Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2016ko urriaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4406

144/2016 DEKRETUA, urriaren 11koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoaren kapitala murrizteko baimena ematen diona.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina. Era berean, a sensu contrario, xedapen honen aplikazio-eremuak barne hartzen ditu enpresa-ondarea berregituratzeko kapital sozialaren murrizketak ere.

Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: igorpen irratielektrikoez baliatuta, soinuak uhinen bidez –edo horretarako diren kableen bidez– sortzea eta zabaltzea –bitartekoz edo bitartekorik gabe– herritar guztiengana, edo herritar batzuengana; betiere helburua izanik informazioa, kultura, artea, aisialdia, merkataritza, publizitatea, hezkuntza-sistemarekin batera lan egitea, euskal kultura sustatu eta zabaltzea eta, batik bat, Euskara sustatu eta garatzea, eta, horietaz gain, aipatutako eginkizunekin bat etorri edo horien osagarri diren jarduera oro.

Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoak 2016ko ekainaren 20ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hauek hartu zituen: alde batetik, aurreko ekitaldietako hiru milioi zazpiehun eta laurogeita hamar mila zortziehun eta berrogei koma berrogeita hamasei (3.790.840,56) euroko galerak konpensatzeko Akordioa: 3.791.951,84 euroko zenbatekoa «Jaulkitzeko primaren» kontuan zordunduta eta 1.111,28 euroko zenbateko negatiboa «Erreserbaren» kontuan; eta, beste aldetik, kapital soziala zazpirehun eta berrogeita sei mila laurehun eta laurogeita bederatzi euro eta hogeita bost zentimo (746.489,25), murrizteko Akordioa; eta, horretarako, laurogeita zazpi koma hirurogeita hamabost (87,75) euroko balio nominala duten zortzi mila bostehun eta zazpi (8.507) akzio amortizatzea, hurrenez hurren 11.613tik 20.119ra zenbakituak, biak barne.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzioren amortizazioaren bidezko kapital soziala murrizteko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da kapital sozialaren murriztapenak burutzeko.

Azkenik, Lehendakariaren abenduaren 15ko 20/2012 Dekretuaren 10.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago.

Horren ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko urriaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoaren kapital soziala murrizteko Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea, aurreko ekitaldietako galerak konpentsatzearren, hain zuzen ere, zazpirehun eta berrogeita sei mila laurehun eta laurogeita bederatzi euro eta hogeita bost zentimotan (746.489,25) murriztapena egiteko, laurogeita zazpi koma hirurogeita hamabost (87,75) euroko balio nominala duten zortzi mila bostehun eta zazpi (8.507) akzioren amortizazioaren bidez.

2. artikulua.– Gasteiz Irratia-Radio Vitoria SA sozietate anonimo publikoaren Batzar Nagusiari dagokion Euskal Irrati Telebista erakunde publikoaren akzioen ordezkariari baimena ematea, onartutako kapital-murrizketaren ondorioz sozietatearen estatutuetan egin behar den moldaketa egiteko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko urriaren 11n.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala