Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2016ko irailaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4100

EBAZPENA, 2016ko irailaren 13koa, Trafikoko zuzendariarena, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari honako eginkizun hau betetzeko kudeaketa-gomendioa emateko akordioa argitaratzea xedatzen duena: Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren 5.2 oinarrian jasotzen den bertaratuta jaso beharreko prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzea (ikastarorako deialdia 2015eko urtarrilaren 12ko Ebazpenaren bidez egin zen, eta 2015eko urtarrilaren 18ko EHAAn argitaratu zen, 18. zenbakian).

Urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak xedatutakoaren babesean, Segurtasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuak 16.5.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritza honi emandako eskumenekin bat, eta urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Erregelamenduak ematen dituen eskumenen arabera, Trafiko Zuzendaritzari dagokio, bere egitekoen artean, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi dutenentzat ikastarorako deialdia egitea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluaren arabera, Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoei edo erakundeei gomendiotan eman dakizkieke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago. Gomendioak ez dakar, ordea, ez eskumenaren titulartasuna lagatzea ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.

Trafiko Zuzendaritzak ez dauka beharrezko baliabiderik Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroetan bertaratuta jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak esperientzia zabala eta egiaztatua dauka herritarren segurtasunera bideratutako zerbitzu publikoak ematen dihardutenei behar duten prestakuntza profesionala ematen.

Hori dela eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari ematen diot Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko bertaratuta jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko kudeaketa-gomendioa.

Denek jakin dezaten, kudeatzeko gomendioa ebazpen honen eranskin gisa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzen dut.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 13a.

Trafikoko zuzendaria,

GARBIÑE SÁEZ MOLINUEVO.

ERANSKINA
AKORDIOA, SEGURTASUN SAILEKO TRAFIKO ZUZENDARITZAREN ETA POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ARTEKOA, EGINKIZUN HONEN KUDEAKETA MATERIALA GOMENDIOTAN EMATEKO DENA: BIDE PRESTAKUNTZAKO IRAKASLEAREN GAITASUN AGIRIA LORTZEKO IKASTARORAKO DEIALDIAREN 5.2 OINARRIARI DAGOKIONEZ, BERTARATUTA JASO BEHARREKO PRESTAKUNTZAREN FASEKO IRAKASTE-JARDUNA GAUZATZEA (IKASTARORAKO DEIALDIA 2015EKO URTARRILAREN 12KO EBAZPEN BIDEZ EGIN ZEN)

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 13a.

BILDU DIRA:

Batetik, Garbiñe Sáez Molinuevo andrea, Trafikoko zuzendaria.

Bestetik, Malentxo Arruabarrena andrea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria.

ADIERAZTEN DUTE:

Trafiko Zuzendaritzak –eraginkortasuna helburu– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eskatzen dio bere gain har dezala Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren 5.2 oinarriko irakaste-jardunaren kudeaketa materiala, hau da, bertaratuta jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jardunari dagokiona (ikastarorako deialdia 2015eko urtarrilaren 12ko Ebazpenaren bidez egin zen, eta 2015eko urtarrilaren 28ko EHAAn argitaratu zen, 18. zenbakian), honako klausula hauekin bat:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Gehieneko ikasle-kopurua.

Ikastaroetara bertaratutako ikasleak talde eta txandatan banatuko dira, beharrezkoa balitz; eta, horrela, talde bakoitzean ez da ezein kasutan 24 baino ikasle gehiago izango.

Bigarrena.– Bertaratzeko fasearen iraupena.

Bertaratzeko faseak 10 asteko iraupena izango du. Epe hori luzatu egingo da, baldin eta fase horretan herriko jairik, autonomia-erkidegokorik edo estatukorik egokitzen bada, jai horiek errekuperatu egin behar baitira.

Hirugarrena.– Emango diren ikasgaiak.

Honako ikasgai hauek irakatsiko dira bertaratzeko fasean:

● Helduen prestakuntza eta irakasteko trebetasunak.

● Oinarrizko bizi-euskarria.

● Araudia, bide-segurtasuna eta garraioa.

● Giza faktorea bide segurtasunean.

● Bide-segurtasuna: ibilgailua eta bidea.

● Gidatzen irakasteko praktikak.

● Errefortzuak edo errekuperazioak.

● Bertaratuz egin beharreko tutoretza.

Laugarrena.– Esleitutako eginkizunak.

Hirugarren klausulan adierazitako gaiei buruzko prestakuntza eman beharraz gainera, eginkizun hauek esleitzen dira:

● Irizpide teknikoak eta pedagogikoak planifikatu, koordinatu eta bateratzea irakasle-taldearen artean; horretarako, gutxienez, hiru bilera egingo dira, bertaratze-fasean hasieran, erdian eta amaieran.

● Etengabeko jarraipena egitea, eta ikasleen bertaratzea zorrotz zaintzea.

● Prozesuan zehar, parte-hartzaile bakoitzaren aprobetxamendua ebaluatzea, ikasle bakoitzari horren berri ematea, eta errefortzu edo errekuperazio saioetarako deitzea, baldin eta irakasle-taldearen iritziz horiek behar baditu. Aprobetxamendu-maila, orokorrean, ebidentzia-sistema baten bidez ebaluatuko da, eta, beharrezkoa bada, ezagutzen, trebetasunen eta jarreren globalizazioa eta integrazioa egiaztatzen duten proba objektiboen bidez.

● Trafiko Zuzendaritzari eskatzen duen informazio guztia ematea, prestakuntzari eta ikasleei dagokienez, eta, batik bat, haien aprobetxamendu- eta bertaratze-mailei dagokienez.

● Txanda bakoitza bukatu ondorengo astean, txosten bat idaztea eta Trafiko Zuzendaritzari jakinaraztea, alderdi hauen berri emanez:

– Ikasleen bertaratze-hutsen zerrenda, huts horiek erabat justifikatuta eta dokumentatuta direla.

– Aprobetxamendu-mailaren arabera, Kalifikazio Epaimahaiari gai edo ez-gai gisa deklaratzeko proposatzen zaizkion ikasleen zerrenda.

Bosgarrena.– Gastuak.

Bertaratuta jaso beharreko prestakuntzaren fasean parte hartzen duten ikasleek zuzenean ordainduko dizkiote prestakuntza-gastuak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera (EHAA, 18. zk., urtarrilaren 28koa).

Seigarrena.– Indarraldia.

Kudeaketa-gomendioa indarrean izango da baliabide hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bigarren puntuan aipatutako bertaratze-fasea amaitu arte.

Agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, alderdi biek kudeatzeko gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute, eta, denek jakin dezaten, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzen dute.

Trafikoko zuzendaria,

GARBIÑE SÁEZ MOLINUEVO.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.


Azterketa dokumentala