Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2016ko azaroaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4963

EBAZPENA, 2016ko urriaren 31koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearena, honako epai hau betetzekoa: 2016ko apirilaren 28ko epaia, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salaren 1. sekzioarena, 262/2015 apelazio-errekurtsoan emandakoa (16/2013 prozedura arrunta).

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– 2012ko uztailaren 18ko Ebazpenaren bidez (abuztuaren 6ko BOE), unibertsitateko irakasleen plaza hauek betetzeko deialdia egin zen:

Lanpostuaren zenbakia: 1. Kodea: TUC8/1-D00171-18. Kidegoa: Unibertsitateko irakasle titularrak. Jakintza arloa: «Kimika Analitikoa». Saila: Kimika Analitikoa. Ikastegia: Zientzia eta Teknologia Fakultatea. Hizkuntza-eskakizuna: elebiduna. Arduraldia: osoa. Egin beharreko irakaskuntza eta ikerkuntza lanak: «Kimika Analitikoa II».

Lanpostuaren zenbakia: 2. Kodea: TUC8/1-D00046-2. Kidegoa: Unibertsitateko irakasle titularrak Jakintza arloa: «Gorputz eta Kirol Hezkuntza» Saila: Gorputz eta Kirol Hezkuntza. Ikastegia: Hezkuntza eta Kirol Fakultatea. Hizkuntza-eskakizuna: elebiduna. Arduraldia: osoa. Egin beharreko irakaskuntza eta ikerkuntza lanak: «Jarduera Fisikoen eta Kirolaren Ikerketaren Oinarriak eta Estatistika» eta «Gorputz Adierazpena eta Dantza».

Lanpostuaren zenbakia: 3. Kodea: TUC8/1-D00028-19. Kidegoa: Unibertsitateko irakasle titularrak. Jakintza arloa: «Artearen Historia». Saila: Artearen Historia eta Musika. Ikastegia: Letren Fakultatea. Hizkuntza-eskakizuna: ez-elebiduna. Arduraldia: osoa. Egin beharreko irakaskuntza eta ikerkuntza lanak: «Ilustrazioko eta XIX. Mendeko Artearen Historia».

Lanpostuaren zenbakia: 4. Kodea: TUC8/1-D00028-20. Kidegoa: Unibertsitateko irakasle titularrak. Jakintza arloa: «Artearen Historia» Saila: Artearen Historia eta Musika. Ikastegia: Letren Fakultatea. Hizkuntza-eskakizuna: ez-elebiduna; Arduraldia: osoa; Egin beharreko irakaskuntza eta ikerkuntza lanak: «Arte Barrokoaren historia».

Bigarrena.– Ebazpen horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zen, bai eta data hauetako izendapenen ebazpenen aurka ere: 2012ko azaroaren 22koa (Irantzu Martínez Arkarazo, 2012-12-06ko BOE), 2012ko abenduaren 13koa (María Cristina Granados Domínguez, 2012-12-20ko BOE), 2013ko urtarrilaren 28koa (Fernando Rufino Bartolomé García, 2013-02-12ko BOE) eta 2013ko otsailaren 6koa (Julen Zorrozua Santisteban, 2013-02-26ko BOE). Errekurtso horien inguruan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epai hau eman zuen (2016ko apirilaren 28ko epaia, 262/2015 apelazio-errekurtsoaren inguruan emandakoa, 16/2013 prozedura arruntaren barruan):

Baietsi egiten dugu 2015eko 262. zenbakiko apelazio-errekurtsoa, estatuaren abokatuak jarria estatuko administrazio orokorraren ordez eta defentsan (legez dagokio hori egiteko ahalmena), 16/2013 prozedura arruntean administrazioarekiko auzien Bilboko 3. zenbakiko epaitegiak eman zuen otsailaren 10eko 24/2015 zenbakiko epaiaren aurka. Horrenbestez, errebokatu egiten dugu apelatutako epaia, eta, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baietsita, baliogabetu egiten ditugu epai honen zuzenbideko lehenengo oinarrian aipatutako administrazio-jarduerak. Auzialdi honetan sortutako kostuak ez zaizkio berariaz inori ezartzen.

Gertakari horien aurrean, zuzenbideko oinarri hauek aplikatu behar dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– 29/1998 Legeak, uztailaren 13koak, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duenak, honako hau ezartzen du 103.2 artikuluan: «Alderdiak beharturik daude epaia bere horretan eta berak dioen moduan betetzera.»

Epaia irmoa da eta haren kontra ezin daiteke errekurtsorik jarri. Beraz, bere eduki guztiak zuzen eta egoki betetzeko behar diren neurri guztiak hartu behar dira.

Bigarrena.– EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salaren 1. sekzioaren epaia betetzeko eskumena Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak dauka, hau da, aurkaratu diren erabakiak bere garaian hartu zituen agintari berak, UPV/EHUko errektorearen 2013ko urtarrilaren 30eko Erabakia dela bide (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko erabakia).

Hirugarrena.– Baliogabetu egin direnez bai aurkaratutako erabakia (gertakarien lehen puntuan aipatzen diren lanpostuen deialdia egin zuena) bai erabaki horren babespean eman ziren beste erabakiak (izendapenak egiten zituztenak: 2012ko abenduaren 13koa eta azaroaren 22koa, 2013ko urtarrilaren 28koa eta 2013ko otsailaren 6koa), erabaki horiek guztiak ondoriorik gabe utziko dira 2016ko apirilaren 28tik aurrerako eraginez, data horretan adierazi baitzen zuzenbidearen aurkakoak direla.

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Betetzea EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2016ko apirilaren 28ko epaia, 262/2015 apelazio errekurtsoaren inguruan emandakoa, 16/2013 prozedura arruntaren barruan, eta ondoriorik gabe uztea azaldutakoaren arabera baliogabetu diren ebazpenak.

Bigarrena.– Agindua ematea ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2016ko urriaren 31.

Errektorea.
Eginkizunak eskuordetuta (2013-01-30eko Ebazpena, 2013-02-13ko EHAA)

Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea,

XABIER ETXANIZ ERLE.


Azterketa dokumentala