokorrak eta Berdeguneak, eta, Mendebaldean, jabetza publikoko partzela bat, Ekipamendu Komunitariorako bideratua.

Eremu hori berriro partzelatzeko proiektuak, 2012ko maiatzaren 18ko behin betiko onespena duena, aipatutako partzela Basauriko Udalari esleitzen dio.

Bosgarrena.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 17. eta 81. artikuluek adierazten dutenez, plangintzak komunitate-ekipamendu gisa sailkatu ahal izango ditu lurrak, bereziki bizitegi-erabilera duten eremuetan zuzkidura-alojamenduak ezartzeko, aldi baterako alojamenduak eta premia larria duten kolektiboentzako alojamendu sozialak barne.

Eta Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 24.1 artikuluak adierazten duenez, bi eratara lor daitezke udal-plangintzan zuzkidura-bizitokitarako hornidura publiko modura kalifikaturik dauden lursailak, halakoak ezartzeko ardura duen administrazioaren alde: jarduketa integratuetan sartuta edo haiei atxikita baldin badaude, derrigor eta doan lagaz; edo, jarduketa integratuetan sartu gabe eta haiei atxiki gabe badaude, nahitaez desjabetuz. Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan jasotako baldintzak betetzen badituzte, lursail horien gainean jasotzen diren eraikinak zuzkidura-bizitokitzat joko dira.

Bi herri-administrazio horien ustez, etxebizitza babestua sustatzeko hirian elkarrekin garatzen duten politika osatu behar da, zuzkidura-bizitoki horiek eginez.

Ildo horretan, beharrezkotzat jotzen dute San Miguel Mendebala sektorean mugatutako ekipamenduetareko partzela zuzkidura-bizitokien sustapen bat hartzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituzten aztertzea.

Seigarrena.– Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau izenpetu dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– lankidetza-hitzarmen honen helburua da Basauriko udalerrian zuzkidura-bizitokien sustapena ahalbidetzea, San Miguel Mendebala sektorean, Basaurin.

Bigarrena.– Basauriko Udalak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak adostu dutenez, aztertu egingo dute San Miguel Mendebala sektoreko ekipamenduetarako patzela Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak zuzkidura-bizitokien sustapenerako erabiltzea.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak konpromisoa hartu du bizitoki horiek diseinatu, eraiki eta kudeatzeko proposamena egiteko.

Proposamenari oniritzia eman eta gero, Basauriko Udalak honako hau egiteko konpromisoa hartu du: partzela ematea, horretarako egingo den doako lagapen-akordioaren bitartez. Era berean, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak akordio hori betearazteko konpromisoa hartu du.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak konpromisoa hartu du Gobernu Kontseiluaren bidezko onarpena izapidetzeko.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa notario-eskrituran formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Gobernu Kontseiluaren erabakiaren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak konpromisoa hartu du, dagozkion aurrekontuko diru-izendapenak gauzatu ondoren, aipaturiko zuzkidura-bizitokien urbanizazio osagarria egiteko eta sustatzeko obra guztiak kontratatzeko ahalik eta azkarren. Konpromiso horrek barnean hartzen du dagokion proiektu teknikoak hark idaztea.

Hala ere, klausula honetan ezarritako konpromisoak gauzatu ahal izateko, aurretiaz lurrak Euskal Autonomia Erkidegoari eman beharko zaizkio.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak konpromisoa hartu du zuzkidura-bizitokien sustapenean interesa duen udalerri bakarra Basauri dela deklaratzeko. Udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.

Hala ere, Basauriko Udalak, Bidebi Basauri S.L. udal-sozietate publikoaren bidez, lau bizitokiren lehentasunezko erabilera salbu egotea proposa dezake, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak konpromisoa hartzen du horien esleipen berezitua egiteko, baldin eta udal-jarduera urbanistikoen edo/eta udal-premien eraginpean dauden pertsonen faboretan egiten bada.

Esleitu ez delako, bizitokiren bat soberan geratzen bada, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak zehaztuko du zer udalerri eta/edo pertsona dauden horretan interesatuta, hartarako emandako aginduaren bidez.

Bosgarrena.– Basauriko Udalak konpromisoa hartzen du Eraikuntza, Obra eta Instalazioen gaineko udal-zergaren kuotari 100etik 95eko hobaria aplikatzeko, ordenantza arauemailearen 10. artikuluko lehenengo atalean aurreikusitakoaren arabera, kasu honetan interes berezia edo udal-erabilera ematen baita inguruabar sozialak ematen direlako, eta hori justifikatuta baitago.

Seigarrena.– bi herri-administrazioek beharrezkotzat jotzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

Zazpigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, lankidetza-hitzarmen honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak, aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren baldintzapean egongo dira.

Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko hirugarrnei eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.

Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketak burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginak.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

Basauriko Udaleko alkatea,

ANDONI BUSQUET ELORRIETA.


Azterketa dokumentala