Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2016ko urriaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4287

EBAZPENA, 2016ko urriaren 5ekoa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Urkabustaizko (Araba) Abezia herriko Urbina baserria monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren babesean, kultura-ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipatutako eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak izendatzeko prozedurak arautzen dituena.

Abeziako (Urkabustaiz) Urbina baserriak duen kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Abeziako (Urkabustaiz) Urbina baserria, monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean jasotzen den deskribapenaren arabera.

Bigarrena.– Hasiera ematea Abeziako (Urkabustaiz) Urbina baserria, monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzeko aldiari; horrela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 84. eta 86. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian.

Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Urkabustaizko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura, eta Kirola, eta Ingurumena eta Lurralde Antolaketa sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ere, jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak aurkez ditzaten.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 5a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
Mugaketa

a) Deskripzioa.

Mugaketak barne hartzen ditu eraikina bera eta haren ingurunea. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

Iparraldean, baserriaren fatxada.

Ekialdean, baserriaren fatxada.

Eta, azkenik, hegoaldean eta mendebaldean baserriaren lursailaren muga.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketaren arrazoia da Abeziako Urbina baserriaren balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren alorrean duena, bai ikusteko duen balioa. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berarekin batera dakar baserriaren inguruko lurrak eta sarbidea babestea, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak eraikina bera ez ezik, haren ingurunea ere hartzen du.

(Ikus .PDF)
II. ERASKINA
Deskribapena

Etxe exentua da, oinplano karratu apur bat irregularra duena, 213 m²-koa gutxi gorabehera. Beheko solairu bat eta estalkipeko zabala ditu. Lau isurkiko hodi-teilazko estalkia, irregularra, hegoaldeko eskuin isurkiaren eta ekialdeko ezker isurkiaren artean naba bat duena. Hegoaldeko fatxadan portale handi dintelatu bat dauka, non etxeko sarreratako bat dagoen. Lehenengo solairuan lau leiho daude, armazoiaren elementuek zedarrituak. Fatxada hori entokatuta eta kareztatuta dago. Hegoaldeko fatxadaren harlangaitzezko eskuineko aldean, kortako sarrera dago beheko solairuan eta lastategikoa lehen solairuan. Fatxada hori horma-mutur batek babesten du, zeinak mendebaldeko fatxada luzatzen baitu. Fatxada horretan atari-aterpe bat dago, non kortako sarrera eta portalea baitaude. Lehenengo solairua zati batean kalearen gainean dago, eta horren azpian atari luze bat, zeinari burdinazko mihiztadurak dituzten zutoin batzuek eusten baitiote. Lehenengo solairuko baoak txikiak dira eta egurrezko armazoiak zedarritzen ditu. Iparraldeko eta ekialdeko fatxadak harlangaitzezkoak dira eta bao gutxi dituzte. Ezkaratz bat du, bideak eta harlangaitzezko horma batek zedarritua. Atari lauzatu bat ere badu, portale nagusiaren aurrean.

Karrerapetik atondo banaleku batera sartzen da, non eskailera nagusia baitago. Eskuinaldean, etxearen erdi-erdian, sukalde zaharra dago, erdian beheko sua duena. Erdiko suaren laratza birakaria da, beso giltzatuzkoa. Enbor-piramide formako adreiluzko kanpai bat dago erdiko suko keak ateratzeko. Sukaldean arropa garbitzeko danborra eta harria ditu. Banalekuaren bestaldean sukalde berria dago. Erdigunearen iparraldean eta ekialdean kortak daude. Ipar-ekialdeko angeluan aleak gordetzeko trojea eta ogia egiteko labea zeuden. Lehen aipatu eskaileratik igotzen de lehenengo solairura; eskailera horren bigarren zatia bikoitza da. Ezkerraldetik bi logelatara, ganbarara eta komunera joan daiteke. Bestaldetik, gainerako logeletara, mandiora eta gela handi batera. Logelako sarbidean, gelaren mendebaldean, arku konopial bat dago, zeina egun karez zuritua baitago. Lehen solairuaren gainerako zatia lastategiak hartzen du, eta eskailera independente bat dago hara iristeko, kortatik hasten dena, hegoaldean.

Egitura mistoa da, zutabez, zutoinez eta barruko karga-hormaz osatua, eta lau luzera-habeartetan antolatuta dago. Estalkia diagonalez eutsitako gapirioz, kontragoihabez osatua eta latatua dago, eta hegal bat du pixka bat irtena.


Azterketa dokumentala