Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2016ko abenduaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5185

AGINDUA, 2016ko azaroaren 7koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «San Rafael A.Z. Fundazioa» eratu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Donostiako «San Rafael A.Z. Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztu den espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko abuztuaren 8an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean jaso zen Donostiako «San Rafael A.Z. Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea. Fundazio hori Santo Domingo jaierazko bazkunak sortu zuen. Eraketa-eskritura publikoan ezartzen denez, aukera dago bost urteko epean beste pertsona batzuk ere kide egiteko, fundatzaile-izaerarekin. Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak, 2016ko azaroaren 3an, aldeko txostena egin du, honako hauei dagokienez: fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla, eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela.

Hirugarrena.– Fundazioaren estatutuen 3. artikuluan jasota dagoenez, fundazioaren helburua hau da: minusbaliotasunak dituzten pertsonak zaintzea eta pertsona horiei arreta ematea, bereziki gor-itsuak diren eta autonomia pertsonalean zailtasunak edo mugak dituzten pertsonei dagokienez; horretarako, etxebizitza komunitario bat kudeatuko da, gaur egungo Itsuen San Rafael Ikastetxea transformatu ostean».

Laugarrena.– Estatutuen 5. eta 6. artikuluek xedatzen dutenez, fundazioaren egoitza Donostian (Gipuzkoa) egongo da (Jose Elosegi Alkatearen hiribidea 36), eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko ditu bere jarduerak.

Bosgarrena.– Hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (iraupen mugagabea izango dute karguok):

– Lehendakaria: María Carmen Lizarralde Aguado andrea.

– Lehendakariordea: María Amor Castro Labín andrea.

– Idazkaria: Francisco Javier Pérez Vilarrodona jauna.

– Patronatuko kidea: Ascensión Rubio López andrea.

– Patronatuko kidea: María Araceli Cecilia Aguado Sancho andrea.

– Patronatuko kidea: Tomás Burutarán Usandizaga jauna.

– Patronatuko kidea: César Rueda Lizarralde jauna.

– Patronatuko kidea: Jorge Rueda Lizarralde jauna.

Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan ezarritako moduan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio eratzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7., 8., 9., 10., 11., 12. eta 51. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, 2. sekzioan, egun honetan eta F-414 erregistro-zenbakiarekin: Donostiako «San Rafael A.Z. Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa, bai eta Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, Enrique Garcia-Jalón de la Lama notarioaren aurrean 2016ko uztailaren 28an egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 1001).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 7a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala