Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2016ko urriaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4288

AGINDUA, 2016ko urriaren 4koa, Osasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko 64 urtetik gorako biztanleak eta arrisku-taldeetakoak gripearen aurka txertatzeko 2016rako gomendioei buruzkoa.

Uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuak, EAEko osasun-sisteman pertsonek dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko adierazpena onartzen duenak, 7. artikuluan, osasunaren sustapenerako eta gaixotasunen prebentziorako eskubidea aitortzen die Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemako erabiltzaileei: ingurune osasungarriak, ohitura osasungarrietan heztea, txertoak, diagnostiko goiztiarra, eta arrisku-faktoreen kontrola.

Txertaketa dela-eta, irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak, Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa eta bera eguneratzeko prozedura ezartzen dituenak, lehen mailako arretako zerbitzu komunei buruzko II. eranskineko prebentzio-jardueren artean aurreikusten du txertoak jartzea adin-talde guztiei eta, kasua bada, arrisku-taldeei, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak eta osasun-administrazio eskudunek onartutako txertaketa-egutegi indardunaren arabera, bai eta epidemiaren baten ondorioz biztanleria osoari edo arrisku-taldeei txertoak jartzea ere, beharrezkoa denean.

Aurreikuspen hori betez, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak, 2015eko irailaren 18an, gripearen aurkako txertaketarako gomendioak onartu zituen 2015-2016 denboraldirako.

Euskal Autonomia Erkidegoan ere, Txertaketarako Aholku Batzordeak zehaztu du zeintzuk biztanleri eta arrisku-talderi gomendatzen zaien gripearen aurkako txertoa hartzea 2016-2017 denboraldirako, gripeari lotutako hilkortasuna eta morbilitatea eta gaixotasun horrek komunitatean duen eragina murrizteko xedearekin.

Ildo horretan, gomendioen bidez bereziki babestu nahi dira, batetik, gripea harrapatuz gero konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonak, eta bestetik, gaixotasuna kutsatu ahal dietenak konplikazioen arrisku handia duten beste batzuei, bai eta komunitatearentzat funtsezkoak diren zerbitzuetan diharduten pertsonak ere.

Txerto horren eta bera emateko gomendatutako sasoiaren berri emango zaie osasun-arloko langile guztiei, horrela, aurrez ezarritako arau eta prozedurei jarraituz, erizainek txertoak jar ditzaten.

Gripearen aurkako txertoa hartzeko gomendioak, protokoloak eta prozedurak herritar guztien eskura jarri dira Osasun Sailaren webgunean (www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-salud/inicio) eta Osakidetza - Euskal osasun zerbitzuarenean (www.osakidetza.euskadi.eus), gardentasuna eta herritarrentzako informazio zabala helburu. Hala ere, Osasun Sailak uste du gomendio horiek eguneratu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeak haien berri zabaltzen lagunduko duela eta horrela jende gehiagok hartuko duela gripearen aurkako txertoa.

Azaldutakoa dela-eta, Gobernuari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak 26. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gripearen aurkako txertaketarako gomendioak argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko 2016-2017 txertaketa-kanpainarako.

Bigarrena.– Hauek dira gripearen aurka txertatzeko gomendioen hartzaileak:

1.– 65 urte edo gehiago dituzten pertsona guztiak.

2.– Gripearen ondoriozko konplikazioen arrisku handia duten pertsonak:

– Gaixotasun kronikoak dituzten haurrak (6 hilabetetik gorakoak) eta helduak, batez ere aurreko urtean ospitaleratuta egon direnak honako arrazoi hauetakoren batengatik:

– Diabetes mellitusa eta gaixotasun metaboliko hereditarioak.

– Biriketako gaixotasun kronikoak, aldian behin okerragotzen den asma larria barne.

– Gaixotasun kardiobaskularrak (hipertentsio arterial isolatua izan ezik).

– Gibeleko gaixotasun kronikoa.

– Giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa.

– Obesitate morbidoa.

– Hemoglobinopatiak eta anemia kronikoak.

– Asplenia anatomikoa edo funtzionala.

– Gaixotasun neuromuskular larriak.

– Immunoezabatze larria (primarioa edo hartua) dakarten prozesuak.

– Kokleako inplantea edukitzea edo horren zain egotea.

– Disfuntzio kognitiboa duten gaixo instituzionalizatuak.

– Azido azetilsalizilikoaren bidezko tratamendu luzea jasotzen ari diren haur eta nerabeak.

– Emakume haurdunak, haurdunaldiko hiruhileko guztietan.

3.– Konplikazioak edukitzeko arrisku handia duten pertsonei gripea kutsatu ahal dieten pertsonak edo hegazti-gripearen anduiak barreiatzeko arriskua duten pertsonak:

– Osasun-zentroetako eta osasun-larrialdietako langileak, publikoak nahiz pribatuak, lehen mailako arretakoak zein arreta espezializatukoak. Goian aipatutako arrisku handiko taldeetako gaixoak artatzen dituzten pertsonei arreta berezia jarriko zaie.

– Erakunde geriatrikoetako edo gaixo kronikoak artatzeko zentroetako langileak, batez ere pertsona kalteberekin etengabeko harremanak dituztenak.

– Arrisku handiko edo adineko gaixoak etxean zaintzen dituzten pertsonak.

– Beren egoera kliniko bereziagatik arrisku handia duten gaixoekin (2. puntuan aipatutakoak) etxe berean bizi diren pertsonak, haurrak barne.

– Garaia baino lehen –32 aste edo gutxiago dituztela– gripe-epidemiaren sasoian jaiotako haurrekin bizi diren pertsonak.

– Hegazti-haztegietako langileak.

Hirugarrena.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak 2016ko gripearen aurkako txertaketa-kanpaina zer egunetan hasiko den ezarriko du eta gomendio hauek osasun-arloko profesionalen artean eta, oro har, herritarren artean zabaltzeko behar diren jarraibideak emango ditu.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 4a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala