Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2016ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4709

92/2016 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat giza eskubideak eta botere publikoak Katedra sortu, garatu eta bultzatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lankidetza-hitzarmena hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat giza eskubideak eta botere publikoak Katedra sortu, garatu eta bultzatzeko dena; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 21EKO 92/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA UNIVERSIDAD DEL PAIS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, UPV/EHUKO GIZA ESKUBIDEAK ETA BOTERE PUBLIKOAK KATEDRA SORTU, GARATU ETA BULTZATZEKO DENA

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 20a.

BILDURIK:

Alde batetik, Jonan Fernández Erdozia jn., Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkaritzaz, Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren 19ko bileran emandako baimena duena hitzarmen hau izenpetzeko.

Bestetik, Iñaki Goirizelaia Ordorika jn., Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU, aurrerantzean) errektorea, erakunde horren izenean eta ordezkaritzaz, UPV/EHUren Estatutuek aitortzen dizkioten eskumenak erabilita.

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– UPV/EHU Zuzenbide Publikoko erakunde bat da, gizartearen zerbitzura diharduena, goi mailako irakaskuntza eskaintzen duena, irakaskuntzaren, ikerkuntzaren, ikasketaren eta kultura nahiz unibertsitate hedakuntzaren bitartez.

UPV/EHUren helburuen artean daude jakintza sortzea, kritikatzea eta transmititzea; euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberastea; gizarte horren garapen ekonomikoan eta ongizatean parte hartzea; unibertsitate zabalkuntza eta hedakuntza bultzatzea, bereziki bideratuak gizarte eta kultura desberdintasunak murriztera eta politika, kultura eta gizarte bizitzan modu egokiagoan parte hartzeko baldintzak sortzera; eta, bere Estatutuen arabera, bizikidetza demokratikoari ekarpena egitea eta euskal gizartearen garapen jasangarri eta bidezkoarekiko konpromisoa hartzea, terrorismo eta bortizkeria mota oro gaitzetsiz.

Bigarrena.– Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eginkizuna da bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzea, oinarritzat hartuta giza duintasuna eta giza eskubideekiko konpromisoa, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta UPV/EHU elkarlanean aritu dira hainbat egitasmotan, memoria, bakea eta bizikidetza politiken arloan, giza eskubideen egoera hobetzeko, egian sakontzeko, eta maila gorenera eramateko erreparazioren, justiziaren eta berriro ez gertatzeko bermearen estandarrak, giza eskubideen urraketa pairatu duten pertsonei dagokienez.

Bi erakundeek lankidetza esparru egonkor bat sortu nahi dute, gai hauetan dituzten helburuak hobeto garatu eta betetzeko, eta ekimen berriak abiarazi nahi dituzte, jardueren programa baten barnean.

UPV/EHUk, bere helburuak betetzeko, autonomiaz jokatuz eta bere Estatutuen eta lege esparruaren arabera, hainbat baliabide ditu: giza baliabideak (ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) eta baliabide materialak (instalazioak eta azpiegiturak). Bere aldetik, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarentzat, funtsezko apustu estrategikoa da erakunde egitura indartu eta zabaltzea, giza eskubideen kultura zabaltzeko, bizikidetzan sakontzeko eta bakea behin betiko eta era atzeraezinean sendotzeko. Eta arrazoi horregatik, zeregin horretan, funtsezkoa izango da UPV/EHUk egin dezakeen ekarpena, ez bakarrik elementu erreferente delako ezagutza adituaren sorkuntzan, baita duen gaitasunagatik ere giza eskubideen eragileen sarea indartu eta dinamizatzeko, eragile ofizial eta ez-ofizialak, tokikoak eta nazioartekoak.

Laugarrena.– Bi erakundeak bat datoz garrantzi berezia ematean erakunde egituran agente berri bat sartzeari, dinamizatzeko eta elkarlanean aritzeko eginkizuna izango duena, helburu jakin bati begira: gure erkidegoan giza eskubideen dibulgazioan eta aplikazioan lan egiten duen erakunde sarearen eraginkortasuna handitzea. Oso bereziki, erakundeek katedra bat sortu nahi dute UPV/EHUn, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren babesarekin, helburu nagusitzat izango duena «konexio agente» bat instituzionalizatzea, hiru mailatan:

● Lehenik, ezagutza aditua unibertsitatearen mundu akademikotik aterako duen agente gisa, gizarte eragileak eta gizarte zibila ahalduntzeko.

● Bigarrenik, botere publikoen behar eta eskaerekin ere bat egingo duen agente gisa, aldi berean Giza Eskubideen agenda publiko ofiziala proaktiboki bultzatzen lagunduko duena.

● Hirugarrenik, giza eskubideen sustapen, monitorizazio eta babeserako nazioarteko mekanismoekin lotura egingo duen agente gisa, Unesco Katedra gisa aitortua izateko borondatearekin.

Bosgarrena.– UPV/EHUren Estatutuetako 5. artikuluak eskumen hau aitortzen dio unibertsitateari: «irakaskuntzaren, ikaskuntzaren, ikerketaren eta unibertsitate hedakuntzaren oinarri izango diren egitura espezifikoak eratzea».

Eginkizun horiekin lotuta dago «UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen oinarrizko arautegia» (UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 16ko erabakia), unibertsitate katedrak sortu eta administratiboki kudeatzeko nahikoa gaitasun baduena.

Adierazitakoagatik guztiagatik, bi erakundeen arteko lankidetza gauzatzeko xedez, dokumentu honetan jasotzen den lankidetza hitzarmena sinatzea hitzartu dute, jarraian aipatzen diren klausulen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da lankidetza arautzea Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eta UPV/EHUren artean, UPV/EHUko Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Katedra sortu, garatu eta bultzatzeko.

Katedraren helburu nagusia izango da giza eskubideen kultura sustatzea euskal gizartean, nazioarteko komunitatearekin konektatuta, eta eginkizuntzat izango du bultzada ematea giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen eta oinarrizko eskubideen zabalkunde, dibulgazio eta kontzientziari, eta horiek guztiek euskal gizartean izan behar duten aplikazio handiago eta hobeari. Hori guztia, gainera, ikuspegi nagusi batetik: botere publikoetan eragin berezia izateko asmoa, sinergia, laguntza eta estimulu puntu gehigarri bat aurki dezaten katedran, giza eskubideetan oinarrituko den lan publiko biziago eta eraginkorragoa bati begira.

Beraz, katedra tresna bat izango da, sentsibilizazio, hedapen, ikerkuntza, proiekzio eta transferentzia jarduerak sustatzeko giza eskubideen, memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren arloan.

Gainera, elkarlana ahalbidetuko du nazioartean ospea duten adituekin, euskal gizartearen interes eta kezkekin estuki lotuta, baita inguruko eta munduko beste erakunde batzuekin ere.

Bigarrena.– Katedraren jarduerak.

Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Katedrak honako jarduera hauek egingo ditu hitzarmen honi lotuta:

● Era guztietako jarduerak sustatzea, bultzatzea eta hedatzea giza eskubideen ikerketa, gizarte proiekzio, sustapen eta aplikazio hobearekin lotuta.

● Truke eta lankidetza harremanak indartzea interes komuneko arloetan diharduten antolakuntza eta erakundeen artean; besteak beste, UNESCO Katedren Munduko Sarearekin eta giza eskubideen kontrol, monitorizazio eta sustapenerako nazioarteko mekanismoekin, unibertsalak nahiz eskualde mailakoak.

● Prestakuntza eta sentsibilizazioa bultzatzea katedraren jardun esparruan, bai eta hari lotuta egingo diren azterlan eta ikerlanetako emaitzen transferentzia eta zabalkundea ere.

● Laguntza eta babesa eskaintzea Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari katedraren jardun esparruan egiten dituen jardueretan.

Katedraren jarduera programak kontuan hartuko ditu Jarraipen Batzordearen erabakiak, eta UPV/EHUk izango du haren gaineko erantzukizuna.

Jarduera horiei esker, besteak beste, katedra erreferente bihurtuko da bere esparruan, eta UPV/EHUren garapenari lagunduko dio, unibertsitate ikertzailea izan dadin, mundura irekia, bere lurraldean eta kulturan sustraitua.

Hirugarrena.– UPV/EHUren konpromisoak.

Honako hauek dira UPV/EHUk hitzarmen honetan hartuko dituen konpromisoak:

● UPV/EHUko organo eskumendunak katedra sortzea onartzea.

● Lokal bat jartzea katedraren eskura Bizkaiko Campusean, egoitza izan dezan.

● Prestakuntza, ikerketa, zabalkunde eta sentsibilizazio jarduerak bultzatu eta egitea katedraren esparruan, adostuko diren jarduera planaren eta aurrekontuaren arabera.

● Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak katedrari eginiko ekarpenaren erabilera justifikatzea erakunde horren aurrean, ekarpen horri esker eginiko jardueren txosten bat aurkeztuta erreferentzia urtearen hurrengoan, apirila amaitu aurretik, baita proiektuaren kostuaren justifikazio memoria ekonomiko bat ere, fakturen eta beste egiaztagirien kopiekin.

● Informazioa ematea erakundeek Jarraipen Batzordean dituzten ordezkariei, eta ordezkari horiek gonbidatzea katedrak antolatuko dituen gizarteratze, sentsibilizazio eta zabalkunde ekintzetara.

● Euskarri digitalean helaraztea erakundeei katedrak sortutako argitalpen edo material guztien aleak.

Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Katedraren kanpo finantzaketa eteten bada, UPV/EHUk katedra bertan behera utzi ahal izango du.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak.

Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak konpromiso hauek izango ditu hitzarmen honi lotuta:

● Katedraren jardueren jarraipenean eta hitzarmenaren garapenean parte hartzea.

● Katedraren sustapenean eta garapenean parte hartzea, dagokion organoak onartutako zenbatekoarekin.

● Katedrak antolatuko dituen sentsibilizazio eta zabalkunde jardueretan laguntzea.

Gainera, bi erakundeak elkarlanean arituko dira eta beharrezko tramiteak egingo dituzte katedra UNESCO Katedratzat hartua izan dadin.

Bosgarrena.– Egoitza.

UPV/EHUren Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Katedraren egoitza Bizkaiko Campusean egongo da, eta gela eta areto egokiak utziko zaizkio, behar bezala funtziona dezan.

Gainera, katedrak bere atal birtuala izango du UPV/EHUk horretarako prestatuko duen webgunean.

Seigarrena.– Katedraren arduraduna.

Katedraren arduradunak bere gain hartuko du katedraren jarduerak sustatzeko eginkizuna, eta jardueren programaren exekuzioa zuzenduko du. Programa horren barnean, mintegiak eta jardunaldiak antolatuko dira, dibulgazio eta sentsibilizazio ekintzak, eta ikerketa proiektuak eta transferentzia jarduerak ere egingo dira katedraren jardun esparruan.

Katedraren arduraduna jardunean dagoen UPV/EHUko irakasle bat izango da, doktorea, unibertsitatearekin kontratu bidezko lotura egonkorra duena. Bere lanari dagokion arloan ospea izango duen pertsona izango da, eta ibilbide akademiko aipagarria izango du.

UPV/EHUko errektoreak izendatuko du pertsona hori, katedra garatzeko aurkeztuko duen proiektua aztertu ondoren, kontuan izanik Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren iritzia.

Katedraren arduradunak, ekitaldi bakoitzaren amaieran, egin diren jarduerei buruzko txosten bat egingo du, eta txosten hori bidaliko du katedra atxikita dagoen UPV/EHUko Errektoreordetzara eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusira.

Gainera, aurreko urteko kontuak helaraziko dizkio Jarraipen Batzordeari, onar ditzan, bai eta hurrengo ekitaldian egin beharreko jarduerak eta horien aurrekontua.

Zazpigarrena.– Jarraipen batzordea.

Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak eta UPV/EHUk Jarraipen Batzorde bat sortzea erabaki dute, hitzarmenaren helburuak betetzen direla ziurtatzeko.

UPV/EHUko eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko bina ordezkarik osatuko dute batzordea, eta haren buruzagitza txandakatu egingo da, sei hilabetetik behin, bi aldeen artean. Lehenengo batzordeburua Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko ordezkari bat izango da.

Katedraren arduradunak batzordearen bileretan parte hartuko du, ahotsarekin baina botorik gabe. Baldin eta katedrak UNESCO katedra akreditazioa lortzen badu, UNESCOko ordezkari batek ere parte hartu ahal izango du, ahotsarekin baina botorik gabe.

Jarraipen Batzordearen eginkizunak izango dira, besteak beste:

● Katedraren urteko jardueren programa onartzea, arduradunak proposatuta.

● Katedraren urteko aurrekontua onartzea, jardueren programarekin bat etorriko dena.

● Urteko aurrekontuaren exekuzioa onartzea.

● Katedraren jardueren eta batzordeak hartutako erabakien jarraipena egitea.

● Hitzarmen hau betetzeko beharrezkoa den beste edozein eginkizun, kontuan izanik aldeen interesak.

Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez. Batzordeburuak egingo ditu bilerarako deiak, eta urteko lehen hiruhilekoan gutxienez bilera bat egingo da, aurreko ekitaldiko kontu ematea eta hurrengo ekitaldiko jarduerak eta aurrekontua onartzeko. Nolanahi ere, aldeetako batek era justifikatuan eskatzen duen aldiro egingo dira bilerak.

Jarraipen Batzordearen ezaugarriak direla-eta, ezinbestekoa izango da hitzarmen hau sinatu duten bi erakundeen ordezkariak bilkuran egotea aurrekontua onartzeko, haren eraginkortasuna bermatzeari begira, erakundeetako batek deialdiarekin batera bidali zaion proposamena onartu eta onespen hori bilkuraren aurretik idatziz adierazten duenean izan ezik.

Zortzigarrena.– Aholkularitza batzordea.

Katedraren Jarraipen Batzordeak beste batzorde bat eratu ahal izango du, aholkularitza lanak egiteko. Aholkularitza batzorde horretan, katedraren sustapenean parte hartu nahi duten erakundeek eta partikularrek parte hartu ahal izango dute. Katedraren batzordeko kideetako batek proposatu beharko ditu kide horiek, eta ezinbestekoa izango da aho batezko erabakia haien izendapenerako.

Aholkularitza batzordearen eginkizunak izango dira, besteak beste, katedra sustatzen lagunduko duten jarduerak proposatzea katedraren batzordeari eta haren arduradunari, baita Jarraipen Batzordeak esleitzen dizkionak ere.

Bederatzigarrena.– Aldeen ekarpenak.

Katedra finantzatzeko, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren ekarpen ekonomikoak eta UPV/EHUren ekarpen ez-ekonomikoak erabiliko dira oinarrizko baliabide gisa. Gainera, aurreikusitako jardueren esparruan, kanpo finantzazio iturrietatik lortu ahal izango dira ere diru laguntzak.

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren ekarpenak

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak 37.500 euro bideratuko ditu gehienez hitzarmen honetako jarduerak egiteko, 16.0.1.01.31.0000.3.454.99.46210.018.T aurrekontu sailetik hartuak.

Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren ekarpen ekonomikoa bateragarria izango da beste diru laguntza, laguntza, sarrera edo helburu bereko baliabideekin, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik iritsitakoak, estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak, baldin eta ez bada gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua, albo batera utzi gabe horren inguruan beste diru laguntzak arautzen dituzten araudiek ezar dezaketena.

UPV/EHUren ekarpenak

UPV/EHUk lokal bat prestatuko du katedrak erabili dezan, etorkizuneko premien arabera handitu ahal izango dena, toki erabilgarririk egonez gero.

Horrez gainera, katedraren funtzionamenduari lagunduko dio unibertsitateko langileen laguntzaz, eta bere gain hartuko ditu jarduerak aurrera eramateko erabiliko diren lokalen, azpiegituren eta unibertsitate zerbitzuen mantentze gastuak.

Hamargarrena.– Ordaintzeko era.

Asmoa izanik beti UPV/EHUk finantzazio aurreratua izatea bere jarduerak egin ahal izateko, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak jarri beharreko kopurua (bederatzi klausulan aipatzen dena) hitzarmen hau izenpetu eta jardueren plana onartu ondoren abonatuko da.

Hamaikagarrena.– Justifikazioa.

Hitzarmen honi lotutako diru ekarpenak justifikatu egin beharko dira katedraren Jarraipen Batzordeak ontzat eman ondoren egindako jarduerak. Era berean, aldez aurretik justifikatu beharko zaizkio Sailari ekitaldiko gastuak, honako agiri hauek aurkeztuta:

1.– Hitzarmenean jasotako jarduerak egin izana eta lortutako emaitzak justifikatuko dituen txosten akademiko edo jardun memoria, proiektuan eginiko urratsak azalduko dituena.

2.– Eginiko jardueren kostuaren txosten ekonomikoa. Honako hauek edukiko ditu:

● Hitzarmenaren helburuak betetzeko eginiko gastuen justifikazio memoria, eta zerrenda sailkatu bat (excel formatuan), hartzekodun, kopuru, emisio data eta, hala badagokio, ordainketa datarekin, gastu bakoitzaren oinarri dokumentuaren erreferentziarekin. Oinarri dokumentua izango da faktura bat edo merkataritza-lege trafikoan froga balio baliokidea duen edo eraginkortasun administratiboa duen agiri bat.

● Jarduerak finantzatzeko jaso diren beste diru sarrera edo laguntzen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Unibertsitateak jasotzen dituen diru laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru horren bidez aurrera eramango diren jardueren kostua, berak bakarrik edo estatukoak zein nazioartekoak diren beste erakunde publiko edo pribatu batzuen diru laguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideekin batera.

Hamabigarrena.– Publizitatea eta hedapena.

Katedrak, UPV/EHUko nortasun juridikorik gabeko entitate izanik, unibertsitatearen erakunde irudia erabiliko du unibertsitate jardueraren komunikazio guztietan eta sortutako jakintza zabaltzeko ekimen guztietan, eta UPV/EHUren erakunde irudiaren ikusgarritasuna bermatuko du, haren eskuliburuan azaltzen den moduan. Ekoizpen zientifikoari dagokionez, aitortu eta jasota geldituko da lan horietan aritu diren ikerlari guztien partaidetza, eta legez zer erakundetakoak diren. Katedrak, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere erakunde irudiari dagokionez ezarriko dituen irizpideak errespetatuko ditu.

Katedrak egiten dituen ekitaldi eta jarduera guztietan, UPV/EHUren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren logotipoak agertuko dira, antzeko neurri eta adierazgarritasunarekin, katedraren erakunde sustatzaile gisa, beste entitate edo erakunde laguntzaile batzuen logotipoak ere ager litezkeela baztertu gabe.

Hamahirugarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den unetik aurrera egongo da indarrean, 2016ko abenduaren 31 arte.

Hitzarmena luzatu ahal izango da, aldeek hala erabakita, baldin eta aurrekontu baliabiderik badago eta dagozkion baimenak lortzen badira.

Hamalaugarrena.– Izaera eta interpretazioa.

Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta berau interpretatu eta garatuko da administrazio zuzenbidearen arabera.

Edonola ere, hitzarmen honetan xedatuta ez dagoen guztirako UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen oinarrizko arautegia aplikatuko da.

Hamabosgarrena.– Suntsiaraztea.

Hitzarmen hau suntsiaraziko da aldeetako batek betetzen ez duenean; halakoetan, beste aldea jakinaren gainean jarri beharko da, idatziz, gutxien dela hilabete lehenago.

Hitzarmen honetan jasotako klausulak edo indarreko legedian jasotzen diren izaera bereko beste batzuk ez betetzea hitzarmena baliogabetzeko arrazoia izango da berori izenpetzen duten aldeentzat.

Nolanahi ere, denuntzia jakinarazten den unean hasita dauden jarduerak bukatzeko konpromisoa hartzen dute bi aldeek.

Hitzarmena interpretatu, aldatu edo baliogabetzean eta bere ondorioak aztertzean gerta daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardurapekoak izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 8.3 artikuluan adierazitakoaz bat.

Hamaseigarrena.– Aldaketak.

Hitzarmen honetan edozein aldaketa egiteko, horren berri eman beharko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta UPV/EHUri, ontzat eman dezaten. Ondoren, bi erakundeetako organo eskumendunek onartu beharko dute aldaketa.

Eta aurreko guztiarekin ados daudela erakusteko, alde biek hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik, Iñaki Goirizelaia Ordorika. Errektorea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik, Jonan Fernández Erdozia. Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia.


Azterketa dokumentala