Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2016ko urriaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4285

AGINDUA, 2016ko uztailaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016-2017 ikasturtean zehar atzerriko hizkuntza indartzeko laguntzak deitzen dituena heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan eta udala titularra den ikastetxe publikoetan.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila ekimen multzo bat bultzatzen dabil derrigorrezko hezkuntzan eta derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten gaitasuna hobetu dezaten.

Lanbide Heziketari dagokionez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Europako programa hauek finantzatzen parte hartzen du: Erasmus +, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako praktikak egiteko; programa horien bidez, ikasleei aukera ematen zaie praktiken bidezko prestakuntza jasotzeko Europar Batasuneko herrialdeetan. Horretaz gainera, heziketa-moduluak atzerriko hizkuntzetan egitea ere eskaintzen du.

Ekimen horien osagarri, Europa 2020 estrategiaren barruan, ikasleek atzerriko hizkuntzan duten gaitasuna indartu dezaten nahi da, atzerrian praktiken bidez prestatu ahal izateko. Hizkuntzak giltzarri dira ikasleen enplegagarritasuna eta mugigarritasuna hobetzeko, enpresek merkatu global batean jardutea eskatzen dutenez gero. Hizkuntzak jakiteak ez luke oztopo izan behar langileen joan-etorri askerako.

Horregatik, Europako Batzordeak hizkuntzak jakitearen garrantzia eta hizkuntzei arreta berezia eman beharra azpimarratzen du; izan ere, hizkuntzak mintzatzeko gaitasuna ezinbestekoa da lehiakorrak izateko.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA: OINARRI OROKORRAK

1.– Artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, atzerriko hizkuntza indartzeko programako laguntzetrako deialdia egiten da. Programa hori, 2016-2017 iksturtean, arlo horretan heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetzakoa da.

2. artikulua.– Diru-laguntzaren aurrekontu-hornidura eta zenbatekoa.

1.–146.250 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.

2.– 40euro-ko laguntza emango da baimendutako talde bakoitzean emandako ordu bakoitzeko.

Deialdi honen ondorietarako, hauxe jotzen da bamendutako taldetzat: laguntza hau jasotzeko, agindu honetan ezarritako baldintza eta betekizun oro konpltzen duena.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezke EAEn Lanbide Heziketako zikloak emateko baimen ofiziala duten itunpeko ikastetxe pribatu guztiak.

2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez.

Laguntzen erakunde eskatzaileek betebehar horiek egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, horretarako eskatzaileen baimenik behar izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoak xedatutakoa aplikatuz (Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetatik hirugarrenak gehitutakoa), baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren gaineko Araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan xedatutakoa ere Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako Errege Dekretuaren 18 eta 19 artikuluetan xedatutakoa jarraituz.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

4.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat dutenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena betez.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.

1.– Lanbide-heziketako zikloetako ikasleei atzerriko hizkuntza irakastea lagundu daiteke, ikastetxean bertan, eskola-orduetatik kanpo, gutxienez 80 orduz eta gehienez 120 orduz, astean gutxienez 4 orduz eta gehienez 8 orduz, 2016-2017 ikasturtean zehar.

2.– Ikastetxeko irakasleek berek emango dituzte eskolak, ikastetxean bertan. Irakasleek Europako erreferentzia-esparru bateratuko B2 mailari dagokion hizkuntza-ziurtagiria izan beharko dute, gutxienez. Ikastetxeetako zuzendaritzaren ardura izango da baldintza hori bermatzea.

3.– Mintzamenaren komunikazio-gaitasuna landuko da, solasaldiak eta ahozko azalpenak –banaka eta taldean–, eta multimedia-baliabideak sartuko dira eguneroko lanean. Eskola-jarduera horiek eskolaz kanpoko beste batzuekin osa daitezke, hizkuntzaren erabilera sustatzera bideratzen direnekin, alegia.

4.– Nominen bidez justifikatu beharreko ikastaroen gastuek bakarrik jaso dezakete laguntza.

5. artikulua.– Programan parte har dezaketen ikasleak.

Edozein heziketa-ziklotako itunpeko ikastetxe pribatuetako eta udala titularra den ikastetxe publikoetako ikasleek parte har dezakete atzerriko hizkuntza indartzeko programan.

6. artikulua.– Ikasleen izen-ematea, hautaketa eta asistentzia.

1.– Boluntarioa eta doanekoa den matrikula bat eskainiko da atzerriko hizkuntzako ikastaroetan, eta asistentzia derrigorrezkoa izango da.

2.– Ikastetxe bateko eskaerak gehiago izango balira bertan eskaini ahal dituen plazak baino, berdintasuna, lehia eta objektibotasuna errespetatzen duen metodo bat erabiliko da hautaketa egiteko. Eskabide-orrian agertuko da hautaketa egiteko modua.

7. artikulua.– Taldeak antolatzea.

Hizkuntza bakoitzeko taldean gutxienez 10 ikasle egongo dira, eta gehienez 15.

8. artikulua.– Hizkuntza-ikastaroen ebaluazioa.

Eskolak amaitutakoan, ikastetxeek asebetetze-inkesta bat egin behar diete ikasleei (B3 inprimakia, V. eranskina), emaitzak ikastaroen ebaluazio-fitxetan jaso, eta inkesten kopiekin batera aurkeztuko dira justifikazioarekin.

9. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen diru-laguntzekin.

10. artikulua.– Datu pertsonalak.

Deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak <<Diru-laguntzak eta Laguntzak>> izeneko fitxategian sartuko dira, eta fitxategi horren xedea izango da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea, eta deialdian parte hartzen duten pertsonei haren garapenaren berri ematea. Deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute datu hauek tratatu eta argitaratzeko.

Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzentze-, ezabatze-, eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz.

Hori guztia bat dator datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei buruzko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Lanbide Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

II. kapitulua: Eskabideak eta emate-prozedura.

11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari zuzenduta.

4.– Eskabideak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak zer nahi duen. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa

1.– Ikastetxe eskatzaileek behar bezala beteta aurkeztu beharko dituzte eskabide-orria (I. eranskina) eta A1 inprimakia (II. eranskina), proposatzen duten talde bakoitzeko.

13. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

14. artikulua.– Aurkezpen eta izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- onartzen duenak.

3.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbidea erabiliz.

Https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/fp_hizkuntzak/y22-izapide/eu helbidean argitaratuko da deialdi honen fitxa. Fitxa horren bidez, prozesuan parte hartzea eskatzeko erabilera-gidak eta jarraibideak lortu ahal izango dituzte erabiltzaileek, eta prozeduraren jarraipena egin ahal izango dute.

15. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzen dituen organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaria izango da agindu honetan araututako laguntzen organo kudeatzailea.

16. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Agindu honetako baldintza guztiak betetzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu guztiek eta udala titularra den ikastetxe publiko guztiek jasoko dute diru-laguntza.

2.– Agindu honetako diru-laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik esleituko edo ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraituta.

3.– Agindu honetako diru-laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik esleituko edo ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraituta.

17. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean bideratuko dira, eta prozedura hori ebaztea Heziketako eta Ikaskuntzako zuzendariari dagokio.

2.– Ebatzitakoa banan-banan jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei bide elektronikoak erabiliz, helbide honetan: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak; horrek ez du eragotziko hura Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea publizitate-ondorioetarako.

3.– Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesatuei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarota eta aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Aipatu ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da haren aurka Lanbide Heziketako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraiki.

III. KAPITULUA: ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA

18. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da: lehena, emandako laguntza osoaren % 80, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 19.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainerako % 20a ordainduko da hizkuntza-ikastaroak amaitzean eta zuzendaritzak ongi egin direla egiaztatzean, justifikazioa aurkeztuz 20. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan.

19. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost eguneko epean berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

2.– 2016-17 ikasturteko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak.

3.– Agindu honen 3., 4., 5. eta 6. artikuluetako baldintzak betetzen direla ikuskatzea.

4.– Emandako diru-laguntza justifikatzea 20. artikuluan jasotakoaren arabera.

5.– Gutxienez 4 urtean artxibatzea gastuen frogagirien originalak, erakunde eskudunek egiaztatze- eta kontrol-lanak egin ahal izan ditzaten.

6.– Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

7.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.

8.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak betetzea.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Ikastetxe onuradunek, 2017ko ekainaren 30a baino lehen, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbidea erabiliz aurkeztu beharko dute dokumentazio hau:

a) Prestakuntza-jarduerak baloratzeko fitxak (B1 inprimakia, III. eranskina), sinaturik. Fitxa bat aurkeztuko da programan parte hartzen duen talde bakoitzeko.

b) Ikasleen asebetetze-inkesten kopiak (B3 inprimakia, V. eranskina).

c) Memoria ekonomikoa (B2 inprimakia, IV. eranskina).

d) Kurtso edo ikastaroak eman dituztenen nominen kopiak, zeintzuk konpultasuko diten kontuan izanik originalak, gero ikastetxera itzuliko direlarik.

21. artikulua.– Jarraipena.

1.– Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak diruz lagundutako jardueren jarraipena egingo du Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez, haiek egiten direla bermatzeko.

2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, dagokion Ikuskaritzako Lurralde Burutzak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari, agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.

22. artikulua.– Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa orok ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, betiere diru-laguntza horien onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie.

2.– Kausa edozien delarik ere, kurtsoaren ordu-iraupenan murrizketarik izan bada, eman diren orduekiko proportzionalki gutxituko da laguntza, kontuan izanik hasieran orduko emandako zenbetakoa, eta, betiere, emandako klaseko 40 euro-ko muga maximoa errespetatuz. Aginduko 4. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako gutxieneko eta gehieneko iraupenak gorde beharko dira.

3.– Ondorio horietarako, Heziketako eta Ikaskuntzako zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, zeinetan berregokitu egingo diren emandako laguntzaren zenbatekoak, eta egoki bada, neurriz kanpo jasotako zenbetako itzul daitezela aginduko da.

23 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio, hauetako bat gertatuz gero:

a) Ez betetzea agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza.

b) Ez betetzea EAEko aurrekontuen konturako diru-laguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan daude jasota.

c) Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. Artikuluan jasotako diru-itzulketa kausaren bat gertazten denean.

d) Aldi berean, erakunde publikoen edo pribatuen beste edozein diru-laguntza jaso izana.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko (EAEko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duena) II. tituluari jarraituko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdi honetako laguntzak ez dira emango, harik eta kreditu egokiak eta behar bestekoak egon arte Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honetan aurreikusi ez den guztirako, aplikagarriak izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea –lege hori partez aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak–, eta laguntza eta diru-laguntza publikoak erregulatzen dituen arautegia.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 27a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUERAREN FITXA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUERA BALORATZEKO FITXA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
MEMORIA EKONOMIKOA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
IKASLEEN ASEBETETZE-INKESTA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala