Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2016ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
4724

IRAGARKIA, zenbait zergapekoren gaineko espedientetan erabakitako ondasun enkanteari buruzkoa.

Nik, Zuriñe Embid Zubiria andreak, Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako eta Erakundeen baliabideetako zuzendaria naizen aldetik, jakinarazten dut:

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuaren 65.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, aplikatu beharrekoa da uztailaren 29ko 939/2005 Errege Dekretua, Diru Bilketako Erregelamendu Orokorra onartzen duena. Diru Bilketako Erregelamendu Orokor horren 101. artikuluak xedatutakoa betez, hainbat zergapekoren kontra bideratutako ondorengo espedienteetan erabakiak hartu dira, eta, horien bidez, dekretuz agindu da iragarki honetan I. eranskin gisa jasotako zerrendan dauden ondasunak enkante bidez besterentzea.

Enkantea 2016ko abenduaren 13an izango da, 10:00etan, Eusko Jaurlaritzako Lakua 2 Eraikinean, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian. Aipatutako artikulua betez, artikulu hori iragarki honetan argitaratzen da, eta enkantean parte hartu nahi duten pertsonei honako hau ohartarazten zaie:

Lehenengoa.– Enkantean atera beharreko ondasunak lotez osatuta daude. Ondasunak, horietako bakoitzerako enkante-tasa eta lizitazio-tarteak I. eranskinean deskribatzen dira.

Bigarrena.– Ondasun horiek kargetara eta zametara atxikita daude, eta, halakorik balego, ondasunen deskribapenean eta espedientean jasota daude. Karga eta zama horiek mantendu egingo dira, eta iraungitzen direnean ere, ezingo da erremateko prezioa aplikatu.

Hirugarrena.– Enkante-tasa da eskaintzak egiten hasteko gutxieneko zenbatekoa. Horrenbestez, ezin dira enkante-tasa baino eskaintza txikiagoak egin, eta ondoz ondoko eskaintzak adierazitako tarteetara egokitu beharko dira.

Enkante-tasak ez ditu ondasunen eskualdaketari dagozkion zeharkako zergak barne hartzen. Esleipendunak ordainduko ditu eskualdaketatik eratorritako gastu eta zerga guztiak, lehentasunekoez besteko kargen kitapena, Ondasunen Erregistroan jasotzean sortutakoak barne.

Jabetza Horizontalari buruzko ekainaren 21eko 49/1960 Legearen 9. artikuluaren arabera (8/1999 Legeak aldatutakoa), esleipendunak erkidegoaren zorren egoerari buruzko egiaztagiria ematetik espresuki libratzen du Eusko Jaurlaritza, eta esleipendunaren kargura izango dira ordaintzeke dauden gastuak.

Laugarrena.– Interesa dutenek eskuragarri dauden tituluak azter ditzakete, Bilboko San Pedro Plazako 2. zenbakiaren behe-solairuan kokatutako Nahitaezko Diru-bilketaren bulegoan, 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera.

Besterendutako ondasunak Jabetza Erregistroan jasota daude jada. Lizitatzaileak ondasun higiezinen jabetza-tituluekin konformatu beharko dira, eta ez dute espedientean daudenez bestelako beste batzuk eskatzeko eskubiderik izango. Administrazioaren betebehar bakarra esleipen-egintzaren ziurtagiria ofizioz ematea izango da, edo, esleipendunak esleipen-egintzan hala eskatzen badu, dagokion salmenta-eskritura, ordainketa-obligazioaren ordez. Edonola ere, salmenta-agiri publikoa titulu bat da, eta, horren bidez egiten da inskripzioa, hipoteka-legedian ezarritako baldintzetan.

Bosgarrena.– Enkantea ondasunak esleitu aurreko edozein unetan bertan behera utz daiteke, kitatu gabeko zorra, dirua ordaindu arte sortu edo sortzen diren interesak, epe exekutiboaren errekarguak eta premiamendu-prozeduraren kostuak ordaintzen badira.

Seigarrena.– Enkantean lizitatzaile gisa parte har dezake zuzenbidearen arabera jarduteko gaitasuna duen edonork, horretarako legezko eragozpenik edo murriztapenik ez badu, eta nahikotasunez identifikatzen bada, edo, hala badagokio, haren ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentuarekin. Salbuespen dira Nahitaezko Diru-bilketaren Bulegoko langileak, tasatzaileak, ondasunen gordailuzainak eta premiamendu-prozeduran zuzenean parte hartu duten funtzionarioak.

Zazpigarrena.– Enkantearen aurretik, lizitatzaileek enkante-mahaian ordaindu behar dute ondasun edo lote bakoitzerako adierazitako enkante-tasaren % 20ko bermea, eta esleipendunek ez badute erremateko prezioa ordaintzen, ohartarazten zaie berme hori zorra kitatzeko erabiliko dela, erremateko prezioa ez ordaintzeagatik dagozkien erantzukizunak eskatzeaz gain.

Legezko bermea Eusko Jaurlaritza-Diruzaintzaren izenean emandako txeke izendunaren bidez ordainduko da, eta igorri duen erakundeak eratu edo egiaztatu beharko du, datan eta forman.

Lizitatzaileari ez bazaio ondasunik edo ondasun-loterik esleitzen, eskaintza egin nahi duen beste ondasunen edo ondasun-loteen bermea ordaintzeko aplika dezake emandako berme hori.

Inolako esleipenik ez badu jasotzen, enkantean emandako bermeak itzuliko zaizkio enkantea bukatutakoan, eta, nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintzaren bitartez, bidezkoa ez bada hark kudeatutako zorrak ofizioz konpentsatzea.

Zortzigarrena.– Lizitatzaileek eskaintzak gutun-azal itxian bidal edo aurkez ditzakete, enkantea iragartzen denetik hura hasi baino ordubete lehenagora arte, helbide honetan: Finantza Politika eta Erakunde Baliabideen Zuzendaritza, Donostia kalea, 1 Lakua, 01010 Vitoria-Gasteiz. Gutun-azalak lizitatzaileak edo botere nahikoa duen ordezkariak sinatutako idazkia izango du, bai eta hura identifikatzeko NAN/IFZ agiriaren fotokopia ere. Idazkian, nahi duen ondasuna edo lotea esleitzeko eskaintzaren prezioa adieraziko du. Horrez gain, ordaindutako gordailuaren ziurtagiria erantsi beharko da, edo lizitatzeko bermearen zenbatekoa duen txekea, Eusko Jaurlaritzaren izenean igorritakoa. Eskaintzak gehienezko kopurutzat hartuko dira. Mahaia izango da gutun-azal itxietako lizitatzaileen ordezkari, eta haien izenean egingo ditu eskaintzak, haien eskaintzan adierazitako gehienezko muga gainditu gabe. Hala ere, lizitatzaileek aurrez aurre ere parte har dezakete, gutun-azalean adierazitakoaren gaineko eskaintzekin.

Bederatzigarrena.– Loteetako bakoitzean deskribatutako ondasunak ondoz ondo eta etenik gabe aterako dira enkantean, jasota geratu diren ordenan, eta baten batek eskaintzarik izango ez balu, hurrengora igaroko gara. Enkantea amaituko da esleitutako ondasunen zenbatekoa ordainduta obligaziodunari eska dakizkion zor guztiak kitatzen direnean.

Hamargarrena.– Lizitazioa hutsik geratzen bada, Mahaiak iragarriko du zuzenean esleitzeko izapidea abiaraziko dela. Sei hilabeteko epean gauzatuko da hori, une horretatik aurrera zenbatuta, Diru Bilketako Erregelamendu Orokorraren 107. artikuluak ezarritako prozeduraren arabera. Hala ere, lehen lizitazioa egin ondoren, Mahaiak ados dezake bigarren lizitazio bat egitea, hori egokia den eztabaidatu eta gero.

Erabakitzen badu bidezkoa dela bigarren lizitazio bat egitea, berehalakoan iragarriko du, eta tasa berria estaltzeko eskaintzak onartuko dira. Tasa berria lehen lizitazioaren enkante-tasaren % 75 izango da. Horretarako, ordu erdiko epea emango da lizitatu nahi dutenek berme berriak ordain ditzaten, besterendu beharreko ondasunen enkante-tasa berriaren arabera, eta aurretiaz emandako bermeak erabil ditzakete helburu horretarako. Bigarren lizitazioak lehenengoaren betekizun berberak izango ditu. Esleitu gabeko ondasunak zuzeneko esleipenera igaroko dira; 107. artikuluan dago araututa izapide hori.

Hamaikagarrena.– Esleipendunek esleipen-egintzan edo hurrengo 15 egunetan emandako bermearen eta esleipen-prezioaren arteko aldea ordaindu behar dute, eta ohartarazten zaie epe horretan betetzen ez badute, bermearen zenbatekoa galduko dutela eta zorrak kitatzeko erabiliko dela. Halaber, Administrazioari ordainez eman beharko dizkiote erremateko prezioa ordaindu ez izanak sortutako kalteak.

Esleipen-egintzan Diru Bilketako Erregelamendu Orokorraren 111. artikuluak aurreikusitako aukera gauzatzen duten esleipendunek baimena lor dezakete erremateko prezioa salmenta-eskritura publikoa ematen den egunean ordaintzeko. Kasu horretan, esleipendunak Mahaiari espresuki jakinarazi beharko dio ordainketa-modu horri heldu nahi diola, salmenta-eskritura publikoa ematea eskatzen duen unean. Baimen hori emateko baldintza gisa, Mahaiak erabaki dezake esleipendunak esleipena egin eta 10 eguneko epe luzaezinean berme osagarria eman dezala. Berme hori ezingo da enkantean lizitatzeko eskatzen den berme-gordailua baino gehiago izan. Baimen horren gainean hartzen diren erabakiak izapide-egintzatzat hartuko dira, eta ezingo dira inolaz ere erreklamatu edo errekurritu.

Hamabigarrena.– Indarreko legediaren arabera, ondasunak edo eskubideak lehentasunez eskuratzeko eskubidea duen interesdunik balego, behin esleipena adostuta, interesdun horiei jakinaraziko zaie esleipena. Behin betiko esleipena etenda egongo da, indarreko legearen arabera interesdunek eskubide hori gauza dezaketen bitartean.

Hamahirugarrena.– Esleitu gabeko ondasunen bat geratuko balitz, hura zuzenean esleitzeko izapidea abiaraziko da, sei hilabeteko epeaz gehienez ere, eta, une horretatik aurrera, eskaintzak aurkez daitezke enkante-mahaian, gutun-azal itxian.

Zuzeneko esleipenaren gutxieneko prezioa lehen lizitazioaren enkante-tasa izango da, bigarren lizitazio bat egitea bidezkoa iritzi ez bazaio. Bi lizitazio egin badira, ez da gutxieneko preziorik egongo. Dena dela, enkante-mahaiak uste badu ondasunei edo loteei tasazioz emandako balioa eta interesdunek eskainitako prezioaren arteko aldea neurriz kanpokoa dela, eskaintza onartezina dela adieraz dezake, eroslea ondasunaren jabearen kaltetan bidegabeki aberasten dela ekiditeko, eta erabaki dezake salmenta ez formalizatzea.

Eskaintzak gutun-azal itxian aurkeztuko dira Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzan, Donostia kalea 1, Lakua, 01010 Vitoria-Gasteiz helbidean, 09:00etatik 14:00etara. Gutun-azalak eskaintzaileak edo botere nahikoa duen ordezkariak sinatutako idazkia izango du, bai eta hura identifikatzeko NAN/IFZ agiriaren fotokopia ere. Idazkian, nahi duen ondasuna edo lotea zuzenean esleitzeko eskaintzaren prezioa adieraziko da.

Aurkeztutako eskaintzen arabera, esleipen-proposamena egingo da, hala badagokio, eta akta bidez formalizatuko da. Zuzeneko esleipenean interesa dutenei eska dakieke berme bat ordaintzea, egoki deritzon zenbatekoan, eta behar bezala adieraziko da hori, esleipen zuzenaren izapidea iragartzean. Halaber, ohartaraziko zaie, erremateko prezioa ordaintzen ez badute, kasuan kasu ordaindutako bermea prozeduraren xede den zorra kitatzeko erabiliko dela, erremateko prezioa ez ordaintzeagatik dagozkien erantzukizunak eskatzeaz gain.

Behin hilabeteko epea igarota, Enkante Mahaiak aurkeztutako eskaintzak irekiko ditu, eta ondasunak eslei ditzake, erabakitzen badu eskaintza horietako bat nahikoa dela jada. Osterantzean, epea hilabete gehiago luzatuko da, eskaintza berriak aurkeztu edo daudenak hobetzeko, nahiz eta ordura arte aurkeztutako eskaintzak baliozkoak izango diren. Prozedurak horrela jarraituko du, ondoz ondo, sei hilabeteko epeaz gehienez ere. 6 hilabeteko gehienezko epea igaro eta esleipenik egon ez bada, izapidea amaitutzat emango da, eta esleitu gabeko ondasunak edo eskubideak Udal hartzekodunari esleitzeko izapideak abiaraziko dira, Diru Bilketako Erregelamendu Orokorraren 108. eta 109. artikuluen arabera. Hala ere, ondasunak edo eskubideak Tokiko Ogasunari esleitzea adostu aurretik egindako azken enkantearen tasa ordaintzen duen edozein interesdunari esleituko zaio ondasuna edo eskubidea.

Esleipen zuzen bidez besterentzeko izapideari buruzko atal honetan berariaz xedatzen ez diren kasuetan, aurretiaz enkanteen gainean ezarritakoari men egingo zaio, aplikaziozkoa den gaietan.

Hamalaugarrena.– Eusko Jaurlaritzak eskubidea du proposatzeko esleitu ez diren bahitutako ondasunen zor ordaindu gabeak haren alde eslei daitezen, ordainean egindako adjudikazio bidez, Diru Bilketako Erregelamendu Orokorraren 109. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 18a.

Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendaria,

ZURIÑE EMBID ZUBIRIA.

I. ERANSKINA
ENKANTEAN ATERA BEHARREKO ONDASUNEN ZERRENDA

1. lotea:

Premiamendu-espedientearen zk.: 2012EXP37016172.

Finkaren deskribapena erregistroan:

Hirikoa: hamaika zenbakiko elementua-ezkerreko etxebizitza edo C-1 motakoa, duen posizioaren arabera lehenengo goi-solairuko eskailera-kaxatik igota. Hirurogeita zortzi metro eta laurogei dezimetro koadroko azalera du, gutxi gorabehera. Hona hemen mugakideak: Iparraldean, eskaileraren tranpala eta kaxa, igogailu-zuloa eta solairu bereko eskuineko etxebizitza; hegoaldean, etxearen lursailaren hegalak; ekialdean, kalearen hegalak multzoaren hirugarren eta laugarren blokeen artean, eta, zati txiki batean, igogailu-zuloa eta eskailera-kaxa; eta, mendebaldean, etxearen lursailaren hegalak. Elementu komunetan ehuneko lau osoko eta berrogeita hamar ehuneneko partaidetza-kuota du, eta horien artean daude multzo honetako sei zenbakiko atariaren etxabeetan kokatutako hiru etxebizitzak, zeinak multzo osoaren zaintzaile eta atezainek erabiltzeko baitira, Mallona Multzoko hamalau zenbakiko etxearenak, gaur Santo Domingo de Guzman Multzoa, hiribildu honetan.

Katastro-zenbaki finkoa: U3079297L.

Zordunak finkaren gainean dituen eskubideak: finkaren jabari osoaren heren banatu gabea, izaera pribatiboarekin.

Erregistroko inskripzioa:

Inskribatuta dago Bilboko 6. Jabetza Erregistroan, artxiboko 2532 liburukian, Begoñako 1798. liburuan, 157. folioan, 27003/B zenbakidun erregistro-finka bezala. Idufir: 48025000342691.

Ez dauka aurretiazko kargarik, ez zamarik.

Lotea osatzen duen ondasunaren balioespena:................................ 48.334,96 euro.

Gutxieneko tasa enkanterako:........................................................... 48.334,96 euro.

Lizitatzeko tarteak: 1.000,00 euro.

2. lotea:

Premiamendu-espedientearen zk.: 2008EXP37011079.

Finkaren deskribapena erregistroan:

Hirikoa. Lau. etxebizitza hirugarren solairuan. Berrogeita hamasei metro eta berrogeita hamaika dezimetro koadroko azalera eraikia du, eta berrogeita bederatzi metro eta hamaika dezimetro koadroko azalera erabilgarria. Honako hauek ditu: bi logela, egongela, sukaldea eta bainugela. Solairu honi erantsita dagoen guneak terraza eta despentsa ditu. Mugakideak, alde guztietatik: kokatuta dagoen lursaila. Elementu eta gastu komunetan % 29,30eko partaidetza-kuota du, Bilboko Peñascal kaleko ehun eta berrogeita bi zenbakiko etxean.

Zordunak finkaren gainean dituen eskubideak: finkaren jabari osoaren laurden banatu gabea, izaera pribatiboarekin.

Erregistroko inskripzioa:

Inskribatuta dago Bilboko 13. Jabetza Erregistroan, artxiboko 2946 liburukian, 50. liburuan, 173. folioan, 1992 zenbakidun erregistro-finka bezala. Idufir: 48036002083086.

Aurretiko kargak:

A hizkidun administrazioko enbargo idatzoharra Bilboko Udalaren alde, 2011ko maiatzaren 13an idatzia, eta B letraz luzatua 2015eko apirilaren 28an, Rubén Fernández Villafruelaren jabetzako finka honen laurden banatu gabearen gainean, hamaika mila zortziehun eta hirurogeita hamabost euro eta laurogeita zazpi zentimo erreklamatzeko. 2016ko maiatzaren 14an, zorra kitatuta dago.

Lotea osatzen duen ondasunaren balioespena:........................... 1.060,73 euro.

Gutxieneko tasa enkanterako:...................................................... 1.060,73 euro.

Lizitatzeko tarteak: 1.000,00 euro.

3. lotea:

Premiamendu-espedientearen zk.: 2012EXP37004410.

Finkaren deskribapena erregistroan:

Hirikoa: Etxabea, eskuina, bere ateaurreekin; iparraldeko laurdenean dago kokatuta, Florida auzoan. Lehen, ehun eta hogeita hamabost zenbakiarekin zegoen adierazita; orain, aldiz, ehun eta berrogeita hemeretzi zenbakiarekin, Hernaniko hiribilduan. Berrogeita zazpi metro eta berrogeita hamar dezimetro koadroko azalera erabilgarria du. Hona hemen mugakideak: Iparraldean, hegoaldean eta ekialdean, etxearen muga orokorrak; eta, mendebaldean, atariaren baoa eta beste eskuko lokala.

Zordunak finkaren gainean dituen eskubideak: finkaren jabari osoaren erdi banatu gabea, izaera pribatiboarekin.

Erregistroko inskripzioa:

Inskribatuta dago Donostiako 5. Jabetza Erregistroan, artxiboko 1701 liburukian, Hernaniko 339. liburuan, 108. folioan, 20.913 zenbakidun erregistro-finka bezala. Idufir: 20011000172554.

Finkaren gainean indarrean dauden kargak:

Kutxabank SAren aldeko hipoteka. Hipoteka hori eskritura baimenduan eratu zen Hernanin, Ignacio Gomá Lanzón notarioaren aurrean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren hamaseian, hiru milioi hirurehun eta hirurogei mila pezetako printzipalaren berme modura (20.194,01 euro). 2016ko uztailaren 27an, 8.094,95 euroko kapitala zegoen ordaintzeke.

Kutxabank SAren aldeko hipoteka. Hipoteka hori eskritura baimenduan eratu zen Hernanin, Ignacio Gomá Lanzón notarioaren aurrean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren hamaseian, bi milioi zortziehun eta berrogeita hamar mila pezetako printzipalaren berme modura (17.128,84 euro). 2016ko uztailaren 27an, hipoteka ekonomikoki kitatuta zegoen.

Lotea osatzen duen ondasunaren balioespena:........................... 23.762,99 euro.

Aurretiko kargak edo zamak:.......................................................... 8.094,95 euro.

Gutxieneko tasa enkanterako:...................................................... 15.668,04 euro.

Lizitatzeko tarteak: 1000,00 euro.

4. lotea:

Premiamendu-espedientearen zk.: 2007EXP37003217.

Finkaren deskribapena erregistroan:

Hirikoa: laugarren departamentua: hirugarren solairua, etxebizitzarako, Tolosako Arostegieta kaleko bi zenbakiko etxekoa. Honako hauek ditu: hiru gela, sukaldea, trastelekua eta komuna. Mugakideak: alde guztietatik, etxearen muga orokorrak, eta, gainera, hegoaldean, eskailera-zuloa. Hirurogeita hamabi metro koadro ditu. Eranskin modura, hiru zenbakiko gunea du ganbaran, hamazazpi metro koadrokoa.

Zordunak finkaren gainean dituen eskubideak: finkaren gaineko jabari osoaren titularra da.

Gaurko egunez, Jabetza Erregistroan ez dago jasota zordunaren aldeko jabari osoaren kontsolidazioa biziarteko gozamendunen heriotza dela-eta; esleipendunak, nahi badu, erregistratzaileari eska diezaioke hori, esleipendunaren aldeko inskripzioa egiterakoan.

Erregistroko inskripzioa:

Inskribatuta dago Tolosako Jabetza Erregistroan, artxiboko 1882. Liburukiko 91. folioan, 300. liburuan, 4680. erregistro-finkan. Idufir: 20005000635188.

Ez dauka aurretiazko kargarik, ez zamarik.

Lotea osatzen duen ondasunaren balioespena:.............................. 79.003,40 euro.

Gutxieneko tasa enkanterako:......................................................... 79.003,40 euro.

Lizitatzeko tarteak: 1000,00 euro.

5. lotea:

Premiamendu-espedientearen zk.: 2007EXP37017076.

Finkaren deskribapena erregistroan:

6 zenbakiko elementua. 6 zenbakiarekin adierazitako modulua edo pabilioia. Eraikinaren mendebaldeko fatxadari begiratuz, seigarrena da ezkerretik zenbatzen hasita; mendebaldeko fatxada horretatik du sarrera. Oinplanoan eraikitako 144,3m2-ko azalera du. 10 metroko altuera du. Mugakideak: iparraldean, 5 zenbakiko modulua eta, zati batean, 19 zenbakikoa; hegoaldean, 7 zenbakiko modulua; ekialdean, 18 zenbakiko modulua; eta, mendebaldean, eraikuntzarik gabeko lursaila –hortik dauka sarbidea–. % 4,73ko partaidetza-kuota du guztizko balioan eta elementu komunetan. Elementu honi 89 m2-ko barneko eraikigarritasuna dagokio, eta hori esleitzen zaio. Hori guztia P 2 izeneko eraikin industrialean, Sangroniz auzoko industrialdean; Iberre kaleko 2 zenbakiarekin dago adierazita, Sondikan.

Zordunak finkaren gainean dituen eskubideak: finkaren jabari osoaren heren banatu gabea, irabazpidezko ondasunen eraentzan.

Erregistroko inskripzioa:

Inskribatuta dago Bilboko 10. Jabetza Erregistroan, artxiboko 1646 liburukian, Sondikako 68. liburuan, 77. folioan, 3676 zenbakidun erregistro-finka bezala. Idufir: 48029000135703.

Finkaren gainean indarrean dauden kargak:

Caja Laboral Popular SCCL-ren aldeko hipoteka. Hipoteka hori eskritura baimenduan eratu zen Bilbon, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko azaroaren hogeita bederatzian, Ignacio Linares Castrillón notarioaren aurrean, hirurogei mila ehun eta bat euro eta hogeita bat zentimoko printzipalaren berme modura. Bi mila eta hamaseiko martxoaren 9an, hipoteka ekonomikoki kitatuta dago.

Enbargo idatzohar prebentiboa Bilboko Udalaren alde, finkaren heren banatu gabearen gainean, bi mila eta hamahiruko urtarrilaren hogeita hirukoa. Bi mila eta hamahiruko urtarrilaren bederatzian emandako agindua dela bide egin da hori (0962035 zenbakiko premiamendu-espediente administratiboa), hiru mila hirurehun eta hirurogeita hamazortzi euro eta bi zentimoko zenbatekoaren berme modura. 2016ko martxoaren 15ean, 2.627,57 euroko zorra zegoen.

Lotea osatzen duen ondasunaren balioespena:............................... 30.055,60 euro.

Aurretiko kargak edo zamak:.............................................................. 2.627,57 euro.

Gutxieneko tasa enkanterako:.......................................................... 27.428,03 euro.

Lizitatzeko tarteak: 1000,00 euro.


Azterketa dokumentala