Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2016ko irailaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4098

AGINDUA, 2016ko abuztuaren 31koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteentzako 2016ko ekitaldirako laguntzen deialdia egiten baita. Laguntza horiek 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasota daude.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpena elkarrekin merkaturatzen duten nekazarien elkarteak eta horien batasunak aitortzeko oinarrizko arauak eta betekizunak ezartzea.

Urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, produktu bakoitzeko edo produktu-multzo bakoitzeko, nekazarien elkarteak edo horien batasunak eratzeko eta/edo abian jartzeko laguntzak emateko araubide bat ezarri ahal izango da, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu bidez (egun, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua).

Halaber, duela gutxi, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programa onartu da Europako Batzordearen 2015-05-26ko Erabakiaren bidez. Erabaki horretan, ekoizleen talde eta erakundeak sortzen laguntzeko asmoz, elkarrekin finantzatutako neurri bat jasotzen da, zeinaren bidez nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen talde eta erakundeei laguntzen baitzaie.

Horrela, agindu honen bidez, Euskadiko Landa Garapenerako Programa berrian jasotako laguntzen deialdia egiten da, programa indarrean den aldian aitortutako ekoizleen elkarteentzat.

Bestalde, 1/2011 Legegintzako Dekretuak eta 9/2015 Legeak ahalbidetu egiten dute aurtengo laguntzetarako deialdia egitea (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen da, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena arautzen da; abenduaren 23ko 9/2015 Legearen bidez, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dira).

Agindu honetan jasotako laguntzei Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa aplikatuko zaie.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 1.– Agindu honen xedea da 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programa berrian jasotako laguntzen deialdia egitea, programa indarrean den aldian aitortutako ekoizleen elkarte edo erakundeentzat eta horien batasun edo federazioentzat.

2.– Laguntza horiek 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren barruan sartzen dira, eta, eman ahal izateko, bertan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Bigarrena.– Onuradunak eta betekizunak.

1.– Kapitulu honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izango dituzte nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarte edo erakundeek eta horien batasun edo federazioek, baldin eta 2015etik aurrera eratu eta halakotzat onartuta badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua (eta dekretu hori egokitzeko aginduak) aplikatuz.

2.– Kapitulu honetan deitutako laguntzak eskatu ahal izango dituzte nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarte edo erakundeek eta horien batasun edo federazioek, baldintza orokor hauek betetzen badituzte:

a) Urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua (eta dekretu hori egokitzeko aginduak) aplikatuz halakotzat onartua izatea eta Nekazaritza Ekoizleen Elkarteen eta horien Batasunen Erregistroan inskribatuta egotea.

b) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere.

d) Ezingo dira onuradun izan laguntza publikoak lortzeko zigorra, administratiboa edo penala, duten elkarteak, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten elkarteek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat. Halaber, ezingo dira laguntza hauen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan jasotako egoeretakoren batean dauden pertsona edo erakundeak; egoera horiek aipatutako lege horren 13. artikuluaren 4., 5. eta 6. ataletan xedatutakoaren arabera egiaztatuko dira.

3.– Era berean, honako berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte elkarteek:

a) Tamaina ezin da izan ETE kategoriari dagokiona baino handiagoa.

b) Elkarteak bere elkartekideen ekoizpenaren zati bat merkaturatu beharko du, eta honako helburu hauetako bati lotuta egon beharko du:

– elkarte edo erakunde horietako kideen ekoizpena eta etekina merkatuaren eskarietara egokitzea;

– produktuak elkarrekin merkaturatzea; eta horren barruan sartzen da salmentarako prestatzea, salmenten zentralizazioa eta handizkakoak hornitzea;

– ekoizpenaren inguruko informazioari buruz arau komunak ezartzea, bereziki uztari eta prestasunari erreferentzia eginez; eta

– ekoizle-elkarteek egin ditzaketen beste jarduera batzuk egitea; esaterako, enpresa- eta merkatu-gaitasunak garatzea eta prozesu berritzaileak antolatzea eta erraztea.

c) 5 urterako enpresa-plana aurkeztu beharko du, merkaturatze eta fakturazio aurreikuspenekin, eta, gutxienez, betekizun hauek jaso beharko ditu:

– Produktua ekoizteko guztiek baliatuko dituzten erregelak; programazioa, kalitate-sistemak eta, behar izanez gero, erabiliko dituzten metodo ekologikoak edo praktika biologikoak zehaztu beharko dira.

– Ekoizpena ezagutzeko erregelak.

– Merkaturatzeko eta informazioa emateko guztiek baliatuko dituzten erregelak.

– Aurreikusitako negozio-zifra eta aurreikusita dagoen ekoizpen-bolumena, elkarteak aitortzeko eskatzen dituen produktuei dagokienez.

– Honako konpromiso hauek:

● Edo merkaturatze-bolumenean edo bazkide-kopuruan, lehenengo hiru urteetan % 10 haztea, eskaera egin den urteko datu egiaztatuak aintzat hartuta.

● Edo merkaturatze-bolumenean edo bazkide-kopuruan, lehenengo lau urteetan % 20 haztea, eskaera egin den urteko datu egiaztatuak aintzat hartuta.

4.– Agindu honetan jasotako laguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea.

Hirugarrena.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

1.– 2015-2016 kanpainarako aurrez ikusitako laguntzak finantzatzeko, 300.000 euro bideratuko dira, honela banatuta:

– 240.000 euro, LGENFren kargura, eta

– 60.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura.

2.– Agindu honetan araututako laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Baldin eta ebazpen-zati honen 1. paragrafoan ezarritako zuzkidura osoa ez bada aski aurkezten diren eskabide guztietarako, puntuaziorik handiena lortzen duten eskabideei emango zaizkie laguntzak, baremo honen arabera:

a) Dagoeneko eratuta eta aitortuta dauden ekoizleen elkarteek edo horien batasunek eginiko eskabideak: 20 puntu.

b) 5 urterako negozio-planean produktuaren merkaturatze-bolumenik handiena aurreikusten duten ekoizleen elkarteek edo horien batasunek eginiko eskabideak: 10 eta 6 puntu artean.

Berdintasuna mantentzen bada, 5 urterako negozio planean bazkide-kopuruaren eta/edo produktuaren merkaturatze-bolumenaren hazkunderik handiena aurreikusten duten espedienteei emango zaie lehentasuna.

Laugarrena.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak bateraezinak dira fruta eta barazki ekoizleen elkarteentzako laguntzekin; izan ere, azken horiek euren berariazko araudia dute.

2.– Beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek agindu honetan ezarritako xede bererako ematen dituzten laguntzak ere agindu honetakoekin bateragarriak izango dira, baldin eta diru-laguntzek, batzuk eta besteak gehituta, agindu honetan ezarritako mugak gainditzen ez badituzte. Hala ere, bateraezinak izango dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak xede bererako ematen dituen beste laguntza batzuekin. Laguntza guztien baturak esandako mugak gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

Bosgarrena.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarteentzako laguntza –2015etik aurrera eratu eta halakotzat onartutako elkarteentzakoa– hau izango da:

– urteko fakturazioaren % 9, lehenengo urtean.

– urteko fakturazioaren % 8, bigarren urtean.

Lehenengo urtean, ekoizleen elkarte edo erakundeko kideek elkartean edo erakundean sartu aurreko hiru urteetan merkaturatutako produkzioaren urteko batez besteko balioan oinarrituz kalkulatuta ordaindu ahal izango da ekoizleen elkarte edo erakundeentzako laguntza.

2.– Ekoizleen elkarte edo erakunde bati, gehienez, 100.000 euro ordaindu ahal izango zaizkio urtean.

3.– Basogintza-sektoreko elkarteentzako laguntzen kasuan, neurriaren deskribapenean ezarritakoaz gain, estatuko laguntzei buruzko arauak aplikatuko dira, eta 2014tik 2020ra bitartean landa eremuetan nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako estatuko laguntzei aplika dakizkiekeen EBko zuzentarauen arabera emango dira.

Hala ere, basogintza-sektoreko ekoizleen elkarte edo erakunde bati, gehienez, 100.000 euro ordaindu ahal izango zaizkio urtean.

4.– Agindu hau aplikatzearen ondorioetarako, merkaturatze-kanpaina dagokion produktuaren ekoizpen- eta merkaturatze-ziklo naturalari egokituko zaio, eta, beranduenez, 2016ko irailaren 30ean bukatuko da.

Seigarrena.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea izango da gehienez ere, agindu hau indarrean jartzen den egunaren biharamunetik aurrera.

2.– Laguntza-eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.

3.– Eskatzaileek agindu honen eranskinean jasota dagoen eredu-orrian aurkeztu beharko dute eskabidea, jarraian adierazten diren agiriekin batera. Ez da beharrezkoa izango lehendik aurkeztutako agiriak berriro aurkeztea, baldin eta dagoeneko Administrazioaren eskuetan badaude eta ezertan aldatu ez badira. Hona agiriok:

a) Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskrituraren fotokopia.

b) Elkartearen estatutuen kopia konpultsatua.

c) Legezko ordezkariaren ziurtagiria, merkaturatutako ekoizpenaren bolumena eta balioa zehazten dituena.

d) Bigarren ebazpen-zatiaren 3 c) atalean aurrez ikusitako enpresa-plana, laguntza eskatzen duen lehenengo urtea bada; ondorengo urteetan, plan horren aldaketak, hala badagokio.

e) Bat-egite baten pareko efektua duten neurriak hartzeko erabakien kopia, hala badagokio.

f) Honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpena: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla; deialdi-agindu honek eskatutako betekizun guztiak betetzen dituela; ETEtzat hartzen dela Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin bat etorriz; konpromisoa hartzen duela beharrezko agiri guztiak Eusko Jaurlaritzaren, Europako Batzordearen edo kontrol-organoen esku jartzeko, laguntza eman eta ordaintzeko baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatze aldera; ez dagoela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion inolako legezko debekuren eraginpean, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta daudela egiaztatzeari dagokionez, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du organo kudeatzaileak egoera horien egiaztapena zuzenenean jaso dezan, ziurtagiri telematiko bidez. Aurrekoa gorabehera, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

4.– Eskabidearekin batera, negozioko enpresa-planean aurreikusitako urteko fakturazioaren dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo ekoizleen elkarte edo erakundeko kideek elkartean sartu aurreko hiru urteetan merkaturatu duten ekoizpenaren urteko batez besteko balioa, bosgarren ebazpen-zatiko 1. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz; horrez gain, 2015-2016 ekitaldian benetan merkaturatutako ekoizpenaren balioaren eta ekoizpen-bolumenaren dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

5.– Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak eransteko eskatuko zaio interesdunari, eta horretarako hamar eguneko epea duela adieraziko zaio; orobat adieraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, betiere Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena eman ondoren, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6.– Horiek horrela, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo/eta informazio gehigarria eskatu ahal izango dio elkarte eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta bideratzeko. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoa aplikatuko zaio agindu honetan berariaz ezarri ez den guztiari.

Zazpigarrena.– Laguntzak kudeatzea.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari dagokio laguntza-eskabideak emateko edo ukatzeko ebazpena ematea. Ebazpena arrazoitu egin behar da, eta honako hauek zehaztu beharko ditu: xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikazio-modua eta diru-laguntza zer xedapenen babesean ematen den.

3.– Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak diru-laguntza emateko edo ukatzeko egiten duen ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen itzalpean laguntza jasoko duten elkarteen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa zehaztuta duela, hura jendaurrean jartze aldera.

Zortzigarrena.– Ordainketa.

1.– Ordainketa bakarra izango da, eta aurreko ebazpen-zatian aipatutako dokumentazioa eskabidearekin batera aurkeztu ondoren egingo da, eskatzen den laguntza-motaren arabera.

2.– Ekoizle-elkarte onuradunek, abenduaren 31 baino lehen, memoria xehatua aurkeztu beharko dute, zeinak honako hauek jasoko baititu: dagokion urtean edo kanpainan ekoizle-elkarteak egin dituen jardueren laburpena, berariaz aipatuta ekoizpen- eta merkaturatze-bolumena; bazkideen altak eta bajak; negozio-zifra, bai eta balantzea eta emaitza-kontua ere, enpresa independente batek behar bezala ikuskatuak.

3.– Eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

Bederatzigarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.

b) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku jarri behar dituzte inbertsioa eta gastuak egin direla frogatzeko behar diren agiri guztiak.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

d) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.– Diru-laguntzarako baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntzak emateko baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, eta, edozein kasutan, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik xede berbererako laguntzak edo diru-laguntzak jaso badira, diru-laguntzak esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Ondorio horietarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak behar den aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira; horretarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura aplikatuko da.

2.– Baldin eta gastuaren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen bidez. Murrizketa dagokion proportzioan egingo da, aurreko paragrafoan ezarritako prozedurari jarraituz.

3.– Hasieran aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoa handitzen bada, ebazpen-proposamenaren fasera iritsi aurretik soilik sartu ahal izango da espedientean. Geroago handitutako aurrekontua aurkezteak ez du ekarriko laguntzaren zenbatekoa gehitzea.

Hamaikagarrena.– Uko egitea.

Onuradunak galdu egingo du ebazpenaren bidez aitortutako eskubidea, bai eta laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, baldin eta laguntzari uko egiteko idazki bat aurkezten badu; Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak uko-egitea onartu beharko du, ebazpen bidez.

Hamabigarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunek ez badituzte agindu honetako betekizunak betetzen, edo azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan, bai eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ere, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, osorik edo zati bat, dagozkien berandutze-interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

Hamahirugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hamalaugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 31.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARIA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala