Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2016ko urriaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4593

56/2016 EBAZPENA, urriaren 19koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea, «Euskara Eskura Txartela» deritzon egitaraua abian jartzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, «Euskara Eskura Txartela» deritzon egitaraua abian jartzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 19a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 19KO 56/2016 EBAZPENARENA
BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREKIN SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA, «EUSKARA ESKURA TXARTELA» DERITZON EGITARAUA ABIAN JARTZEKO.

Bilbon, 2016ko irailaren 13an.

BILDU DIRENAK

Alde batetik, Lorea Bilbao Ibarra andrea, ondore hauetarako helbidea Bilboko Rekalde Zumarkalea 30 zenbakian duena, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatua den aldetik.

Bestetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, ondore hauetarako helbidea Donostiako Vitoria-Gasteiz kaleko 3 atarian duena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta HABEren lehendakaria den aldetik.

PARTE HARTU DUTE:

Lehendabizikoak dihardu Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatu gisa; batetik, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen Hautapen, Antolaketa, Araubide eta Jardunbideari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru Arauaren bidez dagozkion ahalmenen arabera; eta, bestetik, Kulturako Foru Sailaren egitura organikoari buruzko araudian ezarritakoa garatzeko dagozkion eskumenen arabera (Bizkaiko Foru Aldundiaren martxoaren 8ko 42/2016 Foru Dekretuak onartu baitzuen araudi hori).

Bigarrenak dihardu HABE erakundearen izenean eta ordezkari gisa (IFK: Q 2040002 D), erakunde horretako lehendakaria baita.

Alderdiek, beren karguen berezko egitekoetan ari direla, erabateko gaitasuna aitortu diote elkarri lankidetza hitzarmen hau egiteko. Hori dela eta, hauxe

ADIERAZI DUTE:

Bat.– Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskara eta Kulturako Sailaren bitartez, kulturaren arloko hainbat jarduera eta egitarau antolatu eta sustatzen dituela, hainbat xedapenetan ezarritakoari jarraituz eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak 2012an eta 2013an eta Eusko Legebiltzarrak 2013an onetsi zuten Euskara Sustatzeko Ekintza Planak (ESEP) ezarritakoaren arabera. Horretara bada, Bizkaiko Foru Aldundiak beharrezkotzat jotzen du euskara ikasteko ahaleginetan ari direnei laguntzeko neurri egokiak hartzea, esan nahi baita, euskaraz edonoiz eta edonon aritu ahal izateko gaitasuna lortu arte bide horretan jarraitzeko gogoa pizteko lagungarriak izango diren neurriak.

Foru Erakundeak, halaber, euskara ikastearren ezer ordaindu beharrik ez izateko egin beharreko bidea jorratzen lagundu nahi duela, horrela, gainera, helduentzako euskararen irakaskuntzan dihardutenen sektorea indartuko dela.

Bi.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu zeneko azaroaren 25eko 29/1983 Legearekin bat etorriz, HABE erakundea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako izaera administratibodun Erakunde Autonomiaduna dela, bere nortasun juridikoa duena eta bere lanak burutzeko gaitasun osoa bere eskuetan daukana.

HABEren helbururik aipagarrienak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak emandako jarraibideen ildotik helduen euskalduntzea sustatzea dela, baita helduen euskalduntzearen alde lan egiten duten erakunde publiko zein pribatuekin plan zehatzak egiteko hitzarmenak izenpetzea ere.

Halaber, HABE erakundeak, lehen esandako Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kulturako Sailaren beharrizanei erantzuteko antolaketa eta beharrezko baliabideak dituela.

Hiru.– 2016ko ekitaldian lehen aldiz ezarri dela «Euskara Eskura Txartela» programa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta HABEren arteko lankidetza-hitzarmenari esker. Ostean hitzarmen horretara atxiki daitezke euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak; izan ere, hitzarmena sinatu duten alderdien iritziz programa hori ezartzea komeni da, bizkaitarren zerbitzura euskarari beste bultzada bat emateko.

Lau.– Kontuan hartuta Bizkaiko Foru Aldundiak eta HABEk elkarrekin lankidetzan aritzeko interesa dutela, eta lankidetza hori interes publikokoaren onerako izan daitekeela, ekitaldian esku hartzen dutenek lankidetza hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, estipulazio hauen arabera

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen hau Bizkaiko Foru Aldundiaren eta HABEren arteko lankidetza-esparru modura ezarri da, 2016an Euskara Eskura Txartela (EET) programa martxan jartzeko.

Bigarrena.– Hitzarmenaren helburua.

Euskara Eskura txartela programaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskara eta Kulturako Sailaren bitartez, euskararen ikaskuntza sustatuko du euskaltegietan eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan. Horretarako, deskontuetarako bono bat emango die hitzarmen honetan adierazitako baldintzak betetzen dituzten ikasleei, 2016-2017 ikasturtean erabili ahal izateko:

● Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta egotea.

● Hizkuntzaren A1, A2 edo B1 mailak gainditu izana 2015-2016 ikasturtearen lehenengo deialdian. Horretarako, HABEk honakoa egiaztatu beharko du ikasle bakoitzaren kasuan:

– Aurrez aurreko ikastaroetan orduen % 75 egin dituela, hori izanik gutxienez egin beharreko ordu kopurua.

– Autoikaskuntzaren kasuan, mintza-saioetara joan izana, ikastaroaren ordu teorikoen % 7,5 izanik.

Hitzarmen honen esparrutik kanpo eta beraz, deskontuetarako bonoa jasotzeko aukerarik gabe geratuko dira administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonak, administrazio publikoek euskara ikasteko eta hizkuntza horretan gaitzeko ikastaroak ordaintzen badizkiete.

Zirkulazioan jarritako EETak izendunak eta besterenezinak izango dira. 3 kategoriatan sailkatuko dira:

● A1 motako EET, maila hori gainditu duten eta ekimen honetan parte hartzen duten pertsonei gehienez ere 150 euroko balioa izango duen deskontu-bonoa lortzeko eskubidea emango diena.

● A2 motako EET, maila hori gainditu duten eta ekimen honetan parte hartzen duten pertsonei gehienez ere 200 euroko balioa izango duen deskontu-bonoa lortzeko eskubidea emango diena.

● B1 motako EET, maila hori gainditu duten eta ekimen honetan parte hartzen duten pertsonei gehienez ere 300 euroko balioa izango duen deskontu-bonoa lortzeko eskubidea emango diena.

EETen kanpaina hau 2016-2017 ikasturtean programara atxikitako euskaltegietan eta euskararen autoikaskuntzarako zentroetan izena emanda dauden ikasleei bakarrik aplikatuko zaie, eta, betiere, urriaren 14a baino lehen. Hala, deskonturako bonoa jaso badute baina 2016-2017 ikasturterako ezarritako epean izena eman ez badute, ez dute zenbateko baliokideagatiko likidazioa aplikatzeko eskubiderik izango.

Ikasleek Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako gaitutako web orri baten bitartez parte hartuko dute. Web orri horren inguruko publizitatea egingo da eta momentu egokian haren berri emango zaie HABEri eta programan parte hartzen duten euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentroei.

BALIABIDE EKONOMIKOAK

Programa honetarako 2016ko ekitaldian erabiliko den zenbatekoa laurehun eta laurogei mila euro (480.000 euro) da, partida hauetan honela banatuta: G:/0406/450103/0000/432.99-2015/0052 partida, 200.000 euro; G:/0406/450103/0000/443.00-2015/0052 partida, 150.000 euro; eta G:/0406/450103/0000/451.00-2015/0052 partida, 130.000 euro. Partida bakoitzean ordaindu beharko den zenbateko zehatza programari atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek aurkeztutako likidazioak aztertu ondoren zehaztuko da, bakoitzaren forma juridikoaren arabera; horrenbestez, ordainketak egin aurretik, kredituak birbanatu egingo da arestian aipatutako partiden artean, edo beste batzuen artean, hasiera batean aurreikusi ez den beste forma juridikoren bat balego. 2015/0052 gastu-proiektuari elkartutako gastuek kapitulu mailako lotura dute, Ogasun eta Finantza Sailaren maiatzaren 31ko 1124/2016 Foru Agindua dela bide.

ATXIKITZEKO BALDINTZAK EUSKALTEGIENTZAT ETA AUTOIKASKUNTZARAKO ZENTRO HOMOLOGATUENTZAT

Euskara Eskura Txartela programara atxiki ahalko dira, atxikimendu orria sinatuz, honako baldintzak betetzen dituzten euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak:

● HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroan inskribaturik egotea, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak 2003ko abuztuaren 6an emandako aginduari jarraituz.

● Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea. Hala dela egiaztatzeko, horretarako emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

● Dagokion inprimakiaren bitartez hitzarmen honetara atxikitzea. Inprimaki horrekin batera, hartzekodunaren fitxa bete beharko da.

ATXIKITZEKO EPEA ETA PROZESUA

Behin hitzarmen hau indarrean sartu eta gero, euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak edozein momentutan atxiki ahalko dira Euskara Eskura Txartela programara. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuaren bulegoetan (Rekalde Zumarkalea 30, 5. solairua, 48009 Bilbo) emango zaien inprimakian behar bezala adierazi beharko dituzte datu guztiak eta Gizarte Segurantzari eta Foru Ogasunari egin beharreko ordainketa guztiak egin dituztela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

LAGUNTZEN INDARRALDIA ETA PROGRAMAREN EGUTEGIA

Deskonturako EET txartelak arestian deskribatutako baldintzak betetzen dituzten euskaltegietan eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetan erabili ahalko dira.

Programaren egutegia honakoa izango da:

1.– Ikasleek ekimen honetan izena eman ahalko dute Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako gaitutako web orriaren bidez, 2016ko uztailaren 1etik 2016ko uztailaren 22ra bitartean. Horretarako, web orriaren bitartez eta adierazitako epean, «Ikasleek EET lortzeko prozedura» atalean adierazitako agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera.

2.– EETak programara atxikitako euskaltegietan eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetan bakarrik erabili ahalko dira, hurrengo ikasturtean, hau da, 2016-2017 ikasturtean izena emateko epea irekitzen denetik 2016ko urriaren 14ra bitartean.

3.– Izena emateko epe hori igarotakoan, dagokien deskontua lortzeko baliabide modura duten balioa galduko dute. Ikasleei ez zaie lortu dituzten eta erabili ez dituzten EETengatik inongo dirurik bueltatutako.

4.– Programara atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek 2016ko urriaren 17tik 2016ko azaroaren 4ra bitartean batu dituzten EETak aplikatu ahalko dituzte.

IKASLEEK EETAK LORTZEKO PROZEDURA

Ikasleek nahi badute bakarrik hartuko dute parte programa honetan, web orri baten bitartez, eta honakoa egin beharko dute:

● Programaren baldintzak onartu beharko dituzte, web orrian bertan zehaztuko direnak.

● Bizkaiko Foru Aldundia, HABE eta programara atxikitako euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen arteko datuen trukea onartu beharko dute, DBLOarekin bat etorriz.

● Programarako eskatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte horretarako ezarritako epea bukatu baino lehen. Nahitaezko datu edo agiriren bat falta bada, ezingo da eskaera bukatu.

Zentzu horretan, honako baldintzak betetzen dituzten ikasleek jaso ahalko dute EET:

● Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta egotea. Zentzu horretan, gutxienez eskaera egiten den datan, indarrean dagoen errolda-agiria aurkeztu beharko dute, eskaneatuta eta web orriaren bidez.

● 2015-2016 ikasturtean euskararen mailak egiaztatzeko HABEren lehen deialdian A1, A2 edo B1 mailak gainditu izana. Horretarako, HABEk honakoa egiaztatu beharko du ikasle bakoitzaren kasuan:

– Aurrez aurreko ikastaroetan orduen % 75 egin dituela, hori izanik gutxienez egin beharreko ordu kopurua.

– Autoikaskuntzaren kasuan, mintza-saioetara joan izana, ikastaroaren ordu teorikoen % 7,5 izanik.

HABE arduratuko da dagokion maila gaindituta izatearen azkeneko baldintza hori teknikoki egiaztatzeaz eta ziurtatzeaz.

EET lortu nahi duten eta arestian ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleek erabiltzaile-izena eta pasahitza eskatu beharko dute programaren web orriaren bitartez, bertan identifikatzeko, eta horretarako nahitaezko eremuak bete beharko dituzte:

● Izen-abizenak.

● Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia edo agiri baliokidearena, euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan izena emateko orduan identifikatzeko erabili zuena eta HABEk duen erregistroarekin bat datorrena.

● Helbidea.

● Posta elektronikoa.

● Telefono zenbakia.

● Programaren baldintzen eta Bizkaiko Foru Aldundia, HABE eta programara atxikitako euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen arteko datuen trukearen onarpena, DBLOarekin bat etorriz.

● Errolda-agiriaren kopia eskaneatua (kalitate nahikoa eduki beharko du kopia horrek, irakurri ahal izateko). Errolda-agiri hori balioduna izan beharko da, eta gutxienez eskaera egiten den datara arte indarrean egon beharko da.

Adierazitako datuak eta agiriak ezarritako epean aurkezten ez badira, ezingo da eskaera grabatu eta beraz, ezingo da parte hartzeko eskaera epe barruan aurkeztu.

Ikasleek postontzi bat izango dute programari buruzko zalantzak bidaltzeko.

Programaren kudeatzaileak ikasleen datu guztiak zuzenak direla eta ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak, HABErekin batera, EET kategoria bakoitzari egotz dakiokeen behin betiko zenbatekoa kalkulatuko du, erabilgarri dagoen partidaren arabera, eta Bigarren Estipulazioan adierazitako kopuruak gehienezko mugatzat hartuz.

Kopuru horiek zehaztutakoan eta web orriaren bitartez, programan parte hartzeko eskaera egin duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleei dagokien txartela emango die programaren kudeatzaileak. Deskonturako bono modura erabili ahalko dira programara atxikitako euskaltegietan eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetan 2016-2017 ikasturterako izena ematean.

PROGRAMARA ATXIKITAKO EUSKALTEGIEK ETA EUSKARAREN AUTOIKASKUNTZARAKO ZENTRO HOMOLOGATUEK JASOTAKO EETAK TRUKATZEKO PROZEDURA

Behin programara atxikitako euskaltegietan edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan 2016-2017 ikasturterako izena emateko EETak aurkeztuta, Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da haiekin zuzenean deskontuak trukatzeaz eta ordaintzeaz. Euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu horiek honako agiriak bidaliko dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko Euskara Zerbitzura (Rekalde Zumarkalea 30, 5. solairua, 48009 Bilbo):

● Ikasleak jasotako EET, 2016-2017 ikasturterako matrikula ordaindu duela erakusten duen agiriarekin batera.

● Izena emateko prozesuan EET erabili duten ikasleen zerrenda. Honakoak agertu behar dira zerrenda horretan:

– NANa.

– Izen-abizenak.

– Deskontua egiteko erabilitako EET mota.

● Egindako deskontu osoari dagokion zenbatekoagatiko likidazioa. Euskaltegian eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan erabilitako EET kopurua adierazi beharko da, txartel motaren arabera bereizita.

Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo kokatutako euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, HABEren lankidetza teknikoaz eta koordinazioaz ordainduko dira deskontuak.

Nolanahi ere, ordainketa egin aurretik, programaren kudeatzaileak programara atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatuko du.

Hirugarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiaren betebeharrak.

Bizkaiko Foru Aldundiak, hots, programaren kudeatzaileak, honako konpromisoak hartu ditu hitzarmen honen bitartez:

1.– Parte hartzeko eskaerak egiteko web orria martxan jartzea eta erabiltzaileen eskura jartzea.

2.– Programara atxikitako euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei EETak erabiltzetik eratorritako deskontuen pareko zenbatekoa ordaintzea, horiek EETak jaso dituztela frogatu ondoren.

3.– Programari dagokion publizitate-kanpaina egitea eta HABEren eta programara atxikitako euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen esku jartzea berorren publizitate-material guztia.

4.– Euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak programara batzeko agiriak biltzea eta izapidetzea, aldez aurretik ezarritako baldintzak errespetatuz.

5.– Programan parte hartzeko eskaera egin duten ikasleek erroldatuta egotearen gutxieneko baldintza betetzen dutela egiaztatzea.

6.– HABEri programan parte hartzeko eskaera egin duten pertsonen zerrendak bidaltzea.

7.– EET mota bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzea, ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzaile kopuruaren arabera.

8.– Ikasleen esku jartzea dagozkien EETak, web orriaren bidez.

9.– Programara atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek erabilitako EETen likidazioak eta frogagiriak jasotzea.

10.– Programara atxikitako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek jasotako EETak eta likidazioak erkatzea, eta ordainketa izapidetzea euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzenean; HABEren lankidetza teknikoaz eta koordinazioaz egingo da Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo kokatuta daudenen kasuan.

11.– HABEri programan erabilitako EETen zerrenda bidaltzea.

Laugarrena.– HABEren betebeharrak.

HABEk, hitzarmen honen bitartez, hauek egiteko konpromisoa hartu du:

1.– Dagokien maila gainditu duten ikasleen zerrenda prestatzea, administrazio publikoetan lan egiten duten ikasleak alde batera utzita, administrazio publikoek euskara ikasteko eta hizkuntza horretan gaitzeko ikastaroak ordaintzen badizkiete.

2.– Programara atxikitako eta Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo kokatutako euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei lankidetza teknikoa eta koordinazioa eskaintzea jasotako EETak bidera ditzaten.

3.– Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Sailari EETak erostearekin lotutako informazio estatistikoa ematea.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmen honen xede diren jardueren jarraipena egingo duen eta horiek ebaluatu eta kontrolatuko dituen jarraipen batzordea eratuko da. Batzordea alderdi biek osatuko dute: Foru Aldundiaren ordezkari bik eta HABEren beste ordezkari bik.

Jarraipen Batzorde hau honela osatuko da:

● Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kulturako Sailaren aldetik:

– Euskara Zerbitzuko burua.

– Euskara Zerbitzuko teknikaria.

● HABEren aldetik:

– HABEren Kudeaketa zerbitzuburua.

– HABEren Ikuskatzailetzaren arduraduna.

Aipatutako batzordea bi aldiz batuko da, hasteko hitzarmen hau sinatutakoan eta ondoren programa amaitutakoan, eta, aparteko izaeraz, alderdiek hala eskatuta beharrezkotzat jotzen den edozein unetan.

Seigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen denetik 2016ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean; halere, bi alderdietako edozeinek salatu ahal izango du, besteari jakinaraziz hitzarmena ondoriorik gabe utzi nahi den data baino hiru hilabete lehenago gutxienez.

Zazpigarrena.– Suntsiarazteko arrazoiak.

Hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoi izango dira bertan jasotako estipulazioak eta indarrean dagoen legedian jasotako beste edozein ez betetzea, zein-nahi dela beraren jatorria.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren interpretazioa.

Alderdiek Bizkaiko Jaurerriko Abokatuen Bazkunaren arbitrajea onartu dute lankidetza hitzarmenaren ondoriozko loturaren interpretazioaz sortzen diren zalantzak argitzeko.

Lankidetza hitzarmen hau irakurri ondoren hitzarmena egiletsi dutenek beraren edukia berresten dute, eta ados daudela agerrarazteko bi kopia sinatu dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Euskara eta Kulturako foru diputatua,

Lorea Bilbao Ibarra.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta HABEren lehendakaria,

Cristina Uriarte Toledo.


Azterketa dokumentala