Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2016ko azaroaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4934

AGINDUA, 2016ko azaroaren 15ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Kultura eta Sormen Industrien Berrikuntza Funtsaren diru-laguntzak 2016 ekitaldian banatzeko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak ezartzen duenez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak, Kultura eta Sormen Industriak identifikatu ditu Euskadiren Espezializazio Adimentsurako Estrategia barruko aukera-alor gisa, EAEko I+G+B politikei dagokienez; eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordetzari eman dio arlo horretan egin beharreko lanak zuzentzeko ardura.

Sailburuordetza horretatik, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren bitartez I+G+Bko proiektuei laguntzeko deialdi bat antolatzeari ekingo zaio Kultura eta Sormen Industrien (KSI aurrerantzean) Berrikuntza Funtsaren kontura, gehienbat, kultura eta sormen industrien merkatuan, produktuetan eta zerbitzuetan berrikuntza eragingo duten proiektuak sustatzearren, bereziki:

● Merkatu globaletarako sortutako produktuak eta zerbitzuak taxutzeko helburuarekin, Kultura eta Sormen Industrietara teknologia transferentzia garatzen duten prozesuak.

● Kultura eta Sormen Industriak, Europar Batasuneko programa, deialdi eta proiektuetan parte hartzea sustatzen dutenak.

● Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean definitutako (Euskadi 2020 ZTBP aurrerantzean) Euskadiko espezializazio adimentsurako beste alorrekin lotutako I+G+B proiektu traktoreetan kultura eta sormen industrien parte hartzea sustatzen dutenak.

Deialdi honetako hartzaileak KSIetako sektoreak osatzen dituzten enpresak dira, honen helburua, Euskadi 2020 ZTBPren testuinguruan, bideragarritasun-azterketa edo prototipoko fasean dauden I+G+B sektore hauetako izaera traktorea duten proiektuak eta enpresa hauetan produktu eta zerbitzu eskaintzan berrikuntzak barneratzen eredu izan daitezken proiektuak identifikatzea baita.

Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua betez, laguntza-kategoria zehatz batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten diren Tratatuaren 107 eta 108 artikuluetan ezarritakoaren arabera, laguntzen erregimen hau Europar Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita dago, barne-merkaturekin bateragarria baita Tratatuaren 107 artikuluaren 3. zenbakiaren arabera, 651/2014 Erregelamendu horren 25, 53 eta 54 artikuluak eta I Kapituluan ezartzen diren baldintzak betetzen baititu.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea, 2016. urtean KSI sektoreko I+G+B proiektuetarako diru-laguntzak arautzea eta haien deialdia egitea da, bereziki honelako proiektuetarako:

● Produktuak, zerbitzuak eta merkatua berritzeko proiektuak, merkatu globaletarako moduko eskaintza taxutzeko helburua dutenak.

● Bideragarritasun-azterketako edo prototipoko fasean dauden I+G+B proiektu traktoreak.

● Sektore bateko ikerketa-lerro estrategikoak identifikatzera eta garatzera bideratutako proiektuak.

● KSIra teknologia transferitzeko proiektuak, eta merkatu globaletarako moduko produktu eta zerbitzu berritzaileak taxutzeko helburua dutenak.

● Euskadi 2020 ZTBPean definitutako Euskadiko espezializazio adimentsurako beste alorrekin lotutako I+G+B proiektu traktoreetan kultura eta sormen industrien parte hartzea sustatzen dutenak.

● Sektore horietan negozio-eredu berriak garatzeari buruzko proiektuak.

2.– Jarduera-proiektu horiek 2016. urtean gauzatu beharko dira eta azpisektore hauetako batekin lotuak izan beharko dute: arkitektura, diseinua, moda, bideo-jokoak, ikus-entzunezkoa, musika, arte eszenikoak, ikusizkoa arteak, esku-langintza, kultura-ondarea, hizkuntzaren industriak, argitalpenak, publizitatea eta marketina, eta gastronomia (aurreko azpisektoreren batekin lotua).

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Diru-laguntza hauen guztizko aurrekontu-zuzkidura 315.000 eurokoa da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza duten enpresek hartu ahal izango dute parte deialdi honetan, baldin eta haien jarduera nagusia 1. artikuluan zerrendatutako azpisektoreren bati badagokio; eta beti ere, diruz lagun daitezkeen jarduerak zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako egoitza edo egoitza egonkorretik gauzatzen badira.

2014ko ekainaren 17ko, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren (EB) I. Eranskinaren 1 artikuluak adierazten duenez, jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen edozein entitate enpresa kontsideratuko da, bere forma juridikoa edozein izanda ere. Bereziki, enpresatzat hartuko dira, gizabanako edo familia bezala, eskuz egindako edo beste edozein jarduera gauzatzen duten entitateak; erregularki jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten pertsonen elkarteak eta asoziazioak ere enpresatzat hartuko dira.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetako diru-laguntzak jaso.

I. Beren kapital sozialaren, fundazio-ondarearen edo gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoen partaidetza gehiengoduna administrazio publiko edo instituzional baten edo sektore publikoko entitate baten edo finantza- edo kreditu-entitate baten esku duten enpresek.

II. Laguntzaren bat itzultzeko agindua jaso duten enpresak, aldez aurretik Europako Batzordeak hala erabaki duelako, laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela adierazita.

III. Krisian dauden enpresak, hain zuzen ere krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31).

3.– Nolanahi ere, onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du.

4. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko prozedura.

Deialdi honetan banatzen diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bitartez emango dira; horrela, ezartzen den diru-laguntzako muga maximoa errespetatuz, eta finkatutako irizpideak jarraituz, bere dimentsioaren arabera aukeratutako proiektuen kalitate eta bideragarritasuna bermatzen duten enpresa onuradun kopuru konkretu bat aukeratuko da.

Haatik, Agindu hau Europar Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 UE Araudiaren baitan egina baita, laguntzak ezin izango dira izan haren 25.5 artikuluan I+G+b laguntzei dagokienez xedatutako portzentajeak baino handiagoak.

5. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabide horiek elektronikoki aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora sartuta https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/icc/y22-izapide/eu/ helbidean.

3.– Eskaerak, zinpeko adierazpenak, justifikazioak eta erabili beharreko gainerako ereduak izapidetzeko argibideak aurreko puntuan adierazitako helbidean daude eskuragai.

4.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskaren Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabideak aurkezteak, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak, eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:

● Sortze-eskritura eta estatutuak, eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

● Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 66.1 artikuluak xedatutakoari jarraituz.

Eskatzaileek, zerga-alorreko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren egoera indarrean dauden lege-arauetan xedatutako mugen arabera araupetuta eduki beharko dute.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu honetan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Diru-laguntzaren xede den proiektuari dagokion ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren aspektuak azalduko ditu, agindu honetako 11. artikuluaren 1 eta 2 puntuetan ezarritako irizpideekin bat.

b) Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

c) Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena.

d) Proiektua gauzatzeko enpresak dituen baliabide eta azpiegiturei buruzko informazioa.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

● Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

● Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

● Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira, dagokion dokumentuan.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

● Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

● Erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

● Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak, Agindu honen eranskinetan adierazten direnak, betetzen dituela adieraztea.

8. artikulua.– Diru-laguntzen Kudeaketa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

● Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da.

● Bokalak: agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutako 3tik 5era arteko bokal.

● Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

Era berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio Batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita duten pertsona guztiek, eta hitz egin ere bai, baina botorik ezin izango dute eman.

2.– Balorazio Batzordean izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

3.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Batzordeak, diru-laguntza modalitate bakoitzerako ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, adostasunez ebatzitako ditu Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko dizkion diru-laguntzak emateko proposamenak.

6.– Balorazio Batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.

11. artikulua.– Hautaketa eta kuantifikazioa egiteko-irizpideak.

1.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak. Lehenik, aurkeztutako proiektuak hurrengo irizpideen arabera baloratuko dira:

a) Emaitzetara bideratuta dauden: Proiektuak jarduera ekonomiko eta enplegua sortzeko duen gaitasuna. Horri dagokionez, aurkezten duen proiektuak eragiten duen jarduera ekonomikoaren hiru urterako proiekzioa egin beharko du eskatzaileak. Gehienez 25 puntu esleituko dira.

b) Zer Berrikuntza-maila duten: Proiektuak zer berrikuntza-maila duen balio erantsi handiko produktu eta zerbitzu bereizien eskaintza berria egiteko nahiz sektorean erreferentzia izateko. Gehienez 30 puntu esleituko dira.

c) Elkarlan-maila: Proiektua beste enpresa edo sektoreko klusterrekin, edo zientzia, teknologia eta berrikuntzaren Euskal Sareko agenteekin edo deialdi honetan jasotako sektoreetako agente traktoreekin elkarlanean garatzeagatik. Gehienez 15 puntu esleituko dira.

2.– Aurreko hiru irizpideen balorazioan gutxienez 40 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira.

Beste proiektuak baloratuak izango dira, bigarren aldiz, honako irizpide hauen arabera:

d) Aurrekontuaren egokitasuna, tartean diren enpresa-baliabideak eta proiektuaren kalitate-prezio erlazioa. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

e) Proiektuaren zeharkakotasuna, KSIen beste azpisektoreei nahiz Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean definitutako Euskadiren Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren beste alorrei eragiteagatik. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

f) Nazioarteko dimentsioa, proiektuak Europar Batasunaren nahiz nazioarteko beste laguntzetara iristeko duen gaitasunak eta proiektuan nazioarteko enpresen edo erakundeen inplikazioak definitua. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

3.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio totaletik gutxienez 60 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdian adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino handiagoa, ez eta deialdian adierazi diren mugak baino handiagoa ere; gainera, diruz lagundutako proiektuei emandako diru-zenbatekoek 4. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute beti.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzei buruzko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordeak modalitate bakoitzerako egindako proposamena ikusi ondoren. Ebazpena banaka jakinaraziko da.

2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

3.– Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122 artikuluetan.

4.– Eskaerak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Ebazteko epea amaituta, inolako jakinarazpenik egin gabe, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

13. artikulua.– Jakinarazpena izapidetze telematikoan.

Administrazioa Elektronikoari buruzko otsailaren 21ko 21/2012 Dekretuak xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Interesatuari abisatu ahal zaio edozein euskarri elektroniko erabilita jakinarazpena duela helbide elektronikoan. Abisu hori aukerakoa da eta balio informatiboa baino ez du, eta abisurik ez badago horrek ez du eraginik jakinarazpen zuzentasunean.

Jakinarazitako egintza aipatutako Dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

14. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proiektu bera egiteko edo proiektu beraren zati bat egiteko emandako beste diru-laguntza batzuekin, izan diru-laguntza izendunak edo zuzenak edota aginduen babesean emandako beste edozein diru-laguntza.

15. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitatek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Diru-laguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

e) Diru-laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan, proiektuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

g) Laguntza eskatzen duen erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren alta eskatu beharko du.

2.– Halaber, onuradunek, azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honen kargura emandako diru-laguntzak ondoren zehazten den moduan ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 75 esleipen-ebazpena eman ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 25a, diru-laguntza justifikatu eta gero ordainduko da, lagundutako jarduera bukatu eta bi hilabeteko epean eta, betiere, 2017ko otsailaren 28an beranduenez, 17.artikuluan adierazten den dokumentazioa aurkeztu ondoren.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Diru-laguntza hauek jasotzen dituzten entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta bi hilabeteko epean, eta 2017ko otsailaren 28an beranduenez, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, elektronikoki, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» izeneko atalaren bitartez (http://ww.euskadi.eus/nirekudeaketak):

● Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

● Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera. Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko exekuzio-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago.

● Diruz lagundutako proiektua gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera. Ez dira tiketak onartuko.

● Diruz lagundutako proiektua gauzatzeak sorturiko gastu orokorren faktura eta frogagiriak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunen aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera. Gogoratu diru-laguntza hauen justifikazioak Diru-laguntzei Buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30 artikuluak xedatutakoa bete beharko duela.

2.– Justifikazioak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 5. artikuluan adierazitako helbideetan.

18. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan sorturiko honako gastu hauek izango dira diru-laguntza jasotzeko modukoak:

● Pertsonal-kostuak, enpresa eskatzailearen beraren plantilako pertsonal-kostu zuzenak (zuzendaritzako langileak, teknikariak eta laguntzaileak). Enpresa eskatzailearen beraren plantilako pertsonal-kostuak, diruz lagundutako proiektuaren helburuak betetzera zuzenduak egon beharko dute. Langile bakoitzaren baterako kostua egiaztatu beharko da, nomina edo TC10 bidez.

● Kanpo-lankidetza eta aholkularitzak eta zerbitzu baliokideek eragindako kostuak, proiektuaren atalen azpikontratazio espezializatua, esklusiboki proiektuaren garapenerako erabiltzen bada eta horretarako beharrezkoa den ezagutza teknikoak eskuratzea barne.

● Prototipoaren saiakera teknikoek eragindako kostuak eta prototipo estandarren kanpo homologazio kostuak.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.

19. artikulua.– Azpikontratazioa.

Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du diruz lagundutako jarduera, azpikontratazio hori diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da gehienez, azpikontratu guztien prezioak batuta.

Azpikontratazio horien kasuan, izan gogoan azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluak, zeina oinarrizkoa baita, xedatua duela ezen, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak urriaren 30eko Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 Legeak kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dituela beste hainbeste hornitzaileri, delako obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik betiere, non eta kontratu-gaiaren izaera bereziaren ondorioz merkatuan ez dagoen behar beste hornitzailerik edota gastua ez den diru-laguntza baino lehenago gauzatua.

20. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera badago, horrek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak, agindu honen 3. artikuluan ezarritako betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

21. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak.

22. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

Proiektu bakoitzari esleitutako laguntzaren zenbateko maximoa ez da 75.000 euro baino handiagoa izango.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Interesdunek eskabideetan emandako datuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortu du; beraren aurka erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete pasatu baino lehen.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik Aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko azaroaren 15a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala