Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2016ko azaroaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
5109

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 151/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: 151/2016 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.

Demandatzailea: Nicole Claudia Carpintero De Lange.

Abokatua: Sofia Elduayen Mugica.

Prokuradorea: Judith Martinez Garmendia.

Demandatua: Eneko Huici Perez.

Gaia: adostasunik ez izanik, seme-alabei buruzko neurriak.

Aipatutako judizioan, epaia eman zen 2016-11-09an, eta honela dio xedapen-zatiak:

XEDAPENAK

Baietsi egiten dut epaitegietako Martinez prokuradoreak, Nicole Claudia Carpintero De Langeren izenean eta bera ordezkatuz, Eneko Huici Pérezen aurka aurkeztutako demanda, eta, horrenbestez, erlazioa desegitearen ondoriozko neurri hauek hartzen ditut, XXXXX alaba adingabekoari dagokionez:

1.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala elkarrekin baliatzen jarraituko dute bi gurasoek. Guraso biek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

• Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

• Ikastetxea aukeratzea eta, behar bada, ikastetxea aldatzea.

• Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

• Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.

• Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Gurasoari biei aitortzen zaie XXXXX adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, alabaren tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango dituzte biek.

Adingabearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak adingabearen eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.

2.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko araubidea. Amari izendatzen zaio XXXXX alaba adingabearen zaintza eta jagoletza.

3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-erregimena. XXXXXrentzako eta aitarentzako komunikazio-, egonaldi- eta bisita-araubidean malgutasuna izango da nagusi; beraz, aita-alabek askatasunez izan ahal izango dituzte harremanak, hala nahi badute. Alderdiak ados ez badaude, subsidiarioki ezarriko da aitaren aldeko bisita-araubide hau:

A) Ohiko bisitak.

Asteburu bat hilean, hain zuzen hilabete bakoitzeko bigarren asteburua, larunbateko 10:00etatik igandeko 20:00etara. Adingabekoa amaren etxean hartu eta entregatu beharko du aitak.

B) Oporraldiak.

• Uda.– Urte bakoitietan, aita adingabearekin egongo da uztailaren 16ko 10:00etatik abuztuaren 1eko 10:00etara; eta abuztuaren 16ko 10:00etatik irailaren 1eko 10:00etara; eta urte bikoitietan, uztailaren 1eko 10:00etatik uztailaren 16ko 10:00etara; eta abuztuaren 1eko 12:00etatik abuzutaren 16ko 12:00etara. Oporraldi berberak izango ditu amak, baina alderantziz.

• Aste Santua.– Urte bakoitietan, aita adingabearekin egongo da ikasturtea amaitu eta biharamuneko 20:00etatik Pazko-bigarreneko 20:00etara; eta bikoitietan, Pazko-bigarreneko 20:00etatik Pazko-igandeko 20:00etara. Oporraldi berberak izango ditu amak, baina alderantziz.

• Gabonak.– Urte bakoitietan, aita adingabearekin egongo da eskolak amaitu eta biharamuneko 20:00etatik abenduaren 31ko 20:00etara; eta bikoitietan, abenduaren 31ko 20:00etatik eskolak hasteko bezperako 20:00etara. Oporraldi berberak izango ditu amak, baina alderantziz.

C) Adingabekoa amaren etxean hartu eta entregatu beharko du jagoletza ez duen gurasoak.

D) Aitak eskubidea izango du alabarekin egunero komunikatzeko, edozekin komunikabidetan (telefonikoa, telematikoa, etab.), 17:00etatik 21:00etara. Eskubide berbera izango du amak, alaba aitarekin dagoenean.

4.– Mantenu-pentsioa. XXXXX alaba adingabearentzako mantenua ordaintzeko, aitak pentsio bat ordaindu beharko du, 200 euro hilean; eta hala egin beharko du adinez nagusi izan arte, ekonomikoki independente izan arte, edo izateko moduan dagoen arte, fede oneko eskakizunen arabera. Zenbateko hori urteko hamabi hilabeteetan ordainduko zaio amari, hileko lehenengo bost egunetan; pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako kontsumoko prezioen indizeak aurreko urtean izandako aldaketen arabera, abendutik abendura; urtarrilaren batetik izango ditu ondorioak, 2017. urtetik aurrera.

Aitak zuzenean eta alde bakarretik ordaindutako era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.

Alaba adinez nagusi izatearekin batera amaituko da pentsioa, edo ekonomikoki independente denean, edo izateko moduan dagoenean, fede oneko eskakizunen arabera.

5.– Ezohiko gastuak. Ekonomikoki independentea ez den alabaren bizitzan sortzen diren aparteko gastuak erdibana ordainduko dituzte gurasoek. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion medikuntza-erakundean sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, nahitaezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.

Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo oso komenigarria bada eta familiaren gorabeherei egokitzen bazaie. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.

Guraso biek erabakita, aldez aurretik premiazkoa ez den gastu bat egiten bada edo premiazko gastu bat egin ostean jakinarazten bada, komunikazioetarako mekanismo egiaztagarri bat ezarriko da: faxa, burofaxa, telefaxa edo posta elektronikoa. Guraso batek frogatzen badu besteari jakinarazi diola, modu egiaztagarri horretan, beharrezkoa edo komenigarria dela aparteko gastu hori egitea; ulertu egingo da beste gurasoa ados dagoela gastu hori egitearekin, erantzuten ez badu, behintzat (eta horrela egiaztatzen badu), eta berariaz adierazi beharko du horren kontra dagoela jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.

Gainera, gurasoek, ados jarrita, beste edozein gastu adostu ahal izango dute alabarentzat (alde batera utzita ebazpen honetan aparteko gastutzat hartutakoak), eta ebazpen honetan adierazitako proportzioan ordaindu ahal izango dute, erdibana, edo eurek adostutako moduan.

Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaituko da alaba, adin nagusikoa izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independentea denean, hartara eragotzi gabe Kode Zibilaren 150. eta 152. artikuluetan obligazioa amaitzeko adierazten diren kausak.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.

Ez da kosturik ezartzen.

Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta zein diren apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak (PZLb, 458.2. artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen gordailuan eta zainpean uzteko kontuan. Zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 92 000500 1847 0000 00 0151 16. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, bai eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak ere.

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Argitalpena: epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, Justizia Administrazioaren letradua naizenez, horren guztiaren fede ematen dut Donostian, bi mila eta hamaseiko azaroaren bederatzian.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala