Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2016ko abenduaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5267

178/2016 DEKRETUA, abenduaren 7koa, Euskadiko Agregakinen Mahaia eta Lantaldea eratu eta arautzen duena.

Euskadiko Agregakinen Mahaia entzuteko, koordinatzeko, kontsultatzeko eta aholkularitza teknikoa emateko erakunde arteko organo bat da, EAEko meatzaritza-, garraio- eta ingurumen-administrazioena eta sektoreko eragile adierazgarrienena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko meatzaritza-politikak diseinatzea du helburu.

Bere aldetik, Euskadiko Agregakinen Mahaiaren Lantaldea Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde arteko organoa izango da, eta hortxe diseinatu, eztabaidatu eta landuko dira arlo horretan jarduteko proposamen teknikoak eta administratiboak.

Dekretu hau lantzerako orduan, erakunde hauei guztiei egin zaie kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduaren arloan eskumena duten sailei, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei, eta sektoreko elkarte adierazgarriei.

Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko abenduaren 7an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Euskadiko Agregakinen Mahaiaren eta Mahai horren Lantaldearen funtzionamenduaren eta osaeraren araubidea ezartzea.

II. KAPITULUA
EUSKADIKO AGREGAKINEN MAHAIA

2.– artikulua.– Atxikipena.

Euskadiko Agregakinen Mahaia Meatzeen araubidearen arloko eskumenak dituen sailari atxikia dago.

3. artikulua.– Funtzioak.

Hauek dira Euskadiko Agregakinen Mahaiaren funtzioak, aholku-izaerakoak bakarrik:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko meatze-politikak diseinatzeko lotura-, komunikazio- eta koordinazio-organoa izatea honakoen artean: Eusko Jaurlaritzan meatze-, garraio- eta ingurumen-arloko eskumenak dituzten sailak, Lurralde Historikoetako foru-organoak eta meatze-sektoreak.

2.– Meatze-baliabideen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen den problematika aztertzea eta horri buruzko proposamenak onartzea.

3.– Kontsulta egitea, aholkuak ematea eta proposamenak lantzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak diren meatzaritza-araubidearen arloko planen eta laguntza-programen inguruan.

4.– Meatze-, garraio- eta ingurumen-arloan eskumena duten organoei zuzendutako proposamenak egitea, haiek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, Euskadiko Agregakinen Mahaiaren eginkizunekin zerikusia duten arauak susta ditzaten.

5.– Dekretu honen bidez sortzen eta arautzen den meatzaritzako agregakinen Lantaldetik igortzen zaizkion gaiei buruz gogoeta egitea eta erabakitzea.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoan meatzaritza-sektorea antolatzeko behar diren koordinazio- eta aholkularitza-egintzak egitea.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Hau izango da Euskadiko Agregakinen Mahaiaren osaera:

a) Presidentea. Meatzaritza-araubidearen arloko sailburuordetza eskudunaren titularra izango da presidente. Kalitateko boto eskubidea izango du.

b) Idazkaria. Mahaiaren presidenteak sail eskuduneko pertsona bat izendatuko du idazkari.

c) Mahaikideak. Hauek izango dira Euskadiko Agregakinen Mahaiko kide:

● Eusko Jaurlaritzako meatzaritza-araubidearen arloko zuzendaritza eskudunaren titularra edo horrek izendatutako ordezkoa, zeinak boto eskubidea izango baitu.

● Eusko Jaurlaritzako ingurumenaren arloko zuzendaritza eskudunaren titularra edo horrek izendatutako ordezkoa, zeinak boto eskubidea izango baitu.

● Eusko Jaurlaritzako garraio-azpiegituraren arloko zuzendaritza eskudunaren titularra edo horrek izendatutako ordezkoa, zeinak boto eskubidea izango baitu.

● Ingurumenaren edo garraioaren arloan eskumena duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako diputatuak edo haiek ordezko izendatutakoak, zeinek boto eskubidea izango baitute. Ordezkatze horiek konpetentzia-arrazoiengatik egingo dira, jorratutako gaiaren arabera, beste garraio- edo errepide-alor batzuetan.

● Hiru lurraldeetako agregakinen arloko elkarte bakoitzeko (ASECAL, ASECABI, ASFARGI) mahaikide bana, horretarako izendatutakoa, boto eskubidea izango duena (elkarte bakoitzak boto bat) eta Euskal Árido elkarteko ordezkari bat, hitza izango duena, baina boto eskubiderik gabe.

2.– Gaiak espezifikoak direnean, baldin eta beharrezkoa bada Mahaiko kideak ez diren erakundeetako edo arloetako espezialistek, teknikariek edo ordezkariek parte hartzea, presidenteak gonbidatu ahal izango ditu (Mahaiko kideren batek hala eskatuta), planteatzen zaizkien gaiei buruz beren iritziak eta azterketak adierazteko, botorik izango ez duten arren.

3.– Presidentea kide kualifikatutzat joko da, eta kalitateko botoa izango du.

4.– Presidenteak izendatuko ditu Mahaiko kideak, ordezkatzen duten erakundearen proposamena kontuan hartuta. Kideen izendapenak lau urte iraungo du; hala ere, ordeztu egin daitezke aldi horretan. Era berean, aldi hori pasa ondoren ere mahaikide izaten jarrai dezakete, baldin eta horretarako berresten badira.

5.– Ez da ordainsaririk ezta kalte-ordainik ere jasoko Euskadiko Agregakinen Mahaiko kide izateagatik; hala ere, ordezkatzen duen organoaren kidea izateagatik organo horretatik jaso ahalko ditu, eta ordain horiek berariazko arautegiak arautuko ditu.

5. artikulua.– Kideen eskubideak.

Honako hauek dira kideen eskubideak:

a) Gutxienez zazpi egun natural lehenago, deialdia jasotzea. Bertan, bileretako aztergaien zerrenda eta aztertu beharreko gaiei buruzko informazioa jasoko da. Deialdia paperean edo aipatu dokumentazioa hartu dela bermatzen duen beste edozein bitarteko telematikoren bidez helaraziko da.

b) Gai-zerrendan sartzeko gaiak idatziz proposatu ahal izatea presidenteari.

c) Mahaiaren ezohiko bilkurak proposatzea.

d) Kideek komenigarritzat jotzen dutenean, Mahaiko kideak ez diren erakundeetako aditu, teknikari eta ordezkariei dei egin diezaietela proposatzea.

e) Mahaiaren bileretan zehar premiazko gaiak sar daitezela proposatzea, dekretu honen 6. artikuluko 4. paragrafoan aurreikusitako eran.

f) Mahaiaren bileretan zehar lantaldeari gai jakin bat helaraztea proposatzea, aztertzeko eta gogoeta egiteko.

g) Mahaiko eztabaidetan parte hartzea eta botoa emateko eskubideaz baliatzea eta botoaren zentzua eta arrazoiak azaltzea.

h) Galde-eskeak egitea.

6. artikulua.– Deialdia eta bilerak.

1.– Saio bakoitzeko deialdia idatziz edo informazioaren eta komunikazioen teknologia berriak erabiliz egingo da, aurreko artikuluan adierazten den aurrerapenarekin. Presidenteak deialdi-epea murrizteko erabakia hartu ahal izango du urgentzia-egoeretan; gutxieneko epea 48 ordukoa izango da. Halaber, ohiko saiora joango diren ordezkarien izendatze eta baliogabetzeak jakinaraziko zaizkio Mahaiaren zuzendariari 5 eguneko aurrerapenarekin, justifikatutako salbuespenak salbu.

2.– Mahaiak, normalean, urtean behin egingo du bilera. Ezohiko bilerak presidenteak beharrezko irizten dionean iragarriko dira, edo gutxienez kideen % 50ek eskatzen dutenean.

3.– Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; halakorik eztabaidatu eta erabakitzeko, Mahaiko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak adierazi behar du aztergaia premiazkoa dela.

4.– Erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira.

7. artikulua.– Euskadiko Agregakinen Mahaiaren Lantaldea.

1.– Euskadiko Agregakinen Mahaiaren Lantaldea sortzen da. Lantaldearen helburua Euskadiko Agregakinen Mahaiari laguntzea izango da, Mahaian hausnartu eta erabaki beharreko gaien azterketa teknikoa eginez.

2.– Hauek izango dira Lantaldeko kide:

● Eusko Jaurlaritzan meatzaritza-araubidearen arloan eskumena duen zuzendaritzako edo, landu beharreko gaien arabera, dagokion lurralde ordezkaritzako titularrak izendatutako ordezkari bat. Pertsona hori presidentea izango da.

● Ingurumen zein garraio azpiegituren arloko ordezkari bana. Ordezkari horiek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aukeratutako pertsonek izendatuko dituzte.

● Ingurumenaren arloko ordezkari bat eta errepideen arloetako bat, foru-aldundi bakoitzeko.

● Agregakinen Euskal Federazioko (Euskal Árido) ordezkari bat eta beste hiru, bat agregakinen arloko lurralde-elkarte bakoitzeko (ASECAL, ASFARGI, ASECABI).

3.– Idazkaria Euskadiko Agregakinen Mahaiko presidenteak izendatuko du: sailburuordetzari atxikitako langileetako bat izango da, eta, bileretan izango den arren, ez du botorik izango.

4.– Eginkizun hauek izango ditu lantaldeak:

a) Hartuko diren neurriak diseinatzea eta eztabaidatzea.

b) Planteatutako proposamenen azterketa teknikoa egitea, horiei buruzko gogoeta egitea eta mahaiari jarduteko proposamenak egitea.

c) Agregakin-batzordeari jakinaraztea batzordeak berak onartu beharreko behar beste gai.

5.– Lantaldean ordezkaritza duten agintaritza eskudunetakoren bat bakarrik izatea eskatzen duten gaiak badaude gai-zerrendan, lantaldea eratu ahal izango da Eusko Jaurlaritzaren meatze alorrean eskudun den Zuzendaritzako titularrak aginduta, lantalde murriztu gisa: presidenteak eta idazkariak parte hartuko dute, baita inplikatuta dauden agintaritza eskudunek ere. Bilera horien emaitza Lantaldeko gainerako kideei jakinaraziko zaie, hurrengo osoko bileran.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Euskadiko Agregakinen Mahaia eta Lantaldea osatuko dituzten kideak izendatu eta hautatzean, ahalegina egingo da gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatuaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Mahaiak eta Lantaldeak, bilkurak prestatzeko lanetan, informazioaren eta komunikazioen teknologia berriak erabiltzea sustatuko dute. Euskadiko Agregakinen Mahaiko eta Lantaldeko kideek, bileretan, bai euskaraz bai gaztelaniaz hitz egin ahal izango dute, eta hizkuntza biak erabiliko dira deialdi, gai-zerrenda, akta eta gainerako idazkietan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Dekretu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da, kide anitzeko organoen arloan.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Dekretu honen 4. artikuluan xedatutakoari jarraituz, dekretua indarrean sartu eta hilabeteko epean, Agregakin Batzordearen uneko presidentea harremanetan jarriko da batzordean parte hartzen duten entitateekin, horien ordezkaritzan Mahaian parte hartuko duen pertsonaren izendapenaren berri izateko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko abenduaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala