Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2016ko urriaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4597

AGINDUA, 2016ko urriaren 31koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Unibertsitatea-Enpresa ekintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko 2017-2018ko deialdia egiten duena.

Ekoizpen-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; euskal unibertsitateak eta eragile zientifiko-teknologikoek, berriz, ahalmen zientifiko eta tekniko handia dute ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, baina ekoizpen-inguruneak ez du hori behar adina aprobetxatzen.

Berrikuntza-prozesuak, arazo zehatzak ebazteko asmoz ezagutza zientifikoak eta teknikoak erabili eta aplikatzeko prozesua den aldetik, jadanik ez dio jarraitzen ohiko eskema linealari, zeinetan oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura pasatzen baita eta bertatik garapen teknologikora, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuan amaitzeko; aitzitik, era askotako loturetan oinarritutako dinamika berri bati eutsi dio.

Berrikuntza teknologikoa industria-ekoizpeneko enpresetan nabarmendu ohi bada ere, modu askotariko eragileen arteko elkarrekintza ugarien emaitza da: ikerketa teknologikorako zentroak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, ETEak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, herri-administrazioak eta abar.

Berrikuntza, beraz, elkarrekintzazko eredu baten emaitza da eta bertan gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie eragileen arteko elkarrekintzei eta, gaur egungo egoeran, haien arteko harreman- eta truke-mekanismoak sortzeari. Horrek berekin dakar tartean sartutako eragileen kulturak eta estrategiak aldatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemak badu hutsune bat, unibertsitateen eta inguruko eragile zientifiko-teknologiko eta ekoizpen-enpresen arteko elkarrekintzari dagokionez. Agindu honen bitartez, sailak unibertsitateko teknologia-taldeen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen –deialdiaren ondorioetarako, erakunde laguntzaile esango diegu– eta teknologia-berrikuntzan interesa duten industria-enpresen arteko lankidetza sustatu nahi du. Lehenengoen eta azkenekoen parte-hartzea derrigorrezkoa izaki agindu honetan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) erakunde laguntzaileen parte-hartzea indartu eta bultzatu nahi da deialdi honetan.

Horrenbestez, deialdi honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema indartzea da, unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa-taldeen eta ekoizpen-inguruneko enpresen arteko elkarrekintza ahalbidetuta, enpresentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu edo teknologikorako proiektuen bitartez. Proiektu horiek, hain zuzen, unibertsitatetik enpresarako teknologi transferentzia ekarriko dute, edota prozesuen edo produktuen mailan helburu berritzaileak gauzatzea.

Asmoa da, ahal den neurrian, parte hartzen duten ikerketa-taldeetan enpresetako eta unibertsitate eta teknologi-zentroetako teknikariek parte hartzea, eta proiektuen helburuak produktu edo prozesu berritzaileak lortzera bideratzea, aurrelehiakortasunaren edo lehiakortasunaren mailan, aipatutako lehentasunekin bat etorriz enpresek haiekiko interes handia baitute. Halaber, proiektu horiek garatuko dituzten ikerketa-taldeetan doktoreak sartzea ere balioetsiko da, haien laneratzea ez ezik, unibertsitatearen, ikerketa-erakundeen eta enpresen arteko lankidetza ere bultzatzearren; hartara, talentua ekoizpen-sarean txertatzea sustatuko da, sarearen lehiakortasuna areagotzeko.

Deialdia egin duen sailak elkarrekintza hori sustatuko du proiektuen zuzeneko kostuaren zati handi bat finantzatuz; enpresek ere aipatutako finantziazioan parte hartu beharko dute, ikerketa-proiektuarekiko duten interes teknologikoaren arabera.

Era berean, agindu honetan, Zientzia eta Teknologiako Euskadi 2020 Planean bildutako estrategiak aintzat hartu dira; izan ere, Planak koherentzia lortu nahi du Europa 2020 Estrategiak zehaztutako helburu estrategikoekin; horrela, ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatuko dira, ezagutzan oinarrituta egongo direnak, modu jasangarrian hazteko gai izango direnak eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai izango direnak.

Herri Administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, betiere honako xedapen hauetan ezarritako baldintza administratiboei jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean; 38/2003 Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan, eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenetan.

Deialdi hau baliabide elektronikoz izapidetuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoaren babesean.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretua (2013ko apirilaren 24ko 78 zenbakidun EHAA) kontuan izanik.

Horrenbestez, oinarri hartzen dut Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa. Hala, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

1.– Deialdi honen xedea laguntza ekonomikoak ematea da, ikerketa-proiektuak egiteko, betiere proiektu horien helburua izanik ezagutza unibertsitatetik enpresetara eramatea, enpresa horientzat interesgarriak diren arloetan. Unibertsitate-taldeak garatu behar ditu proiektuak, enpresako langileek ere parte hartuta; aukeran, erakunde laguntzaileetako ikertzaileek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute, eskudirutan egindako ekarpenarekin. Diru hori ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahalko da. Horretarako, lankidetza-hitzarmena izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 16.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzetarako, 283.578 euro erabiliko dira. Zenbateko hori EAEko aurrekontu orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-ataletik aterako da.

3. artikulua.– Deialdian parte har dezaketen erakundeak.

1.– Euskal Herriko Unibertsitatea izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateak izan daitezke diru-laguntzaren onuradun, baldin eta 6. artikuluaren arabera eratutako ikertzaile-taldeak badituzte plantillan.

2.– Enpresa, diru-laguntzaren zuzeneko onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da. Alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar baitute, eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak bere «know-how»-aren barruan sartuz erabili egin beharko ditu, eta bai ustiatu ere, unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean jasotakoaren arabera.

3.– Enpresa parte-hartzaileek eskabidean parte hartu beharra dute, eta ezin izango dute jaso diru- laguntzaren parterik, ez zuzenen ez zeharka; beraz, proiektuaren esparruan, enpresa horiek ezingo dute kontraturik egin unibertsitate onuradunarenarekin lanak egiteko, ez eta, hornigairik saldu edo geldialdi teknikoengatik kobratu ere. Haatik, enpresak, eskudirutan egindako ekarpen ekonomikoak egiteaz gainera, honako hauek ipini beharko ditu: proiektuaren helburuak lortu ahal izateko behar diren baliabide humanoak, teknikoak eta materialak, enpresak proiektuaren emaitzekin duen interesaren adierazgarri.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean kreditatutako eragileak ez dira enpresatzat joko kasu horretan.

4.– Deialdi honetan, eskabidean erakunde partaidekidetzat hartuko dira, halakorik badago, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan adierazten den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (aurrerantzean ZTBES) Erregistroan kreditatutako eragileak, hain zuzen ere, honako kategoria hauetan:

● Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak.

● Teknologia-zentroak.

● Ikerketa Kooperatiboko zentroak (IKZ).

Deialdi honetan, eskabidea aurkezteko epea amaitzen den egunean erregistro horretan aipatutako kategorietan erregistratuta dauden erakundeak baino ez dira onartuko erakunde partaidekidetzat.

Erakunde partaidekideak ezingo dira izan deialdi honetako laguntzaren onuradun, nahiz eta enpresaren ordainketetatik kobratu ahal izango duten, zehazki 1.2 artikuluaren arabera dagokien ordainsarien zatia.

5.– Ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde partaide izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen ez dituztenak.

4. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuak urteko batetik bi urteko osora bitarte betearazteko eskaera egin ahal izango da, eta azken urtearen ondoren lau hilabeteko epealdi osagarri bat izango dute bukatzeko eta 16. artikuluan deskribatutako amaierako txosten zientifikoa eta gastuen egiaztagiriak aurkezteko.

2.– Deialdiaren ondorioetarako, 2017ko ekitaldian hasiko dira proiektuak garatzen; hots, 13.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, emandako diru-laguntza onartzen denean. Bestalde, aurreikusitako eta onartutako epean gauzatu beharko da proiektua,, eta, betiere, administrazio-jarduketak 2019ko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko dira.

3.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek I. eranskinean aipatzen diren printzipioak errespetatu beharko dituzte.

4.– Eskabidean partaide diren erakundeetariko bakoitzean garatu beharko dira ikerketa-jarduerak.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

1.– Diruz laguntzeko moduko kontzeptutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.

Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den proiektuaren aurrekontua epigrafeetan eta urtekoen arabera egituratu eta justifikatuko da, deialdi honetan laguntzaren xede izan daitezkeen honako kontzeptu hauen arabera:

a) Laguntzaileak.

Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

a.1.– Doktore ez diren langileak.

Laguntzaileen kontzeptupean, lanaldi osoagatik –hau da, urtean 1.600 ordu sartzeagatik– 18.200 euroko diru-laguntza jaso ahal izango da laguntzaile beraren lehenengo eta bigarren urteetarako. Proiektuan aritzeko lanaldia laburragoa izanez gero, kopurua urtekako lanaldi horren arabera kalkulatuko da, proportzioan.

Lizentziaduna, industria-ingeniaria, arkitektoa edo ingeniari teknikoa izan beharko du laguntzaileak; ezingo da deialdian batera parte hartzen duten erakundeen plantillakoa izan; ezin izango du beketatik edo beste ikerketa-proiektu batzuei emandako diru-laguntzetatik ordainketarik jaso, ez soldatarik, ez bestelako diru-sarrera publiko edo pribaturik. Gainera, urtebete baino gehiago eman beharko du proiektuan lanean.

a.2.– Doktore diren langileak.

Doktore diren laguntzaileen lanaldi osoagatik – hau da, urtean 1.600 ordu sartzeagatik– urteko bakoitzeko 37.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango da. Proiektuan aritzeko lanaldia laburragoa izanez gero, kopurua urtekako lanaldi horren arabera kalkulatuko da, proportzioan.

Laguntzaileak doktore titulua izan beharko du; ezin du beketatik edo beste ikerketa-proiektu batzuei emandako diru-laguntzetatik ez dirurik, ez soldatarik, ez bestelako diru-sarrera publiko edo pribaturik jaso; horretaz gain, proiektuan gutxienez urtebetez egon beharko du.

b) Material inbentariagarria.

Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak urteko 18.000 euro baino gutxiago balio beharko du, BEZik gabe, eta unibertsitate onuradunaren inbentarioan jasota egongo da, harik eta proiektua amaitu arte, 4. artikuluan deskribatu bezala, eta, nolanahi ere, eskuratzen denetik gutxienez bi urtez. Deialdi honetatik kanpo daude esplizituki altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

c) Material suntsikorra.

Mugarik gabe ordainduko da, baina behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada. Ez da sartuko bulegoko material orokorraren finantzaketa.

d) Bidaiak.

Proiektuaren jardunak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, eta ikerketa-taldeko pertsona bakar batentzat.

e) Bestelako gastuak.

Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak ere finantzatu ahal izango dira, betiere finantzatutako urteko aurrekontuaren % 5eko balioa badute, gehienez, eta proiektuaren helburuak garatzeko beharrezkoak direla justifikatzen bada.

3.– Ez dira inola ere aintzat hartuko ez deialdi honen ebazpenaren aurretik egindako gastuak, ez 4. artikuluan adierazitako gauzatzeko aldia amaitu ondoren egindakoak.

4.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

6. artikulua.– Eskabidean ageri diren erakundeetako ikertzaileen betekizunak.

1.– Nahitaez bete beharreko betekizuna da Unibertsitate onuradunetako bateko ikertzaile-talde batek eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duen enpresa batek, gutxienez, parte hartzea proiektuan. Aukerakoa izango da partaideek parte-hartzea, 3.4 artikuluari jarraituz.

2.– Eskabidean, unibertsitate bakoitzak diru-laguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldeko ikertzaile guzti-guztien zerrenda aurkeztu behar du; ikertzaile horiek kontratua izan beharko dute eskabidean parte hartzen duen erakunderen batekin. Proiektuak irauten duen bitartean, ikerketa-taldea gutxienez hiru lagunek osatuko dute, honela:

a) Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusia; doktore-titulua izan behar du.

b) Ikertzaileak; doktore-titulua edo lizentziatura, arkitektura nahiz ingeniaritza edo unibertsitateko gradua izan beharko dute. Erakunde parte-hartzaile bakoitzean baldintza hori betetzen duen lagun bat, gutxienez, egon beharko du, eta erakundearen plantillakoa izan beharko du.

c) Enpresetakoak diren pertsonak; programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua izan beharko dute, eta ezingo dira izan aurreko lerrokadetan adierazitako kategorietakoak.

3.– Sinatutako adierazpen baten bitartez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak honako hau adierazi beharko du eskabidean: deialdi honetan eskatutako proiektua garatuko den urteetarako eman edo eskatu diren beste proiektu batzuetan zenbat orduko konpromisoa hartua duen; gainera, pertsona bakoitzaren lanaldi osoa gehienez 1.600 ordu/urtea dela aintzat hartuta, proiektu honetan esleitutako eta konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu izan beharko ditu libre.

4.– Erakunde parte-hartzaileek kontratatu beharko dituzte ikertzaileak deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta kontratuaren iraupenak eta lanaldiak, gutxienez, proiektuan izango duen parte-hartzean aurreikusitakoaren berdina izan beharko dute. Ikertzaile nagusiak kontratua izan beharko du unibertsitate eskatzailearekin, gutxienez, proiektuaren iraupen osoari dagokion aldirako; aldi horretan sartzen dira betearazteko fasea eta 4.1 artikuluan zehaztutako lau hilabeteko aldi osagarria.

5.– Ikertzaileak obra baterako kontratatu badira, obraren iraupenari eta, hala badagokio, kontratuaren balizko luzapenari buruzko frogagiriak aurkeztu beharko ditu, bai eta enpresaren adierazpen bat ere, kontratuaren xede den obrak dakarren ordu-dedikazioa zehaztuta; adierazpen horretan, lanaldi osoa gehienez 1.600 ordu/urtean dela aintzat hartuta, proiektu honetan konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu badituela adierazi beharko du argi eta garbi.

6.– Doktorego-tesia egiteko kontratatutako pertsonak (prestatzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera) finantzatzen duen organismoaren izendapena aurkeztu beharko du, finantzaketa-aldi osoa adierazita. Horrez gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu eskain diezazkion azaltzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du –bere doktorego-tesiaren proiektuarekin bateragarria izan behar du–, bai eta tesiaren eta proiektuko jardueraren arteko gainjartze-ehunekoa eta tesia zer zentrotan egin behar duen ere. Prestakuntzan diharduen doktoratu aurreko ikertzaile bakar batek parte hartu ahal izango du proiektu-eskaera bakoitzean.

7.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxikita badaude, erakunde horretako langileak direla ulertuko da.

8.– Ikertzaileak ezin izango du parte hartu deialdi honetako eskabide bat baino gehiagotan. Eskaera batean baino gehiagotan aurkezten bada, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio.

Ezingo dute deialdi honetan parte hartu aurreko deialdietan finantzatutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileek, baldin eta, eskabidea aurkeztu den egunean, proiektu horietan jarduten segitzen badute bukatu gabeko obligazioak dituztelako –salbu eta ustiaketa-txostenak egitea eta emaitzak argitaratzea. Finantzatutako proiektu bat onartutako amaiera-data baino lehen bertan behera uzten bada, parte hartu duten ikertzaileek ezingo dute proiektu berritan parte hartu, harik eta proiektu hori onartu zen unean aurreikusitako amaiera-data bete arte. Gorabehera horiek dituzten proiektuen eskaerak ukatu egingo dira.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu.

Datuak aipatu gabe uzteak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du, kasua larria bada.

2.– Eskabidea agindu honen I. eranskinarekin bat etorriz bete beharko da. Eskabide-inprimakia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/uni-enpresa/y22-izapide/eu/

Eskabidea egiteko, bi urrats hauek egin beharko dira:

Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusiak alta hartu beharko du aplikazioaren erabiltzaile gisa, lehendik erabiltzaile ez bada; edo bestela, ziurtagiri elektroniko pertsonalaren (adibidez, NAN elektronikoaren) bitartez saioa hasi beharko du, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die, eskabidea oso-osorik bete arte.

Ondoren, eskaera aipatutako aplikazioan bete ondoren, eta agindu honen II. eranskinean zehaztutako agiri atxikiak gehitu ondoren, unibertsitateak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du, eta erregistratuta geldituko da. Hala egin ezean, ez da erregistratuta geldituko. Horretarako, unibertsitate eskatzaileak erakundearen txartela eduki beharko du eskabidea elektronikoki sinatzeko edo, bestela, legezko ordezkariak alta hartuta egon beharko du edo alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien erregistro elektronikoan, esteka honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak (Agindua, 2012ko abenduaren 14koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena).

3.– Parte hartzen duten beste ikertzaileek beren NANaren edo AIZren zenbakia jarri beharko dute eskabidean; hori eginez gero, deialdia kudeatzen duen erakundeari baimena ematen diote, egoki iritziz gero, nortasun-datuak dagokion administrazioan egiaztatu, ziurtatu edo alderatzeko, dela baliabide elektronikoen bitartez, dela eskura dauden bestelako baliabideen bitartez.

4.– Eskaerak honako erantzukizunpeko deklarazio hauek barne hartu beharko ditu: batetik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen den deklarazioa, eta, bestetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatutako erantzukizunpeko deklarazioa –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura–, bai eta diru-laguntzetatik eratorritako betebeharrak betetzen direla adierazten duen deklarazioa eta I. eranskinean jasotako printzipio bioetikoak errespetatuko direla adierazten duen deklarazioa ere.

5.– Unibertsitateak, diru-laguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, baimena emango dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak betetzen dituen.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epe bat adieraziko duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebaztea eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Diru-laguntzaren eskabidea oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, hamar egun balioduneko epea emango zaie erakunde eskatzaileei, akatsak zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko. Epea horretan zuzenketarik egiten ez badute, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, betiere Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/es/) argitaratuko da akatsak zuzentzeko jakinarazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaltzea, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

10. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzordea honako hauek osatuko dute: Zientzia Politikarako zuzendaria, lehendakaria izango dena; Unibertsitateetako zuzendaria, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari bat.

Batzordeak, ebaluazioa behar bezala egiteko, eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkio Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalari (ANEP). Ebaluazio Batzordeak deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta aipatu agentziak egindako txosten teknikoak bateratuko ditu.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak ondoko irizpideak izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera antolatzeko aplikatuko baititu:

(Ikus .PDF)

2.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren III. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzeko aspektuen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.

Puntuazioan berdinketarik egonez gero, 2. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat lehendabizi, eta, berdinketak jarraitzen badu, 6. irizpidearen araberakoa, 11.1 artikuluko irizpide-zerrenda betez.

12. artikulua.– Onartutako aurrekontua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, eta proiektuaren iraupen osoari dagozkionak izango dira. Horretarako, ebaluazio-batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren.

2.– Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskabideak bakarrik finantza daitezke.

3.– Onartutako aurrekontuak kontuan hartuko ditu 5. artikuluan ezarritako kontzeptuak; bestalde, onartutako aurrekontu hori honelaxe zehaztuko da: eskabidean planteatu eta behar bezala egiaztatutako beharren –onartutako kofinantzaketak barnean hartuta– eta ANEPen gomendioen arabera. Urteka banatuko da diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

4.– Diru-laguntzak esleitzeko, balorazio-fasean proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren araberako lehentasun-ordenari jarraituko zaio; onartutako aurrekontuaren arabera emango dira laguntzak, betiere 2. eta 5. artikuluen arabera horretara bideratutako kreditu erabilgarria agortu arte.

13. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.

1.– Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari helaraziko dio ebazpen-proposamena, eta sailburuordeak esleipenak egin edo, ahal badagokio, ukatuko diren edo kanpoan utziko diren eskabideak zehaztuko ditu, ebazpen bakar eta arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri interesdunei emango zaie.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

– Ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuradunak.

– Parte hartzen duten enpresen izenak edo helbideak.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Unibertsitate onuradun bakoitzari proiektua garatuko den urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa.

3.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da ebazpena (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/es/), eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaltzea, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabideak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira. Ebazteko epe hori eten ahal izango da, ebaluazioak irauten duen bitartean, baina gehienez bi hilabeteko etenaldia izango da, betiere Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 artikuluan aurreikusitako jarraikiz.

5.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza elektronikoan (9.2 artikulua) ebazpena argitaratzen denetik harako 10 egun naturaleko epean erakunde onuradunak ez badu egiten uko berariazkorik, diru-laguntza onartu egiten duela ulertuko da. Ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen, halaber, 15.5 artikuluan zehaztutako epeak –gastua gauzatzekoak– eta 16. artikuluan zehaztutakoak –diru-laguntzaren erabileraren jarraipena egitekoak.

14. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzaz beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Onuradun eta parte-hartzaile diren unibertsitate bakoitzari igorriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoa.

2–. Urteari dagokion kopurua aurretik ordainduko da, betearazpen-faseko urte bakoitzean. Lehenengo urteari dagokion ordainketa 13.5 artikuluan deskribatutako onartzeko aldia igaro ostean egingo da, eta enpresaren hitzarmena eta ordainagiria jasotakoan (16.3 artikulua). Bigarren urteari dagozkion ordainketa aurreratuak egin ahal izateko, aurreko urteari dagokion urteko txostena aurkeztu beharko da, eta diru-laguntzaren kontsumoak eta helburuen betetze-maila behar bezala justifikatu beharko dira, betiere onartutako proiektuaren planean aurreikusitakoari jarraiki.

Proiektua burutzeko azken urtea denean, diru-laguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urteko bigarren ordainketa –gainerako % 25a– 4.1 artikuluaren arabera erakunde onuradunak dagokion dokumentazio guztia –Aginduaren 16. artikuluko 4., 5. eta 6. zenbakietan xedatuta dago– aurkezteko duen aldi osagarria igarotakoan egingo da, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak oniritzia eman beharko dio.

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren.

4.– Unibertsitate onuradunak egunean izan beharko ditu zergak-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta diru-laguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak, hala ezarrita baitago Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan.

16. artikulua.– Proiektuaren garapenari jarraipena egiteko dokumentuak.

Diru-laguntza 13.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, gauzatzeko fasea hasiko da, baita jarraipena egitekoa ere. Horretarako, erakunde onuradunak honako agiri hauek entregatu beharko ditu zehaztutako epeetan, bide telematiko bidezko aplikazioa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoa jarrita:

1.– Laguntzaileen kontratua: diru-laguntzean laguntzaileak kontratatzeko zuzkidurarik egonez gero, laguntzaileari buruzko proposamena helarazi beharko da, honako hauek zehaztuta: identitatea, ibilbide akademikoa eta kontratuarekiko bateragarritasuna. Organo kudeatzaileak proposamen hori onartu ondoren, laguntzailea erakunde onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, eta, han, parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua jaso beharko dira, bai eta haren egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da izan ebazpenaren argitalpen-eguna baino lehenagokoa, eta kontraturako aurreikusitako iraunaldiaren lehen sei hilabeteetan aurkeztu beharko da. Kontzeptu horrengatik esleitutako diru-laguntza ez bada deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100ekoa eta ez badu kontratuaren kostu guztia estaltzen, laguntzaileek beste eginkizun batzuk egin ahal izango dituzte erakundean, harik eta eurei dagokien dedikazioa bete arte.

2.– Erakunde parte-hartzaileen arteko hitzarmen eta enpresaren ordainketa: lankidetza-hitzarmena izenpetu beharko da unibertsitate onuradunaren, enpresa parte-hartzaile(ar)en eta, halakorik bada, erakunde laguntzaileen artean, Transferentzia Teknologikorako Erakunde baten bitartez (hala nola: BTBak, Unibertsitate-Enpresa Fundazioa, Estrategia Teknologikorako Unitatea edo beste batzuk). Hitzarmen horretan honako hauek jaso beharko dira: ekonomia-harremanak; ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren; proiektuaren emaitzen jabea, erabilera eta baliatzea zein izango diren; eta deialdiari dagokionez enpresak/enpresek bere egin ditu(zt)en obligazioak.

Ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita gehienez hilabeteko epean, Zientzia Politikarako Zuzendaritzan honako hauek aurkeztu beharko dira: sinatutako Hitzarmena eta enpresaren ordainketaren egiaztagiria; diru-laguntzaren lehen ordainketa egiteko aldez aurretik bete beharreko baldintza izango da.

3.– Urteko txostena: 15.2 artikuluan aurreikusitako 2. edo ondorengo ordainketak baino lehen aurkeztu beharko da nahitaez. Unibertsitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, proiektua betearazteko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko du Zientzia Politikarako Zuzendaritzan. Honako datu hauek jasoko dira txosten horretan: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak eta diru-laguntzatik gastatu den kopuruaren estimazioa.

4.– Gastua egiaztatzea: proiektua betearazteko azken urtea amaitu ondoko segidako bi hilabeteko epean, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, unibertsitate onuradunak egindako gastu guztiaren ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektu beraren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du.

5.– Amaierako txosten zientifikoa: nahitaezkoa da azken urteko diru-kopurua ordaintzeko. Proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabaltze- eta jendarteratze-jarduerak.

6.– Argitalpenak: proiektuaren emaitzak argitara eman badira liburuetan, monografietan, artikuluetan, doktore-tesietan, lizentziatura-tesinetan, kongresuetarako komunikazioetan eta abar, edo, emaitzen eraginez, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar sortzen badira, halakoetan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa utzi beharko da jasota, proiektuaren kodea ere aipatuz. Argitalepenen kopia bat helarazi beharko zaio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari.

7.– Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketaren bidez lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; hartarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta, han, proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Proiektua amaitu ondorengo urtearen amaieran, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta, han, zera adierazi beharko du: emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, zer patente burutu duen eta zenbateko irabaziak lortu dituen.

8.– Enpresaren legezko ordezkariak sinatuta bidali beharko dira txostenok, eta, halaber, unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoa izan beharko dute.

9.– Txosten horiek egiteko inprimaki elektronikoak bide telematikoz eskuratu ahal izango dira.

10.– Urteko txostenen, amaierako txosten zientifikoaren eta egindako argitalpenen gaineko ebaluazio zientifikoa egin ahal izango da. Dagokion ezagutza-alorrean ospe eta ebaluazio-esperientzia aitortua duten ikertzaileak aritu daitezke ebaluazio horietan. Ebaluazio negatiboa dela eta, proiektua garatu den modua ebazpen- eta ebaluazio-prozesuan onartutako eta eskabidean proposatutako lan-planarekin eta helburuekin bat ez datorrela ondorioztatzen bada, 19.2.3 artikuluan xedatutakoa beteko da.

17. artikulua.– Diru-laguntza gauzatzeko baldintzak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako xedapen hauetan ezarritako eginbeharrak bete beharko dituzte; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako egoeretako batean daudenak.

1.– Ikerketa-taldeko kideek egindako gastuek bat etorri beharko dute 12.4 artikuluan onartu eta zehaztutako aurrekontuarekin eta agindu honetan ezarritakoarekin. Proiektuaren diru-laguntzari egotzitako gastu guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, eta aurrekontuaren arabera baimendutako jarduerak egiteko eta baimendutako pertsonentzat egin beharko dira gastuok; bestalde, faktura eta frogagiri egokien bidez egiaztatu beharko dira.

2.– Proiektuan proposatutako helburuak betetzeko erabili gabeko zenbateko osoei edo zatikakoei eta proiektuan proposatutako helburuak lortzeari dagokienez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketei dagokienez, abenduren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) xedatutakoari jarraituko zaio, eta bai Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakori ere.

3.– Jatorrizko fakturak unibertsitate onuradunean bertan artxibatu behar dira, eta erabilgarri egongo dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenetarako.

4.– Euren funtzioetan dihardutelarik Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak unibertsitate onuradunari informazioa eskatzen badiote, honek eman egin beharko die, baldin eta deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruzkoa bada delako informazioa.

5.– Proiektuaren azken urtea amaitzen den epealdian, ikerketa-proiektua burutzea eta, ondorioz, diru-laguntza agortzea galarazi duen arrazoirik gertatuz gero, ikertzaile nagusiak, unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari zera eskatu ahal izango dio: proiektua gauzatu eta kreditua agortu ahal izateko luzapena, gehienez ere sei hilabetekoa; hartarako, aipatu eskabidea egiteko arrazoiak behar bezala egiaztatu beharko ditu.

18. artikulua.– Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak.

19. artikulua.– Diru-laguntza itzuli behar izateko edo laguntzarako eskubidea galtzeko arrazoiak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

1.– Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen erregimena aplikatuko da, alegia, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa, horren bitartez onartu da-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, honako hauek diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo diru-laguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:

2.1.– Ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori erakunde onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

2.2.– Ikerketa proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

2.3.– Ikerketa proiektua proposatu diren helburuetatik eta onartutako epeetatik aldenduz garatzea, deialdia kudeatzen duen erakundearen baimena izan gabe.

2.4.– Taldeko kideek berek ikerketa-proiekturako ezarritako dedikazioa ez betetzea.

2.5.– Unibertsitate-taldearen eta enpresaren arteko lankidetza-harremanak desegitea edo haustea.

2.6.– Deialdi honetako oinarrien ez-betetze larria (osorik edo zati batean).

2.7.– Datuen ezkutaketa larria, haien aldaketa edo eske-idazkian edozein manipulazio egitea.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak–, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena «Ikerketa Proiektuak» izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen dena betetzearren, agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien jurisdikzioari, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 31.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
DEIALDIAN AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean –Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan– araututakoa bete behar dute.

Era berean, lege horri lotuta egongo dira: gizakien enbrioietan jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan –esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babeserako oinarrizko arauak jasotzen dituen horretan– ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean –laneko arriskuen prebentzioari buruzkoan– eta hori garatzen duten errege-dekretuetan ezarritakoari egokitu beharko dira, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

II. ERANSKINA

1.– Eskabidean honako informazio hau jasotzen da:

a) Unibertsitate eskatzailearen identitatea, sinadura digitalaren bitartez; eta ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren zenbakiaren bitartez. Enpresak eta beste entitateak, hala badagokio, IFZ dokumentua ekarri beharko dute.

b) Ikerketa-taldeak egin behar duen lan-planari buruzko informazioa; hala nola, helburuak, lanen banaketa eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.

c) Ikerketa-taldeak parte hartuko duen ikerketa-proiektu aktiboak edo eskabide-fasean dauden proiektuen identifikazioa, eskatutako proiektuaren garapenarekin bat etorrita; proiektu parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak proiektu horietarako izango duen ordu-dedikazioa; hala badagokio, beste erakunde batzuek kofinantzatutako proiektuei buruzko informazioa, baldin eta eskatutako proiektuaren eduki zientifikoan eta betearazteko aldian gainjarri egiten badira.

d) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren identifikazioa, NANaren edo AIZren bitartez; gainera, datu pertsonalak; titulazio akademikoa, kontratu mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

e) Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagun daitezkeen kontzeptuen arabera; eta kostu ekonomikoa, urteen arabera, 5. artikuluari jarraiki.

f) Kofinantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpena; diru-laguntzei eta laguntzei dagokienez, desgaitzen duen zehapen-prozedura, bai eta genero-diskriminazioarekin ere, 3.5 artikuluaren arabera; eta 4.3 artikuluan bete beharreko printzipio bioetikoei buruz xedatutakoa betetzen dela dioen adierazpena.

2.– Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau ere –bai teknikoa, bai administratiboa- aurkeztu beharko dira:

2.1.– Agiri teknikoak:

Agiri administratiboetatik berezituta, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, agiri teknikoek osatzen dute aurkezturiko proposamen zientifikoari ebaluazio teknikoa egiteko erabiliko den informazioa:

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituela:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta egungo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Proiektuaren interes orokorra.

– Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.

– Hipotesiak eta Helburu orokor eta operatiboak.

– Helburuei lotutako mugarriak. Lan-plana. Kronograma. Ikertzaileek atazei eskainitako dedikazioa.

– Mugarri bakoitzean erabilitako metodologia.

– Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Arduren banaketa.

– Ikerketa-taldearen esperientzia gaiari buruz.

– Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta atarramentua.

– Kofinantzaketaren deskribapena, hala badagokio.

– Eskatutako diru-laguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi zentro edo gehiagoren arteko lankidetza.

– Enpresak proiektuan izan duen parte-hartzea.

b) Ikerketa-taldeko ikertzaile bakoitzaren curriculum vitae laburtua (deialdiaren datatik azken sei urtei dagokiena). Ikertzaileak sinatu beharko du dokumentuaren orri bakoitza). Ezaugarri horiek dituzten dokumentuak bakarrik hartuko dira aintzat eta ez dituztenei akatsak zuzentzeko errekerimendua egingo zaie.

c) Hala badagokio, kofinantzatutako proiektuaren eskabidearen kopia.

d) Hala badagokio, kofinantzatutako proiektuaren ebazpenaren kopia (Kofinantzaketen kasuan, eskabidearekin batera kofinantzaketa-eskabidearen kopia dutenak baino ez dira aintzat hartuko, eta ebazpena eman aurretik organo kudeatzailean emakida-dokumentuaren kopia aurkeztu baldin bada; beraz, erakunde eskatzaileek, hala badagokie, arreta handia jarri beharko diote alderdi horri).

e) Hala badagokio, eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak.

f) Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+G ekintzak.

g) Proposamena ezaugarri teknikoen arabera ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

2.2.– Administrazio-dokumentazioa:

h) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2017-2018 aldian aktibo dituen proiektuei zenbat denbora eskainiko dien, kofinantzatutako proiektua barne, eta bakoitzak eskatutako proiektuari zenbat denbora eskainiko dion, 6.2 artikuluaren arabera.

i) Ikertzaile bakoitzak erakunde eskatzailearekin duen lan-kontratuaren kopia; kontratuaren hasierako eta amaiera data, iraupena eta urteko dedikazioa zehaztu behar ditu. Pertsona bat obra baterako kontratatu bada, obraren iraupenari eta, hala badagokio, kontratuaren balizko luzapenari buruzko frogagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta kontratuaren xede den obrak dakarren ordu-dedikazioa ere, 6.4 eta 6.5 artikuluen arabera.

j) Unibertsitate onuradunaren, enpresa parte-hartzailearen eta beste erakundearen (hala badagokio) laguntzailearen adierazpena; enpresak adierazi egin beharko du proiektuari zenbateko ekarpena egin dion.

k) Hala badagokio, unibertsitate eskatzaileari atxikitzeko dokumentua, betiere Ikerbasquek kontratatutakoa baldin bada, 6.7 artikuluaren arabera.

l) Hala badagokio, doktoretza aurreko beka emateko eta/edo izendatzeko dokumentua, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta beka aplikatzeko zentroarena, 6.6 artikuluaren arabera.

m) Hala badagokio, 3.2 artikuluan diru-laguntzak eta laguntzak jasotzeko desgaitzeei eta zehapenei buruz jasotakoarekin lotutako dokumentazioa.

n) Esleipen-irizpideen arabera proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala