Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2016ko abenduaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5193

EBAZPENA, 2016ko azaroaren 25ekoa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Eskola Zaharra monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren babesean, kultura-ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipatutako eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak izendatzeko prozedurak arautzen dituena.

Kontuan hartuta Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Eskola Zaharrak kultura interesa nabarmena duela, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Eskola Zaharra monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren arabera.

Bigarrena.– Jendaurrean jartzea, denboraldi batez, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Eskola Zaharra monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea. Hala, 20 eguneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan egongo da ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian.

Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Ormaiztegiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere, hain zuzen ere egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten hamabost eguneko epean, jakinarazpenaren egunetik hasita.

Laugarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 25a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurua barne hartzen du. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

Iparraldean, partzelaren muga, zuhaitz guztiak barne hartuta.

Ekialdean, partzelaren muga.

Hegoaldean, Gabirialde kaleko espaloiaren ertza.

Eta, azkenik, mendebaldean, eraikinaren fatxadarekiko lerro paralelo bat, fatxada horretatik 15 metrora trazatua.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketa justifikatuta dago, Ormaiztegiko Eskola Zaharraren eraikinak duen ingurumen-balioa eta balio bisuala babestu beharra baitago. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta haren garrantzia nabarmentzeko, eta berekin dakar Eskola Zaharraren eraikinaren inguruko eremua eta sarbidea babestea, eraikin horren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak eraikina bera ez ezik haren ingurua ere hartzen du barne.

(Ikus .PDF)
II. ERASKINA
DESKRIBAPENA

Eskola Zaharraren eraikinak gurutze-oinplanoa du, eta Estanda ibaiaren ondoan dago. Atal nagusiak hauek dira: hiru solairuko erdiko gorputza, solairu bakarreko bi hegal eta bi solairuko atzeko gorputza. Erdiko gorputzetik ateratzen dira alboetako bi eremuak, non kokatzen baitziren umeen ikasgelak. Erdiko gorputzaren goiko solairuan, maisu-maistren etxebizitza zegoen. Atzeko gorputzaren lehenengo solairuan, beste ikasgela bat zegoen. Eraikinean, atentzioa ematen du egurrezko estalkien garapen handiak: egurrezko gatzarietan bermatuta daude estalkiok, eta gatzariak, halaber, harrizko euskarrietan. Egurrezko zertxek eta uhalek osatzen dute estalkien barne-egitura, eta, kanpoaldean, teila arabiarrak daude. Murruak harlangaitz-horma zarpiatuz eginda daude. Hiru sarbide daude fatxada nagusian, eta hiruren inguruan harriak daude jarrita erdi-puntuko arkuan. Ikasgeletan, leiho angeluzuzenak daude, fatxada nagusian, eta, atzealdeko fatxadan, berriz, arku beheratuko leihoak, harriz inguratuak. Erdiko gorputzean, lehen solairuko fatxadan nagusian, balkoi bat dago erdian, eta bi leiho alboetan; azken solairuan, leiho txikiago bat dago. Eraikinaren inguruan, harrizko itxitura bat dago, landa-estiloko kuxinduraz egina, eta, sartzeko, eskailera atal bikoitza dago, eraikinaren kanpoaldea eta barrualdea lotzen dituena.

Eraikina 1909an egin zen, eta arkitektoa José Ángel Hernández De Casadevante izan zen. Ormaiztegiko Udal Korporazioa izan zen sustatzailea. Estilo eklektikoa du, eta, dekorazioa aldetik, baserrietako tradizioa ekartzen du gogora, bai materialen erabileran, bai antolamenduan.


Azterketa dokumentala