Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2016ko irailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3875

AGINDUA, 2016ko uztailaren 28koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez erabakitzen baita «Bilboko Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetako 734.01 Egikaritze Unitatea, III. Fasea» izeneko Proiektua gauzatzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea eta desjabetzerako espedienteari hasiera ematea.

Sail honek ondoren argitaratzen den agindua eman du gaur:

«Bilboko Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetako 734.01 Egikaritze Unitatea, III. Fasea» izeneko proiektuari dagokion hirigintza-espedientea aztertu da.

Bilboko Udalak, 2015eko martxoaren 26an, erabaki zuen behin betiko onartzea Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa 734 Banaketa Eremuan (Iturrigorri eta Gardeazabal), 734.01 Egikaritze Unitatea doitzeko.

«Bilboko Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetako 734.01 Egikaritze Unitatea, III. Fasea» izeneko proiektua gauzatzeko epea ezin da luzatu, higiezinen merkatuko egoera dela-eta. Izan ere, etxebizitza babestua sustatzea beharrezkoa zen, ekonomikoki ondo ez dagoen biztanleria-sektore bati zentzuzko prezio batean etxebizitza duina emateko.

Eusko Legebiltzarraren 2/2006 Legearen (ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) 176. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Hirigintza Planak onartzeak obren onura publikoa deklaratzea eta lurrak eta dagozkion gainerako ondasun eta eskubideak okupatu beharra dakar, desjabetzeko edo zortasunak ezartzeko.

Desjabetzeko proiektu honen barnean sartutako lurzoruak hiri-lurzoru gisa sailkatuak daude, Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketan, 734 Banaketa Eremuan (Iturrigorri eta Gardeazabal), 734.01 Egikaritze Unitatea doitzeko. Beraz, Eusko Legebiltzarraren Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 177. artikuluan ezarritakoarekin ados, bidezkoa da nahitaezko desjabetzea ezartzea.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17. eta ondorengo artikuluetan (1956ko abenduaren 16koa) eta horren erregelamenduari dagozkionetan xedatutakoa betez, eta Eusko Legebiltzarraren 2/2006 Legearen (ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) 178. artikuluari jarraikiz, nahitaezkoa da desjabetzeko prozedurak eraginpean hartutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea.

Eusko Legebiltzarraren Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 178. artikuluari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26 1.f artikuluaren arabera eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak dioenez, salbuespen modura eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez, presakotzat jo daiteke obra bat egiteak edo helburu jakin bat izateak eragin dezakeen desjabetzeak eraginpean hartutako ondasun eta eskubideak okupatzea.

Aipatutako xedapenei, horien kidekoei eta ezargarri diren gainontzekoei atxikiz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.– Nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea «Bilboko Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetako 734.01 Egikaritze Unitatea, III. Fasea» proiektuan jasotako ondasun eta eskubideak okupatzeko, betiere horren baitan bildutzat emanda obrak onura publikokoak direla deklaratzea, eta lurrak eta dagozkion eraikinak desjabetu beharra dagoela edo zortasuna ezarri behar zaiela, Eusko Legebiltzarraren 2/2006 Legearen (ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) 176. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Aipatutako espedienteak hartutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, legeak agindutako azken argitalpenetik hamabost egun balioduneko epearen barruan bidezko diren arrazoibide-idazkiak aurkeztu ahal izateko Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan (Kale Nagusia 85, Bilbao), aipatutako zerrendan dauden akatsak zuzentzeko xedearekin. Hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen (1954ko abenduaren 16koa) 17. eta hurrengo artikuluetan eta haren erregelamenduari dagozkionetan xedatutakoa betez, eta Eusko Legebiltzarraren 2/2006 Legearen (ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) 178. artikuluaren arabera.

Epe horretan, honekin batera doan ondasun eta eskubideen zerrenda Bilboko udaletxeko iragarki-taulan ere ikusgai izango da, aipatutako ondorioetarako.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluari hau eskatzea: deklaratzea «Bilboko Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetako 734.01 Egikaritze Unitatea, III. Fasea» proiektua burutzeko hartu beharrekoak diren ondasun eta eskubideak, nahitaezko desjabetzea egiteko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak presaz okupatu beharrekoak direla.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala