Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2016ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4714

AGINDUA, 2016ko urriaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Vitoria-Gasteizko «Sagrado Corazón» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari (Araba) Haur Hezkuntzako 1. zikloko unitateak gehitzeko baimena emateko dena.

Vitoria-Gasteizen (Araba) dagoen «Sagrado Corazón» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazitako espedientea aztertu da, zeinaren bidez Haur Hezkuntzako 1. zikloko unitate bat gehitzeko baimena eskatzen duen.

Espediente horren izapideak araudiak ezarritako prozedura jarraituz egin dira; gainera, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek egin diote txostena.

Arau hauek ikusi dira: ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (apirilaren 9ko BOE); azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua (19ko EHAA), 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena (azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003ko eta 2003-2004ko ikasturteetan), eta gai horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ikastetxe honi baimena ematen zaio, 2017-2018ko ikasturtetik aurrera, Haur Hezkuntzako 1. zikloko unitate bat gehitzeko:

Kode-zenbakia: 01001292.

Izen espezifikoa: Sagrado Corazón.

Titularra: Instituto de los Hermanos del Sagrado Corazón.

Helbidea: Fray Francisco ibilbidea 1.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Lurralde historikoa: Araba.

Baimena:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloko unitate 1 gehitzea.

Ikastetxearen osaera:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 4 unitate bi urtetik hiru urtera bitarteko ikasleentzat; bakoitza 18 ikaspostuko edukierakoa.

– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 9 unitate, 225 ikaspostu.

– Lehen Hezkuntza: 18 unitate, 450 ikaspostu.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 12 unitate, 360 ikaspostu.

– Batxilergoa: «Zientziak» eta «Giza eta Gizarte Zientziak» modalitateak. Edukiera: 8 unitate, 280 ikaspostu.

– Hezkuntza Berezia: 2 gela ireki.

2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateko irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxeko titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo diru-laguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 20a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala