Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2016ko azaroaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4847

882/2016 EBAZPENA, urriaren 19koa, Donostialdea Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, Donostialdea ESIko Kirurgia Ortopediko eta traumatologiako zerbitzuko buruaren lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdia iragartzen duena.

Donostialdea ESIko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako Zerbitzu sanitarioko buruaren lanpostua hutsik egonik, Zuzendaritza Gerentzia honek deialdi publikoa iragartzea erabaki du, lanpostu hori lehiaketa bidez betetzeko. Prozedura hori honako arau hauetan jasotakoaren arabera egin da: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko 8 atala (Hirugarren Arau Komuna); Osakidetzako Lanpostu Funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskina; Osasun zerbitzuetako estatutupeko pertsonalaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legearen hamargarren xedapen gehigarria; Enplegatu Publikoaren Estatutu Markoaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 79. artikulua, eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua.

Zuzendaritza Medikoaren esanetara, honako eginkizunez arduratuko da:

– Zerbitzuko helburuak proposatu, adostu eta kudeatzea: asistentzialak, irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketari dagozkionak. Helburu horiek bete diren ebaluatuko da.

– Zerbitzuko jarduera asistentziala zuzentzea.

– Zerbitzura atxikitako pertsonen eta baliabideen antolaketa eta kudeaketa zuzentzea, helburuak lortze aldera.

– Zerbitzuari dagozkion antolaketa- eta asistentzia-prozesuak berrikusi eta hobetzea.

– Pazienteen gogobetetasunari begira, hobekuntza-ekintzak aztertu eta proposatzea.

– Zerbitzuko pertsonen gogobetetasun handiagorako ekintzak analizatu eta proposatzea.

– Ospitaleko gainerako unitateetako eta ospitalez kanpoko dispositiboetako harremanak koordinatzea, zerbitzuko estrategia egoki garatzeko.

– Kideen talde-lana erraztu eta bultzatzea.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Estatutario, funtzionario edo lan-kontratadun finkoa izatea Osakidetzako edozein zentrotan, edo pertsonal estatutario finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko erakunde Sanitarioetan eta zerbitzu egoeran egotea A1 lanbide kategorian; edo, kategoria berean lanpostua erreserban edukitzeko eskubidea duen egoera administratiboan egotea.

b) Medikuntza lizentziatura edukitzea, Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako espezialitatean.

c) Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako espezialitatean.

Bigarrena.– Merituen baremoa (gehienez, 66 puntu).

Ebazpen honen eranskinean jasota dagoen baremoaren arabera egingo da.

Fase hauek izango ditu:

I.– Kudeaketari buruzko memoria-proiektua eta haren defentsa (gehienez, 30 puntu).

II.– Beste meritu batzuk (gehienez, 30 puntu).

III.– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Interesdunek Osakidetza - Euskal Osasun zerbitzuko Donostialdea ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara zuzenduko dute eskabidea (Begiristain pasealekua, z.g. – 20014 Donostia), ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamabost egun balioduneko epean.

Era berean, eskabidea aurkeztu ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritakoaren arabera.

Interesdunek Osakidetza-Euskal Osasun zerbitzuko Donostialdea ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara zuzenduko dute eskabidea (Begiristain pasealekua, z.g. – 20014 Donostia), datu pertsonalak, curriculum vitaea eta dagozkion agiriak atxikita. Dokumentazioa honela aurkeztuko dute:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzionario edo langile estatutario izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua: Medikuntza lizentziatura, Kirurgia ortopediko eta Traumatologiako espezialitatean.

d) Egindako zerbitzuen ziurtagiri original eguneratuta, deialdia EHAAn argitaratu zen egunean zer kategoriatan zegoen adierazita.

e) Bete nahi den zerbitzuko kudeaketari buruzko memoria-proiektua.

f) Meritu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.

CV aplikazio informatikoan behar bezala egiaztatuta dauden alderdi guztiak ez dira aurreko paragrafoan ezarritako eran egiaztatu beharko; dena den, izangaiak eskabidean adierazi behar du hori horrela dela.

Laugarrena.– Onartu eta baztertuen zerrenda.

Izena emateko epea amaitzen denean, Donostialdea ESIko zuzendari gerenteak, ebazpen bidez, behin-behineko onartuen eta baztertuen zerrenda onartuko du; era berean, baztertu izanaren arrazoiak azalduko ditu. Ebazpena Osakidetzaren web gunean argitaratuko da, eta behin betiko bihurtuko da, baztertutako izangairik ez baldin badago.

Hamar egun baliodun izango dira, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko.

Baztertzeko arrazoia konpondu litekeen egoera batek sortu badu, interesdunei errekerimendua egingo zaie erreklamazioa aurkezteko epe berean zuzenketa egin dezaten edo beharrezko agiriak aurkez ditzaten. Errekerimendu horretan adieraziko zaie ezen, adierazitako akats horien zuzenketa egiten ez bada, prozesutik kanpo gertuko direla.

Aipaturiko epea iraganda, behin betiko zerrenda argitaratuko da Donostialdea ESIko zuzendari gerentearen ebazpenaren bidez. Eta dokumentu hau Osakidetzaren web gunean argitaratuko da.

Behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa zuzendu dakioke Osakidetzako zuzendari orokorrari, hilabeteko epean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114 eta 115 artikuluetan jasotzen duenaren arabera.

Bosgarrena.– Balorazio batzordea.

Izendapena eta eraketa

Izangaien behin betiko ebazpena onartu eta argitaratuta, Donostialdea ESIko zuzendari gerenteak izendatuko ditu ebazpen bidez Balorazio Batzordearen kideak; gutxienez, kudeaketa proiektuak aurkezteko data baino hamar egun lehenago. Ebazpen hori Osakidetzaren web orrialdean argitaratuko da, eta gora jotzeko errekurtsoaren bidez erreklamazioa jarri ahalko zaio. Batzordearen eraketa hau izango da:

– Lehendakaria: Erakundeko zuzendari medikoa.

– Zerbitzu erakundeko zuzendariorde medikoa

– Idazkaria: Erakundeko pertsonaleko zuzendaria

– Hiru kide: horietako bat IVAPek izendatua hautagaiei eskatutako titulu eta espezialitatea duena, eta finkoa, estatutupeko, funtzionario edo lan kontratuduna, kategoria berean edo goragokoan.

Batzorderako izendatu den titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, titularrek bete behar dituzten baldintzak berberak bete beharko dituzte. Erakundean ordezkapena egiteko behar den lanpostu hori ez baldin badago, edo hutsik baldin badago, Osakidetzako beste zerbitzu erakunde batekoa izendatu ahal izango da.

Batzordeko kideen parte hartzeak izaera indibiduala izango du, eta jardueran independenteak izango dira, diskrezionaltasun teknikoaren babesean jokatuko dute; betiere, zuzenbideak ezartzen dituen mugen baitan.

Parte ez hartzea eta errefusatzea

Batzordekideek parte hartzeari uko egingo diote, eta izendatu dituen arduradunari jakinaraziko diote kasu hauetan: azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28 artikuluak jasotzen dituen egoerak.

Egoera horietan interesatuek errefusatzea eska dezakete edozein momentutan, aipaturiko legearen 29 artikuluan jasotakoaren arabera.

Arauak

Batzordeak autonomia funtzional osoa izango du, prozeduraren legaltasuna zainduko du, eta beraren objektibotasuna ziurtatzeko ardura izango du. Oinarri hauetan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta irizpideak ezarriko ditu oinarrietan jaso ez diren eta gerta daitezkeen egoeretarako.

Batzordeak azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. eta 27. artikuluen arabera jokatuko du.

Akordio guztiak botoen gehiengoaren bidez onartuko dira.

Batzordekide guztiek hitza eta botoa izango dute.

Batzordearen saioen akta egingo da. Han, jasoko dira: izangaien izenak, baremazio irizpideak, merituen atal bakoitzean emandako puntuazioa eta guztira emandako puntuazioa.

Seigarrena.– Lehiaketaren atalak.

Lehiaketak hiru atal izango ditu. Hiru atal hauetan baloratuko da memoria-proiektua eta defentsa, bestelako merituak eta euskararen ezagutza.

1.– Garapen memoria-proiektua eta defentsa.

Izangaiei banaka deituko zaie, gutxienez hamar egun lehenago, eta adieraziko zaie probaren data, lekua eta ordua.

Era berean, deialdia Osakidetzaren web gunean argitaratuko da jakinarazteko.

Izangaiek prestatutako proiektua azalduko dute, eta batzordeko kideek egindako galderei erantzungo diete. Prozesu horrek izaera publikoa izango du.

Batzordekide bakoitzak bakarka baloratuko du proiektua eta honen azalpen publikoa, 1 atal baremoaren 1 atalean jasotakoaren arabera. Beharrezkoa izango da gutxienez 15 puntu lortzea fasea honetan.

2.– Bestelako merituen balorazioa.

Behar den epean, eta behar den moduan aurkezturiko merituak baloratuko dituzte batzordekideek; hauei buruz azalpenak eskatzerik izango dute.

Ez dira baloratuko, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen, behar den moduan aurkeztu eta egiaztatu ez diren merituak.

Balorazioa, merituen Baremoaren 2. atalean jasotakoaren arabera egingo da.

3.– Euskararen ezagutza.

Euskararen erabilera Osakidetza normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera baloratuko da.

4.– Akta eta izendapen proposamena.

Aktak jasoko du zehaztasunez hautagai bakoitzari baremazioaren atal bakoitzean emandako puntuazioa, eta lortutako azken puntuazio orokorra.

Era berean, jasoko dira azalpen labur baten bidez, balorazioa egiteko aintzat hartu diren irizpideak, bai memoria-proiektuaren azalpenaren balorazioan bai atal bakoitzari eman zaion puntuazio zehatzean.

Hautagaien artean berdinketarik badago, lehentasuna emango zaie emakumeei, otsailaren 18ko, 4/2005 Legeak (EHAA 42 zk, martxoaren 2koa), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari dagokionak, 20.4 artikuluan jasotakoa aintzat hartuta.

Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, puntuazio altuena (atal guztietan eta dagokion hurrenkeran) lortu duen hautagaiaren alde ebatziko da. Hona hurrenkera:

1.a Kudeaketari buruzko memoria-proiektua eta azalpen publikoa.

2.a Bestelako merituak.

3.a Euskara.

Horrela ere argitzen ez bada, dagokion lanbide kategorian lan-egun gehien egin duen hautagaiaren alde ebatziko da.

Azkenik, bestelako irizpideren bat behar izango balitz, lehenagoko jaiotze-data duenaren alde jokatuko litzateke.

Lanpostua lortzeko puntuazio minimoa 33koa izango da, prozesuan lortu litekeen puntuazioaren erdia, hain zuzen ere. Eta, derrigorrez, 15 puntuk memoria-proiektutik eta honen defentsatik lortutakoak izan beharko dute (atal honetan lortu litekeenaren erdia).

Aktak jasoko du Balorazio Batzordearen puntuazio altuena lortu duen hautagaiaren aldeko proposamena.

Zazpigarrena.– Prozeduraren ebazpena.

Batzordeak Donostialdea ESIko zuzendari gerenteari helaraziko dio izangaiaren izendapenaren proposamena; hain zuzen ere, puntuaziorik altuena jaso duen izangaia proposatuz. Halaber, zuzendari gerenteari helaraziko zaion proposamenak, batzordekide guztien sinadura eta izangaiek atal bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuta jasoko du.

Aipaturiko proposamena Osakidetzaren web gunean argitaratuko da.

Donostialdea ESIko Zuzendaritza Gerentziak ebazpena egingo du izangaia izendatzeko; hautagaiak ukoa egingo balu, zerrendan puntuaziorik altuena duen hurrengo izangaia izendatu ahal izango litzateke; betiere, eskatutako gutxieneko puntu kopurua berdindu edo gainditu badu.

Donostialdea ESIak, dagokion prozedura fasean, egoera hauetan deialdia bete gabe utz dezake:

– Izangairik aurkeztu ez bada

– Izangaiek ez badituzte baldintzak betetzen

– Izangaiek ez badute gutxieneko puntuazioa lortu.

Zuzendaritza Gerentziako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren web gunean argitaratuko da; bai izangairen bat izendatuz, bai bete gabe dagoela, hau da, deialdia hutsik geratzen dela adieraziz. Eta dagokionean interesdunari jakinaraziko zaio.

Honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Osakidetzako zuzendari nagusiari zuzenduta, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluek jasotakoaren arabera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Zortzigarrena.– Esleipenaren ondorioak.

Zerbitzuburu lanpostuak aldi baterako lau urteko iraupena izango du. Izendapen honek luzapena izango du, ekainaren 26ko 8/1997 Legearen (Euskadiko Antolamendu Sanitarioa) 28. Artikuluak (Hirugarren Araua) jasotakoaren arabera (uztailaren 21eko EHAA, 138 zk.).

Lanpostua betetzen duen langileak berau utziko du izendapenaren epea betetzen denean, luzapen egoeraren bat gertatu ezean. Lehen aipaturiko 8/1997 Legeak jasotzen duenaren arabera ezarritako kide anitzeko organoaren ebaluazio prozeduraren arabera egingo da luzapena.

Halaber, izendapena bertan behera utzi ahal izango da epea amaitu baino lehen, aurrez kontraesaneko espedientea eginda, eta 8/1997 Legearen 28. Artikuluak, 6. Atalean (Hirugarren Araua) leku aldatzeak egiteko aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Kargu uzte arruntak edo lanpostutik mugiarazteak beste lanpostu baterako lekualdatzea eragingo du. Egoera honetan interesdunak jatorrizko kategorian zeuzkan baldintzak mantenduko dira.

Bederatzigarrena.– Publikotasuna.

Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Osakidetzaren web gunean, eta zerbitzu erakundeetako intranetetan.

Hornikuntza prozeduran onartzen diren ebazpenak Osakidetzaren web gunean argitaratuko dira.

Aukeratutako izangaiaren izendapenaren ebazpena, edo lanpostua hutsik geratzen dela dioena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren web gunean argitaratuko da.

Hamargarrena.– Errekurtsoak.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114 eta 115 artikuluetan jasotakoaren arabera, ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da, Osakidetzako zuzendari nagusiari zuzendua. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo Estatuko Aldizkari Ofizialean azkenekoz argitaratu den egunaren biharamunetik aurrera.

Donostia, 2016ko urriaren 19a.

Donostialdea ESIko zuzendari gerentea,
E: (1052/2015 Ebazpena, irailaren 3koa)

Pertsonaleko zuzendaria

JUAN RAMÓN DE LA PUENTE PAGOLA.

ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA

Merezimenduak hiru faseren arabera baloratuko dira:

I – Proiektua eta proiektuaren defentsa (gehienez, 30 puntu)

Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko memoria-proiektua azaltzea Balorazio Batzordearen aurrean, eta Batzordeko kideek egindako galderei erantzutea.

Puntuazioa fase honetan bi ataletan banatzen da:

a) Aurkeztutako kudeaketa memoria-proiektuaren edukien balorazioa (gehienez, 15 puntu).

Kudeaketarako memoria-proiektuak hiru atal hauek behintzat garatu beharko ditu:

a.1.– Antolakuntza eta kudeaketa atala (gehienez, 5 puntu):

Zerbitzuaren organigrama eta funtzioak zehaztuta: burutza lanpostua eta atxikitako gainerako lanpostuak.

Erakunde bereko beste unitate batzuekin duen harremana.

Burutzaren kudeaketa plana: antolakuntza helburuak zehaztu, hobekuntza behar duten arloak detektatu eta beharrezko neurriak zehaztu, hobekuntzak lortzeko. Honekin batera, baliabide materialak ekonomikoak eta atxikitako giza baliabideak kudeatzeko plan edo konpromiso efizientea.

a.2.– Atal asistentziala (gehienez, 5 puntu):

Eskainiko diren zerbitzu asistentzialen deskribapena.

Halaber, helburu eta adierazleak ezarriko dira, eta jarraipen eta ebaluazio jarraitua egiteko sistema bat.

a.3.– Irakaskuntzaren atala (gehienez, 5 puntu):

Zerbitzuan, irakaskuntzaren planifikazioa egitea.

b) Balorazio Batzordearen aurrean azalpen publikoa egitea (gehienez, 15 puntu).

Memoria-proiektuaren azalpen publikoa ebaluatzeko, kontuan hartuko dira argitasuna eta zehatz laburtzeko gaitasuna, bai eta atalik garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere.

Aktan jasota geratuko da batzordekide bakoitzak hautagai bakoitzari esleitutako baremazioaren zergatia.

2.– Bestelako merezimenduak (gehienez, 30 puntu):

Puntuazioa honela banatuko da:

● Lan esperientzia (gehienez, 13 puntu)

• Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa zerbitzu eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.

• Dagokion espezialitatean atalburu gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

• Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

• Administrazio publiko sanitarioetan zuzendaritzako kide gisa, edo zuzendariorde mediko gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

Kontuan hartuko dira, lan-esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako osasuneko zerbitzu-erakundeetan edo edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandakoak ere.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako hondarrak. Kontaketarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

● Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena (gehienez, 17 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, kredituko 0,1 puntuazioa emango da.

● Kudeaketaren arloko trebakuntza (gehienez, 3 puntu).

Osasun-kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

20-30 ordu: 0,2000 puntu

31-50 ordu: 0,3000 puntu

51-100 ordu: 0,4000 puntu

101-200 ordu: 0,5000 puntu

200 ordutik gora: 1,2500 puntu

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta ziurtatutako ikastaroak baloratu egingo dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta ziurtatutako ikastaroak ere; betiere, titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa plan baten barrukoak ez badira.

● Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu)

Dagokion lanpostuaren espezialitatearekin lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

20-30 ordu: 0,2000 puntu

31-50 ordu: 0,3000 puntu

51-100 ordu: 0,4000 puntu

101-200 ordu: 0,5000 puntu

200 ordutik gora: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta ziurtatutako ikastaroak baloratu egingo dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta ziurtatutako ikastaroak ere; betiere, titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa plan baten barrukoak ez badira.

● Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu):

Doktorea: 3 puntu

Cum laude doktorea: 4 puntu

Gradu ondoko masterra: 2 puntu

Unibertsitate-aditua edo- espezialista: 1 puntu

Ikertzeko nahikotasuna edo diploma ikasketa aurreratuetan: 1 puntu

Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,1000 puntu.

Ez dira baloratuko doktoretza-ikastaroak, baldin eta hauetako bat lortzeko balio izan badute: doktore titulua, cum laude doktore titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma.

● Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu)

Dagokion espezialitatearekin lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik, eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:

Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,2500 puntu

Estatuko txosten bakoitzeko: 1,000 puntu

Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,500 puntu

Eskualdeko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 0,1500 puntu

Estatuko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 0,6000 puntu

Nazioarteko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 1,0000 puntu

Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu

Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,7500 puntu

Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu

Argitalpen bakoitzeko (Lehenengo egilea): 1,0000 puntu

Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu

Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu

Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu

Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu

Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu

Tesina egiteagatik: 1,5000 puntu.

● Irakaskuntzako jarduerak (gehienez, 3 puntu)

Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 1,0000 puntu

Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu

Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,2500 puntu

Egoiliarren irakaskuntzarako tutore egiaztatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu

Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (ordu bakoitzeko): 0,050 puntu

3.– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu)

Euskararen erabilera Osakidetza normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta hura garatzen duten arauen arabera baloratuko da.


Azterketa dokumentala