220. zk., 2016ko azaroaren 21a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (259 KB - 11 orri.)
- EPUB (203 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4936
1350/2016 EBAZPENA, urriaren 14koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, aipatzen den kudeaketa-gomendioko hitzarmena argitara dadila xedatzen duena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Indesa 2010, S.L. erakundeak Kudeaketa-gomendioko hitzarmen bat sinatu zutenez, eta hitzarmen horri Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 15.3 artikuluaren arabera dagokion publizitatea emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Indesa 2010, S.L. erakundeak Txagorritxu-Santiago Unibertsitate Ospitaleko ikuzketa-zerbitzua emateko adostu duten Kudeaketa-gomendioko Hitzarmenaren testua, ebazpen honen eranskin gisa jaso dena.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 14a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.
ERANSKINA
Osakidetza-euskal osasun zerbitzuak Indesa 2010, S.L. Enpresari emandako kudeatzeko gomendioa, ikuztegiaren zerbitzua emateko.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 13a.
Jon Joseba Etxeberria Cruz jaunak, 15951223X NANa duenak, Osakidetza–Euskal osasun zerbitzuaren ordez eta haren izenean ari dela –aurrerantzean, «kudeatzeko gomendioa ematen duena»–, dagozkion eskumenak baliatuta, hala jasota baitago Ente Publikoaren Estatutu Sozialak onartzen dituen 1997ko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 11. artikuluan,
ADIERAZTEN DU:
I.– Indesa 2010, S.L., egoitza Vitoria-Gasteizko Arrasate kaleko 3. zenbakian duen eta B-01480334 IFK duen enpresa, Arabako Foru Aldundiaren eta horren baitako Udalen mende dagoen Sozietate Publiko bat dela. Orobat adierazten du enpresak xede duela desgaitasun bat duten arabarrentzat kalitatezkoak eta jasangarriak diren lanpostu-aukerak sortzea, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-arloari begira, horri esker gizarteratzen lagunduko zaiela ulertuta. Aldi berean, jomugan pertsona horiek eta gizartea edota industria ere, oro har, duen edozein zerbitzu-jarduera sustatzeko helburua du, baldin eta jarduerok desgaitasunak dituzten pertsonen laneratzerako bideratzen badira. Horrez gain, enplegu zerbitzu publikoekin elkarlana sustatu nahi du, desgaitasunak dituztenak trebatzeko eta lan-arloan jarraibideak emateko, eta azkenik, baita lan-arloko bitarteko izan ere, enplegagarritasun zaileko pertsonek lana lor dezaten, babestutako enpleguaren bitartez zein enplegu arruntaren bitartez.
II.– Estatutu Sozialen 2. artikuluan ezarritakoari jarraituz, enpresa badela baliabide instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa, Arabako Foru Aldundirako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako eta hala erabakitzen duten udalerrietako Tokiko Administraziorako, baita horiei lotuta dauden eta esleitzeko eskumena duten ente, organismo eta erakundeetarako ere, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 4.1.n artikuluan jasotako ondorioetarako. Hortaz, ulertzen da Indesa 2010, S.L.k badaukala kudeatzeko gomendioak bere gain hartzeko eskumena, bere helburuak betetzeko orain edo etorkizunean komenigarria den edozein jarduera egiteko.
III.– Kudeatzeko gomendioa ematen duena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari lotutako ente publikoa dela. Hona hemen egoitza non duen: Araba kalea., 45. zk. - 01009 Vitoria-Gasteiz; IFK zenbakia: S-5100023J.
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren ondorioetarako, 2011ko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak sektore publikoko erakundetzat hartzen du 3. artikuluko 1-c atalean eta esleitzeko eskumena duen erakundetzat 3-b atalean.
IV.– Kudeatzeko gomendioa ematen duenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren barne dagoenez eta esleitzeko eskumena duenez, Indesa 2010, S.L.ri (haren baliabide instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa den aldetik, estatutuen 2. artikuluari jarraiki) kudeatzeko gomendioa egin nahi diola, kontuan hartuta 2011ko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuko 4.1.n) eta 24.6 artikuluetan dioena.
Kudeatzeko gomendio hori Indesa 2010, S.L.k derrigor bete behar dituen ondoko klausula hauen araberakoa izango da.
KLAUSULAK
1.– Kudeatzeko gomendioaren xedea.
Hona hemen kudeatzeko gomendio honen xedea:
A) Ikuztegi zerbitzua ematea, AUOko Txagorritxu eta Santiago egoitzetan –aurrerantzean, «Ospitalean»– arropa zuria garbitzeko; hona hemen zerbitzu-emateak zertan datzan:
a.1.– Garbitzea, Lisatzea eta Batzea.
Zerbitzu horren barneko eginkizunak:
– Ospitalean zikintzen den arropa jasotzea dagoen lekutik (bertatik eraman dezaten apropos aukeratutako eremutik).
– Arropa gomendioa jaso duen enpresako garbitegira eramatea.
– Garbitzea, desinfektatzea, lehortzea eta lisatzea.
– Uniformeetako arropak elkartzea erabiltzailearen arabera, edo neurrien arabera, izenik gabekoak badira.
– Uniformeak pertxatan eskegita eta koloreen eta erabiltzailearen zenbakiaren arabera ordenatuta etorriko dira, edo kolore eta neurrien arabera, izenik gabekoak badira.
– Arropa garbia eramatea eta horretarako egokitutako eremuetan uztea.
a.2.– Jostea.
Garbitzean eta lisatzean arropa nola dagoen begiratzea eta antzemandako urratu edo akatsak konpontzea, eta/edo janzkiak berreskuratzea.
Akatsak dituzten arropak berrerabil baldin badaitezke, txikiago bihurtuta eta, ondorioz, akatsok kenduta, moldatu egin beharko dira.
Era berean, zerbitzuaren hornitzailearen ardura izango da banakoentzako uniforme berriak egokitzea erabiliko dituen pertsonari.
a.3.– Ospitaleko arropa zuria berriarekin ordezkatzea.
Ospitalearen lana izango da egunean-egunean dituen beharrak asetzeko beste arropa erostea, berak zehaztutako kalitate, neurri eta kopurutan behar duen beste.
a) 4.– Arroparen kontrol informatikoa egiteko sistema mantentzea, eguneratzea eta/edo ordezkatzea
Ospitaleak arroparen kontrol informatikoa egiteko sistema bat du.
Kudeatzeko gomendioa jaso duenak sistema hori mantendu eta eguneratu edo ordezkatu egingo du. Horren bidez, janzkien joan-etorriak kudeatu eta Ospitalean sartzen direnen eta handik irteten direnen erregistroa egingo du; horrela, uneoro janzki bakoitza non dagoen jakiteko modua egongo da, baita horren historiala eta zenbat aldiz garbitu izan den ere.
Aldi berean, erabiltzen duen sistema horrek informazio hau guztia eman beharko du: zerbitzuaren araberako kontsumoak, kostu-zentroak, guztira zirkulazioan dagoen arropa eta beste hainbat argibide; kasurako, stock-hausturak, erabiltzailearen datuak, erabiltzailearen zenbakia, zein sailekoa den, sexua, neurria, janzki kopurua, Ospitalean alta eta baja noiz emanda dagoen, etab. Halaber, behar den arropetan etiketa pertsonalak eta kodeak inprimatzeko aukera emango du.
Kudeatzeko gomendioa jaso duen enpresak sisteman kargatuko ditu erabiltzaileen datuak, kostu-zentroak eta sistema behar bezala kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako datuak. Era berean, bermatu egin beharko du sartutako datuak kanpoko programetara zuzenean pasatzeko aukera ematen duela; esaterako, Access datu-baseetara, Excel kalkulu-orrietara...
a.5.– Kudeatzeko gomendio hau arautuko duten berariazko zehaztapenak honi erantsitako I. eranskinean zerrendatu dira.
B) Garbitegi zerbitzua ematea, Arabako Osasun Mentaleko Sareko arropa zuria garbitzeko; hau da, Ospitale Psikiatrikokoa eta Arabako Ospitalez Kanpoko Osasun Mentalekoa.
C) Ikuztegi zerbitzua ematea, Arabako ESIaren zentroetako arropa zuria garbitzeko.
2.– Kudeatzeko gomendioaren prezioa.
Hona hemen kudeatzeko gomendioa ematen duenak Indesa 2010, S.L.ri ordainduko diona, kudeatzeko gomendioaren xede den zerbitzua emateagatik:
Aurreko puntuko A) atalean zehaztutako zerbitzu-emateagatik:
– Laurogei zentimo (0,80 euro) arropa kilo bakoitzeko; urteko 1.400.000 kg-ko bolumena aurreikusi da. (Aurreko puntuko A) atalean zehaztutako zerbitzu-emateagatik); hortaz, milioi bat ehun eta hogei mila euroko (1.120.000,00 euro) aurreikuspena egin da urte bakoitzerako.
Aurreko puntuko B) atalean zehaztutako zerbitzu-emateagatik:
– Laurogei zentimo (0,80 euro), arropa laua deritzonaren kilo bakoitzeko.
– Laurogeita bi zentimo (0,82 euro) lisatu gabeko arropa pertsonal kilo bakoitzeko.
– Euro bat eta laurogeita bat zentimo (1,81 euro) lisatutako arropa pertsonal kilo bakoitzeko.
Aurreko puntuko C) atalean zehaztutako zerbitzu-emateagatik:
● Laurogei zentimo (0,80 euro) oheko arropa eta uniforme sanitario kilo bakoitzeko.
Fakturatuko den zenbatekoak ez du BEZik sortuko, legeak dioen bezala, BEZa ezartzen ez zaien eragiketetako bat delako.
Indesa 2010, S.L.k hilean behin bidaliko du faktura, epe horretan kudeatutako arroparen bolumenaren gainean.
Aipatutako prezioetan ez da sartzen arropa lauak edo uniformeak ordezkatzea.
3.– Indesa 2010 S.L.ko langileak.
Kudeatzeko gomendioa eman duenak ez du inongo harremanik edukiko lan arloan zein juridikoki Indesa 2010, S.L.ko langileekin, izan langile finkoak ala behin-behinean Indesa 2010, S.L.k kontratatzen dituenak. Orobat salbuetsita egongo da, beraz, Indesa 2010, S.L.ren eta harekin azpikontratak ezartzen dituen beste edozein enpresaren arteko harreman ekonomiko eta lanekoetan esku hartzeaz.
Kudeatzeko gomendio honen xede den zerbitzua ematen duten langileak Indesa 2010, S.L.renak izango dira eta ez beste inorenak. Horrek esan nahi du kudeatzeko gomendioa eman duena lan-harreman horietatik guztiz kanpo egongo dela. Bide beretik, nagusia bera den aldetik, Indesa 2010, S.L.renak izango dira eskubide eta betebehar guztiak, eta berari egokituko zaio, orduan, lan-arloan eta lanpostuetan segurtasuna eta higienea zaintzearen inguruan legeak xedatzen duena betetzea.
Horrez gain, lan-arriskuak prebenitzeko derrigor bete beharrekoak ere bere esku egongo dira, indarrean dauden legeen arabera. Hartara, kontratatutako jarduera hasi aurretik ondoko betekizun hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du:
– Arriskuen ebaluazioa eta kontratatutako jarduerari dagokion prebentziozko jardueraren plangintza egitea.
– Kontratua betetzeko erabiliko dituen langileak prebentzio gaietan informatzea eta trebatzea.
– Kasuan kasu beharrezkoak diren norberaren babeserako ekipoak eman izanaren ziurtagiria.
Indesa 2010, S.L.k lan batzuk azpikontratatzen baditu, esandako betekizun horien ziurtagiriak eskatu beharko dizkie nahitaez azpikontratei, eta kudeatzeko gomendioa eman dionari aurkeztu. Indesa 2010, S.L.k, gainera, lana hasi baino lehen egindako azpikontratazioen berri eman beharko dio derrigor kudeatzeko gomendioa eman dionari.
Lanak egiten ari direla langileek edozein istripu edo kalte jasaten badute, Indesa 2010, S.L.k bere erantzukizunpean dauden betekizunekin bat egingo du indarrean dauden legeen arabera, kudeatzeko gomendioa eman dionari ondoriorik eragin gabe.
Kudeatzeko gomendioaren xede diren lanak egiteko erabiltzen dituen langileei ordaintzeaz Indesa 2010, S.L. baino ez da arduratuko.
Indesa 2010, S.L.k zuzenean eta gomendioa eman dionaren esku utzi gabe hartuko ditu bere gain lan-baldintzetan edo langileen lansarietan egin beharreko hobekuntzak, Indesa 2010, S.L.k langileekin sinatzen duen edozein hitzarmenaren ondoriozkoak.
Gastu sozial guztiak eta esandako langile horien ordainsarien ingurukoak Indesa 2010, S.L.k ordaindu beharrekoak izango dira.
Indesa 2010, S.L.k ordainketak egunean dituela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko du, zerga arloko betebeharrekiko zein Gizarte Segurantzarekin dituenekiko, eta sei hilabeteetan behin, gomendioari atxikitako langileen TC 2ak ere.
Arauzko oporren txandak Indesa 2010, S.L.k antolatuko ditu; bermatuta, betiere, zerbitzua behar bezala eskaintzen dela eta kudeatzeko gomendioa eman dionari kostu gehigarririk ez diola eragiten.
Txanda-aldaketak zereginak eten gabe egin beharko dira, eta derrigorrezkoa izango da irteten eta sartzen direnen arteko komunikazio egokia ahalbidetzea, elkarri gorabeheren berri eman diezaioten.
Indesa 2010, S.L.k kontrolatu beharko du langileek euren betebeharrak betetzen dituztela, akatsik egin den ikusteko eta, baten bat aurkituz gero, dagokion zigorra ezartzeko. Hori guztia, gainera, gomendioari dagokion zerbitzua emateari utzi gabe eta atzeratu gabe.
Kudeatzeko gomendioa ematen duenak uste badu langileren baten jokaera zuzena ez dela edota ez duela arretarik jartzen edo ohiz kanpoko zerbait egiten duela, eska dezake beste langile batekin ordezkatzea, eta berriak derrigor bete beharko ditu gomendio honetarako ezarritako baldintzak.
Kudeatzeko gomendioa eman duenak gomendioan eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten langileak ordezkatzea eska dezake.
Zerbitzuaren beharrak direla-eta plantilla handitzeko beharra badago, gomendioa eman duenak aldez aurretik baimena emanda egin beharko da. Langile berriek ere gomendioan eskatzen diren baldintza teknikoak bete beharko dituzte.
Aldiz, plantilla handitzen bada gomendioa eman duenak aurrez onartu gabe, azken honek ez du langile berriengatik ordaindu beharrekoari aurre egin behar izango; gomendioa jaso duenari ordainduko zaiona, beraz, ez da aldatuko kasu horretan.
Indesa 2010, S.L.k zerbitzua ematera zuzendutako langileren bat gaixotzen bada edo langile horrek baja hartzen badu edo lan egiteko ezgaitasunen bat badu eta horrek zerbitzu-emateari eragin badiezaioke, Indesa 2010, S.L.ren ardura izango da langilea berehala ordezkatzea zerbitzu berak betetzen dituen beste batekin; hau da, zerbitzua ezin izango da eten, edozer gertatzen dela ere gomendioa jaso duenaren eta langileen artean.
Kudeatzeko gomendioa iraungitzen denean, gomendio honen xede den zerbitzu-ematean aritu diren Indesa 2010, S.L.ko langileak ezin izango dira inolako kasutan kudeatzeko gomendioa eman duenaren langile gisa gelditu.
4.– Gomendioaren xede diren lanak betetzea.
Lanak gomendio honetan jasotako argibideei zorrotz jarraituta gauzatuko dira, Indesa 2010, S.L.ren arrisku eta galordean.
Indesa 2010, S.L.ren ardurapekoak izango dira garatzen dituen lanen kalitate teknikoa eta emandako zerbitzuak, baita gomendioa eman duenarentzat zein hirugarrenentzat sortzen diren ondorioak ere, honako kasu hauetan: zerbitzu ematen ez bada, zerbitzuan hutsegiteak edo akatsak egiten badira, metodo desegokiak erabiltzen badira edo gomendioko lanak burutzean amaiera okerra ematen bazaie; horrelakoetan kalte-ordain guztien erantzule izango da, beraz.
Indesa 2010, S.L.k erantzukizuna izango du hirugarrenek kudeatzeko gomendioa eman duenaren aurka jartzen duten edozein erreklamazio judizialaren edo judizioz kanpokoaren gainean, Indesa 2010, S.L.ren jardueraren ondorioz jarri badira.
Erantzukizunik ez du izango, berriz, akatsak edo txarto egindako lana gomendioa eman duenaren agindu baten ondorio zuzena badira.
Enpresak laneko zereginak burutzeko behar diren materialaz eta ekipoez hornituko ditu langileak, eta gastuak bere gain hartuko ditu.
5.– Ordaintzea.
Indesa 2010, S.L.k eskubidea izango du gomendio honetan jasotako prezioen araberako ordainketa jasotzeko, gomendioari lotuta gauzatzen dituen lanengatik.
Faktura bidali ostean, ordainketa 40 eguneko epe barruan egin beharko da, kudeatzeko gomendioa eman duenaren faktura elektronikoen erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita.
Ordaintzeko, diru-sarrera bat egin beharko da Indesa 2010, S.L.ren izenean irekitako kontu honetan: IBAN ES16 2095 0611 07 1090829572.
Indesa 2010, S.L.ren langileak bertaratu ez direlako edo Indesa 2010, S.L.ri egotz dakiokeen beste edozein arrazoirengatik zerbitzua eman ez bada edo gomendioaren xede den zerbitzua behar bezala burutu ez bada, kudeatzeko gomendioa eman duenak ez du bete gabeko zerbitzuari edo behar bezala eskaini ez denari dagokion zenbatekorik ordainduko.
Hori guztia, gomendioa baliogabetzeko eskubideari kalterik egin gabe, eta AUOk Indesa 2010, S.L.ri kalte-ordainen ordainketa eska diezaiokeela kontuan hartuta.
6.– Burutzeko epea.
Gomendio honi dagozkion lanak 2016ko martxoaren 13an hasiko dira; 2015eko martxoaren 13an izenpetutako gomendioaren epea luzatuko da.
Gomendioak 12 hilabeteko iraupena izango du, 2016ko martxoaren 13tik zenbatzen hasita.
Kudeatzeko gomendioa eman duenak urtez urte luzatu ahal izango du, luzapen bakoitzean aplikatzekoak diren baldintzak zehaztuta.
Ezin izango da luzatu, berriz, iraungi baino bi hilabete lehenago salaketa jartzen badute kudeatzeko gomendioa eman duenak edo INDESA 2010, S.L.k berak.
7.– Kudeatzeko gomendioa amaitzea.
Gomendioa horretarako ezarritako epea iraungi delako amaitu ahal izango da, luzapenik edo ezeztatzerik ez badago.
Hona hemen gomendioa ezeztatzea eragin dezaketenak:
● Indesa 2010, S.L.ren nortasun juridikoa azkentzea.
● Konkurtso-adierazpena edo kaudimengabezia-adierazpena egin izana beste edozein prozeduratan.
● Gomendioa behar bezala ez betetzea behin eta berriz.
● Kontratua dela-eta ezagutzen dituzten datu edo aurrekariak isilpean gordetzeko eginbeharra ez betetzea, Indesa 2010, S.L.k edo bertako langileek.
● Kontratua gauzatzeaz arduratzen diren langileei ez ordaintzea edo soldaten ordainketa asko atzeratzea, eta, horrez gain, haiekiko dituzten eginbeharrak ez betetzea alor hauetan: gizarte-aseguruak, laneko segurtasuna eta higienea eta lan-arriskuen prebentzioa.
Edozein arrazoirengatik kudeatzeko gomendioa amaitzen baldin bada, Indesa 2010, S.L.k gomendioa eman dionari itzuli beharko dio esku artean duen arropa zuria, azken egunera arte zerbitzu-emateari lotuta egon den guztia.
8.– Konfidentzialtasuna.
Indesa 2010, S.L. derrigortuta dago kudeatzeko gomendioa gauzatzean bere eskura uzten diren datu eta aurrekariak isilpean gordetzera, gomendioaren xedeari lotuta daudenak, ez baitira publikoak ezta zabaltzeko modukoak ere. Hain zuzen ere, Indesa 2010, S.L.k derrigor bete behar du izaera pertsonaleko datuen babesaren gainean 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezartzen duena.
Bide beretik, derrigortuta daude kontratua betetzen duten enpresako langileak, zerbitzu ematean gerta baitaiteke zenbait dokumentu eta informazio bere eskura geratzea. Horiek guztiak, beraz, sekretupean gordetzekoak izango dira.
Hortaz, kasu orotan, Indesa 2010, S.L.k bere gain hartzen du izaera pertsonaleko datuak babesteari dagokionez indarrean dauden arauak errespetatzeko betebeharra.
Orduan, Indesa 2010, S.L.k AUOren jabetzapeko fitxategietara eta han gordetzen diren datu pertsonaletara sartu behar baldin badu, bi erakundeek konfidentzialtasun kontratua sinatu beharko dute, DPBLren 12. artikuluan aipatzen dena.
Klausulak tratatu beharreko datu pertsonalen tipologiaren arabera aldatzen dira. Hori dela-eta, konfidentzialtasun kontratuan zehaztu egin beharko da Indesa 2010, S.L.k erabiliko dituen datu pertsonalen nolakotasunak zer segurtasun mailako neurriak hartzera behartzen duen: oinarrizkoak, erdi-mailakoak edo goi-mailakoak.
Eskatzen denaren arabera, bada, klausulei kasuan kasu aplikatu beharreko segurtasun mailari dagozkion neurrien taula erantsiko zaie.
9.– Izaera eta araubide juridikoa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren (azaroaren 14koa) aplikazio-eremutik kanpo geratzen da, 4.1.n) artikuluan zehaztutakoari jarraiki. Hortaz, hitzarmena arautuko duten baldintzak bertan berariaz jasotakoak izango dira, eta horiez gain, baita aipatutako Legearen 24.6 artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan adierazten direnak ere.
10.– Jurisdikzio eskuduna.
Kudeatzeko gomendioa emateko akordio honen izaera administratiboa dela-eta, administrazioarekiko auzietarako jurisdikzio-ordena izango da kontratua bete bitartean alderdien artean sor daitezkeen gatazkak ebazteko eskumena duena.
11.– Argitaratzea.
Kudeatzeko gomendioa emateko hitzarmen hau EHAAn argitaratuko da, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 13a.
Kudeatzeko gomendioa eman duena.
Iz.: Jon Etxeberria Cruz.
Osakidetzako zuzendari nagusia.
Beatriz Artolazabal Albeniz andreak, 16293135G IFZ duenak, Indesa 2010, S.L.ko Administrazio Kontseiluko presidentea den aldetik eta Administrazio-organoaren ordez eta haren izenean ari dela, zera adierazten du, dokumentu honen bidez oso-osorik eta baldintzarik gabe onartzen duela Osakidetza – euskal osasun zerbitzuak Indesa 2010, S.L.ri 2016ko maiatzaren 13an egin dion kudeatzeko gomendioa, Indesa 2010, S.L.k ondoko zerbitzu hauek eman diezazkion:
A) Garbitegi zerbitzua ematea, AUOko Txagorritxu eta Santiago egoitzetan arropa zuria garbitzeko.
B) Ikuztegi zerbitzua ematea, Arabako Osasun Mentaleko Sareko arropa zuria garbitzeko; hau da, Ospitale Psikiatrikokoa eta Arabako Ospitalez Kanpoko Osasun Mentalekoa.
C) Ikuztegi zerbitzua ematea, Arabako Eskualdeko zentroetako arropa zuria garbitzeko (Olagibelen batu eta gero).
Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 13an.
Beatriz Artolazabal Albeniz.
Indesa 2010, S.L.ko Administrazio Kontseiluko presidentea.
I. ERANSKINA
1.– Premiak.
1.1.– Kudeatu beharreko arropa.
Gomendioaren lehenengo klausulan zehaztutakoa.
2.– Kontratatzen diren zerbitzuetan kontuan hartu beharreko zenbait alderdi.
2.1.– Garbitzea.
Gomendioa jaso duenak arropa garbitzean zein garraiatzeko orgetan eramatean erabilitako prozesu fisikokimikoen berri emango du.
Hilean behin, gutxienez, arropa garbiaren kontrol bakteriologikoa egin beharko du, eta emaitzak gomendioa eman dionari jakinarazi.
Kontrolak egiteaz gain, prozesuak derrigor bermatu beharko du kudeatutako arroparen higienizazioa behar bezalakoa dela. Horretarako, azpiegituretan «muga sanitario» bat egon beharko da; hots, arropa zikina eta garbia uneoro bereizita egongo dira.
Kudeatzeko gomendioa eman duen erakundeko arduradunek, janzkiren bat ikusita, uste baldin badute arropa hori ez direla behar bezala kudeatzen ari garbiketari dagokionez, berriz garbitzeko eta lisatzeko utziko da, gomendioa jaso duenaren kontura.
2.2.– Lisatzea.
Arropa lisatze fasetik pasatuko da, berriz lohitzen ez dela ziurtatuta. Xede horrekin, beraz, instalazioa behar bezala itxita egongo da, zikinen gunetik datorren airerik sar ez dadin.
2.3.– Garraiatzea.
Arropa garraiatzea gomendioa jaso duenaren ardura izango da. Nahitaez, arropa zikina eta garbia konpartimentu berean ez eramateko aukera ematen duten ibilgailuak erabiliko dira. Gainera, arropa zikina eramateko erabili diren konpartimentuak desinfektatu egin beharko dira beti, arropa zuria bertan eraman aurretik.
2.4.– Arropa entregatzea eta batzea.
Hona hemen non eta zer ordutan entregatu eta batuko den arropa:
* Astelehenetik ostiralera, lanegunak direnean: 16 ordu.
* Larunbat, igande eta jaiegunetan (kudeatzeko gomendioa eman duenak zehazten dituenak): 13:30ean.
Gomendioa eman duenak nahi duenean alda ditzake ordutegiok.
Gomendioa jaso duenak jarri beharko ditu arropa garbia eramateko eta entregatzeko erabiliko dituen gurpildun orgak. Ibilgailu horiek erraz garbitzeko modukoak izango dira, korrosioa jasaten duten materialez eginak.
Orgetan garraiatuko den arropa hezetasunik gabe eramango da, pakete homogeneotan –gomendioa eman duenak zehaztuko du sorta bakoitzean zenbat unitate eramango diren–, plastiko gardenen barruan behar bezala paketatuta.
Arropa zikina eramateko orgak arropa garbikoen berdin-berdinak izango dira; horiek ere, gomendioa jaso duenarenak. Orgetan, multzo homogeneoetan eramango da arropa zikina, gomendioa eman duenak esandako moduan sailkatuta. Orgak pisatzeko baskula elektronikoa ere Indesa 2010, S.L.k jarriko du.
Indesa 2010, S.L.k Garbitegitik ekarritako eta entregatutako arroparen emate-agiriak aurkeztuko ditu egunero, arropa laua eta formaduna barne. Orriotan unitate kopurua eta entregatutakoaren guztirako pisua adierazi beharko du.
Sistema aldatzen baldin bada, gomendioa eman duenak kasuan kasu zehazten duen prozeduraren arabera entregatuko da arropa.
2.5.– Jostea.
Indesa 2010, S.L.k erosi beharko ditu zerbitzu horretarako beharrezkoak diren materialak.
Arropa entregatzeko epea inoiz ez da astebetetik gorakoa izango, oheko arroparen kasuan, eta gehienez 48 ordukoa izango da formadun janzkietarako.
3.– Jardunean aritzeko bermea.
Kudeatzeko gomendioa jaso duenak beharrezko neurriak hartuko ditu zerbitzua mantentzeko ezohiko egoeretan. Beraz, hauen inguruko funtzionamendu ezin hobea bermatu beharko du:
– Beharrezkoak diren langileak, uneoro.
– Beharrezkoa den arropaz osatutako segurtasuneko stocka.
– Beste lantegi batzuk edukitzea, enpresarenak, edo beste inorenak direnekin akordioak izatea.
Salbuespenezko egoeretan (grebak, matxurak, etab.), gutxieneko zerbitzu oinarrizkoak errespetatuko dira.
4.– Hilean behin eman beharreko informazioa.
Indesa 2010, S.L.k txosten bat aurkeztuko dio gomendioa eman dionari hilero, ondoko datu hauekin:
– Garbitutako arropa kiloak.
– Baja emandako janzki kopurua.
– Zaharrak ordezkatzeko sartu diren janzki berrien kopurua.
– Galdutako janzki kopurua.
– Gorabeherak edo bestelako oharrak eta jardueraren balorazioak.
– Aldian behin egingo diren kontrol bakteriologikoen emaitzak.
5.– Ikuskatzea eta inbentarioak egitea.
Kudeatzeko gomendioa eman duenak beretzat gordetzen du aldian behin zerbitzua ikuskatzeko eskubidea (berak aukeratutako laborategian), janzkiek eskatutako kalitate mailarekin bat datozen egiaztatzeko. Kontrol horiek gomendioa eman duenaren kontura egingo dira.
Hilean behin Indesa 2010, S.L.k gomendioa eman dionari bidali behar dizkion txostenez gain, azken honek aukera izango du egunero gutxienez prestatu beharreko arropa kopurua benetan prestatzen dela ikuskatzeko.