Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2016ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4710

EBAZPENA, 2016ko irailaren 19koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Mungian (Bizkaia) «Mungiako sarea – Elortza Errota eta Konexioen Erregularizazio eta Neurketa Estazioa (ENE)» izeneko presio ertaineko gas naturaleko instalazioak eraikitzeko baimen-eskaerari buruzkoa.

Erreferentzia: GUD-VII-MU – CG-F-2016-01.

Eskatzailea: Naturgás Energía Distribución, S.A.U.

Helbidea: Concha Jenerala 20, 48010 Bilbao.

Kokapena: Mungiako udalerrian.

Javier Bermejillo Eguía jaunak, Naturgas Energia Distribución, S.A.U. sozietatearen izenean eta hura ordezkatuz, Mungian (Bizkaia) «Mungiako sarea – Elortza Errota eta Konexioen Erregularizazio eta Neurketa Estazioa (ENE)» izeneko presio ertaineko gas naturaleko instalazioak eraikitzeko baimena eskatu zuen 2016ko martxoaren 1ean, sarrera-erregistroko dokumentazioaren arabera.

Espedientea ebazteko, honako hauek aipatu eta kontuan hartu behar dira:

AURREKARIAK

Bat.– Eusko Jaurlaritzako Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Bizkaiko lurralde-ordezkariaren 1994ko otsailaren 7ko Ebazpenaren bidez, Naturgas, S.A.ri administrazio-emakida bat eman zitzaion, etxebizitzen eta merkataritzako guneen gas naturaleko horniduraren zerbitzu publikoa Bizkaiko lurralde historikoko hainbat udalerritan eman zezan (tartean, Mungian).

Bi.– 1997ko apirilaren 24an, administrazio-emakida horren barruan, baimena eman zitzaion Naturgas, S.A.ri Mungian etxebizitzen eta merkataritzako guneen gas naturaleko hornidurarako gasbide bat instalatzeko, «Mungiako sarea – 1. Zabalpena eta ENE» izenekoa.

Hiru.– Prozedura honetako espedientea jendaurrera zabaltzeko, El Correo egunkarian iragarri zen, 2016ko apirilaren 15ean, baita 2016ko apirilaren 19ko BAOn eta 2016ko apirilaren 22ko EHAAn ere. Gainera, iragarkia Mungiako Udalera ere bidali zen, udaletxeko iragarki-oholean jar zezaten.

Lau.– Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Lanen Sailari txostena eskatu zitzaion 2016ko apirilaren 11n, instalazio hori onura publikokotzat jotzea egokia zen edo ez ebatz zezan. 2016ko apirilaren 20an jasotako erantzunean, egin nahi den instalazioa eraikitzeko bete beharreko baldintzak zehaztu ziren. Baldintzen idatzi hori eskatzaileari helarazi zitzaion, eta horrek onartu eta bere gain hartu zuen, 2016ko maiatzaren 4ko idazkiaren bidez.

Bost.– Proiektua jendaurrean egon zen bitartean, partikular batek alegazioa aurkeztu zuen. Hona hemen horren laburpena:

Irene Bilbao Aguirre andreak, proiektuko BI-MUG-01 lursailaren jabekide den aldetik, eskatzen du lehendik sortutako eraginak eta orain egin nahi direnak beste lursail batzuetara eramatea, instalazioaren kokalekua aldatuz. Horretarako hainbat proposamen aurkezten ditu.

Alegazio horren berri eman zitzaion Naturgas Energia Distribución, S.A.U.ri, eta horrek erantzun egin zuen 2016ko ekainaren 14an eta 2016ko uztailaren 29an sarrera-erregistroan sartu ziren idazkien bidez. Horiek, txostenean jasota daude eta, laburbilduta, honako hau esaten dute:

Egin nahi den instalazioa eraikitzeko proiektua egin aurretik, Naturgas Energia Distribución, S.A.U.k hainbat kokaleku aztertu zituen, proiektua non egin erabakitzeko, kontuan izanik presio handiko gasbidetik eta Mungia elektrizitatez hornitzeko erabiltzen den hoditeriarik gertu dagoela.

Eraiki nahi den instalazioarentzako kokaleku alternatiboak aipatzen zituen Irene Bilbao Aguirre andreak aurkeztutako alegazioei dagokienez, adierazi du, proposamenak aztertu eta gero, bakar batek ere ez dituela betetzen Mungiako hornidura-puntu berriaren helburua lortzeko baldintza teknikoak.

Proposamen alternatibo horiek, gainera, beste arazo larriago batzuk eragingo lituzkete.

Egun existitzen den presio ertaineko sare-zatia kentzea ez da bideragarria, hori baita Mungiako udalerria gasez hornitzeko gasbide nagusia eta horri lotu nahi baitzaio eraiki nahi den instalazioa, helburu nagusia hornidura bermatzea izanik.

Onartu egin da alegaziogilearen lursail barruan proiektatutako instalazioaren kokalekua aldatzea.

Hona hemen ebazpen honen

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak du espediente hau ebazteko eskumena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan organo horren esku utzitako eskumenetako bat delako (2013ko apirilaren 24ko EHAA).

Bi.– Gasa banatzeko sareak eraiki aurretik administrazio-baimena eskatu beharra honako hauetan dago xedatuta: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/98 Legea (1998ko urriaren 8ko BOE); Gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua (2002ko abenduaren 31ko BOE); uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua (2006ko irailaren 4ko BOE); ekainaren 9ko 107/1998 Dekretua (1998ko ekainaren 26ko EHAA) eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren 2014ko maiatzaren 5eko Instrukzioa.

Hiru.– Urriaren 7ko 34/98 Legeak adierazten du onura publikokoak direla hodi bidez gas-erregaia banatzeko IV. tituluan aipatzen diren instalazioak.

Lau.– Trazadura aldatzeko eskabidean adierazi diren alegazioak aztertzean kontuan hartu behar da baliagarritasunak eta onura publikoak banakoen interesaren gainetik duten lehentasuna, eta haiek haztatzean instalazioaren segurtasun-baldintzak ahalik eta onenak izatea eta trazaduraren arrazionaltasuna lehenetsi behar dira.

Bost.– Azaldutakoa eta Naturgas Energia Distribución, S.A.U.k emandako erantzunak kontuan hartuta, ez da egokia instalazioaren trazadura aldatzea 069 poligonoko 020 eta 023 lursailetan. Izan ere, horrela lursail horien gaineko eragina handiagoa izango litzateke, eta berdin geratuko litzateke BI-MU-001 lursaila, presio handiko eta ertaineko sareen zortasunaren eraginpean baitago orain, kontuan izanik instalazio honekin eragina ahalik eta gutxien handituko dela, zortasun berririk eragin gabe edo proiektuaren norainokoa areagotu gabe.

Alegaziogilearen jabetzakoa den BI-MU-001 lursailean proiektatutako instalazioari dagokionez, onartu egiten da kokalekuaren aldaketa, salbu eta lurra behar bezain finkaturik ez badago.

Sei.– Espedientea izapidetzean eta horren edukian egiaztaturik dago bete egiten direla indarreko legerian eta aplikatu beharreko gainontzeko legeetan ezarritako baldintzak eta betekizunak.

Hortaz, adierazitako legeak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak aztertuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Bat.– Naturgas Energia Distribución, S.A.U. sozietatearen «Mungiako sarea – Elortza Errota eta Konexioen Erregularizazio eta Neurketa Estazioa (ENE)» izeneko proiektuari dagozkion presio ertaineko gas naturaleko instalazioak baimentzea, Mungian, Elortza Errotako ENE ezartzeko eta gas naturala A presio handian eta B presio ertainean banatzeko sareen konexioak instalatzeko, ezaugarri hauekin:

Erregulazio- eta neurketa-estazioaren gehieneko sarrera-presioa 16 kg/cm2-koa izango da, eta gehieneko irteera-presioa 5 kg/cm2-koa, eta katastroko 007 poligonoan eraikiko da, 036 lursailean, Mungian.

Sarrerako konexioa: «Arrietako Sarea III» izeneko presio handiko gasbidetik ENEren sarrerara artekoa, 20 metroko luzerakoa, altzairuzkoa, 4« Ø API – 5L Gr B (DN1 100 mm, 4» Ø).

Irteerako konexioa: ENEren irteeratik B presio ertaineko banaketa-sarera artekoa, 15 metroko luzerakoa, polietilenozkoa, PE 100 – SDR 17,5 DN 200.

Deskribatutako instalazioen aurrekontua 96.045,70 eurokoa da.

Sarearen ibilbidea eta ezaugarriak aurkeztutako proiektuaren memorian eta planoetan eta dokumentazio teknikoan azaltzen dira.

Bi.– Zehazkiago, baimentzen diren instalazioak onura publikokoak direla adieraztea. Adierazpen horrek inplizituki dakar, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren arabera (1998ko urriaren 8ko BOE), ondasunak okupatzeko edo eraginpeko eskubideak eskuratzeko beharra eta, horrenbestez, horiek premiaz okupatzeko beharra, Jabetza nahitaez kentzeko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. atalaren ondorioetarako.

Instalazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

Jabari osoa, hala behar duten lur gaineko instalazio finkoetan.

Bide-zor iraunkorra sarean: 4 metroko zabalerako lur-zerrenda (2 metro hodiaren ardatzaren alde bakoitzean). Hor kokatuko dira gasa garraiatzeko beharrezko hodiak, lurperatuta, bai eta horietatik igaro daitezkeen telekomunikazio-linea eta ekipamendu guztiak ere, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko 34/1998 Legearen 19. xedapen gehigarriaren babespean, eta jabariko muga hauek bete beharko dira bertan:

1.– Zortasun iraunkorreko gunean, debekatuta egongo da 50 cm baino gehiagoko sakoneran goldatzeko lanak eta antzekoak egitea.

2.– Instalazioak mantentzeko behar diren langileentzako eta ekipoentzako sarbide librea; eragindako kalteak ordaindu beharko dituzte, halakorik eginez gero.

Debekatu egiten da ezein obra edo egintza burutzea, instalazioen funtzionamendu egokiari kalte egin edo hura trabatu dezakeena, trazaduraren alde banatan, ardatzetik 2 metrotik beherako distantzian.

Obrak egiteko, eremu batzuk behin-behinean okupatu beharko dira, eta haietan dauden oztopo guztiak kendu. Finka bakoitzean eremu horiek zeintzuk izango diren agertzen da lursailen planoetan, eta eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatz eta banakatuan.

Hiru.– Naturgas Energia Distribución, S.A.U.k, 2 hilabete igaro baino lehen, 1.920,91 euroko (mila bederatziehun eta hogei euro eta laurogeita hamaika zentimo) fidantza jarriko du, baimen honen bidez berretsitako konpromisotik sortzen zaizkion eginkizunak beteko dituela bermatzeko, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluak dioenarekin bat etorriz. Fidantza hori Euskadiko Gordailuen Kontu Nagusian jarriko da, dirutan, estatuko baloreetan, banku-abalen bidez uztailaren 21eko 1775/67 Dekretuaren 11. artikuluko 3. lerroaldean xedatutakoaren arabera edo aseguru-kontratu baten bidez. Azken aukera horren kasuan, aseguru-kontratua ematen duten aseguru-etxeek 1954ko abenduaren 16ko Legearen eta aseguru pribatua antolatzeari buruzko abuztuaren 2ko 33/1984 Legearen menpe eta Espainia EEEri atxikitzeko Itunaren ondoriozko konpromisoak egokitzeari buruzko ekainaren 6ko 1255/1986 Errege Dekretu Legegilearen menpe egon beharko dute. Instalazioak baimendu eta horiek eraikitzeko baimenean ezarritako epeetan eraiki ondoren eta, halaber, lurralde-organo eskudunek haiek martxan jartzeko akta edo aktak formalizatu ondoren, Naturgas Energia Distribución, S.A.U.ri fidantza itzuliko zaio.

Lau.– Baimentzen diren instalazioak «Mungiako sarea – Elortza Errota eta Konexioen Erregularizazio eta Neurketa Estazioa (ENE)» izeneko proiektuan zehaztutako irizpideen, arauen eta erregelamenduen arabera egin beharko dira. Proiektu hori Angel Casas Bachiller industria-ingeniariak sinatua da eta Madrilgo Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak onetsi zuen 2016ko otsailaren 11n, 201600464 zenbakiarekin.

Bost.– Lanak egiteko behar diren udalen, probintzien edo besteren eskumeneko baimenak edo lizentziak eta gainerakoenak eragotzi barik eta horiek gorabehera ematen da baimen hau, eta ez du salbuesten eskatzailea haiek eskuratzeko obligaziotik.

Sei.– Indarrean diren xedapenen arabera instalazioetan egin behar diren azterketa, entsegu eta proba partzialak edo orokorrak aldez aurretik eta idatziz jakinarazi beharko dizkio enpresa baimendunak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari behar adinako aurrerapenarekin.

Zazpi.– Baimen honen xede diren instalazioak martxan jartzeko akta eskuratzeko, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan honako agiri hauek aurkeztu behar dira: obra zuzendaritzako ziurtagiriak; proben aktak, baimen grafikoak eta tarteko diren erakundeen baimenak dituztela; eta As-Built planoak, gas-sarea non dagoen eta sarea beste zerbitzuekin non gurutzatzen den zehazten dutenak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 4/1999 Legean ezarritakoa betez. Lege horren bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 19a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala