Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2016ko abenduaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5188

AGINDUA, 2016ko azaroaren 14koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Otxarki fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu egin da Otxarki fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko azaoraren 23an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu zen, Otxarki fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Otxarkoagako enplegua sustatzeko Bilboko pro Otxar elkarteak sortu zuen fundazio hori). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.

Bigarrena.– 2016ko abuztuaren 25eko idazkiaren bidez, bidalitako dokumentazioan atzemandako hutsak zuzentzeko eskatu zien Fundazioen Erregistroak interesdunei, eta, horrela, 2016ko irailaren 7an, eskatutako dokumentazioa jaso zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak aldeko txostena egin du, 2016ko azaroaren 3an, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko.

Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:

Bilbon eta, batez ere, Otxarkoagan enplegua sustatzea, enplegua sortzen duten ekintzak garatzen dituzten erakundeetan parte hartzea, eta inguru horretan jarduera ekonomikoak hasi eta bultzatzea, baita helburu horiei loturiko beste edozer ere.

Bosgarrena.– Estatutuetako 5. eta 6. artikuluek diotenez, fundazioaren egoitza Bilbon dago (Arbolantxa bidea 57, Bilbao, Bizkaia), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.

Seigarrena.– Hasierako diru-hornidura hogeita hamabost mila zazpiehun eta berrogeita bi (35.742) eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.

Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.

Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (iraupen mugagabea izango dute karguok):

– Patronatuburua: José Ángel Mardones Castresana.

– Patronatuburuordea: Nancy Inés Bilbao Longaray.

– Diruzaina: Pedro Sánchez Camiruaga

– Idazkaria: Juan Prudencio Bedialauneta Mendía.

Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan ezarritako moduan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioa eratzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7tik 12ra eta 51. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, 2. sekzioan, egun eta erregistro-zenbaki honekin: F-416, Bilboko (Bizkaia) Otxarki fundazioaren eraketa, eta bai patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, 2016ko ekainaren 9an, Andrés M.ª Urrutia Badiola notarioaren aurrean (1093 protokolo-zenbakia) egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 14a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala