Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2016ko abenduaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
5194

AGINDUA, Segurtasuneko sailburuarena, zeinarekin Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetzen baitzaio honako kontratazioa egitea: Sailaren menpeko zentro administratiboetan, 2017., 2018. eta 2019. urteetarako (2020. eta 2021. urteetara luzatzeko aukerarekin) posta-zerbitzuak gauzatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren I. tituluko III. kapituluaren (Kontratazioaren arrazionalizazio teknikoa) I. sekzioaren arabera (Kudeaketa bateratua), Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 172/2013 Dekretuaren 12.c) artikuluarekin lotuta, Baliabide Orokorren Zuzendaritzari dagokio kudeaketa bateratuko eraikinetan kontratazioak egitea, hain zuzen ere, Baliabide Orokorren Zuzendaritzari esleituak izanik erabilpen orokorrekoak diren material edo zerbitzuei dagokienez.

Kontuan izan behar da azken urteetan Ogasun eta Finantzetako sailburuak hainbat erakundetarako zerbitzuak eta hornidurak lizitatu eta kontratatu dituela, eta teknika horrek ahalbidetu duela eskala-ekonomiez baliatzea, eta horrek emaitza onak izan dituela, bai arlo ekonomikoari dagokionez bai kontratuen betearazpenari dagokionez.

Posta-zerbitzuak kontratazio bateratuko teknika horren bidez kontratatu dira, eta teknika hori, gaur egun, berariaz jasota dago kontratazio publikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/EE Zuzentarauan, eta bateragarria da Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 1. artikuluan jasotako printzipioekin, eta, bereziki, funts publikoen erabilera eraginkorrarekin.

Kontratazio bateratua egin aurretik, eskumenak esleitu behar dira –edo, hala badagokio, «enkargua» egin– esleipena egitea dagokion kontratazio-organoak hartarako prozedura egin dezan; horretaz gain, kontratua kofinantzatuko duten ekarpen guztiak eskura izatea ziurtatu behar da.

Ildo horretan, aipatutako eremuan posta-zerbitzuak era bateratuan kontratatzeko bide edo formula egokia hauxe da: Sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.1 artikuluan eskumenen eskuordetzerako jasotakoa, eta honako hau xedatzen du:

«1.– Esleituta dituzten eskumenak administrazio bereko bete organo batzuen esku utzi ditzakete Administrazio Publikoek –nahiz eta hierarkikoki bata bestearen mendekoak ez izan–, edo zuzenbide publikoko erakunde edo organismo publikoen esku, baldin eta administrazio haiekiko loturikoak edo mendekoak badira».

Horregatik, 172/2013 Dekretuaren 3.2.f) artikuluak kontratazioaren arloan Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetzen dizkion eskumenei jarraikiz, eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 4.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, Segurtasuneko sailburuari dagokion kontratazio-organoari esleitutako gaitasunak baliatzea. Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

I.– Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskurdetzea 2017., 2018. eta 2019. urteetan posta-zerbitzuak kontratatzeko eskumena (2020. eta 2021. urteetarako luzatzeko aukerarekin).

Eskuordetzea, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak jasotzen dituen eta kontratuari ezartzeko diren gai hauetara zabalduko da:

– Kontratua (II. liburua) prestatzea.

Kontratua esleitzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

– Administrazioaren eskumenak, aldaketa, iraungitzea, lagatzea eta azpikontratazioa, denak ere IV. liburuko I. tituluko I. kapituluan oro har aurreikusiak, eta hornidura-kontratuetarako IV. liburuko II. tituluko IV. kapituluan berariaz aurreikusiak.

– Kontratua formalizatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

II.– Kontratazio organoari dagozkion gainerako eskumenak; batik bat, ematen diten zerbitzuak burutzeari oniritzia ematekoa eta horien ordainketa agintzekoa; zeintzuk geldituko baitira eskuordetza ematen duen organoaren esku.

III.– Eskuordetze hau sinatu eta hurrengo egunean indarrean jarriko da.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 21a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala