Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2016ko azaroaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

GETXOKO LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO 5 ZENBAKIKO ZUZENEKO LAGUNTZA EMATEKO UNITATE PROZESALA
4624

EDIKTUA, adostasunik gabeko banantzeari buruz bideratutako 213/2015 prozeduraren ondoriozkoa.

Getxoko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 5 zenbakiko Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesala.

Judizioa: 213/2015 adostasunik gabeko banantzea.

Demandatzailea: Luz Teran Baigorria.

Abokatua: Luis Alberto Otxoa de la Peña.

Prokuradorea: Paula Martinez de Pancorbo Sanchez.

Demandatua: Erwin Zurita Osinaga.

Gaia: adostasunik gabeko banantzea.

Aipatutako judizioan, 145/2016 epaia eman da 2016-09-26an, eta honela dio xedapen-zatiak:

III. EPAITZA

Baietsi egiten dut Luz Terán Baigorriaren izenean eta haren ordezkari gisa epaitegietako prokuradore Paula Martínez de Pancorbo Sánchezek Erwin Zurita Osinagaren aurka aurkeztutako demanda, eta, beraz, ezkontideen banantzea deklaratzen dut, horrek dakartzan legezko ondorio guztiekin, eta, zehatz-mehatz, honako ondorio hauekin (ez da sortutako kostuei buruzko berariazko deklaraziorik egiten):

1.– Senar-emazteek osatutako ezkontza desegitea erabakitzen dut, ezkontzako bizikidetza-presuntzioa amaituz.

2.– Ezkontideek elkarri emandako baimenak eta ahalak errebokaturik deklaratzen ditut, eta, hartarako hitzarmenik ez badago, etxe-ahalaz baliatuaz beste ezkontidearen ondasun pribatiboak lotetsi ahal izateko aukera bertan behera uzten da.

3.– Guraso biak baliatuko dira guraso-ahalaz, Kode Zibilaren 156. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– XXXXX alaba adingabekoaren zaintza eta jagoletza Luz Terán Bigorriari ematen zaizkio.

5.– Aitaren aldeko (Erwin Zurita Osinaga) bisita-erregimena ezartzen da, eta, beraz, modu honetan egon ahal izango da alabarekin batera:

A) Bi astebururik behin, ostiraletik (17:00etatik) igandera arte (20:00etara arte); eta aste barruko arratsalde batean, 17:00etatik 19:00etara, aita alabarekin ez dagoen asteburuari dagokion astean.

B) Era berean, Gabonetako eta Aste Santuko oporraldiaren erdia alabarekin egongo da; urte bikoitietan, lehenengo erdia, eta urte bakoitietan, berriz, bigarren erdia. Halaber, hilabete egongo da udan; urte bikoitietan, uztailean, eta urte bakoitietan, berriz, abuztuan.

C) Berariaz erabakitzen da aitaren bisita batean ere ezin izango dela aita Espainiatik irten alabarekin, amaren edo eskumena duen epailearen berariazko baimena eduki ezean.

6.– Elkarrekin duten alabaren aldeko mantenu-pentsio gisa, aitaren kargura (Erwin Zurita Osinaga) honako hau ezartzen da: lanagatik jasotzen dituen diru-sarrera garbien % 25, aurreratuta eta hilaren lehenengo bost egunetan ordainduta, amak, adingabearen jagoletza baitauka, horretarako adierazten duen kontu korrontean. Diru-kopuru hori urtero eguneratuko da Estatistika Institutu Nazionalak ezarritako KPIren edo indize hori ordezten duen indizearen aldaketen arabera.

7.– Guraso biek erdibana ordainduko dituzte alabak behar dituen ezohiko gastuak, aldez aurretik komenigarriak edo beharrezkoak diren adostu ondoren. Hurrengo hilabetean ordaindu beharko ditu aitak gastu horiek, lehen aipatutako banku-kontuan.

8.– Konpentsazio-pentsiorik gabe.

9.– Ez da ezer esaten familiako etxebizitzaren eta gauzen erabilera eta gozamenari buruz.

10.– Ez da ezer esaten kostuei buruz; horrela, bada, alderdi bakoitzak erdibana ordainduko ditu prozesuko gastuak eta gastu komunak.

Jakinaraz bekio ebazpen hau dagokion Erregistro Zibilaren arduradunari, erabaki den banantzea inskribatu dezan.

Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegiari zuzendutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta zein diren apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santander banketxean duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (Kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Erwin Zurita Osinaga demandatuaren egungo helbidea ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (PZLb).

Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatuak, zeina auzi-ihesean baitago.

Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskuragarri du interesdunak, auzitegi honetako bulego judizialean.

Getxo (Bizkaia), 2016ko irailaren 26a.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala