Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2016ko azaroaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4618

AGINDUA, 2016ko urriaren 19koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, kulturartekotasuna sustatzeko programak, ikasle etorkini zuzendutakoak, eta ikasle sartu berrien artean hizkuntza indartzeko programak garatzeko diru-laguntzetarako deialdia egiteko dena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila jakitun da ezen hezkuntza egokitu egin behar dela kultura anitzeko ingurunera; eta, hortaz, kulturarteko hezkuntza-eredu bat garatu nahi du, zeinetan helburu izango dira euskal hezkuntza-sieteman berdintasuna eta aniztasuna errespetatzea. Kultura-aniztasuna funtsezkoa da, baldin eta kulturarteko gizarteak eratu nahi badira.

Berriki iritsi diren ikasleak hezkuntza-sisteman sartzea erraztu nahi bada, hezkuntza-sistemak kontuan izan behar du hizkuntza ofizialetan komunikazio-gaitasuna hobetzea, eta bai ikastetxeetan kulturartekotasuna sustatzeko programak ezartzea ere.

Ikasle iritsi berrientzako dira hizkuntza indartzeko programak, baldin eta EAEko hizkuntzak jakiteari dagokionez komunikazio-zailtasunak badituzte eta, ondorioz, hizkuntza indartzeko plan bat behar badute. Hori dela-eta, berriki iritsitako ikasleak izateari lotu dago laguntza, nahiz eta ikastetxe bakoitzeko bekadun ikasleen portzentajeak modulatuko duen haren kalkulua, betiere ikastetxeen errealitate kontuan hartzearren.

Kulturartekotasuna dinamizatzeko programaren helburua da ikastetxeetan, kultura-aniztasunari dagokionez, jarduera hobetzea eta hausnarketa-prozesua bat abiaraztea, edo, testuingurua transformatzeko prozesuetan badira ikastetxeak, bada, orduan, baliabideak operatiboki integratu eta optimizatzea. Programa honen helburua litzateke hura, baliabide arruntekin, ikastetxearen proiektu propioan integratzea, epe baten barruan.

Ikasturtean zehar, etengabe eta aleatorioki sartzen dira ikasle etorkinak; beraz, beharrezko eta geroratu ezin diren indartze-ekintzak hasi ditzaten ikastetxeek; deialdi honen bitartez eta ikastetxeei segurtasun juridikoa ematearren, babesa eman behar zaie halako ekintzei, eta hori dela-eta honako agindu honetan oinarritzen da: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan, 2016-2017 ikasturte gehienean zehar indarrean egon dadin.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretua kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa– xedatutakoaren arabera, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek diotenari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Ondoko helburuak dituzten diru-laguntzetarako oinarriak ezarri eta deialdia egitea: Ikastetxeetan kulturartekotasunaren ikuspegia koordinatzea, eta ikasle sartu berrien –EAEko hizkuntza ofizialak jakiteari dagokionez komunikatzeko zailtasunak dituztenen– artean hizkuntza indartzeko programak gauzatzea, betiere 2016-2017 ikasturtean zehar beharrezkoa bada hizkuntza indartzeko plan bat.

Honako hauek dira berriki sartu diren ikasleak: 2015eko urtarrilaren 1etk hara, unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza-sisteman lehen aldiz matrikulatu direnak, 2016-2017 ikasturtean diru-laguntzarako eskubide izateko beharrezko delarik 6 urtetik gorako izatea eta 18 urte bete gabe izatea epealdi horretan.

2.– Deialdi honen bitartez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, milioi bat bostehun eta hamazortzi mila (1.518.000) euro erabiliko dira.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Diru-laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena eman arteko izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko baliabide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek, eta, halaber, justifikazio-izapidea gauzatzeko; betiere, honako arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzekoan.

2.– Honako egoitza elektroniko honetan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/es/

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/misgestiones

3. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/es/

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daiteke honako ikastetxe pribatuak: Lehen Hezkuntza, edo/eta Bigarren Hezkuntzak unitate itunduak dituztenak eta, halaber, udalaren titulartasuneko ikastetxe pribatuak, Oinarrizko Lanbide Heziketa ematearren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailetik diru-laguntzak jasotzen dituztenak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturik badaude eta 7. artikuluan zehaztu jarduerak –diruz lagun daitezkeenak– burutzen badituzte.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten obligazioak beteak izatea.

2.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

– Diru-laguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan azaldutako egoeraren batean daudenek.

– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratibo edo penalik dutenek, eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenek ere, batez ere, sexu bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren argitan.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste laguntza batzuen esparruan horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak hauek eman edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.

6. artikulua.– Eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.

1.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.

– Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren ildotik.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozedura bukatuta izan beharko da.

– Eskaera egin duen erakundeak edo pertsonak egunean izan behar ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Erakunde eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

7. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Honako hauek lagun daitezke diruz:

a) Linea bateko edo gehiagoko lehen hezkuntzako edo/eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako hezkuntza-itunen ikastetxe titularretan, kultuartekotasuna sustatzeko programak prestatu, zuzendu eta kudeatzeko burututako jarduerak; nolanahi ere, eskabideak egiteko epea amaitzen denean 6 urtetik 16 urtera bitarteko ikasleen matrikulan, etorkinen portzentajea % 17tik gorako bada; kanpoan geratzen direlarik hiru urtetan edo luzaroago baliabide hori erabili dutenak.

Proposamen guztietan erabili beharko da ikuspegi inklusiboa, hau da, ikastetxeko ekintza-plan baten barruan egongo da, ikasle eta irakasle guztiei zuzendutakoa izango da, beste eragile batzuek (familiartekoek, talde sozialek,...) parte hartzeko eta kolaboratzeko aukerarekin, eta eskola-arrakasta eta -errendimendua hobetzeko helburu orokorrari lotuta.

b) Berrikitan sartu diren ikasleen hizkuntza indartzeko ekintzekin osatutako jarduerak.

2.– Diru-laguntza jasotzeko eskubide izateko, gorago paragrafoan jasotako ekintzak honako irakasleek egingo dituzte: irakasleek indarrean dagoen araudian eskatzen den titulazioa izan behar dute Lehen edo/eta Bigarren Hezkuntzan euskara irakasteko, eta, irakaskuntza hori emateko ardura izateaz gain, programazio didaktikoa egiteko ardura ere izango dute, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak aintzat hartuta.

a) Kulturartekotasuna sustatzeko programei dagokienez, honako funtzio hauek egingo dituzte:

– Ikastetxean, ikasgeletan eta erabiltzen diren materialetan eta baliabideetan eskola-elkartea osatzen duten kultura guztiak kontuan har daitezen lan egitea, protagonisten ekarpenak bereziki baloratuz.

– Etorkinei eta gutxiengo etnikoetakoak diren ikasleei hezkuntza-arreta ohiko gelan emateko aukera eta integrazioa erraztuko duten estrategiei, prozedurei eta baliabideei buruzko irakaskuntza-esperientziak biltzea, eta irakasleekin lankidetzan aritzea horrelako proiektuak martxan jartzeko.

– Laguntza ematea harrera-plan bat diseinatzeko, martxan jartzeko, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Ikasle guztiak eta haien familiak hezkuntza-sistemako kide izatea izango da planaren helburua.

– Zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikastetxea familiengana hurbiltzeko, ikasle etorri berrien familiengana bereziki, eta familia horiek eskola-elkartean parte hartzera bultzatzeko.

– Zuzendaritza-taldearekin lankidetzan jardutea ikastetxerako prestakuntza-plan bat sortzeko. Planak errealitate berria aintzat hartuko du, hau da, iritsi berri diren ikasleak daudela.

– Ikastetxeko proiektuetako gainerako arduradunekin koordinatzeko guneak eta denborak ezartzea. Baliabideak bildu eta errentagarri bihurtu behar dira, lehentasunezko jardunbideak ezarri, eta lankidetzazko jarraipena egin.

b) Hasi berriak diren ikasleen hizkuntza-gaitasunak indartzeko programei dagokienez, gauzatu beharreko ekintzek, oro har, honako hauek dakartzate:

– Hizkuntza indartzeko gelako programazioa egitea, betiere ikasleen beharretara egokituta.

– Banakako esku-hartze plan bat egitea ikasle horientzat, tutorearen laguntzarekin.

– Irakaskuntza antolatzea, hizkuntza indartzeko:

○ Ikasleak ezagutzea.

○ Ikasgela antolatzea.

○ Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.

○ Hezkuntza-errefortzu egokia ematea.

– Hizkuntza indartzeko irakasleek, ikasle etorri berrien tutoreekin batera, eginkizun hauek beteko dituzte:

○ Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesu bat ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan hori gauzatzearen jarraipena egiteko.

○ Iritsi berri diren ikasleen harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak gara ditzaten laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.

○ Ikasleen aurrerapenen eta ikaskuntzen ebaluazioan parte hartzea.

○ Materialak eta edukiak egokitzea.

– Halaber, eskola-elkarteko kide diren heinean, hizkuntza indartzeko irakasleek gainerako irakasleekin batera beteko dituzte honako funtzio hauek:

○ Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.

○ Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia sartzeko jarduerak diseinatzea.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Hizkuntza indartzeko:

– Hizkuntza indartzeko programen deskripzioa (Formulario normalizatua: – Hizkuntza indartzeko`programen deskripzioa. I. eranskina) ikastetxean garatzea, honako hauek zehaztuz:

○ Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten ordainsari indibidualen zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

○ Parte hartzen duten ikasleen izen-abizenak, maila eta jatorrizko herrialdea.

○ Programaren programazio didaktikoa; besteak beste, honakoak jasoz: hizkuntza indartzea noiz ezarriko den, ordutegiak, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak.

– Eskola Kontseiluaren edo ikastetxeko organo eskudunaren ziurtagiria.

– Diru-laguntzaren helburu den programan inplikatutako irakasle espezializatuen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko dokumentu mota (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua) adieraziko dira, eta bai zein prozeduratan aurkeztu ziren ere.

b) Kulturartekotasuna sutatzeko programetarako:

– Kulturartekotasuna sutatzeko programaren deskripzioa (Formulario normalizatua: Kulturartekotasuna sutatzeko programaren deskripzioa. II. eranskina) ikastetxean garatu nahi dena, honako eskema honekin bat etorriz:

○ Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten ordainsari indibidualen zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

○ Ikastetxearen hasierako egoera.

○ Garatu beharreko proiektuaren plangintza:

▪ 2016-2017 ikasturterako proposatutako helburuak.

▪ Jarduerak eta beren denboralizazioa.

▪ Ebaluazioa eta lorpenen adierazleak.

– Kulturartekotasuna sustatzeko ardura duten irakasleen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jada Administrazioak eduki. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko dokumentu mota (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua) adieraziko dira, eta bai zein prozeduratan aurkeztu ziren ere.

– Izendatutako pertsona dinamizatzailearen konpromisoa, berorrek sinatua, eta konpromiso horretan honako hauek sartzen dira: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskatu ezkero, daukan esperientzia konpartitzea, eta berariaz antolatzen den hasierako eta etengabeko prestakuntzan parte hartzea (Formulario normalizatua: Pertsona dinamizatzailearen konpromisoa. III. eranskina).

– Iazko ikasturtean ikastetxeak kulturartekotasuna sustatzeko programa gauzatzeko diru-laguntza jaso bazuen, ikasturte horri dagokion memoria soilik erantsi beharko du, eskema honi jarraituz:

○ Gauzatutako proiektuaren deskribapena, honako alderdi hauek aintzat hartuta:

▪ Gauzatutako jarduera nagusiak.

▪ Proiektua aplikatzearen ondorioz, curriculumarekin edota ikastetxearen antolaketarekin zerikusia duten hitzarmen nagusiak, halakorik balego.

▪ Proiektua garatzean gertatutako jazoerak, halakorik balego.

▪ Garrantzizkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

○ Helburuak zenbateraino lortu diren. Proiektuan zehaztutako helburu bakoitzaren analisia, eta helburu hori lortu den balioestea. Helbururen bat lortu ez bada, horretan eragin duten arrazoiak aipatuko dira.

○ Parte hartu duten aholkularien ekarpenen balioespena, halakorik balego.

○ Parte-hartzaileen partaidetza- eta inplikazio-mailaren balioespena, eta garatutako edukiek eta hitzartutako akordioek zer aplikazio izango duten benetan.

○ Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten ordainsari gordinen zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

○ Ondorioak eta jarraipen-proposamenak.

2.– Agiriak eta inprimakiak aurkezteko jarraibideak honako egoitza elektroniko honetan egongo dira eskuragarri: euskadi.eus. URL https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/es/

3.– Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, Hizkuntza Indartzeak eta Kulturartekotasuna izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea, hain justu ere kulturartekotasuna sustatzeko programak, ikasle etorkinei zuzendutakoak, garatzeko; hasi berri diren ikasleen hizkuntza indartzeko, eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri emateko.

Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

10. artikulua.– Balioespena.

1.– Lurraldeetako Eskolatze-Batzordeek kulturartekotasun-programaren arduradunari bidaliko dizkio jasotako eskabideak, zehazki, kultuartekotasuna sustatzeko programari dagozkionak, eta arduradun horrek egiztatu egingo du 7. artikuluan aurreikusitakoari egokitzen diren ala ez, eta, halaber, egiaztatuko ditu koordinatzailearen identitatea eta titulazioa. Balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko dio ikastetxeari diru-laguntza esleitu diezaiola.

2.– Eskabideak egiteko epea amaitzean, kasu bakoitzean eskudun diren Lurraldeetako Eskolatze-Batzordeek adierazi beharko dute hasi berri diren ikasleak zenbat diren. Hasi berri diren ikasleentzako hizkuntza indartzeko programari dagozkion eskabideak, 7. artikuluan aurreikusitakoari egokitzen diren ala ez egiaztatu beharko du, eta balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko dio ikastetxeari diru-laguntza esleitu diezaiola.

3.– Hasi berri diren ikasle kopurua, goragoko paragrafoan aipatu, eguneratu egingo dute ofizioz kasu bakoitzean eskudun diren Lurraldeetako Eskolatze-Batzordeek, 2017ko urtarrilaren 31an eskura dituzten datuekin.

4.– 4. artikuluan zehaztu mailei dagokienez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kalkulatuko du beka duten ikasleen portzentajea, hain zuzen ere eskabideak egiteko epea amaitzean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Estatistika Zerbitzuan diren datuekin.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Kulturartekotasuna sustatzeko programak gauzatzeko, ikastetxe bakoitzak jaso ahal izango duen diru-laguntzaren zenbatekoa 17.460 eurokoa izango da.

2.– Hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko, ikastetxe bakoitzak jaso ahal izango duen diru-laguntzaren zenbatekoa formula honako formula honen bitartez kalkulatuko da:

Laguntza = IHB*700*(1+ bekadun ikasleak %)

Adibidez: Ikastetxe batek 10 IHB baditu eta bekadun ikasleak % 20 badira, jasoko ditu 10*700*(1+0,20)=8.400 €. Beste ikastetxe batek IHB kopuru berdina badu eta bekadun ikasleak % 80,19 badira, laguntza izango da 10*700*(1+0,8019)=12.613,30 €.

3.– Ikasle hasi berri 1 edo 2 bakarrik dituzten ikastetxeek ez dute jasoko diru-laguntzarik.

4.– Irizpide horiek aplikatu ondoren eman beharreko laguntzetan ateratzen den guztizko kopurua 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, onuradun bakoitzari kalkulatu zaizkion zenbatekoak proportzioan murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara egokitu arte.

5.– Diru-laguntza, guztira, ez da inolaz ere izango ikastetxeak aurkeztutako aurrekontua edo benetan egindako gastuak baino handiagoa. Aurrekontua txikiagoa bada, aurrekontu horren balioak jarriko du diru-laguntzaren muga. Azkenean justifikaturiko gastuak txikiagoak badira, ebazpena aldatu egingo da, eta ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekoari egokituko zaio.

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.

13. artikulua.– Bekak kudeatzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena, emateko proposatzen dituen diru-laguntzak adieraziz, eta zehaztuz erakunde onuradunen identitatea, emango diren zenbatekoak, eta ukatzeko proposatzen dituenak, kasu horretan adierazi beharko dira eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko izan diren motiboak.

2.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpena emango du, non zehaztuko diren emandako diru-laguntzak, erakunde onuradunen identitatea eta emandako zenbatekoak adieraziz, eta, orobat, ukatutako diru-laguntzak, kasu horretan adierazi beharko dira eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko izan diren motiboak.

3.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatuta. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da ebazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

4.– Aipatutako epea pasa ondoren, aurreko paragrafoan ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaera atzera bota dela interpretatu ahal izango dute, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharraren kaltetan izan gabe.

5.– Deialdiko diru-laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena bera jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

B) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Ikastetxean garatzen diren programei dagokienez, eskatzen zaien informazio ematea Hezkuntzako Ikuskatzailetzari.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz.

e) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu izana ere.

2.– Erregistraturik egon ezean edo dauden datuak aldatu nahi izanez gero, erakunde interesdunak izapide hori bide elektronikotik egin ahal izango du URL honetan: http:// www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 80ekoa, deialdia ebatzi ostean, agindu honen 15.a) artikuluan aipatu epea amaituta gero, betiere uko egiterik izan ez bada.

b) Ondorengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, diru-laguntzaren likidazioa egingo da. Ateratzen den guztizko emaitzari –inoiz ez da ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino handiagoa izango– kendu egingo zaio lehen ordainketaren zenbatekoa, eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatu egingo da.

2.– Diruz lagundutako ikastetxeek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte, leku honetan http://www.euskadi.eus/misgestiones:

a) Hizkuntza indartzeko garatutako programa bakoitzaren memoria deskriptiboa, formulario normalizatuekin bat datorrena: Justifikazio Memoria (IV. eranskina) eta parte hartu duten ikasleen zerrenda (V. eranskina); besteak beste, espezifikatuz arreta eman zaien ikasleak, inplikatutako irakasleak, irakasle bakoitzak zenbat ordu eman dituen irakasten, guztira zenbat ordutan egin den lan eta erdietsitako emaitzak.

b) Orobat, ondoko memoria sartu edo bidali beharko du:

– Hizkuntza indartzeko programetako pertsonal-gastuen ziurtagiria, normalizatutako formularioarekin bat datorrena: errefortzuko irakasleen kostuaren ziurtagiria (VI. eranskina), zeinetan jaso diren, bana-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Kulturartekotasuna sustatzeko programan diru-laguntzarik jaso bada: pertsonal-gastuen ziurtagiria, normalizatutako formularioarekin bat datorrena. Kulturartekotasuneko irakasleen kostuen ziurtagiria (VII. eranskina), zeinetan jaso diren, bana-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Eskola Kontseiluaren adostasun-ziurtagiria.

– Aipatu langileei dagozkien Gizarte Segurantzako ordainketen justifikazio-agiriak -TCak edo baliokideak-, langile horien lan-egoeraren froga gisa.

Artikulu honetan aipatu eredu normalizatuak egoitza elektroniko honetan daude: euskadi.eus. URL https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/es/

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubideari eutsiz bermatuko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren.

16. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.

1.– Diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ondorengo kasu hauetan itzuli egin beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. paragrafoan jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Diru-laguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.

– Justifikatzen ez bada diru-laguntza erabili dela eman zeneko helburu zehatzetarako.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatzen bada, eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, diru-laguntza eman duen ebazpena aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan jasotzen dena betetzearren, agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 19a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
IKASTETXEAN GARATZEN DIREN HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMEN DESKRIBAPENA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKASTETXEAN, KULTURARTEKOTASUNA SUSTATZEKO GARATZEN DEN PROGRAMAREN DESKRIBAPENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PERTSONA DINAMIZATZAILEAREN KONPROMISOA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO MEMORIA – HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMAK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
2016-2017 KURTSOAN, HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMETAN PARTE HARTU DUTEN IKASLEEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
IRAKASLEEN KOSTUAREN ZIURTAGIRIA – HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMAK
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
IRAKASLEEN KOSTUAREN ZIURTAGIRIA – KULTURARTEKOTASUNA SUSTATZEKO PROGRAMAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala